Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Haplotaldeak eta ahaideak [geno-4]

Haplotaldeak eta ahaideak [geno-4]

Luistxo Fernandez 2014/05/20 20:05
Gaurko kapituluan, zuhaitz kladistikoak, haplotaldeak eta ahaidetzaren inguruko azalpen tekniko samar batzuk.

Genographic testarekin jakiten duzun datu nagusia zure haplotaldeak zein diren da: matrilineala eta patrilineala (bi, gizonezkoen kasuan, emakumezkoen analisian bakarrik matrilineala jakiten da). Haplotalde bat da, arbaso komun baten aztarna genetikoa daraman talde bat da. Milaka arbaso ditugu, eta haien guztien geneak ditugu, baina aztarna genetiko finkoak Y kromosomakoak eta mitokondrietakoak direnez, bi haplotalde motaz mintzo gara egiazki.

Aztarna genetiko horietan, mutazio bat gertatzen denean, azpi-haplotalde bat sortzen da. Horrela, haplotaldeak zuhaitz kladistiko baten eran antolatzen dira. Eboluzioaren zuhaitza ere, gaur egunean, horrela antolatzen da, animalia "moten" arabera baino gehiago, genetikaren arabera.



Ugaztunen zuhaitz honek erakusten du, adibidez, primate gisa ahaide hurbilagoak ditugula saguzarrak elefanteak baino.

Hala ere, haplotaldeen zuhaitzak, itxuraz antzekoak diren arren, esanahi desberdina dute. Ikus dezagun haplotalde mitokondrialen zuhaitz hau:



Ni, amaren partez, X2c taldekoa naiz, eta hortaz, ahaide hurbilagoa naiz X2a taldeko indiar amerikarretik? Ez. Saguzaharrak eta primateak bagara ahaide hurbilagoak, elefanteekin alderatuta, baina kasua ez da berdina haplotaldeekin. Eboluzioaren zuhaitz kladistikoan, populazioen genetikaz ari gara; haplotaldeen zuhaitz kladistikoan, pertsona indibidualen genetikaz ari gara, lerro matrilineal edo patrilinealen arabera transmititu diren gene zehatz batzuez.

Haplotaldea, modu figuratuan, leinu bat bezala ikusi daiteke. X2 leinukoa naiz, amaren partetik, eta euskaldunen %1 bakarrik omen da leinu horretakoa. Aldiz, Ojibwa indiarren artean, %25 dira X2koak. Horrela esanda, benetan harritzekoa dirudi eta, euskaldun euskaltzale indio samar bat naizen aldetik, harrotasun puntu baterako eman dezake... baina gauzak kontestuan jarri behar dira.

X2 izango naiz, baina horrek ez du esan nahi amaren aldetik lehengusu hurbilagoak ditudala Ojibwa indiarrak, euskaldun gehienak baino. Alderantzizkoa da egia: euskaldun gehienen ahaide zuzenagoa naiz, dudarik gabe, Amerikako indiarrena baino.

Kalkulu matematiko batzuk, Urkullu lehendakariaren ahaide ote naizen jakiteko


X2 markatzaileak adierazten du amaren amaren amaren lerroa... Lau 8 birraitona-birramona dauzkat, eta batengandik bakarrik jaso dut DNA mitokrondiala. Birramona hura zen X2 leinukoa, eta beste 7 arbasoak ba, ez dakit, estatistikoki aukera gutxi izatekoak, eta izan balira ere, haiengandik ezin jaso mitokondriak, iturri bakarrik baitatoz gene horiek, lehenago azaldu dudan bezala.

Egin dezagun matematika: 3 belaunaldi atzera joan, eta 2^3 (2 ber 3) arbaso ditut, 8 pertsona, eta 8ek pasatu didate arrasto genetikoa eta ahaidetza, baina bakarrak DNA mitokondriala eta X2 leinuaren marka. Egin dezagun atzera, 20 belaunaldi demagun, 500 urte edo, 1500 urteraino edo. 20 belaunalditan, esan nahi du nire arbasoak izan behar direla 2^20 (2 ber 20), hau da, 1.048.576 bir-arbaso. Ondo pentsatzen badugu, hau ez da posible: zuhaitz genealogiko horretan, lehengusu urrunen arteko parekatzeak egongo ziren (lehengusu hurbilenak ere bai, auskalo) eta izatez, askoz pertsona gutxiago izan behar dira, seguruenik, milioi hori baino.

Zenbat, ez dakit, populazio-genetista batek akaso kalkulu zehatzagoa izango da, baina demagun bakarrik 20.000 lagun direla benetan, garai hartako nire arbasoak: 1500. urtean bizirik zeuden 20.000 lagunek utzi dituzte geneak nigan. Igual oso zenbaki okerra da, baina utz dezagun, ariketa azaltzeko. Gauza bat dago argi, ordea, 1500. urtean bizirik zeuden pertsonen artean, bakarra da amaren aldeko amama matrilineala benetakoa, pertsona bat bakarra, eta haren X2 leinuko DNA mitokondriala da nik daukadana, emakumezko bakar horrena.

Orduan, nire ariketa hau errepika bedi beste edozein euskaldunekin. Adibidez, Urkullu lehendakaria. Seguruenik ez da X2 leinukoa (estatistikoki oso aukera txikia da). Baina 1500. urteko bere arbasoei begiratuta, bere  1.048.576 bir-arbaso potentzialetatik, 20.000 lagunera egindako murrizketa egingo bagenu, seguru-seguru bere jatorri bizkaitar horretan eta neure amarenean, kointzidentzia asko egongo direla. 1500. urtean Bizkaian bizi ziren pertsonen artean, estatistikoki oso posible da arbasoren bat izatea neuk eta Urkulluk. Hori bai, bere birramama matrilineala, seguruenik ez dator neurearekin. Hortxe dago koxka.

Hortaz, berriro begiratuta haplotaldeen zuhaitzari, irudiak adierazten duena hau da: amaren amaren amaren lerro matrilineal zuzenean, super-amama komun bat dugula x2c-ko guztiek. Eta X2c super-amama hori, benetan esistitu zen pertsona bat izan zela. Era berean, x2c super-amama (euskaldunen %1arena edo) eta x2a super-amama (Ojibwa indiarren %25arena), biak dira ondorengo zuzenak (matrilinealki), X2 taldea definitu zuen beste super-amama batenak. Euskaldun gehienon lerro matrilinealek N super-amaman egiten dute bat, duela 70.000 urte inguru.



Haplotaldeen zuhaitzean letra edo bifurkazio bat ikusten dugun bakoitzena, benetan esistitu zen pertsona baten aztarna erreala dagoela jakin dakigu, genetikatik, eta azken batean, denok gatozela Eba mitokondrial batengandik, duela 200.000 urte inguru bizi izan zen hiper-amama haren ondorengoak garelako gizaki guztiak.

Baliteke, Europako haplotalde mitokondrialen grafikoari begiratuta, Urkullu eta bion super-amama matrilineala N pertsona hori izatea. Ojibwatarrekin dudan super-amama komuna, aldiz, X2 (dudarik gabe hala da, Genographic-eko datuen arabera) agian duela 20.000 urtekoa da. Auskalo, beharbada Urkullu ere X2 taldekoa da. DNA analisatzera gonbidatzen dut hemendik.

Orain artekoak:

1. DNA analisatu dudala

2. Nola egin Genographic testa.

3. Nire zortzi deiturak, eta zer espero nuen.

etiketak: genographic
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004