Bidean . . .
krisia
Ez dago krisirik
Larunbatean Bilbo alderantz joan ginen. Gughenheim-en Murakami eta Cai Guo-Quiang-en erakusketak hilabete honetan bukatzen dira, eta pasa baino lehen joatea komeni.
Arratsalde partean Bilboko alde zaharrean geunden, taberna baten kanpoan tragoxka bat hartzen. Gurean ohikoa den kaleko saltzaile afrikar bat etorri zen hainbat gauza eskainiz. Ez genuela ezer behar esan genion, berak temati jarraitu zuen, eta gutako batek esan zion krisian gaudela.
Erantzun borobila bota zigun: "ba al daukazu janzteko arroparik? jateko janaririk? edota lo egiteko etxerik? Ba orduan ez dago krisirik!" Horixe bota eta haserre antzean joan zen.
Eta iruditzen zait arrazoia zuela lagun afrikarrak. Gehiegira ohitu ote garen. Komunikabideetan badiote krisia dagoela guztiok gaude bekokia uzkurtuta, beldur, ea hurrengo zaparrada noiz etorri, ea hurrengo albiste txarra noiz etorri.
Hilabete bukaerara larri iristen denari edota lanik gabe geratu denak pikutara bidaliko luke tipoa, baina arrazoi zuelakoan nago. Zer esango ote lukete Afrikako herrialde gehienek gure langabezia tasa izatea eskainiko bagenie?