Hemen zaude: Hasiera Blogak Ingelesen hilerria Artxiboa 2007 Iraila 20 Ereserki duin bat
Dokumentu Akzioak

Ingelesen hilerria

Ereserki duin bat

Kantu bat blogera atera du Amatiñok, eta lehengoan Euskadi Irratian abesten ere ausartu ei zen: Jeiki jeiki, etxekoak... Kantu honen inguruan Xabier Mendigurenek zerbait komentatuko zuela uste nuen, baina bera lotsatiagoa denez, nik esango dut haren partez. Kontua da, Mendigreen lagunaren iritziz edo, Euskal Errepublika independiente batean, himno ofiziala bihurtzeko hau baino kantu hoberik ez legokeela: ez Gora ta Gora, ez Eusko Gudariak, ez Gernikako Arbola. Eskoziarrek eta, rugby partiduetan denak kantuan hasten diren ereserki horietako baten tankera duela honek, doinu epiko bat. Ados nago berarekin.



Aste honetan kamiseta showa Espainiako Kongresuan. PPkoak ere igo zuen Espainiako selekzioaren gorria. Kamisetena barik, himnoena izan balitz auzia? Txunta-txuntaren ondoan Gora-ta-gora ere ondo gera zitekeen konparazioan, baina zer esanik ez Jeiki-jeiki, Kongresuko mikrofonoetatik...

Luistxo Fernandez 2007/09/20

Re: Ereserki duin bat

Mikel — 2007/09/21 11:40
Nik ez dut Jeiki-jeiki hori ezagutzen. Mp3rik edo al dago nonbaiten jarrita entzun dezagun?

Re: Ereserki duin bat

zubiartea — 2007/09/22 11:29
1981 urtea izango zen eta Euskal Autonomia Erkidegorako ereserki ofiziala aukeratzeko lanetan zebilen Garaikoetxea lehendakaria. Gogoratu Ramon Labaien zela Kultura sailburu eta Juanjo Pujana Legebiltzarburu. Eztabaida piztu zen EAJren baitan eta baita Jaurlaritzako kideen artean ere: batzuk, Alderdiaren eta aita Sabinoren fidelenak, "Gora eta gora" izan behar zuela, duda izpirik gabe; bestetzuk, "Gernikako Arbola", karlista kutsukoa izan arren, APtik hasi eta EEraino gainerako talde guztiek onartuko zutela-eta, adostasun zabalaren bila; oraindik beste batzuk, doinu epiko eta ereserkitarako ezin egokiagoa zatekeen "Jeiki jeiki" zaharraren bidez erdibidea ata adostasuna aurkitu nahirik.
Adituek (Labaienek bera, noski, baina baita Pujanak eta beste zenbaitek ere) iritzia eman zuten eta ahalik eta iritzi gehien jasotze aldera, kasete-zinta bat grabatu zuen Ertzaintzako musika-banda sortu berriak, hiru doinuekin: Gora eta gora, Gernikako Arbola eta Jeiki-jeiki. Zinta hori etxean dut.
Jakina denez, azkenean Legebiltzarrak, Jaurlaritzaren proposamenez, "Gora eta gora" izendatu zuen Euskadiko ereserki, 3/1983 Legearen bitartez, hori bai, letrarik gabe.
Bukatzeko gogoratu  "Jeiki-jeiki" doinuak baduela, letra tradizionalaz gain, Sabin Aranak egindako beste bat:
"Jeiki, jeiki euskotarrak
Laster dator eguna.
Sorkaldetik agiri da
Argi gozo biguna
Bere aurrian bildurtuta
Igesi doa illuna.

Jeiki, jeiki euskotarrak
Eta batu gaitezen!
JEL-argia alde orotan
Hasi zaigu zabaltzen,
Ekin bai beti gau ta egun
Bihotz danak berotzen."
Azkenik, apunte bat: Bizkaiko zenbat lekutan "Jagi-Jagi" esaten eta kantatzen izan da abesti hau. Zerikusirik bai ote "Jagi-jagi" talde politiko erradikalarekin?

Re: Ereserki duin bat

Anjel — 2007/09/25 10:41
Ederra! Mendiguren, halako batean, "Mendigreen" bilakaturik! Txaloak aurkikunde ekologista eta kosmopolitari…

ereserki duin bat

xabi — 2010/01/09 11:51
Nik ere ez dut ezagutzen "jeiki jeiki euskotarrak" kanta. Entzun nahiko nuke. Eta ahal balitz bi letrekin; orijinalarekin eta Sabinorenarekin. Eta proposamen bat: ez litzateke txarra izango hainbat kanta (hautagaiak) web orri hontan bertan entzun ahal izatea.

Eskerrik asko gai hau eztabaidan jartzeagatik. Nahiz eta Euskal Herrian badauden aurretiko lanak, gai hau jorratzea ere garrantzitsua da.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut Tagzania eta CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Nire umeek Manterola deitura daramate, eta argazki piloa egiten diet Flickr zein Argazkiak.org-en.

The English Cemetery

El Mapamóvil


Gora eduki libreak! Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa. Lagundu euskarazko Wikipedia osatzen (hona posta-zerrenda) edo/eta ekin euskarazko azpitituluen alde

Azken erantzunak
Katuak Jozulin, 2010/03/03
ereserki duin bat xabi, 2010/01/09
http://www.achikule.com/ apeescape, 2009/10/11
itzela xabi, 2009/05/26
Hitzaldia Fernando Aranberri, 2009/02/02