Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Fernando Muniozguren eta Internet

Luistxo Fernandez 2006/07/17 13:22
Fernando Muniozgureni joan den zapatuan egindako azken agur eta omenaldian parte hartzea tokatu zitzaidan, Eibar.org elkartearen izenean. Ez dakit gure presentzia han ezinbestekoa zen ala ez... Fernando parte zen talde desberdinetakoak egon ginen hizlari, eta, akaso, talderen bat soberan bazegoen Eibar.org izan ote zitekeen pentsatu nuen gero. Faltan ere, etorri zirenen artean, Adorez eta Atseginez mintegikoak baziren, eta Fernando talde hartan duela urte batzuk inplikatuta egon zen bezala, uste dut haien arteko batek merezi zuela taula gainean egotea. Edozelan ere, entierro zibil moduko honetan hizlari izatea ohorea izan zen niretzat. (Fernandok ez zuen nahi izan hiletarik, ekitaldi alaia baizik, baina aukeratutako tokia eta nolabait ere, liturgia, Eibarko entierro zibilena izan zen)

Berba batzuk prestatu nituen, paper batean... Gutxi gora-behera han bota nuena hauxe da, jarraian datorrrena.

Fernando Muniozguren internauta zen, eta blog bat zeukan: hau hori ta bestia, joik buruakin postia. Eibar.org elkartekoa zen, Interneteko gure enjendro honetakoa. Eibartarrak zerrendako partaide. Baina beti, esan dezagun, distantzia batetik... Eibartarrak zerrendan 8 urtean 15.000 mezu baino gehiago trukatu ditugu, eta ez dira dozena bat Fernandorenak. Zehatz esateko, 8, oker bidalitakoak kontatuta. Bloga ere, gaixotasunak eta lagunen batek bultzatuta zabaldu zuen.

Denak ez gara berdinak. Batzuek ikusten dugu botoia eta tak, sakatu egin behar. Gero, esplotatzen badu, orduan irakurri instrukzioak, galdu ez badira... Fernandok ez, Fernandok instrukzioak behar zituen irakurtzeko (ahal izanez gero, frantsesez, bere euskalki faboritoan), haiek barneratu, muin filosofikoa atera, teorizatu behar zituen, gero ekintza programatu, eta orduan jotzen zuen kolpea. Nik badakit Internet interesatzen zitzaiola, susmatzen zuela inportantea zela, baina ez zen barneratu kontu honetan: instrukzioen eta filosofiaren bila zebilen. Baina, hara, Internet instrukzio barik banatzen da. Pastilla gorria irentsi, eta Matrixen sartu beharra daukazu, hori da dena. Hori ez zuen ulertu Fernandok, eta gaur berba horiekin errepikatuko banio ere ez zuen ulertuko.

Hala ere, Fernando Interneten dago. Bere lana Interneten dago. Zergatik diot hau? Ba, bueno, Eibar.org da gauza arraro bat Euskal Herrian. Ez dago subentzio gutxiagorik jasotzen duen proiektu teknologikorik, edo euskarazko komunikabiderik, Euskal Herrian. Ez dago Eibartarrak zerrenda baino foro biziagorik euskaraz sarean. Ez dago inon, inongo beste herritan, halako ezer... Zergatik Eibar.org bai, eta ez Tolosa.org? Fernandok ez zuen sortu edo bataiatu edo bultzatu Eibar.org, baina, horren nukleoan ibili garen batzuk, duela 20, 15, 10 urte Eibarren geunden, eta kasualitatez, beste eibartar hau, Fernando, Eibarren zebilen baita ere... Fernando Muniozgurenek matraka beste nonbait eta beste batzuei eman izan balie, ba, gauzak akaso desberdinak izango ziren. Akaso ez zen egongo Eibar.org.

Orain blog bat daukagu hor, umezurtz. Zer egiten da blog batekin hiltzen denean blogista? Entierro zibila egiten zaio, ala ekitaldi alai bat? Proposamentxo batekin gatoz, familiak hartu nahi badu, hartu dezala, Fernandoren idatzi mordoa, testu mordoa... biltzen jarraitu hor. Aukera bat izan daiteke. Nahi badute, jakina.

Záruba Mezinárodní Kamionová

Luistxo Fernandez 2006/07/17 13:21

Autopistan luze bidaiatzea tokatu zitzaidan lehengoan, kopiloto moduan. Asperdura borrokatzeko, kamioien letreroetan fijatu nintzen, ze garraio etxe, edo konpainiaren izenean garraiatzen dituzten gauzak batetik bestera.

Ikusten nituen izen euskaldunak, edo gertukoak soma nitzakeenak, Uriarte, Fagor, Aitortxu... Beste batzuk Europa Mendebaldeko grafia ezagun samarrak, Willi Betz, Salvesen, Norbert Dentressangle...

Baina tarteka tarteka, are grafia arrotzagoak azaltzen zitzaizkidan izenak: Moslovakia.sk, Polska Grupa Transportowa, Záruba Mezinárodní Kamionová, Stahl Stehovací Sluzba... azken hau beharbada zuen pantailetan ondo ikusiko ez diren diakritikoz idatzia.

Gero eta gehiago dira tankera horretakoak. Diakritikoz beteriko izenekin datozen Europako Ekialdeko trailer handiak. Maitasunaren antza dutela esango nuke: gaur atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago. Duela 15 urte ez zegoen halakorik apenas... Gaur, zenbat eta zenbat igarotzen diren gure errepideetatik.

Industria produkzioari lotutako ekonomia izan da azken hamarkadetan Gipuzkoakoa. Europako beste herrialde batzuekin, merkearen abantailak jokatuko zuen hori indartzen, arrakasta esplikatzeko ezagutza eta ekimena ezinbestekoak diren arren... Baina orain, beste lehia batekin egiten ari da topo lantegietako produkzioa. Orain merkeak haiek dira, eta ez bakarrik merkeak, formakuntzan eta injinerutzaren kalitatean ez dira hemen baino kaskarragoak izango.

Lantegiko metal produkzioa edo eraikuntzaren adar espekulatiboak (etxegintzatik herrilan handietara) dira hemen ekonomiaren giltza gaur egunean. Eutsigarri, iraunkor edo dena-delakoa ote da bide hori? Informazioaren gizarterantz omen goaz, ezagutza izango da balio nagusia... Bai, hori esaten zaigu, baina, benetan oinarri berri horietan eraikitako ekonomia bateranzko aldaketan sartuak gaude? Ez dakit.

Eta ekialdea, gainera, zirkunflexuz beteriko Europako herri horietan hasiko da, baina harantzago ere begiratu daiteke.

Aritzetako autopista geltokian nago. Ez kamioi markaduna, baina erremolke batean metalezko kontainer itxi bat: Kien Hung, dio alfabeto latinoz, eta aldamenean, txinerazko bi lerro, karaktere handiz. Akaso barruan zer dakarren esango digu, baina ezin ulertu. Susmoa, ordea, kontainer horrek etorkizuna dakarrela barruan...

(Irutxuloko Hitzarako idatzitako zutabea, aldaketatxo ñimiño batekin)

Fernando Muniozgurenek laga diguna

Luistxo Fernandez 2006/07/11 10:26
Blogista bat hil da, komunitate honetako partaidea, Eibar.org elkarteko bazkidea. Fernando Muniozgurenek blog bat zeukan (dauka) hemen. Blogean mezuak arraro samar ageri dira, e-postaz bidaltzen zituen, moblog eginez, eta ez zituen besterik editatzen... Gaixotasunak eroan zuen bloga irekitzera. Bere mezu bakan haietan, gaixotasunaren presentzia igartzen da. Baina gaitzaren aurreratzeak ez zion asko idazten utzi.

Haren blogari ze agur edo ze despedida eman behar ote diogu? Zer egiten du komunitate batek, hildako lagun baten blogarekin?

Elena Lakak proposamen batzuk utzi ditu Eibartarrak zerrendan
• Dagoen moduan laga
• Eibar.orgek epilogo kolektibo bat egin diezaiola, eta mantendu
• Familiari eskaini, erabaki dezaten. Igual izan daiteke euskarri bat Fernandoren lan gehiago ipintzeko bertan.
Hirugarrenarekin saiatu beharko ginateke behintzat, eskaini bederen.

Fernando Muniozguren pertsona inportantea izan da Eibarren azken 20 urte hauetan, duda barik. Gutako askoren konpromiso, lan eta ibilbideetan, direnak direla ere, izan duen eragina, bakoitzak jakingo du norainokoa den, baina nago badagoela hor Fernandoren markaren bat, guren barruan. Eta Interneten darabigun zera honetan ere, Eibartarrak zerrendan, Eibar.org gune honetan, beste kontu batzuetan, bai, badago Fernando, badago bere eragina.

Macondo eta Obaba

Luistxo Fernandez 2006/06/29 09:10
Andu Lertxundiri esker jakin dut Kolonbian Macondo jarri nahi ziola Aracataca herriko alkateak bere herriari. Bertakoa baita Gabriel Garcia Marquez. Baina ez Marquezi es beste batzuei ez zaie gustatu ideia, eta azkenean ez dute izen aldaketa egingo.

Dena den, Tagzanian begiratu eta ikus daiteke mundua ez dagoela Macondo faltan. Bai zenbait Macondo (Kolonbian bertan eta Angolan), eta baita Obaba batzuk ere (Kongo aldean).

Izen aldaketa arrakastatsuagoa izan zuen Brasilgo herri batek, Fidel Castroren omenez Fidelandia deritzo orain hari.

Txiklea doan Googleplexen

Luistxo Fernandez 2006/06/13 17:32
Big Red txikleak eskatu zizkidan Oihane Kruzealegi Joyitak Kaliforniatik EHra bueltan eroateko...

Aurkitu ditut, doan daude Googleplexen. Baina, klaro holako dosietan... nahi beste hartu daitezke, baina apuro apur bat ere ematen du. Ea dendaren batean pakete osoa aurkitzen dugun.

Ez da txiklea Googleren egoitzan doan dagoen bakarra. Munduko janari guztia, nahi beste, doan ematen diete hemengo langile eta bisitariei. Eta ondo prestatua, ez pentsa gero.

Euskarazko software eskaintzaren inguruan El Pais-erako

Luistxo Fernandez 2006/06/05 12:32
El Pais-en gaur, País Vasco edizioan paperean, euskarazko software produkzio librearen inguruko artikulua dator. Nire berba batzuk daude tartean. Alex Fernandez Divulcat-ekoak bidali zizkidan galderak, eta erantzunak eman nizkion nik. Testu jarraian dago artikulua, baina Alexekin egindakoa galde-erantzunen eran nahi baduzue, hementxe jarraian.

• Zer instalatu dezake euskaldun batek bere ordenadorean?
Linux euskaraz badago, baina hura instalatzeko euskaldun arruntak balio ote  duen... Nik ez dut balio behintzat. Hori bai, PC arrunt batekin datokizun Windows-a euskaratzeko plugina oso ondo dator, eta itxura txukuna ematen dio sistema eragileari. Gero, Interneten ibiltzeko, Firefox euskarazkoa instalatzeko gomendatuko nuke, eta, oso inportantea, konfiguratzea hizkuntza aukeretan euskara duzula lehenetsita.
• Euskeraz lan dezakegu edota beste hizkuntzetan ezinbestekoa da?
Euskaraz lan egin daiteke, jakina. Elebakar, euskaraz, ez dut uste. Erdara jakitea ondo dator, batez ere ingelesa jakitea.
• Zer erraminta erabil dezakegu interneten?
Euskarazko edukiak, ba badoaz aurrera, jendearen aportazioekin. Blogosfera txukun samar bat osatzen goaz, eta hortik hasteko gomendatuko nioke jendeari: Aurki.com erreferentziak aurkitzeko, Blogari.net edo Blogak.com bloga sortzeko, besteen ereduak ezagurzeko Goienako edo Berria.infoko blog komunitateetan...
• Badago web orriren bat non ezagutzera ematen diren aplikaziorik garrantsitsuenak?
Direktorio edo biltegi jakin batean gauzak aurkitu baino gehiago, uste dut onena dela aktualitatea segitzea, ze beti daude gauza berriak, freskoak eta  interesgarriak, biltegietara iristeko denbora luzea beharko ditenak. Eta aktualitatea jarraitzeko hor duzu erreferentziazko euskarazko bloga, Sustatu.com, eta baita proiektu berriago bat, Zabaldu.com, albistegi kolektibo oso interesgarri bat.
• Codesyntax adibidez aplikazio batzuk egin dituzue euskaldunentzat. zein azpimarratuko zenituzke?
Web ingurunean egin izan dugu lana, eta hor esan dizkizudan proiektu horietako batzuk hortxe sartzen dira: Sustatu, Blogak.com, Aurki. Gure  bezero askok ere euskarazko webguneak (edo eleanitzak) dituzte, eta software librearekin aplikazio eleanitzak kudeatzeko gaitasuna dugulako eskain dezakegu aukera hori. Produktu jakin batzuk ere euskaratu ditugu, hala nola OpenGroupware produktibitate aplikazioa, edo blog plataforma propio bat
• Hutsunerik handienak, zein bete behar dira?
Uste dut tresna libre gehiago behar direla euskararen prozesamendu informatikoan. Eta korpusak ere bai, edo edukiak oro har. Hiztegiak eta beste hainbat eduki baliotsu, gehienetan diru publikoz finantziatuak diren arren (eta hala behar du, seguro), giltzapean daude, jabego zehatz batzuetara lotuak. Eduki libreak behar ditu euskarak. Uste dut funtsezkoa izango dela hor aurrepausuak ematea.

Hibernazioa bukatu da

Luistxo Fernandez 2006/06/05 11:48
Hibernazioa bukatu da, eta hemen dago Ingelesen Hilerria berriro, itxura aldaturik. 2004ko martxoan sortu zen blog hau, eta orduanik diseinu zatar samar bat izan zuen laranja kolorekoa. Donostiako badiaren, eta Urgull mendiaren argazki bat ere banuen, Ingelesen Hilerria non dagoen zehaztuz, baina orain diseinu hori desagertu da, Flickren hilobiratu dut.

Goiburu berriko neska anonimo horiek, guateque batean mozkortzen... Zeren alegoria ote? Ez dakit. Gustatzen zaidan irudi bat da, besterik gabe.

Blogaren azpiegitura aldatu da. Lehen Coreblog eleanitz bat zen, eta orain Bitakora, CodeSyntax neure enpresak berak sortutako proiektua. Hala ere, teknikoki orain ez da blog elebiduna... The English Cemetery aparteko instantzia bat da. Ez dakit asko aldatzen den kontua, baina apur bat aldendu egiten naiz behinola zehaztu nituen blogintza eleanitzaren dekalogotik.

Gainerakoan, erantzun zaharrak eta permalink zaharrak balioa dute orain ere. Trackback-ak desagertu dira, eta ez dira gehiago izango. Pingback-ak, akaso, ikusiko dugu. Erantzunetan spamik ez izateko, captcha erako galdera bati erantzun behar zaio. Mezuak antolatzeko, tag edo etiketen bidezko aukera izango du orain, lehen ez bezala (lehen ez neukan atalik). Desabantailaren bat ere badu sistema honek, Eibar.org-eko portadan ez dira blogetako azkenen artean neurerik azalduko...

Bestalde, batzuek jakingo duzue, baina blog honen aspaldiko bertsio espainolak bere domeinu propioan segitzen du: Mapamovil.net

Bloga hibernatuko dut spama konpondu arte

Luistxo Fernandez 2006/04/10 07:27

Spamak erdi itoa dauka du blog hau. Asmatzen dudan arte nola gelditu, captcha sistemaren bat-edo, erantzunak kontrolatzeko, ez dut gehiago idatziko.

Tagzania eta mapak mintzagai harturik Blogak 2.0 topaketan

Luistxo Fernandez 2006/03/29 15:55

Datorren astean, apirilaren 6an, Bilbon izango naiz ebento batean hizketan. Blogak 2.0 topaketa izango da egun guztian Deustuko Unibertsitatean eta hantxe izango naiz, arratsaldeko panel batean, mapak eta Tagzania mintzagai hartuta. Ea kontatzen eta erakusten dudanak interesa duen. Adibidez, irudi hau:

hondarribiko etxeak wms gmaps

Hondarribiko etxe batzuen kokapena (etxeen planten ertzak) Google Maps irudien gainean ikuskatuak... Garapen lokalerako aukera handiak daude mapen kontu honetan, bai horixe.

Arratsaldeko panel batean jarri naute. Mapen kontu bera izango dute mintzagai nire aldamenean Miguel Cuesta Dirson Alianzo-koak ( Bilbao.bi ) eta Diego López de Ipiña, Deustuko Unibertsitateko irakasleak.

Txolopotea edo

Luistxo Fernandez 2006/03/24 09:06

Atzo, Donostiara bidean, bizpahiru kilometroko ilada ("txolopotea", hasi dira esaten batzuk), Zarauzko peajea baino lehen.

Polizia nazionalaren kontrola. Iritsi, azkenean, lurrean ultzeak-eta zituzten lekura, eta zer aurkituko? ez zioten inori altorik ematen, bospasei polizia zeuden, eskuarekin denei paso, paso, paso ematen, arinago joan gintezelako keinu hori egiten... Ataskoa desataskatzeko lanean, zintzo. Garai berriak izango dira.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004