Denboren kudeatzaileak
Ibarretxe lehendakariak esaten digu: "Guztiok lan egin behar dugu Bake prozesuaren alde". Benetan? Nik, egia esanda, eszeptizismo handiarekin hartzen dut une politiko berria. Su-etena betirako balitz, hobeto. Baina horretarako neuk pertsonalki lan egin behar dudala ez dut sinesten. Nahiko lan badut nik neure egunerokoarekin... Eta dexenteko desilusioa ere hartu nuen aurreko su-etena hautsi zenean. Oraingoan, ez, hausten bada, ez nauz sorpresaz hartuko. Eta Ibarretxek edo beste inork nahikoa lan egin ez izana leporatzen badit (guztiok egin behar omen dugunez), ba, tira, kritika jan, eta hor konpon. Nik badakit ez dela nire errua izango.
Berba fetitxeen fase berri batean gaude (ideia hau Ricardo Gomezi zor diot). Aurreko hartan, Lizarra-Garaziko suetenaren garaian, instituzio nazionalak zebiltzan airean, eta Udalbiltza asmatu zuten. Orain beste tankera xumeagoko berba fetitxeekin gabiltza: mahaiak, eragileak, denborak kudeatzea ... Gizartearen beste esparru batzuetan, behatokiak ere ugari. Hain hutsala ikusten dut terminologia hau... Zuzenbide estatua esaten zaigunean bezain funsgabea egiten zait hiztegi politiko hau.
Egongo dira elkarrizketak. Ez egotea baino hobe, jakina. Fetitxeez berba egingo da, baina gauza serioez ere bai. Hala ere, nire eszeptizismoak horretan dirau.
Blogari bati irakurri nion, ezker abertzaleak lurraldetasunarena eramaten duenean mahaira, erantzungo diola PSOEk, Lapurdiren inguruan haiek ez dutela zer esanik, eta orduan, ba, orduan... akabo mahaia? Akordioak lortuz gero ere, ondoren beste toki batean ezarritako galbahetatik igarotzen dira, eta ikusia dago Eusko Legebiltzarraren gehiengo doi-doiak Madrilera eramandakoa (Ibarretxe plana), zertan geratu zen han. Baina Katalunia zibilizatuan ere, %90eko gehiengoaz eramandakoa, zertan geratu da Madrilen?
Nonbait eraikitzaile eta eragile izatea tokatzen zaigun honetan, lerro triste hauekin ez dut ezer aportatzen. Denborak erakutsiko ahal digu niri eta ni bezalakoei (dexente garelakoan nago, une honetan, ez beharbada pesimismo larrian, baina bai eszeptizismo puntu horretan ) oker gabiltzala. Baina zaila dute, denboren kudeatzaileek...
Emakumezko artistak
Jende interesgarria gurutzatzen da Eibartarrak zerrendako harietan. Zezenketekin hasitako honetan, artista gazte batek artearen definizioetara garamatza: ez neuke esango gure plazer hutserako animali bat sufriarazi eta hiltzia artia danik.
Eta marrazo bat formoletan?
Asteburuan Londresen izan nintzela kontatu nuen lehengoan. Bi museo ikusi gura izan genituen, Tate Modern eta Saatchi Gallery. Tate ikusi genuen, bestearen bila eta bila, eta azkenean jakin, lekuz aldatzekotan direla: orain ez dago inon, bi hilabete barru edo zabalduko ei da.

Arte moderno apurtzaile hori... benetan edozer dela artea ematen du. Tate Modern-en fotokopia moduko batzuekin enpapelatutako gela handi bat zen azken erosketetako bat...
Lehen solairuko sala erraldoian (etxe hori argindar ekoizpen-zentroa zen, eta hura turbina erraldoein sala zen) milaka lauki plastiko zurizkoak, batzuk besteen gainean... Rachel Whiteread-en lan bat.
Hala ere, asko erakartzen nau arte mota honek. Espektakulo bat da, ezta?. Izan ere, Saatchi galerian Damien Hirst-en formoletan sartutako marrazoa ikusteko gogoarekin geratu nintzen...
Espektakulo batek dibertitu egiten gaitu akaso, baina horretaz aparte, egia da batzuetan inpresionatzen zaituela artelan jakin batek, barruan jotzen dizula. Bi lanek ukitu ninduten Tate-n.
1. Tacita Dean. Artista bizia. Gela batean 3x3 metroko arbel beltz batzuetan, zazpi konposizio, klarionarekin, itxasoa, arrantzaleak... errealismo eta birtuosismoa ikaragarrizkoa, baina bere toke abangoardistarekin, komentarioak idatziak arbelean, zirriborro anotatuak balira bezala (ondoko gelan, beste lan bat artista honena: 16 minutuko 8mm film bat, petardo hutsa, itsasargi batetik eguzkia nola ezkutatzen den ortzemugan).
2. Mark Rothko. Artista hila. Gela ilun batean 9 tela oso handi, kolore gogor eta goibeleko mantxa handiak... Bere garaian abstrakzio hiperapurtzailea zen berea, baina gaur Hirst eta beste gauza batzuen ondoan, klasiko bat dirudi Rothtkok.
Eibartarrak zerrendako beste hari batean, beste zerrendaki de batek ere aipatu zuen zerrenda honetan artea eta artisten funtzioa duela egun batzuk:
Idazleak, margolariak, musikariak⦠denak batera sartzen zituen ondoko zakuan: - Artista, artista izango bada, altruista izan behar da. - Txiro bizi. - Suizidatu delako hiltzen bada hobeto. Lehenengo eta bigarren baldintzak betetzen dituenik ezagutzen dut. Diru gutxirekin eta luxu handi barik bizi dira, euren lanen truke ateratako diru apurrekin. Hori da bizi izateko behar duten guztia. Horrelako artisten lanarekin sinisten dut neurri handi batean, nahiz eta liburua, maketa edo dena delakoa ez gustatu; Besteok sortutakoarekin ere bai, jakina: Egiten dena/duguna bizi egin behar dela/dugula pentsatzen dut, hala ere. Egiten ari garen horrekin irudimenean jolas egin, besterik ez bada,. Nik ustez, hori da profesionala izatea, bokazioz egiten den hori, gure barruan jaio den ideia horri forma ematea. Hortik aurrera gaia, industriagintzan edo merkantilismoan sartzen dela iruditzen zait,
Ba, begira, asteburuko prentsa londinenseko beste irakurketa bat. Emakumezko artista baten salaketa zen, salaketa guztiz merkantilista eta kuantitatiboa
- gizonezko artistak askoz ere hobeto ordainduagoak daude, emakumezkoak baino.
- kexatzen zen artista hura, Tate-k gizonezkoei askoz gehiago ordaintzen diela, berari eskaini diotena baino, jenerazio/kalitate/maila berekoak izanda bereak eta besteenak.
- datu bat, senar-emazte artisten kasuan (biak arteari emanak), kasu bakarra ei dago, BAKARRA, non emakumezkoaren lana den baloratuagoa merkatuan, gizonezkoarena baino: Frida Kahlo vs Diego Rivera
Hortaz, lagun horrek deskribatzen duen ideal ez-merkantilista eta artistikoki puruago horretatik gertuago emakumezko artistak, gizonezkoak baino!
Hala ere, niri gustatuko litzaidake, adibidez, gure zerrendakide artista gazteak, bizimodua artetik irabaziko balu, hobeto ondo baloratuta, gaizki baloratuta baino.
Londresen ikusitakoak ikusita, milioitsua banintz eta artean inbertitu beharko banu orain, demagun herri instituzio bat banintz, ba ez nuke Oteizaren eskultura faltsurik erosiko, Eibarren edo Donostian jarri dituzten gezurrak bezalakorik. Erosiko nuke emakumezko artista horren arbel sorta bat, Tacita Dean-en lana, eta jarriko nituzke pleno areto batean, edo Miramongo parkeko areto nagusiko sarreran, edo paret handi samarrak dituen tokiren batean...
Protesta egiten duenari argazkiak egiten
Batasunak joan den astean deitutako grebaren ondorenean, oso adierazgarria, gogorra, eta zuzen eta egoki botatakoa iruditu zitzaidan Martxelo Otamendiren komentarioa Berrian.
Polizia zertarako beharko lukeen, eta zertarako erabiltzen den benetan... Uste dut hori dela kontua.
Pertsonen eskubide zibilez pentsarazteko ere ematen du.
Asteburuan Londresen izan naiz, turismo apur bat egiten. Parlamentuaren aurrean, gizon bat bizi da, gerraren aurkako kanpaldi batean, pankarta batzuekin genozidatzat jotzen ditu Blair eta gerran inplikatzea erabaki zutenak. Bere zakuak, kartelak, denak... Zakar samar ditu han, plaza eder batean, parlamentuaren, Westminsterreko abadiaren, Churchillen monumentuaren eta Big Benaren ikusmira itsusten. Baina seguruenik eskubidea du han protesta egiteko, eta argazkiak egiten dizkiogunak turistak gara, ez polizia maskaratuak.
Igandean, poste batzuk ari ziren jartzen gizon hori akanpatua dagoen zelai zatiaren biran (goiko argazkia ostiralekoa da, lehenagokoa). Goitik publizitatea edo banderak edo holako zeozer eskegitzeko zeozer, hirietan egin ohi den bezala. Zelaiaren bira osoa egina zeukaten, eta azkenerako zuten utzita gizonaren pusketa. Han zeuden, garabi batekin, sekulako lanak hartzen posteak sartzeko, gizonaren akanpalekua desmantelatu barik egiteko lan hori.
Eta Martxelo Otamendik debekatua du Londresera bidaiatzea...
Top of the Pops
Mezu truke interesgarria Eibartarrak zerrendan, musika, idazkuntza, teknologia, joerak... Amatiñok dio, adibidez, abesteko zaletasuna desagertu dela gaur egunean.
Ez dakit. Asteburuan irakurri dut, hain zuzen, kantatzeko musika dagoela modan...
Inglaterrako azken pop izarrak, The Arctic Monkeys, Kaiser Chiefs... oso letra "abesgarriak" egiten dituztela, eta haiek kantatzera joaten dela jendea kontzertuetara.
Duela urte batzuetako taldeak ere, Blur, Oasis... ez daudela bere une onenean, ez salmentetan, ezta beren azken diskoen orijinaltasunean, baina kontzertuetan milaka eta milaka lagun biltzen dituzte oraindik. Jendea biltzen zaie funtsean beren exito zaharragoak denak batera, estadio osoak kantatzera, kantariaren ahotsaren gainetik eta baita halakoetan jartzen diren milaka wattioen gainetik ere.
Popa edo rocka jarraitzeko modu biziena ere, ez da bada kontzertuan zure idoloarena kantatzea? Baiezkoan nago. Euskal Herrian paralelismorik... ba, Kortaturen baten batzuetan gogoan dut Ferminekin batera jende multzo handi bat denak kantatzen ibili ginela, adibidez, Bilboko Gaztetxe zaharrean, Parte zaharrean, JM Callejak eskeleto humanoak aurkitu zituen hartan... Orain ez dakit. Ken Zazpi, agian?
Disko salmentak eta kopia teknologiak
Beste gauza bat ere irakurri nuen, guztiz harrigarria nere ustez. The Arctic Monkeys, promozioa eta fama Internet bidez lortu omen duen taldea: pop britainiarren historian lantzamenduan disko gehien saldu dituen taldea da.
Diskoak saltzea ez zait harritzekoa iruditzen, baina gehien gehien? Gaurko nerabe britanikoek ez dute lagunik? Ze, lagun bat izanda, CD-a kopiatzea baino gauza errazagorik... Horrek funtzionatu behar du, gure garaian c-90 birjina sinpatiko haiekin egiten genuen bezala, baina askoz modu promiskuagoan, ze gozamen musikala identikoa da, kopiaren kalitatean, ez lehen bezala.
Eta, hala ere, ez, nonbait ez... nonbait lagun arteko kopia horrek ez du disko salmenta jaisten.
Lapur umezurtza
Ai, non lortzen da musika kantaz kanta jaisteko lekurik? emule ez zait gustatzen, disko osoa baino txikiagorik ez dut aurkitzen! nik dosi txikiak nahi ditut, top of the pops 3 minutuko txuteetan, WinMX itxi zidaten eta lapur umezurtza sentitzen naiz...
Tagzanian bilaketak, datu-base ireki batean oinarrituta
Bilaketa eta euskara agertzen direlarik orain Tagzanian, ohar batzuk.
Euskal Herriko toki-izen bat bilatuz gero, agian agertuko da, eta agian ez. Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrien izen ofizial euskarazko batzuk ageri dira, baina ez Nafarroakoak, edo udalerri mailatik beherako tokienak.
Badakigu badaudela herri-izendegi euskaldun zuzenak argitaratuak... baina nola bihurtu haien datuak Tagzaniako latitude eta longitude koordinatuetara? Munduko toki-izenen datubase bat darabilgu guk. Suitzan apailatu du bertako lagun batek, eta Geonames deritzo. Geonames-en informazio iturri nagusia, halaber, AEBetako gobernuaren datutegi libre eta publikoak dira, bereziki militarrena, munduko toki-izenen kasuan. Ikaragarrizko informazioa daukate haiek, eta publiko egin dute.
Euskal Herrian, toki-izen bat bere kokapenarekin lotzen duen datubaseak egongo dira. Informazio Sistema Geografiko publikoak egon badaude, baina haien datuak publikoki eskuratzerik.... Europan gaude, eta hemen diru publikoz ordaindutako informazio publikoa giltzapean egon ohi da. Eta egoera honek okerrera egin dezake, Europako Batasuneko Inspire zuzentarauak aurrera egiten badu.
Hortaz, militar amerikarren datuak ditugu, eta direnak dira. Ez dago Intxetru haien datutegian, baizik eta Chinchetru.
Kontua da, Geonames-eko suitzarrarekin kontaktuan, modua egin dugula datuak zuzentzeko. Intxetru ere toki-izena dela, eta euskara dela, eta kokapen zehatz horri dagokiola.
Nola egin hau? Bilaketen emaitzetan klikaturik, datuak zuzentzeko aukera ematen digu. Azalpen batzuk Tagzanian bertan.

Zuzenean egin genezakeen Chinchetru ezabatu eta Intxetru jarri edizio aukera hauekin. Baina zertarako gutxitu informazioa? Kontrakoa hobe: eman informazio gehiago! Zertarako ukatu gaztelania, bestalde? Soraluze baten ondoan, Placencia de las Armas izena guztiz baztertzeko gogoa senti dezake erabiltzaile euskaldunak... baina, zer irabazten dugu horrekin? Izen historiko bat, gaztelaniaz erabili izan dena, eta hainbat erreferentziatan agertuko den hor nonbait, zertarako ezabatu? Utz dezagun Soraluze izen nagusitzat, baina Plaentzia aldaera ere bai (bere garaian Euskaltzaindiak ontzat ematen zuena, eta bertako euskaldunek erabili darabiltena), eta Placencia de las Armas ere bai.
Posible da, Geonames-eko Marc Wick-ekin dudan tratuagatik susmatzen dudanez, hizkuntza-kodeez gain izenen balorazioan beste informazio gehigarri bat gehitu ahal izango dugula Geonames-en: izena ofiziala den ala ez, historikoa den, etab.
Horrez gain, Geonames-en izenak (eta kokapenak) zuzentzen hasteko gogoa baduzu, sor ezazu kontu bat gune hartan, zure gehikuntzak ez daitezen anonimoak izan. Izan ere, nik uste dut hizkuntzen kontuarekin bandalismoa gerta daitekeela, batzuek besteen izenak ezabatu eta halakoak.
Baina Geonames-en izen bakoitzaren historikoa gordetzen da, eta aldaketen kontrola ere badago, eta hortaz, izen aldaketak baloratu behar badira kalitateagatik, anonimoak ez direnak baliotsuagoak izango dira azkenean, eta bandaloen IP helbideak detektatzeko modua ere egongo da.
Joe Aguirre eta bere aroa
Modako filma ikusi dut asteburuan, Brokeback Mountain. Lehen zatian, Joe Aguirre bat agertzen da, artalde-jabea, gaiztoarena egiten. Fortuna egindako euskal artzain bat, pentsa dezakegu.
Nik ezagutu nuen Joe Aguirre bat, Ameriketan artzain izandakoa. Jose Agirre, Mallabikoa, Idahon artzain izandakoa, eta handik bueltan Eibarko Alfan atezain izana.
(Irutxuloko Hitza egunkarirako zutabea da hau) Nire ingelesezko irakaslea izan zen, partikularrak hartzen nituen haren etxean mutikotan. Ingeles apur batekin moldatzen gara gaur egunean, eta hari zor diot nik hori, neurri batean. Jose Agirre idatziko genuen gaur hemen, eta Joe Aguirre izango zen han, Jesus guztiak Jess bihurtu ziren bezala Nevada edo Kaliforniako abeltzaintzan.
Egia esanda, filmaren gaia ez da, inondik ere, artzaintza edo euskal emigrazioa. Bi cowboy homosexualen bizimodu zaila da istorioa, eta horren inguruko kontuak: egia, maitasuna, nor bere buruari edo ingurukoei leial izatea, bizimodua bideratzeko zailtasunak, gizontasuna, ezer gutxi duenaren lanaren nekeak... Film ederra da. Gizarte tradizional batean, zein izan da homosexualen tokia? Badirudi, gaur egunean Donostian filmeko Wyoming eder baina triste horretan baino hobeto gaudela. Notizia ona da Gehitu bezalako mugimendu batek gure kaleetan lortu duen bisibilitatea. Baina, dudarik gabe, aurreritzietatik libre bizitzetik urrun gaude, eta Mikel Martin EHGAM-eko militanteak Espainiako militar batzuengandik jaso zuen jipoia ere duela gutxikoa da.
Joe Aguirre filmakoa, Wyomingekoa, gizon zitala da, eta mesprezuz ikusten ditu homosexualak. Nik ezagututako Jose Agirre gizon ona zen, langilea, gizon zuzena, baina ez dakit homosexualitateaz zer iritzi zuen. Suposatzen dut apenas dakigula, benetan, zer zen homosexualitatea gure aiton-amonen gizarte tradizionalean. Pentsatu nahi dut, hala ere, zuzen jokatzen ikasi izan badugu nagusiengandik, haien arora begiratu barik, orain tokatzen zaigula guri zuzenak izatea. Libreago bizitzeko, hiri honetan, hemen eta orain, Donostian.
Zuri ala gizen
Larunbatean Berrian erreportaitxoa eta argazki sorta, Lezoko inauteriekin. Bertako umeen egunarekin, ostegunzuri delakoarekin. Dena batera zetorren, ostegunzuri, ostegun zuri... baina, kontxo, ez nekien Eibar inguru hauetatik harantzago Eguen Zuri honek bazituela paraleloak, umeen egun karnabaleroa gainera.
Lezotik inguru hauetarako tarte giputzean, ostera, ez dakit Ostegun Gizen besterik ezagutzen duten... Gaztelaniaz ere hala esaten diote, gizen, eta gure enpresako praktikanteagatik jakin dugunez, Polonian ere gizen.
Tagzania euskaraz, gaztelaniaz eta polonieraz
Urrats handia gaur Tagzania proiektuan. Euskaraz ere badugu, azkenean! Erabiltzailearen interfazea, bederen, zeren dokumentazioaren itzulpenerako ez dugu ahalik. Ez euskaraz kostatuko zitzaigunagatik, baizik eta beste hizkuntza batzuetan ere bideratu nahi dugulako: hizkuntza askotan gainera. Hasteko, ingelesaz gain, euskara, gaztelania eta poloniera ere gehitu ditugu.
Poloniera? Bai. Karol Palys dugu gurekin praktika batzuetan CodeSyntax-en. Poloniako ikasketa teknikoen ikastetxe batetik, 18 urteko hamar laguneko koadrila etorri da Eibarko Armeria Eskolara. Hemen, enpresetan banatu dituzte hiru asteko praktiketarako. Enpresa industrialetara joan dira gehienak, baina mutil hau, Interneteko kontuak zekizkiela eta, guri bidali digute Armeria Eskolatik. Trukean, Eibartik ere joango dira harantza hemengo beste gazte batzuk. Mutil jatorra, Karol.
Itzulpenak sarean argitaratu ditugu, Tumatxan.
Estilo ariketak blog batean
Bihar Donostian dagoen mahainguru interesgarri baten bezperan, inbidiak barrena janda, literatur bloga hasi dut!
Blogak.com-en blog probisional bat ireki dut, iraungitze datarekin. Duela 10-15 urte idatzitako testu batzuk kargatuko ditut han, erdi galduta nituenak eta paperean aurkitu ditudanak. Transkribatze-argitaratze lana egingo dut orain, eta amaitutakoan... ba artxibatuta geratuko da Interneteko eternitatean edo.
Hor da: www.blogak.com/queneau
Zera da gaia, Raymond Queneau-ren Estilo Ariketen gainean neuk egindako itzulpen saio zahar batzuk. Inora ez ziren iritsi testu haiek, eta gaur, Xabier Olarrak Igela argitaletxearekin itzulpen tajuzkoa argitaratu duelarik, ba, neureak ere sareratzea pentsatu dut.
Sekula irakurri dudan libururik barregarriena, Queneaurena. Lan honen gainean kuriositate gehiago duenak, gaur du, otsailak 16, aukera bat Bilbon. Irakurketa-errepresentazioa Olarra itzultzailearekin eta errezitatzaileekin Likinianon 20.00etan. Informazio gehiago hemen.
Hemen goian, Zaldi Eroak Olarra-Igelaren libururaren azalerako egindako ilustrazioa.
Inspire ez: datu geografiko irekiak behar ditu Europak
Direktiba edo zuzentarau gaizto bat Europako Batasunetik datorkiguna: Inspire
Helburua, copyright gubernamentala ezarri informazio eta irudi geografikoen gainean. Datu publikoak, diru publikoz ordainduak, giltzapean. Berriz ere.
Ekimen publikoa sortu da, hori geldiarazteko, Public Geo Data. Bertan dituzu, ingelesez, Inspire errefusatzeko arrazoiak. Public Geo Data ekimen irekia da, eta Eibartik gaztelaniaz eta euskaraz itzuli dugu jada eskaera. Euskarazko eskaera itzulia, jarraian. Europako Parlamentuari eskaera
Behean sinatzen dugunok, eskaera egin nahi diegu Europako Parlamentuko kideei, atzera bota dezaten INSPIRE Zuzentaraua, Europan informazio geografiko eta espaziala arautzeko ezarri nahi dena.
- Informazio Geografiko Publikoa oinarri-oinarrizko tresna da, gizarte zibilak informazioaren aroan aurrera egin behar badu.
- Mapa eta datu publikoek, kokapenaren inguruko teknologia berrien sorta osa susta dezakete, garapen ekonomiko eta sozial handi baterako aukera irekiz.
- Europako administrazioen arteko elkarlana ziurtatzeko modua datu da datu geografiko irekiak izatea; horrela egingo da lan alor garrantzitsuetan, hala nola ingurugiroan edo errolda kontuetan.
- Onartzen bada, Estatuek copyright murriztailea ezarriko dute informazio geografikoaren gainean, eta horrekin, herritarroi berriz ordainarazi nahi izango zaizu dagoeneko ordaindua dugun informazioa, denon zergekin lortu baita informazio geografiko hori.
INSPIRE Zuzentarauak urte askotarako atzeraldia ekar diezioke Europari, mapetan dagoen potentzial ekonomiko eta soziala arriskuan jarriko delako, eta baita kokapenaren inguruko teknologien garapena.


