Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Blogak irakurtzen

moblog 2004/05/08 10:57

Atzo eibarnauten afaria. Blog kontuak aipatu genituen.

Horra blog interesgarri batzuk.

  • Tom Lazarren Tomster eta berak lagun bati diseinatutakoa, Albrecht Kresse. azken honetan, eduki finko batzuk ezkerrean, blog-eko dietarioa eskuman.
  • Blog sozio-politiko bat, Ipar Irlandako bizitzaz eta politikaz.
  • Gizartea eta zientziaz, Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko zuzendaria:
  • Telezaborra, Telebista asko gustatzen zaion euskaldun anonimo batek egina. Anonimoa izan arren, ez da libelo bat, iritzi interesgarriak dituela esango nuke.

Hauetara harpidetuta egonda, Bloglines erabilita, adibidez, zutabegile baten artikuletara harpidetuta bezala zaude.

Nik Bloglines-en bidez irakurtzen ditut gauza hauek. Horra: www.bloglines.com/public/luistxo

Baina nire sarbide pertsonalarekin, modu desberdinean ikusten ditut, aldameneko irudi honetan bezala. "Karpeta" edo "albiste-iturri" bakoitzean zenbat nobedade ditudan irakurri gabe esaten dit. Adibidez, Telezaborra blog-ean 3 komentario berri daude. Consumer aldizkariko horretan, 15... Era berean, klik egin dut Sarean Photolog delakoan eta ikusten dut beste leihoan Jabi Zabalak kargatu dituen azken albiste-notiziak. Baten bat interesatzen bazait, irakurri egiten dut. Bestela, bihar arte aio.

Aipatu genituen halaber, nire esperimentoak. Nire blog-a hiru hizkuntzatan, eta azken 10 egunetan furtiboki egin ditudanak, e-posta mezuak bidaltzen:

Coreblog euskaratu dut

Luistxo Fernandez 2004/05/06 14:46

Nire blog honen oinarri den softwarea, euskaratu dut, eta produktu instalagarri bezala prestatu euskarazko bertsio hori (gutxi gora-behera). Bide batez, gaztelaniaz ere jarri dut, eta beste hizkuntza batzuetan lokalizatzeko moduan ere bai.

Coreblog Zope-rako blog-softwarea da, bitakora makina, eta Zope web aplikazioen zerbitzariaren gainean dabil: Zope bezala, hau ere software libre eta doakoa da. Orain arte Squishdot izan da produktu ezagunena Zope-ren eremuan, eta tresna indartsua da, duda barik, batez ere weblog kolektiboak edo albistegiak antolatzeko, Slashdot edo Barrapunto bezalakoak, eta horixe demostratzen du, nire ustez, Sustatuk.

Baina blog-en mundua albistegi horietatik harantzago ere joan da, eta egutegi erako bitakora pertsonaletara zabaldu da. Duela hiru urte, blog softwarearen izen arketipikoak ziren Slashcode edo Nuke familia, eta horien parekoa zen Squishdot. Gaur ordea, izen ezagunenak dira Movable Type edo b2 ... eta horien parekoa da Coreblog.

Egutegi erako antolaketa du giltza, trackback edo ping egiteko tresnekin dator, bidaltzaile pertsonaletarako dago pentsatua batik bat, eta, moblog aukera du. Azken hau, ideala da.

Moblog aukera

Moblog edo mobile blog delakoa zera da: e-postaz bidaltzen duzu oharra, eta argitaratu egiten da blog-ean. Fitxategi erantsi gisa argazki bat gehitzen badiozu, hura ere azaltzen da. Blog honetako argazki hau horrela bidali zen, mezu soila e-postaz helbide jakin batera (POP kontua izan behar du, eta noski, pasahitz kontu batzuk konfiguratu behar dira blogean): ezagutzen ez nautenentzat, ni naiz laukote horretan nañarro, zatar eta mozkor itxurakoa.

Japonian moblog kontu hauek bereziki zabalduak daude, kamera duten telefonoetatik bidalitako mezuekin hornitzen diren blog-ak dira han moda. Coreblog, izan ere, produktu japoniarra da, eta hortaz, horretarako ondo prestatua dagoela dirudi. Telefonoko argazki probarik ez dut nik egin oraingoz. Telefono mugikorrik ere ez daukat une honetan...

Coreblog, esan dudan bezala, tresna japoniarra da, Atsushi Shibatak sortua. Orain arte, oso garapen japoniarra izan du, baina posta-zerrenda berri bat dago ingelesezko jardunarekin.

Nik, nire aportazio gisa, lokalizazio saio bat egin dut. Euskarazko skin bat, gaztelaniazkoa, eta beste batzuk garatzeko instrukzio sorta bat ere bai. Ez da programatzaile baten lana, baina, tira, ibili badabil.

Coreblog beraz gain, Localizer produktua behar da. Nik probatu dut bertsio hauekin:

  • Coreblog (0.61b).
  • Localizer (1.0.1).

Instrukzioak, hemen eta hemen

Instalatu ondoren, honako itxura izango du blog euskaratuak: probazko gunea

Interfaze aldakorreko instalazioa ere egin daiteke, hala-nola beste adibide hau

Itzulitako materiala, oso urria da. Bakarrik azaleko interfazeak moldatu ditut, ez kudeaketakoak (horretarako, produktuaren kodea ukitu behar zen, eta ez naiz horretan sartu). Localizerren oinarritu naizenez, .po fitxategiak sortu ditut eta hemen utzi ditut, kontsultatzeko. Itzulpenean zalantzatxo bat izan dut, trackback terminoarekin...

Ingelesen Hilerria, zertxobait desberdina da.

Coreblog bat da hau ere, Localizerren gainean moldatua, baina ez da lokalizatutako euskarazko skin hori bezalakoa. Eraldatuago dago, tuning gehiago du nireak, ez da erraza izango produktu edo skin gisa beste bat garatzea, kableatu gehiegi du barrutik, eta kanpotik ere, tuning-kotxeak bezala, hortera samarra ere geratu zait. Edozein modutan, ez bakarrik azal lokalizatua, eduki-kudeaketa eleanitza ere lortu dut nolabait, eta ez nago disgustora. Zope-ren indarra.

Editorialki, ez du asmo handirik nire blog honek. Hara eta hona idazten ditudan gauzak, hor ere pilatuz joango naiz. Sustaturako ezer idazten badut, hilerrira ere kopia; Eibartarrak zerrendarako okurrentzia bat, hilerrira ere kopia... Horixe da, ez besterik.

Jabi Zabala: Sarean,com bitakora eta fotolog-a

Luistxo Fernandez 2004/05/06 06:58

Jabi Zabala nire lagunak Sarean.com bere bloga berritu du, eta asteroko prentsako bere artikuluen bilduma izateaz gain, orain bitakora pertsonalagoa ere bada. Gainera fotolog bat gehitu dio. Azalpen batzuk eman ditu Jabik Sustatun.

Bere blogak orain bi RDF-XML feed ditu, bata bitakorarentzat, bestea fotologarentzat. Hauek dira:

  • http://www.sarean.com/argazkiak/index.rdf
  • http://www.sarean.com/index.rdf

Sarean.com-eko titularrak norberaren orrian ager daitezen, hauxe da HTML orrietan itsatsi behar dugun kodea:

<script language="JavaScript" src="http://tools.blogharbor.com/rss2js/rss2js.php?src=http%3A%2F%2Fwww.sarean.com%2Findex.rdf&num=5&date=no"></script>

Telendro lehiaketaren lehen asaltoa irabazi du Aurkik

Luistxo Fernandez 2004/05/03 18:37

Gaur eguerdian zen Telendro lehiaketaren lehen sprint-a. Eta Aurkiko Telendro euskaldunak irabazi du! Eskerrik asko lagundu diguten denei. Esku inozente batek erabaki du, asteburuan guk jarritako mezuari, lotura bat eskainiz erantzun zutenen artean, nori egokitu saria. Tatxan, tatxan, and the winner is... Joseba Etxarri, Euskalkultura.com-eko webmasterra! Zorionak Joseba, jarriko gara kontaktuan zurekin, ea nola pasatzen dizugun Google-ren Gmail web-posta zerbitzuan kontu bat izateko aukera hori.

Eskerrik asko lehiaketan parte hartzen lagundu diguzueonoi. Garaipen partzial honen berri, Dirson antolatzailearen gunean. Lehen asaltoa izan da hau. Lehiaketa benetakoa irailean da. Ordura arte lehen postuan jarraitzea, zaila dago. Baina, batek daki!

Edozein modutan, hasierako boom honek zer nolako eboluzioa izango duen, ez dago argi. Lehen astean, 3000 telendro baino gehiago sarean, eta geurea lehena!

Nonbait, ingelesez eta frantsesez egin izan dira horrelako lehiaketak. Frantsesez mangeur de cicogne (zikoina-jale!) terminoarekin proposatu izan da lehiaketa, eta ingelesez, sigla batekin, SERPS.

  • Frantsesezkoak ez du hedapen handirik izan. Mangeur de cicogne bilaketak 600 emaitzatara ez da iristen Googlen, eta Telendroak, berriz, 3000tik gora izan ditu zazpi egunetan.
  • Ingelesez hilabetera mugatu omen zen lehiaketa, eta irabazle suertatu ziren guneen analisiak blog-spam fenomenoaren berri triste samarra besterik ez du ekarri emaitza nagusi gisa. Irakurri analisi hau berri-talde batean, edo Jabi Zabalak blog-spam-aren berri nola izan duen ere...

Blog-spamaren edo asperdura eta ahanzturaren bidea hartuko ote du Dirson-en telendro lehiaketak? Geroak esango du.

Aurki ezazu Telendro bat Googlen!

Luistxo Fernandez 2004/04/28 15:32

Hau da Telendro orria, Aurki-n kokatu duguna lehiaketa bat irabazteko. Lehiaketa jarri du abian Dirson-ek, Google-ri buruzko gaztelaniazko albistegi primerakoak. Telendro hitza Googleko bilaketa batean nork lehena jarri, hark irabazi. Ez da adar-jotzea. Lehiaketa bat da, eta batzuek irabazteko intentzio serioa daukagu. Oraingoz, lehenak goaz Google-n baina irailera arte, tarte handia dago. Aipamenak lortzen ari gara hortik, eCuadernon eta IdeaSapiens-en kasu.

Nonbait Dirson jauna edo andrea euskalduna ere badela jakin dugu.

San Ignuzioren etorrera Bilbora

moblog 2004/04/27 12:17

Richard Stallman ikusi eta entzun nuen atzo, Josulagunen Unibertsitateko paraninfoan, Deustun. Hitzaldiaz eta galde-erantzunez gain, show-arentzako tartea ere egon zen, nola ez. Santu-irudiz margotutako paraninfo jesuitikoan, San Ignazioaren begiradapean, tunika eta aureola atera eta jantzi zituen, bere ere santua zela adierazteko, San Ignuzio. Irudian bezala, baina argi izpirik irten barik.

Emacs-eko elizaren fedea erakutsi zigun, santuak bai baina jainkorik ez duen eliza, eta gure ordenagailuak bedeinkatu zituen. Guk ere badugu santu izateko aukerarik, baina horretarako, zorrotzak eta puruak izan behar dugu, eta lehenengo eta behin, exorzismoa egin behar dugu gure ordenagailuetan: programa pribatibo oro kendu behar dugu gure makinetatik...

Goizean Ciberart-eko ekitaldian egon zen Richard Stallman, GNU sistemaren sortzaile eta software librearen guru nagusia. Arratsaldez, e-Ghost Deustuko talde librearen antolakuntza militanteak gonbidatuta, Deustuko paraninfoan. Han ikusi genuen lagun askok.

Gaztelaniaz mintzatu zen Richard. Software librearen kontzeptura eta sorkuntzara nolatan eta zergatik iritsi zen kontatu zigun. Bere "biografian" http://www.oreilly.com/openbook/freedom/ idatzita dauden datuak dira, Xerox inprimagailuarekin gertatu zitzaiona eta...

Nik apunte batzuk hartu nituen hitzaldian. Horra ideia batzuk:

  • Esaten digute lagun bati zerbaiten kopia ematea pirata izatea dela. Laguntzea eta untziak armaz abordatzea, gauza bera direla. Ez da egia.
  • Kolaborazioaren bidez, software modu demokratikoan garatzen da. Ez bozketa bidez, baina erabakiak erabakien gainean elikatzen dira, eta azkenean erabaki soziala gailentzen da.
  • Softwarearen askatasunez gain, beste askatasun batzuk badaude munduan, eta ezin dira programatzen defenditu, zeuk defenditu behar dituzu. Espainian Zapaterok aukera du orain M-11-ren ondoren, askatasun murrizketarik ez ezarri eta erantzun positiboa eman ahal izateko (noski, Stallmanek espainol gisa tratatu gintuen Deustuko paraninfoan geundenok, Massachussetsen gutaz duten ikuspegi geo-politikoaren etorri zen, eta haretxekin joango zen, diot nik).
  • Bere mugimendu eta ideiek, softwaregintzan dute eragina, eta eduki libreetan beharbada... baina hortik kanpora (galdera egin zion batek, ea globalizazio politiko-ekonomikoaren aurrean berea iraultza aldarria ote zen... baina Stallmanek ez zion baietz esan).
  • Lehentasuna behar dugu, hemen eta orain, Europako software patenteen auzian esku hartu.
  • Software-ideia patentatzen badira, lan informatikoa mina-zelaia igarotzea bezala izango da. Ez dugu jakingo, lerro bat idaztean, noiz zapaltzen dugun ideia bat ala ez.
  • Patente informatikoak, ez dira injinerutzakoak bezala. Injinerutzan, materia fisikoarekin borrokan, urrats bat ematea gauza zaila da, eta osagai gutxi izaten du aurrerakuntza patentatu batek. Informatikan, softwareak milaka edo milioka lerro ditu, eta "software ideia" bat egitea erraza da, lerro pare bateko kontua da, ez da materiaren kontra egin beharreko aurrerakuntza bat. Gainera, software produktu batean ehundaka ideia egon daitezke, era horretakoak. Tresna eraginkorragoak egiteko balio dezale injinerutza fisikoko patenteak, baina patenteek softwarean programa eraginkorrak galerazi eta zaildu egiten dituzte. Gainera, patente "fisikoak" enpresak dituzte helburu, eta ez dute erabiltzailearen gainean errestrikziorik ezartzen: autoak parte patentatu asko ditu, baina tuning egitea ez zaio inongo erabiltzaileri galerazten. Softwarearekin, patentearen mugak erabiltzaileari ere ezartzen zaizkio (autoaren adibide hau ez zuen Richardek esan, baina uste dut balio duela Stallmanek esan ziguna ikusarazteko).

Mondegreen fenomenoa

moblog 2004/04/23 15:11

Mendigurenek kontatzen digu Mondegreen fenomenoaren adibide bat Eibartarrak zerrendan: >... eta >abesti batean bazen kontu nire ustez harrigarri bat: "Nuevayortikan" >ez-dakit-nora esaten zuen halako batean. "Nuevayortikan" hori ondo egokitzen >zen neurriz, baina pentsaeraz eta erreferentziaz arraroegia zen >Larrañagarengan. Grabazioa berriz entzuteko esan nion nire lankideari, >entzun genuen, eta azkenean konturatu ginen "Fuenmayortikan" esaten zuela >(Errioxako herri bat). Kantu baten letra aldrebes entzuteko daukagun abilezia. Hori da Mondegreen bat, ingelesez behintzat. Hemen, batek Bob Dylan-en bat kontatzen du, The ants are my friends.. http://phrases.shu.ac.uk/meanings/352450.html Neure seme Peru jeniala da holakoetan. Iaz abesten zuen: - Andre Maria, siempre serás mía. eta aurten: - Tubería, tubería! RRV-aren denboretan, nik Bilbon entzundakoak: - Eh, cho!, que te he dicho que no! (Hertzainak) - Cristo en Barrencalle, cristo en Barrencalle (Jotakie, Kriston burrundaye) Nik ikastolan umetan egiten nuena: - Munduaren aurrean, bisontia saldu (Munduaren aurrean gizonki azaldu, Pantxoa eta Peio, Aitorren hizkuntz zaharra) Mondegreenak oso itsaskorrak dira. Buruan sartu zaigunean hori esaten diharduela, horixe entzuten dugu behin eta berriro. Harik eta jakiten dugun arte, zein den letra benetakoa: une horretatik aurrera, letra zuzena entzuten dugu, eta galdetzen diogu gure buruari nola zitekeen aurrekoa gure burutik pasa. Izan ere, Steven Pinker hizkuntzalariari irakurria diot, mekanismo kuriosoren bategatik, Mondegreenetan entzundakoak ez dira izaten, normalean, kantarekin bat etor daitezkeen esaldiak, ateraldi zentzugabeak baizik. Luistxo

Artea(ga) da Euskadi

moblog 2004/04/22 16:28

Zumalde, El Cabra. Arteagan ETAren museoa ireki omen duena. Etarra edo jeltzale edo nik-zer-dakit heterodoxo samarra beti... Erdaraz, "como una cabra" esango liokete askok. Nonbait, hau eta bere taldea izan ziren duela 40 bat urte Durangaldean Garaira sartu eta herritxo hori okupatu/liberatu zutenak. Ba, hara, Mendiguren gure zerrendakideak anekdota horrekin antzerkitxo bat idatzi zuen: Garai(a) da Euskadi. Zera da koxka: inoiz izan da Euskadi askaturik? Ba orduantxe izango zen, Garai, territorio liberatua, Euzkadi independentearen ametsa, sei orduz bada ere, egia bihurturik. Errepublika labur horren bizipen esperpentikoa da Mendigurenek idatzitakoa. Aipatu nahi nuen hau, bihar Liburuaren Eguna izanik, promozio giro jator honetan segitzeko. Viva Cervantes y su instituto. Portzierto, erakusketa hori "Artean" dagoela... Herri horren euskarazko izena Arteaga da, Artea idaztea Maltza edo Agiña idaztea bezainbestekoa da (Udalak izen ofizial hori aukeratu arren). Herri izendegia: http://www.euskaltzaindia.net/eoda/index.asp?hizkuntza=eu&onoma=herriak

Ni cedro, ni cerdo, dio gure ulemak

moblog 2004/04/22 10:47

Copyrightari uko egin diot, hala nola musulmanak txerrikiari. Euskal Idazleen Elkarteko bazkidetza utzi dut, harekin lotutako CEDRO egile eskubideen "vigilante" retrogradoekin loturarik ez izateko. ( http://www.cedro.org ) . Ni cedro, ni cerdo, dio gure ulemak. Aitortza osoa izan dadin, zehaztu behar dut, baja eman aurretik CEDROtik nonbait tokatzen zitzaizkidan 23 euroen likidazioa agindu niela, eta bidali zidatela txekea etxera. Baita nik hura kobratu ere, Banco de Santanderren. Paradisurako bidea hartu aurretik, plazer terrenal txikitxo bat gorputzarentzat. Horixe izan da. Mohammed Attak ere, 40 birjinekin elkartu aurreko asteetan vodka katxarroak hartzen zituen Floridako tabernetan.

Plazido Mujikaren hiztegia

moblog 2004/04/22 10:47

Plazido Mujikaren hiztegiari kritikak Eibartarrak zerrendan. Asierrek: Hiztegigintzan (bizitzan moduan) badagoz kantidadezaliak eta kalidadezaliak. Mujika lehenengo taldekua da. Beran helburua, hiztegi potolua eittia. Zehaztasun faltia, adiera okerrak... bardin jako. Ederra aldia Azkuekin: Kantidadia bai, baiña kalidadezkua eta zehatza. Amatiñok: Nik beti esan izan juat Mujikaren altxorraz egoki eta zuzen baliatzeko euskera asko jakin bihar dala. Biltegi galanta dok baiña ez jok euskaldunbarrixari zalantzak argitzeko balixo. Dana dala, argitaratu zan (hire aitxitxan dirulaguntzaz) denporan ez jeguan beste aukerarik. Kriston biharra, sekulako bonbazua izan zuan. Nik kazetari hasibarri moduan bisitau najuan bere Loiolako gelan eta ikustekua zuan gizon txiki-txiki ha millaka edo milloika fitxan artian. Egunkarian nenbilenean gure hizkuntza arduraduna, Patxi Petrirena, hiztegi honen oso aldekoa zen. Hizkera mediatikoko egunero sortzen diren jiro, topiko eta forma berriei erantzuteko orduan, ideiak emateko oso ontzat jotzen zuen Mujika. Kantidadea ondo etortzen da batzuetan. - Misil bat noraino iristen da? "alcance" begiratu eta 30 bat forma bai. Irispen horietako bat. Egunkarian irismen erabiltzen hasi ginen. Teknohizkeran ideiak hartzeko ere balio zezakeen. - "enlace" begiratu, eta lotura, esteka eta beste dozena bat, hor, aukeran. - "preferencia" begiratu, eta beste ideia mordoa. - "pestaña" begiratu, eta adiera bat da "saliente en el borde": B, Erlatz. Pestaña bat Interneten, elementu grafiko ezagun bat da. Ikusi http://www.amazon.com eta atal nagusiak bereizten dituzten lotura grafikoak (Welcome, Books, Music...), goian, horiek dira "pestañak" gaztelaniaz. Ingelesez TAB esaten zaie, eta euskaraz, Mozilla nabigatzailea erabiltzen dugunok, bederen, fitxa esaten ikasi dugu. Luistxo

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004