Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera udaberria

Kalamuatik Txargainera

udaberria

Martxel

Gure bigarren loibia!

Martxel

Oin aste bi, hillan 3an, jaixo zan Martxél Mendaron. Mutiko edarra da, gero, hiru kilo eta erdikin jaixo eta gaur egun lau dakaz. Moreno-morenua da, eta nahiko luzia. Begixak txinito-txinito dakaz, baina koloria ez da igartzen. Hori bai, esan geinke urdin argixak ez dittuala izango :-)

Lo asko egitten dau, eta lasaixa da. Ez gagoz horrera oso ohittuta, eta egre gurasuak espero dabe luzaruan holakua izatia!

Ikaragarrixa da ze txikixak diran jaixo barrixak, zelan ahaztutzen dan ze guxi pexatzen daben, ze gauza gitxi diran! Eta beti harrittuko nau zelako suabiak diran, baitta zelako usan gozua daken baiñau barik be!

Emoten daben pakia be itzela da, besuetan hartuta lo dagozela edo esnarik, berdin detsa, momenturik ederragorik ez dago.

Danok pozik: ama, aitta, amamak, aittitta, eta tiak, adurra darixola. Gaiñera, Gariri mimuak emoteko hau baiño aukera hoberik badago? Ba ez, iñoiz baiño pa eta laztan gehixago emoten detsaguz alkarreri, eta hori, gaur egun, eta euskalduna izanda eskertzekua da!

Hori ba, Martxel etorri jakula, eta Garik emon deskun bizipoz bera emongo deskula seguru nago. Ondo etorri, politt hori!

Leire Narbaiza 2011/06/20

Futbolkrazia eta despotismoa

Gaur egungo gaitz bi.

Maiatzeko asteburuak oso konplikatuak izaten dira, denetatik izaten baitugu. Badirudi uda baino lehen mundua amaituko zaigula, eta elkarte, lagun-talde eta eskolek jaiz et ebentoz betetzen digute aisialdia. begira bestela Asier Sarasuak zelakoa izan duen maiatza

Antza denez, futbol txapelketa ia guztiak ere maiatzean amaitzen dira, edo amaitzear daude. Hori dela eta, partida pilo bat ematen dituzte telebistan eta egunkariek hil ala bizko dueluez hitz egiten digute; eta mendeko matchak jotzen dira asteburu baten bai, bestean ere bai.

Ez litzateke hain txarra izango futbola aitzakia hutsa ez balitz, edo foballa (Eibarren esaten diogun moduan) zikina estaltzen duen tapiza bihurtuko ez balute: arazoak badaude, erratza erabili eta futbol-alfonbrapean ezkutatu.

Asteburu honetan horren adibide bi izan ditugu, bata Bartzelonan, bestea Eibarren. Bartzelonan Champions-aren aitzakian, Katalunia plazan zeuden suminduak botatzeko euren eskuetan zeukaten indar guztiarekin. Eskusa ezin hobea nahi zutena egiteko. Zorionez, plazara itzuli ziren hurrengo egunean bertan.

Eibarren ere despotismoa erabili da fulbolkraziaren loriarako. Asteburuan 46. Euskal Jaia ospatu dugu (ondo diot ospatu, disfrutatzeko festa delako). Horretarako Untzaga plazaren alde biak erabiltzen ditugu jaia herriaren bihotzean egon behar delako, nahiz eta karpa jartzea askori ez gustatu. Dantzak harmailen aldean egiten dira, eta karpa udaletxe aldean jartzen da. Aurten Eibar futbol taldearen partida ere bazen larunbat arratsaldean, eta posiblea zen 2. mailara igotzea, eta jokalariei ongietorria egitea Untzagan.

Hori dela eta, alkatearen idazkariak astelehenean deitu zien Klub Deportibokoei (Euskal Jaiko antolatzaileak) batzar bat egiteko, eta bertan plazak trukatzea proposatu zien. Batzordekoek bilera egin ondoren, idatzi bat prestatu zuten alkatearendako, txarto iruditzen zaiela aldaketa esateko, eta trukatu barik ere, jai biak konbinatu zitezkeela. Horretarako, bestelako proposamenak ere egin ziren. Desadostasuna ere adierazi zioten, eta bere esku laga erabakia. Hori guztia, asteartean izan zen.

Asteazken eguerdian alkatearen idazkariak esan zien ahoz erabakia plazak trukatzea zela, eta idatziz ere jasoko zutela erantzuna. Komisiokoek S. D. Eibarko presidente eta direktibo batekin hitz egin zuten egindako gestio guztien berri emateko. Ostegun goizean etorri zen alkatearen erantzun definitiboa idatziz: alkatearen dekretua! Nik diodalako, nik nahi dudana egingo dut. Beraz, karpa harmailen aldean, eta dantzak  udaletxe aldean. Gora demokrazia!!

Gero, ez igotzeko, gainera! Dantzariena izorratu (jendea zutik luzaroan eta ganoraz ikusi ezinda) eta ongietorririk ez! Megafonia ekipo oso bat alokatu, erabili barik itzultzeko! Krisi sasoian! Baina futbolarendako dena da ona, dena da zilegi! Molestatzen duena baztertu, estalki perfektu batekin! Futbolkrazia despotismoaren mesedetan, eta alderantziz, sinbiotikoak dira-eta!

Herritarrak etsita, aspaldi amore emanda. Eta berari botoa ematen jarraitzen diote....Ikasiko ote dute inoiz?

PD: Posta aldatu dut lehenengo eskuko informazioa izan dudalako, ez zelako nik kontatu nuen moduan izan. Mila esker informazio osoarengatik.

Leire Narbaiza 2011/05/30

Londresko ezkontza

Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta.

Ostiralean Londresko ezkontza ikusi nuen, ezteiak asko gustatzen zaizkidalako, eta batez ere emaztegai-soinekoak. Badakit gai friboloa dela,eta askok gaizki begiratuko didatela (batez ere egunotan bizi duguna bizi izanda). Jakin ere badakit Ingalaterrakoa erret-ezkontza izan zela, errepublikanoa izanda arbuiatu beharko nukeena.

ezkontza

Gainera, erlijioa gailendu zitzaion gizarte zibilari; beraz, agnostiko batendako, gaitzesgarri. Beste alde batetik, ezkontza horretan emakumearen menpekotasuna agerian laga zuten hainbat sinbolorekin (beloa aurpegian, eraztun bakarra,...), feminista izanda, errefusatu beharko nuke. Horretaz gain, hainbeste diru xahutzea ezkontza huts batean, eta bertan botere ekonomiko handikoak baino ez azaltzea ezkertiartzat bere burua duenak erdeinatu beharko luke.

Hala ere, asko disfrutatu nuen: zelako antzezlana eta eszenaratzea, nolako antzokia! Baliteke umetatik eskaini dizkiguten ereduak buruan sartu zaizkidala eta hauxe dela gelditu zaidan arrastoetako bat. Ez dakit gustu hauek nondik nora sortu zaizkidan, baina halakoekin ondo pasatzen dut.

Pamela, ginbail eta burukoengatik izatea. Eta emaztegaiaren soinekoaren oihal, bordatu eta parpailengatik, baita paramenta eta soineko luze eta baporosoengatik ere. Ez dakit, baina estetikoki ederrak begitantzen zaizkit.

Tira, Zer erantzi izanagatik ere, nire asmoa ez da Kate Middelton-en soinekoaz, edo gonbidatutako emakumeen arropaz berba egitea. Nire ustez, gehiegi egiten da berba horren gainean, kritikatzeko eta gaizki esaka jarduteko. Ez, gizonezko janzkeraz mintzatu nahi dut: uniformeak eta jaketak, lan txikia niretako!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot

Horrelako ezteguetan uniformeak janzteko mania ez dakit nondik datorkien. Badakit emakume askori ikaragarri gustatzen zaizkiela uniformez jantzitako gizonezkoak. Edo behintzat, hori diote telebistan eta filmetan. Inguruan inori ez diot horrelakorik entzun. Niri neuri suhiltzaileak ere ez zaizkit horrela gustatzen! Baliteke euskal herritarra izateak ez lagatzea uniformedunez gozatzen :-)

Senargaiak eta bere albolagunak (aitabitxiak) uniformea zeramaten. Williamek, ezkontideak, uniforme gorri-gorria, zerrenda urdin bat bularrean gurutzatuta ezkerreko sorbaldatik, eskumako mokorreraino, zatar-zatarra Beukelaerreko printzea zirudien! (Eskerrik asko @boligorria artikuluaren ideia eta irudiagatik!) Gainera, uniformea handi zeukan, oso handi. Nola liteke neurrira ez egitea? Imajinatzen duzue emakume batek soinekoa hain nasai eramango balu zelakoak entzun beharko lituzkeen? Horretaz gain, bularraldean zeraman txatar guztia? Ikaragarria! Itsusi mortala!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot

Eta txatarraz hitz egiten badugu Harry anaiaz [eta bere best man-a (albolaguna, aitabitxia)] ezin aipatu barik laga! Txatarraz gain, borla eta eta soka doratuak metroka zeramatzan uniforme beltzaren jakaren bueltan. Bazirudien balkoira irten aurretik errezeletan kateatu zela, eta lepo inguruan geratu zitzaizkiola sokok! Sokasaltoan gonbidatu guztiak egiteko beste metro zeroazen! Itzela! Eta amaitzeko uniforme bako gizonezkoen janzkera aipatu nahi nuke laburki. Zelako tristea, gatzbako eta aspergarria!! Grisa eta beltza, eta ausart batzuek kolore apaleko gorbataren bat. Badakit protokoloak agintzen duela, eta jaketa dela derrigorrezko. Baina inoiz aldatuko ahal da janzteko modu inuzente hori, ezer esaten ez duena?

Gustura ikusi nuen espektakulua, baina britainiarrendako. Ez nuke nahiko monarkia ordaindu ikuskizun zoragarria eskain ziezadan 20 urtean behin,.....A! Orain konturatu naiz! O! Ez! Bagabiltza horretan! Errepublika subito!

Biharreko, parrandako, edo ezkontzetarako erropia?

Siñistu ezinda!

Arratsaldeko 8rak eta 20 Eroskiko denda txiki bateko illaran nago. Ondoko illaratik neska batek bizkor dendarutz egin dau, zeozer ahaztu dabelako. Bidia nere aurreko andria eruan dau. Orduan konturatu naiz oso gaztia zala, eta takoi haundixak zeroiazela.......eta boda betrako moduan zoiala jantzitta!

Eguen buruzurixa da. Nere aurrekaun aurrekua be goittik behera doia boda baterako moduan  jantzitta. Biharretik datozelakuan nago. Harrittuta nago, sekula ez nintzakelako holan jantziko lanerako, baiña modia eta lan batzuetan...

Itzuli da gaztetxua. Beste bi lagunekin dago. Hirurak jantzi-jantzi eginda. Ezkontza batera be ez nintzake hain jantzitta juango. Nere lagun pijenak ere (eta nire lagun pijak oso-oso pijak dira!) ez leukie superauko!

Tira, batek takoiak eta minigonia bazeroian, baiña ez zeguan hain ondo jantzitta. Ikusi dodan lehelenguak, takoidun sandaliak, soiñekotxua, eta boltsua bonbonera baltz bat borladuna! Hirugarrena, bakerotan zeguan eta pentsau dot normalena zala, takoiak zeroiaxen arren; baina mobidu danian, jaka azpixan lentejuela top baltz bat ez detsat ikusi, ba? Ez, ez zan normalena!

Eta makillauta, oso makillauta! Ondo makilaluta, e? dana esan bihar da. Halan da be, laregi holako egun baterako. Hainbeste makillaje ez dot nik eruan, ezta kantinera zaldu gaiñian juan nintzanian be! Eta orduan rodilluakin ez, palekin zabaldu zeskuen potia!!

Illaria ez da oso luzia izan, baiña nora ete zoizazen jardun dot pentsatzen. Ez zetozen biharretik (nere aurrekuan aurrekuaan moduan), ezkontza batera juateko be, eguenian...raro, Londresera juateko beranduegi (eta pamela batekin bonboneradunak ez zeban papel txarrik egingo), afaltzera.....hain dotore?

Azkenian ez dot jain nora zoiazen, baiña ikusi dot zer erosi daben: kokakola boteilla batzuk, eta ardaua, tetabrikekua eta marka zurixa!!!! To, glamourra! Hiperdotore boteillorako! Antes muerta que sencilla!

Freskuran, gustora!

Gaur eguardiko esperientzixa barrixa!

Eguraldi aldaketa radikalak ez jataz gustatzen, asko kostatzen jata adaptatzia, egoera barrixan eroso egotia. Kanbixo suabiak dittut gustoko, poliki-poliki erropa kapak eranztia: kaltzetiñetatik galtzerdixetara, eta hórretatik pinkixetara pasatzia, panazko fraketatik bakeruetara eta gero liñozkuetara; manga motzetik luzera; kotoizko jertsietatik “kuello zamoretara”, sandalixak, zapata itxixak, eurittakua eta botetara, ordena honetan.

Hori, baiña, gitxittan izaten da holan. Gure herri honetan goizetik gabera aldatzen da eguraldixa. Pasa dan astian, 30 gradotan; astion, 9tan! Negutik udara; udatik negura hamar egunian, edozein zoratzeko moduan!

Banekixan beruakin ez nintzala bape ondo ibiltzen, eta biharrerako beti nahi izan dodala freskuria. Negu hau, ostera, hain gogorra izanda, gustora hartu nittuan aurreko asteko lehen egunak: egun naturala, freskuria goizian, eguerdixan epel. Ideala. Hori bai, eguaztenekua ezin izan neban aguantau. Ha berua! Udako be larregikua!

Gaur eguardikuak, baiña, zer pentsatua emon desta. Atzera be neguko txamarra lodira bueltauta, panazko fraketara, jertse potolora. Maietzian ala eneruan gagoz? Galdetu izan detsa batek baiño gehixagok bere buruari. Guantiak janzteko gogua, txapela, bufandia….Holan, estaziñora jaun naiz, normalian baiño lehenatxuago. Andenian bankuan jarri, liburua etara eta irakortzen hasi naiz. Ondo abrigauta nenguan. Halako baten, haixe freskua etorri jata arpegira. Ummm! Ze edarra! Gustora nenguan, hotzaz disfrutatzen, halakorik!

Sekula ez jata holakorik pasau. Haluzinau egin dot, zeiñek esango lestake neri hotzakin gozauko nebala. Sensaziñua ikaragarri ona izan da, itzela. Neguan parkian eguzki epeletan egoten garanan modokua. Mundiala!

Dana dala, esan bihar dot trena segiduan etorri dala. Bestela, post hau ez neban iñoiz idatziko, izoztu egingo nintzalako. Eskerrak!

Leire Narbaiza 2010/05/04

1.01

Dantzaz konpainiaren ikuskizuna.

dantzaz

Barixakuan Dantzaz Konpainiaren ikuskizuna ikusten izan ginen Eibarko Koliseon. Antzokia ez zegoen beteta, eta ume askotxo zegoen, nire gusturako; izan ere, mugitzen ibili ziren ia ikuskizun guztian zehar. Ez dut gaizki ikusten umeak horrelakoetara eramatea, pentsatzen dut ona dela. Baina dantza espektakuluetan sarri nabil hori ikusten. Badirudi umeendako gauza dela, edo nagusiek umeen aitzakia behar dutela, ez dakit.

songeurs

Songeur koreografiarekin hasi ziren. Sinpatikoa, umoretsua. Hiru dantzari gizonezko ikaragarri ondo dantza egiten. Ameslariak, eurek ez dakit, gu bai!

ballet 101

Ikuskizuna lau atalek osotzen dute: Sogeurs, Ballet 101, Björk duets eta Torque. Laurak oso desberdinak, bai koreografia, bai musika aldetik. Niri neuri gehien Ballet 101 gustatu zitzaidan. Atal honetan dantzari bakar batek balleteko oinarrizko posizioekin egiten du dantza, off-eko ahots baten aginduei jarraituta.

bjork duets

Björk duets-en Björk kantari islandiarraren musikan oinarritzen da koreografia. Ni ez naiz oso Björk zalea; beraz, hain gustukoa ez nuen izan. Dena dela, bikoteka egindako lana, lortutako espresibitatea, ikaragarria iruditu zitzaidan.

torque

Torque-ko eszenografia hutsa eta latza da. Eszenarioa inongo teloirik barik. Musika ere, zarata hasieran, zorrotza, industriala. Ez nengoen konbentzituta, baina azken zatiak aho bete hagin laga ninduen, batez ere erdian zegoen bikoteak. Zoragarria izan zen dantzan egin zutena! Ederra benetan!

Zerbait ikusi nahi baduzue, hona hemen bideoa

 

 

Gazteendako konpainia profesionala da Dantzaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duena. Diru oso ondo inbertitua, benetan. Bazen ordua horrelako gauzetan gastatzeko, benetan!

Gehituta: Post hau agertu eta ordu batzuetara Dantzan.com -en Tokiko tv-ren bideo bat agertu da, Dantzaz konpainiaren nondik norako azaltzen duena. Interesgarria da oso. Horregatik behean txertatu dut. On egin!

Leire Narbaiza 2010/05/03

Absoluzioa

Egunkariako bost kideen absoluzioa.

Aspalditik zain geunden notizia atzo etorri zitzaigun. Absoluzioa espero genuen, baina ni ez nengoen oso ziur, Audientzia Nazionaletik ez delako inoiz ezer onik etortzen. Iban Arantzabalek, adibidez, berri hori espero zuen.

Pozik nago, baina ez pozarren. Sentimentuan gazigozoa da, ezin da bestela izan. Pozik nago ez direlako kartzelara joango, errugabeak direla esan dutelako. Baina nork ordain lezake egindako kaltea? Torturak, kartzelaldian, estatuko komunikabideetako difamazioa, trufak, samina, diru galera,.....hau guztiau inputatuei. Sufrimendu pertsonal handia.

Era berean euskal komunitateari egindako kaltea ere itzela izan da: egunkari bakarra itxi, kalte morala, haserrea, jopuntuan egotea, tristezia, negarrak (askok egin genuen negar), gure identitate kulturala erasotzea (azken baten, gure izana), dirua (Egunkarian jarritakoa, galduta; Berria sortzeko jarritakoa), beldurra (hurrengoa nor ote?), xahututako indarrak......helburu argi batekin: asimilazioa.

Hori inork ez digu ez itzuliko, ez ordainduko. Dena dela, poztekoa da, epaitegi horretatik etorri zaigun bakarra. Ez dugu ahaztu behar Eginekoak kondenatuta eta kartzelan daudela. Beste makro-sumarioetakoak bezala (atzo bertan berretsi diete epaia lau gazteri).

Orain beste epaiketaren zain, epaiketa ekonomikoa. Dena luza liteke (Gorenera jotzeko aukera baitago), espero dagigun dena irten dadila hau bezala. Hori baino ezin dut eskatu.

Leire Narbaiza 2010/04/13

Errepubikaren aldeko ekitaldia

"Ahaztuak" antolatuta, Untzaga plazan Eibarren.

ahaztuak

Domeka goizean izan zen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldian. Bandera errepublikanoa ere altxatzekoa zen, baina jaso behar zuena, Durangoko Barreña larri gaixotu eta ezin izan zen etorri.

republikia


Ekitaldian dantza, bertsoak eta kantuak izan dira, baita berba batzuk ere. Diskurtsoan hainbat biktimaz hitz egin da, zelako zailtasunak dauden estatus hori lortzeko, hainbati ez dietelako onartu, aitzakia absurduekin. Beste alde batetik, helburua ez dela huts-hutsean gorpuzkinak berreskuratzea. Hori pausu bat baino ez dela, berriro gerta ez dadin, eta benetako demokrazia lor dezagun.  

urrindik

Hizlariak aipatu du demokrazia faltsu honen adierazgarri dela Garzon epaitzea, Falagek bultzatutako salaketa bat dela medio. Faltsukeria aipatu da, Garzoenen alde egin baina status quoa salatu barik, babestu.

Nire ustez, ekitaldia xumea izan da, egokia. Beharbada jende gutxitxo (argakian baino gehiago!), eta agian bandera latxatzea falta izan da, edonork egin zezakeen bertan geudenon izenean. Ekitaldiak amaitzeko behar zuen horrelako zerbait.

Leire Narbaiza 2010/04/12

Bloga abandonatuta daukat

Asti barik, erdi lagata daukat bloga.

Goizetan ez duzue jendea negarrez ikusten, galduta eta noraezean? Nire errua da, aitortu behar dut! Badakit milioika irakurle triste daudela, abandonatuta sentitzen direlako. Blog honetako testuak sarri-sarri jaso barik gosetuta eta desanparatuta daude, hain da ezinbestekoa berton argitaratzen dena!

Baina ulertu behar duzue nire bizitza konplikatua dela, edozein blogari arrakastatsuri gertatzen zaion moduan. Hainbat bizipen bizi behar ditut gero hemen zer kontatua izateko, ezta? Eta askotan erabaki behar bizi ala idatzi. Horren aurrean, beti bizi!!

Tira, Laga ditzagun koplak eta bromak, ez da-eta hainbesterainoko izan. Egia aitortzeko, Saharatik material mordoa ekarri nuen, eta pare bat post falta zaizkit. Batarekin oso-oso kateatuta nago, esperientzia gehiegi bizi eta kontatu ezinean nabil. Aterako dudalakoan nago, erdi-eginda dut eta. Bitartean, ideiak izan arren, post erdi-egin horrek ez dit uzten besterik idazten, nahiz eta zer esan eduki.

Hori dela eta, espero dut laster zuekin egotea, Saharakoa amaitu dudalako. Antzerkira joan naiz, aspaldiko lagunekin elkartu, iloba hazten ikusten nabil, frantseseko etsamina suspenditu dut, blogintzan plan berriak dauzkat........Pentsa zenbat gauza dauzkadan kontatzeko! 

Irtengo zait. Inshala!

Leire Narbaiza 2009/06/15

Sahararako bidaia

Domekan etorrita, oraindik burua kokatu barik. Mila gauza kontatzeko, eta nondik hasi jakin gabe.

Kanpamentua


Bidaietatik bueltan sarri pasatzen da hau, buruan itzelezko zurrunbiloa, mila irudi desberdin, bizipen ezezagunak, lagun berriak....Dena barruan eta ordenatu ezinda. Horrela gertatzen bada bidaia arrunt batekin, imajina ezazue nik egin dudanarekin!

Saharako basamortuan izan naiz, basamortuaren alderik gogorrenean; Hamadan, hain zuzen ere. Algerian, Tindufetik gertu, saharatarren errefuxatu kanpamentuetan. Lehenengoz Afrikan, lehenegoz hainbeste egunetan basamortuan, lehenengoz errefuxatu eremu batean. Beste erritmo batean, beste errealitate batean. Gogorra, handia, latza. Leuna, txikia eta samurra, aldi berean. Dena konplikatua. Urruna bezain hurrekoa. Gure errealitatetik hain gertu eta hain urruti, guztia batera.

Esperientzia ikaragarria. Pertsona  zoragarriak ezagutu ditut, mundu guztikoak, ia-ia. Emakume zein gizon. Bizipen gazi-gozoak, inoiz ez gezak. Lana, kongresua, ordenagailua, harresia, pertsonen kontrako minak, tortura, haserrea, mina, pazientzia,......Dena bidaia berean, dena nahasian.

Asteon atalka banatzen ahaleginduko naiz, zabaltzen han ikusitakoa. Hori baita eurek eskatu digutena: munduari informazioa ematea, blokeo mediatikoa haustea. Hori, gutxienez, egingo dugu, Maroko, Frantzia eta Espainiaren isiltasun informatiboa, ozentasun formatibo bilakatu dadin! Eureri Hamadan bakarrik ez daudela erakusteko, behintzat.

iluntzen

 

 

 

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara