Kalamuatik Txargainera
udazkena
Jai bako jai-egun bateko nostalgixia
Jaiki barrittako burutaziñuak
Atzokuan, Eibarren San andres eguna ospatu zan. Egun berezixa eta oso politta izaten da eibartarrondako, disfrutatzeko aukeria izaten badogu, behintzat. Nik Ermuan egitten dodanez bihar, goiz eta arratsaldez, gaiñera, ezin!
Horregaittik, jaiki nintzanian triste samar nenguan, pipartuta esatiak hobeto definuduko leuke zer sentitzen neban.
Betiko moduan, armosau eta goizeko harrikua egitten nenbillena, bentanatik begiratu eta hara nun ikusten dodan bikote bat despeditzen! Zelako inbidixia! Alkarreri lotuta, laztan luze batekin agur esaten. Begira geratu nintxakuen, pijamia eta albornoza jantzitta, katillua eskuetan. Ikusi izan banindue, andra bat kuxkuxian zeukela pentsauko zeben, auzoko autubatzaillia. Okertu egingo ziran!
Kuartora bidian, hasperen bat egin eta inbidixian arrazoiak aztertu nittuan: parrandarako aukeria izan zeben (nik izan ez nebana biharragaittik): Gaupasa eginda zeguazen (ondo pasau zeben seiñale). Eta ebidentia zana, "triunfau" egin zeben (musu luzia lekuko).
Ni, ostera, txiri-txiri goizeroko errutiniari jarraittuta, etxeko eskapiñak arrastaka, komunera ábixau nintzan, egunari ekitzeko, burua nostagixaz beteta, marmarrez!
Ez nekixan, baiña, egunak gauza polittak ekarriko zestazenik…
Jai egunak
Estatutuaren egunean jairik egin duzue?
Nik bai. Jai egin dut. Tira, jai izan dut, desberdina da eta. Joan nintekeen lanera, baina ezin izango nuen errekuperatu. Horretarako etxean hobeto! Lau egun jai izan ditugu, gainera.
Urriaren 12tik urtero errepikatzen dena: jai espainolik ez! Ados nago. Baina jai katolikoei bai? Bizitza guztian hartu ditugun aitzakiaz, horien kontra ez du inork ezer esaten. Hala ere, ez dira bizitza guztikoak, hauek ere aldatu dituztelako; izan ere, hainbat kendu digute, Korpusa, esate baterako. Ez dugula ezer ospatzeko ere badiote. Egia esateko, ospatu, nik ez dut ia bat bera ere ospatzen. Ez naiz lanera joaten eta kitto! Igandeak jendeak ospatu egiten ditu, ala? Edo Aste Santua? tira, tira.
Jai katolikoek gure bizitza gobernatzeari ez deritzot ondo. Gabonak dauzkagu, gero Aste Santua. Gabonak beti egun bertsuetan dira, baina Aste Santua? Ilargiaren araberako jaia da! Iaz oso berandu izan zen eta bigarren hiruhilekoa amaiezina egin zitzaigun; eta hirugarrena, ostera, bat-batean pasatu.
Aurrekoaz gain, txarto ikusten dut jai guztiak udazkenean pilatuta agertzea (gutxienez EAEn): urriaren 12 eta 25 jai, azaroaren 1ean jai eta abenduaren 6 eta 8 jai. Ostean, Gabonak. Erritmoa hartu ezinda. Gabonak pasa eta gero, ez dago jairik Aste Santura arte. Gero maiatzaren 1a. Ondorik, udako oporrak. Nongo buruan sartzen da banaketa hau?
Hala eta guztiz ere, euskaldunak edo gureak jartzekotan ez nuke jakingo noiz eta zeintzuk jarri. Laiko eta euskaldun, zaila delako. Argi daukat maiatzaren 1a salbatuko nukeela, baina bestela… Solstizioak, beharbada, Sanjuan eta Gabonak, birbataiatutako jai zaharrak direlako? Agian! Baina bestela, zeintzuk?
Hau argitu bitartean, egutegia gorri dagoenean egingo dut jai, begiratu barik zer etiketa daroan. Bestela egin ezean ez dit-eta inork eskertuko; ezta neure buruak ere.
Gorbataren lokarria
Sustatuko Zer erantzi atalerako idatzitako artikulua.
Atal honetako artikuluak irakurri dituenak jakingo du ez ditudala larregi maite gizonezkoen trajeak eta hedaduraz, edo pieza honengatik beronengatik, gorbata. Zentzugabeko zintzilikarioa, berorik eman ez, sama laburtu, kokospea bikoiztu eta bilur itogarri bihurtzen dena, zentzunbako apaingarri zatar eta alferra. Hala ere, batzuendako uniforme bilakatuta, seriotasun eta formaltasun ikurra izan da duela 40 urte arte, baztertzen hasi zelako, eta gizonezkoendako janzteko beste modu batzuk ere zabaldu zirelako, zorionez. Gaur egun, ordea, bakoitzak ikusiko du zer jantzi, nola joan behar den saraoetara. Baina gehiegizkoa deritzot Iñaki Anasagastik (moda-joera sortzaile horrek) Paul Riosi esatea gorbata jantzi behar duela, hori izango delako esku artean duen eginkizuna serio hartu duen seinale!
Gauza asko konta niezazkizkioke Anasagasti jaunari bere itxuraz, baina ez dut txiste errazean jausi nahi. Dena dela, esan nahiko nioke, beharbada, Riosek zeraman alkandora ez zela politena, edo egokiena, baina inoren begiko zamarra ikusi, eta norberarena ez, huts larria dela; eta seriotasuna ez diola ematen eginkizunari janzkerak, baizik eta eginkizun hori burutzeko erak eta moduak. Esango nuke Anasagastik eskaparatismoaz diharduela, itxurakeriaz; kanpokoak barrukoak baino gehiago balio duela bere pentsaeran, alegia: “nola jantzi, halakoa izan”. Eta hori aspaldi amaitu zen, zorionez.
Creative Commons Aitortu © cc-by: Paul Rios
Iruzkin horrekin ez du Riosen janzteko modua soilik kritikatzen; inplizituki gorbatarik janzten ez dutenena ere kritikatzen du, eta makinatxo bat dira! Har dezagun Martin Garitano. Sekula ez du gorbatarik janzten. Horregatik, bere jardunari seriotasuna kendu dio? Beharbada, Anasagastiren iritzirako bai. Orduan, Markel Olanok esan nahi du oposizioa ez dela hain serioa? Zeren, ez dakit konturatu zareten, baina Garitano ahaldun nagusi denetik, Olanok ez baitu janzten gorbatarik! (askoz hobeto dago, esan beharra dut). Gaztelaniaz den bideo honetan, Olano eta Garitanoz gain, Basagoiti ere agertzen da gorbata barik. Azken honek ere ez dio Eusko Lege Biltzarrari seriotasunik ematen, antza.
Baina goiko hirurez gain, hainbat aipa ditzakegu. Odon Elorza, esate baterako. Elorzak gorbata jantzi izan du, baina beste estilo bat ere badarabil, eta argazkiotan ikusten den moduan, zapi-moment nahiago izaten du. Honek ere Donostiako alkate izateari 20 urtean seriotasuna kendu ote dio?
Aitatutakoez gain, beste hainbat ere badaude: Pello Urizar, Juan Karlos Izagirre, Dani Maeztu, Mikel Arana... Ia beti gorbatarik gabe, baina gauzak serioski egin nahian. Gainera, emakumeok gorbatarik gabe janzten garenez, ez ote diegu merezi duen seriotasuna ematen gure aktibitateei?
Hauetaz gain, era berezi batean hiru politikari ekarri nahi nituzke hona euren dotoretasun gorbata gabekoagatik; izan ere, pertsona batzuek berezkoa den elegantzia badutela esango nuke, eta elegante izaten ikas litekeela, baina zaila da oso. Horregatik, hemen nire aukeraketa:
Batetik, Mikel Basabe aipatu nahiko nuke, nire ustez politikari goapoena, trajerik jantzi barik ere, normaltxo, egoki joaten dena. Tira, genetikak ere laguntzen dio, baita esateko moduak ere. Anasagasti jauna, ez da serioa Basabe parlamentaria?
Bestetik, Denis Itxaso, beste estilo bat zeharo desberdina. Ez dut gogoratzen gorbatarik jantzi duen. Hala ere, nik oso serio ikusten dut bere lanean. Eta ondo jantzita beti, oso ondo, Anasagasti senataria. Bera izango da ondoen janzten den politiko gizona.
Eta azkenik, Oskar Matute. Serioa gizona, irribarre gutxikoa, gorbata barik, alabaina. Beti txukun jantzita, fisikoak ere lagundu egiten dio. Nolanahi ere, Anasagasti, ez duzu uste serio ari denik?
Gorbatarena aitzakia da, argi dago. Bakoitza gusturen sentitzen den moduan jantzi behar da-eta. Ez litzateke barregarriagoa Paul Riosek gorbata jantzi janzteagatik egingo balu, jotzen ez dion alkandorarekin, edota ganorarik gabe? Ez ote daki senatari jeltzaleak askotan gorbata janzten dela barre eragiteko, Beranduegi saioko aurkezleek kasu?
Azken batean, Paul Rios gorbataduna edo kantinera jantzita joanda, garrantzitsuena egunotan egingo den lana eta emaitza izango dira. Eta espero dut hain positiboa izatea, non parranda itzel horren ostean gorbatak bekokian jantzita irtengo garen! Hala bedi!
Amantalen ahotsa
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna
Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.
Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.
Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.
Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.
Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea.
Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!
Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!
Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!
Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.
Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…
Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!
Ulazia goguan
Atzo gogoratu genduan Txantxa zelaixan.
Domekan gertatu zan istrupua, ixa astebete. Zeozer idazteko gogua izan dot, baiña ezin. Atzo be, funeraletik etorritta asmua banekan, baiña nekatuegi neguan. Pasau neikian idatzi barik ezer, egixa da. Baiña estimatzen dittugun personak juaten diranian, barruak agintzen dau, sentimientuak diñue asaskatu bihar dogula, eta blogarixok ezagutzen doguna hauxe da: zeozer idaztia.
Ulazia ez zan nire lagun gertukuena, ezta gitxiagorik be. Eta, biharbada, batzuek, aste txarra pasau doadala esaten dodanian pentsauko dabe hori nabarmentziagaittik diñodala. Seguru, danetarako dago jentia-eta. Baiña askotan, lagun zirkulo zabal-zabal baten, hartu-emon handirik barik be, persona batzuk kuttunak dira. Juan Luis kasu. Asko estimatzen neban. Gehixago be esango neuke, famelixa haundi bateko kidiak garala: Eibarko Klub Deportibokuak, eta bertan ibili garanok, barruan, badakaugu zer dan hori. Horregaittik, neri bost holakorik pentsau leikenekin. Gure sentimientuak benetakuak diralako! Nik bera omendu baiño ez dot gura.
Ez dot gogoratzen zelan ezagutu neban. Baiña badakat bere imajiña bat deportiboko buleguan ertz baten jarritta, serixo. Badakitt, hasiera baten, bera ikusitta hain haundixa, bizar horrekin eta itxuraz serixo, inponidu egin ninduala; pixka bat ezagut arte, jakiña.
Irudi hori zihero aldatu zan denporia pasau ahala; izan be, Juan Luis beti zeuka irribarria ahuan, ez zan serixua, sinpatikua zan. Umore eta ironixa fiñekua. Lagun ona. Lagunak euskeraz dakazen esanahi guztiekin.
Mendixan ezagutzen da ondo jentia. Eta berakin gitxi ala asko ibili ezkero, segiduan igartzen zan eskuzabala zala, beti laguntzeko prest. Beti animuak emoten, forma fisiko eskasagua gekanori bidia errezagua egitten.
Ezin dot ahaztu Euskal Jaixari emondako laguntzia, bihar ixilla eginda, lan "zikiña": berak, mendi taldeko beste lagun batzuekin batera, artisau eta basarrittarren ferixako postuak montatzen, asto-lana egitten. Baitta difrutatzen be! Guapo-guapo jantzitta, egunaz disfrutatzeko prest.
Hau guztiau, Mertxe andria onduan zeukala. Zelako bikotia! Enbidixia emoteko modukua! Gustau egin jata beti eurek emoten zeben sensaziñua. Ona, gustora egotekua.
Egixa esan, jente gitxi dago holakua, hain jatorra, hain ederra, hain gixti merezi dabena gertatu jakona. Eta bizirik jarraittuko dau estimatzen genduanon bihotzetan, Deportiboko jendian artian, bere famelixan. Gugan bego esan behar nuen, baina gugan badago.
Laztan haundi bat Mertxe, Ziortza eta Ehari. Besarkada bat Deporreko mendi taldekueri. Musu handi bat Juan Luis!
Udazkenak zer ekarriko digu?
Pasa den astekoa izango da kurtso honetarako bidea?
Goizetan erritual berezia egiten dut: esnagailuak jo bezain laster, irratia isiotzen dut. Ez naiz berehala jaikitzen; izan ere, erlojuak bost minuturo jotzen du bere pi-pi-pi higuingarri hori. mesanotxeko lanparatxoa pizten dut bigarrenean, eta beharbada altxatu. Ia beti eguraldiaren iragarpena entzun arte egoten naiz ohean.
Bost minutuko tarte horietan, batzuetan, loak hartzen nau, edo erdi lo egoten naiz. Sarri irratian entzundakoa ametsarekin nahasten zait, eta ez dut jakiten egia ala gezurra den. Askotan, irrati-notizia eldarnio bihurtzen zait.
Beste batzuetan, ostera, berriak kolpetik esnatzen naute. Hori gertatu zitzaidan pasa den asteartean. Sarekada baten 9 atxilotu, eibartar bat tartean, Aniaiz, oso gertukoa. Horrelakoetan beti pentsatzen dut ez dela itzartzeko erritualik egokiena, egun osoa (edo astea) txarto pasatzeko modua baino ez delako izaten. Albisteak adiago entzun, telefonoa dantzan jarri, interneten sartu....hori armosuarekin batera etortzen da.
Lanerakoan, guardia zibila ikusi, baita erregistroa kanpotik filmatzen ziharduten telebista kamerak ere. Guztiz mediatikoa, zirkua. Egun osoan berrien zain. Etxerakoan, kasualitatez bere familiakoak ikusi. Jota, normala den moduan. Arratsaldean, gainera, funerala, Gernikan. Egun konpletoa!
Atxiloketak iraun duen egunetan erregistroak hainbat lekutan. Atxilotuta ez zeuden pertsona askori, benemeritaren inkautazioak: ordenagailuak, argazki kamerak, sakelako telefonoak, musika CDak, dirua.... dena itzuliko ei diete, baina noiz? Ateak lurrera botata, "los hombres de Harrelson" bezala (ariete eta guzti) goizaldean guardia zibilak (polizia guztien artean beldurgarrienak) esnatu. Ikara eta izua gorputzean gaua etortzen den bakoitzean. Ttakun-ttakun irrati libreak ezin du emititu gazte lokala miatu eta ordenagailu berriak eraman zietelako. Eibarko Arrate Kultur Elkarteko bulegoak arakatu eta hankaz gora jarri zituzten bost orduz.
Okerrena, baina, atxilotuak inkomunikatuta egon zirela asteburura arte. Abokatuek epaileari protokoloa betetzeko eskatu zioten arren, uko egin zion. Entzutegi Nazionaletik pasatutakoan tortura basatiak salatu zituzten. Grande-Marlaskaren belarriek argizari tapoi itzela daukate, entzungor egin baitie salaketei. Argi dago tribunal horretan ez dagoela justiziarik.
Hau guztiau uda amaieran, udazkenaren atarian, ETAren komunikatu biren artean. Abisua bota du gobernuan. Ez daude treguan, ez entzunarena egin dute, jarrera gogorrak erakutsiz. Ez dakit pose bat den (hala bada, gogorregi ari dira jokatzen), ala segituko duten bide latz honetatik. Egia esan, esperantza handirik ez daukat, baina itxaropen izpi bat geratzen zait.
Baina hau da eman behar duten erantzun bakarra? ala pose bat da? Espero dut gauza puntual bat izatea, bestela une latzak bizi beharko ditugu. Goizetan esnatzea albisteak entzutean (edo, okerrago, poliziaren danbatekoaz) gogorra izango da benetan. Espero dut oker ibiltzea, une saminak tokatuko zaizkigu, ostantzean.
Post data: Gaur Asiskon bineta ikusi dut Argia aldizkarian. Harira datorrelakoak hemen jarriko dut:
Aurtengo azoka
Zelan laga aurten azokako errepasoa egin barik?
Aurten egun bitan joan naiz Durangoko liburu eta disko azokara. Zapatuan eta domekan. Baten beharrera, badiharduguko stand-en txanda egiten; bestean lagunekin elkartzera. Izan ere, Durangon urtero hitzordua daukagu, aspaldi baten egina, eraginkorra gutxienez urtean behin batzeko balio digulako.
Asko guztatzen zaizkit feria egunak. Disfrutatu egiten dutpasio bik bat egiten dutelako: liburuek eta lagunek. Postu artean hurrengo hileetako irakurketan ikusten ditut lehenengoz, baita irakurritako liburu kutunak eta bereziak ere. Maitasun ezkutuan nonahi, liburu forman.
Lagun, ezagun, maiteak edonon. Sorpresa atseginak nahibeste. Laztanak eta besarkadak ugari (erakusmahaia erdian geratzen ez bada, behintzat). Hala ere, beti falta zaigu baten bat, bereziki (hinbat motiborengatik) ikusi nahiko genukena, baina agertzen ez dena. Hari/haiei ere musuri handiena eman nahiko nioke/nieke, ziber-musua baino ez bada ere. MUN!!!
Hain gozagarria izanda ere, hausnartzeko balio izaten digu, batez ere aurtengoak. Alde batetik, uste dut birplanteatu egin beharko liratekeela hainbat gauza, hainbat produktu erdaldunen salmenta. Kanpora tema vasco delakoa. Nik neuk ez neuke lagako erdarazko produkturik saltzen. Bai, erradikala izango naiz, talibana. Berdin zait. Horiek edonon aurki litezke, azokan euskarazkoak baino ez nituzke jarriko. Kitto!
Bestetik aurtengo beherakada. Itzela izan da, batez ere asteburuan. Ez zen ia inor ibili, eta saldu....ikaragarria! Beldurgarria izan da salmenten jaitsiera!! Krisia izango da, EREak, pasaotismoa, ez dakit, baina Durangorako bonbardaketa (ez Durangoko bonbardaketa) zelanbait murriztu egingo nuke, beharbada feria bi antolatuta, abenduan eta ekainean, adibidez. Horrela, argitaletxeen Durangoko monokultiboko uzta, murriztu baina bikoiztu egingo litzateke. Beraz, kultura kontsumitzaileoi ez genuke urteko gose erdi asetu hori izango. Eta Gabon aurreko betekada hau saihestu egingo genuke.
Erdi gose eta enpatxatu bizi gara euskarazko liburuak irakurtzen dugunok, pobreen moduan: Ahal denean jan errementatu arte; eta urte osoan ahal den moduan elikatu, izozkailuko tuper-ak ateratzen!
Badiharduguko standa.Egunkarian aldeko erretratua
Konzentraziñuaz aparte, erretratua be etara deskue.
...eta kitto.com-etik "ostu" dot erretratua, eta parkatuko deste. Nahiko illuna da, eta izan leike pipàrrik be ez ikustia. Igarri, baiña, igartzen da zenbat jente alkartu garan.
Argazkiak.org | Egunkaria Libre Untzaga © cc-by-sa: etakitto
(ikusi nahi baduzue argazkia haundi-haundi danon arpegixak ikusteko moduan egin klik hemen)
Ez dogu ahaztu bihar epaiketia hillan 14an hasiko dala, eta Gaur Martxelo Otamendiri entzun detsadan moduan, Audientzia Nazonalak ez desku esukaldunori ezer onik ekartzen.
Kaltia egin zeben oin zazpi urte itxi ebenian Egunkaria. Baiña katia haundixagua izan leike, kartzela zigorra, eta zelakua, gaiñera.
Ikusiko dogu. Mobilizaziño gehixago egongo dira, eta adi egon biharko gara.
Egunkaria, LIBRE!
Urriko zurrunbillua
Urrixa hillabete nahasgarrixa da neretako.
Aspaldixan amaittu genduazen oporrak. Biharrian setienbrian batian hasi nintzan, pentsaizue! Baiña urrixa beti da kaosa neretako: ikasturtia hasten da. Horretara hainbat talde, hamaikatxo ikasle barri, beste urrats eta mailla batzuk; askotan zahar, beti barri.
Aldaketak beti kostau izan jataz asko. Adaptatzia ez da errezen egitten dodana. Darwinismuak kondenatuta nauka! Eta holakuetan nobienbria noiz etorriko egoten naiz, ia kokatzen naizen, ia moldatzen naizen.
Aurten, gaiñera, frantseseko klasia be kanbixau dabe, eta arratsaldez baiño ez dago. Hori dala eta, tartetxo baten juan bihar naiz, nere klase bin artian, Durangon, punta batetik bestera, beti berandu, eta belauneko bihurrittua zihero osatu barik. Beti atxitxiketan, zelako amorrua.
Sustatun be kolaboratzen hasitta. Beste bihar bat, gustora egitten dodana, baiña beste bat. Gaiñera, bertan argitaratzen dittugun post-ak Elena Lakak eta biok Anti-gona blogian batzen dittugu. Beste lan bat. Edarra, baiña, beste bat gehixago.
Belauna osatzen prozesuan, ni kursora adaptatzen, kolaboraziñua, loibatxua, frantsesian B2 maillan (idazlan mordo bat, oso-oso mailla altua), arrapaladan ibiltzian nekian...Eziñian nabil, nere blog maitte honeri jaten emon barik. denporia dakadanian, inspiraziñorik ez; eta inspirauta naguanian, astirik ez! Ikaragarrixa.
Eskerrak etxera aillegatzeko aszensoria jarri deskuela!!!! 5. pisura eruan egitten nabe, ez besuetan, baiña teletransportauta sentitzen naiz, benetan. Karua da, beiña merezi dau!
Urrixa azkenetan dago, eta laster azarua izango da. Ordurako zentrauta egon, eta zentzuduna izango naiz; bada sasoia-eta! amen!
Kontseiluak 10 urte
Larunbatean BEC-en izan ginen Kontseiluaren ekitaldian.
Orain 10 urte ere joana nintzen Kontseiluaren "Bai euskarari" jaialdira. Orduan bost estadiotan burutu zen, eta egoerak Sadarrera eroan ninduen. Giroa paregabea, nahiz eta hotz itzela egin. Beharbada horrelako zer edo zer espero nuen BEC-ekotik, baina inpresioa ez ze inondik inora hori izan.
Uste dut ekitaldiari jendearen parte-hartzea falta zitzaiola, bertaratu ginenok ikusle hutsak izan baikinen ikuskizun osoan. Gauza bat egin behar genuen autobusetan joandakook eta txarto egin genuen! Urdangarinek kantatu zuenean pantailetan abestiaren letra jarri izan balute! Baga, biga, higa kantua "Everybody, elkarrekin" esan balute.....
Beste alde batetik, eta sentitzen dut esatea, ekitaldi espaiñola izan zen. Iparraldeko elebidunen batek; hau da, frantses-euskaldunak, ezer ulertuko zuen? ez, gauza asko ez. Gero ere, iparraldeko presentzia hutsaren hurrengoa izan zen. Xalbadorren aurpegia, baina bere izena esan barik. Kantua Laboarena eta esanahiagatik aukeratuta zegoela ematen zuen, baina ez Iparraldeko errepresentazioa egiteko. Gehiago esatera ausartuko naiz: EKAko kostaldekoa zela esango nuke, gure zelai berdeak, itsaso bazterretan....
Gogorra naiz, agian, baina hori jaso nuen nik eta nire ingurukook. Ekitaldia ere gogorra izan zen, kaiñeroa esango nuke, gure egoeraren parekoa. Etsita amaitu nuen, ez indarberrituta. Nire ustetan, horrelako ekitaldiak horretarako dira, indarberritzeko, ez etsita irteteko.
Amaitzeko esan behar dut ez dagoela eskubiderik 80.000 euro BEC kobratzea. Hasieran uste nuen irakurri zuenari zero batek ihes egin ziola, baina konfirmatu didate ez zela horrela izan. bruce Spingsteen-entzat doan, guretzat hipoteka bat. Eta gainera berogailurik ere ez ziguten jarri, izoztuta eta katarroarekin amaitu genuen. Prezio horretan merienda ere zerbitzatzeko moduan zeuden!
Salaketa behar dugu, premia daukagu. Pilak jartzea, baina, behar-beharrezkoa zaigu. Animatu eta Entusiasmatu!




