Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Zoramena

Zoramena

Leire Narbaiza 2014/09/12 18:40
Gipuzkoako Hitza-rako egindako kolaborazioa.

Opor sasoian gaude. Askori amaituak bazaizkigu ere, beste batzuk oraindik badabiltza bazterretan deskantsu egunez gozatzen. Baina atsedenik hartzen dugu ala benetan zoratu egiten gara?

http://1.bp.blogspot.com/-JWb64_UHrQU/Ull_xgQ86oI/AAAAAAAAS6Y/CCgUcdaxt1Q/s1600/Untitled_Panorama3.jpg

Gustuko dut bidaiatzea, gauza berriak ikustea eta ezagututako tokiak birbisitatzea. Egindako bidaietan beti geratu izan zait zerbait ikusteke, egiteke. Inoiz, ezinbestekoa den zerbait ere ez dugu bisitatu izan, ondo ez zetorkigulako, edo beste plan batzuk, biziagoak, irten zaizkigulako. Dena ezin delako, hitz batean.

Baina inguruan sumatzen dudana beste gauza bat da, antsia moduko bat, erotuta, dena egin, ikusi, bisitatzea exijitzen duena, azken egunean azterketa bat gainditu beharko bagenu bezala. Gidan dauden Top ten-eko lekuak ixa batez markatu beharko bagenu legez. Kanpaiaren museoa ikusi gabe daukagu! Katastrofea!

Antsia hori, beharbada, ez da oporretan bakarrik gertatzen den kontua. Urte osoan ere sufritzen dugula uste dut. Mila gauzatan daukagu burua, eta planifikazioa ezinbestekoa da. Hori bai, dena lor dezakegula uste dugu aktibitate batetik lehentxoago irtenda, edo berandutxoago iritsita. Baina beti erlojuari begira, eta ezer amaitu baino lehen hanka aterantz dugula. Dena harrapatu nahian, xehetasun eta zehetasun asko bidean lagata, guztia egitea lortu dugula sinetsita, baina inon ere sakondu ezinda, zoroen pare gabiltzalako.

Oporrak hartzean ere, joera hori nabarmen ikusten da. Laneko txirrinak jo orduko, maleta eta guzti daude horrelako kakapirriak automobilean. Bidaiatik etorri ere, itzulera egunean bertan ia-ia, denborarik hartu gabe egokitzapenerako. Badirudi herriak ere erre egiten diela ipurdia, infernu kirasdunean murgilduko direla heriotza motelean.

Jakina, horrelakoentzat, bidaiatzea ezinbestekoa da. Plazera edo aukera bainoago, obligazioa. Besteok egin ezean, arraro begiratzen dute. Gainera, zenbat eta urrunago eta exotikoago izan plana, hobeto. Beharbada, ez dute ezer jakingo hango kontuez edo egoeraz, baina bueltan geopolitikan adituak balira moduan hitz egingo digute, bisitatutako lekuaren egoera soziopolitikoaren azterketa arina eginez, gu aspertuz.

Talde horren barruan badago azpitalde bat, beren buruari turista beharrean, bidaiari deitzen diotenak, turistengandik bereizteko edo. Marco Polo sindromeak jota daude, antza. Badirudi, tour operadoreen atzaparretatik aterata lur ezezagunak deskubritzera doazela, hangoen etxoletan lo eginda aurkitzen dela egiazkotasuna, nahiz eta sherpa horrek bizkarrean hartuta igo behar izan dituen garagardo edo oca-cola lata horiek bidaiariak lasai edan ditzan, benetakotasunaz goza dezan...

Jarrerak jarrera, sarritan pentsatzen dut momentuaz gozatzea ahazten dugula, dena hain planifikatuta eta lotuta daramagulako bidaietan ez ezik gure eguneroko bizitzan ere. Askotan, etorriko den momentu magikoaren begira gaudela, esperientzia paregabe horren zain, ikaragarria dena, bizitza aldatuko diguna. Baina, baliteke, errebelazio hori, etortzeko dagoen epifania, gauza txikietan egotea, erreparatu gabe gure ondotik pasatzea eta guk, basoa ikusi nahian, ez dugula ondoko zuhaitzean dagoen katagorri jostaria ikusiko.

Gipuzkoako Hitza 2014-09-12

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua