Bidean . . .
eibar
Vuelta, Eibar eta bizikleta
Vueltako etapa bukaera bat Arraten izango ei dugu 2012an. Balorazio politikoez gain, burura etorri zaizkit gure herri-agintariek egingo dituzten deklarazioak, batez ere Eibar eta bizikletaren arteko erlazio historikoa nabarmenduz.
Baina erlazio hori historikoa baino prehistorikoa da gaur egun. Aspaldi joan ziren bizikleta fabrikak. Eta Eibarren bizikletan ibiltzea ez da paradisua, ez egunerokoan ezta txirrindulari moduan ere.
Zuloz josita daude kale gehienak. Batzuetan denboraren poderioz edota gaizki zaindu izanagatik, bestetan kalean lanak egitean gaziki asfaltatzeagatik. Pasa zaitez, adibidez, Legarre eta Arrate-bide kaleetatik eta ikusiko duzu nolako saltoak emango dituen zure bizikletak.
Bidegorriez hobe ez hitz egitea. Lankide batek dioen moduan oso zaila da bidegorri bat egitea Eibarren, baina saihesbidearen 3. fasea egiteko mendi-magala deuseztea bai.
Trafiko izugarria dago eta auto gidariek ez dute inolako errespeturik. Bizia egunero arriskuan jartzen dugu herrian bizikletan gabiltzanok. Mugikortasun arazo larriak daude Eibarren eta udal-agintariek ez dute neurri bat bera ere hartzen berau konpontzeko. Bizikletak lagundu dezake autoa alboan lagatzen. Ohiko kontua botako dit baten batek "Eibarren aldapa asko dagoela" esaten, baina guztiok ez gara Urki edota Amañan bizi.
Ez didazula sinisten? Ba ibili, ibili bizikletan astebetean eta hitz egingo dugu orduan.
Nahiago nuke Vueltan Eibarrera ekartzen xahutuko duten diru hori eibartarrongan inbertituko balute, eta ez egun bakarreko kirol orgia mediatikoan. Dirurik ez ei dagoenean are eta gehiago.
Errealaren prakak
Duela hogei urte pasatxo Errealak kopa irabazi zuen Atletico de Madrilen kontra: Lopez Ufarteren txilenazko pasea (bera zen, ezta?), Arconadaren penalti geldiketa, ... Oraindik ere oilo ipurdi azala jartzeko moduko oroitzapenak. Gainera, artean 7 urte nituela, Donostiako udaletxera joan nintzen gurasoekin jokalariei ongietorria egitera.
Gauzak asko aldatu dira ordundik. Nere Errealzaletasuna ez da hoztu, pixkat aldatu da. Atotxara joatea asko gustatzen zitzaidan, baina gaur egun ezin dut Anoeta zapaldu ere egin. Ez da estadioa bakarrik aldatu. Jendea ere aldatu da.
Aurtengo denboraldian partidu bat ikustera joan nintzen aitarekin, Poli Ejidoren kontra. Estadiora sartzear geundela aita batek seme txikiari "hauek hain dira txarrak ezen ez daukatela ezta autobusik ere" esaten ziola aditu genuen (Poli Ejidori buruz, noski). Partiduan zehar lotsa sentitu nuen, baina ez jokalariena (nahiz eta batzuk lotsatzeko moduan jokatu), zaletuena baizik. Jendea txistuko Gari Uranga eta beste jokalari pare bati. Bale, Ibarrakoa ez da beste munduko ezer izango, baina ahalegindu egiten da eta bi potro jartzen ditu zelai gainean. Eta zaleak txistuka. Zoazte pikutara! Ez naiz denboralditxo batean berriz itzuliko.
Orain presidente berria daukagu. Xelebrea dirudi gizonak. Baina gauza batekin engantxatu nau, Erreala aspaldiko urteetan gobernatzen ari zen botere faktikoari aurre egiteko adorea izan duela.
Toshack-en bigarrena beraiek jarri zuten kirol agintari moduan. Agian, horrela, aurreko kontseiluari bakea eskaini zioten, "ez dugu eskandaluzko titularrik aterako" edo halako zerbait aginduko zioten.
Atzo kaleratu egin zuen Badiolak. Ondo edo gaizki, bost inporta zait. Berak beste proiektu bat dauka eta gizona hau ez zegoen bere planetan.
Baina hortzetako galanta eman dio berriz ere bere lehiakideari. Eta beraiek erantzun titular ponpoxo batekin. Gainera foroetan sartuz gero iritzi gehienak Badiolaren aurka. Zeinek idatziak ote?
Ikusi beharko zer gertatzen den.
Nik gaur aportazio txiki bat egin nahi nion Errealari. Pobreak omen dira eta nere limosnatxoa eman nahi nien. Futbolean aritzeko praka motz batzuek erosi nahi nituen. Errealaren webgunean begiratu dut eta joño! Zer dira zetazko prakak? 36 euro balio dute, 6.000 pezeta!! Eibarrenak begiratu ditut baita, hauek merkexeagoak, 30 euro. Leku berean egindakoak dira, baina agian Errealarenak kapital usaina edo izango dute, beste estilo batekoak akaso.
Gezurtxo bat esan dut, Anoetara bueltatzeko asmoa daukat, hiru bat astetan, baina ez Erreala animatzeko :-).