Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera trenean

Kalamuatik Txargainera

trenean

Emakume eta euskararen kontrako erasorik ez!

Emakunderen azken bi kanpainek euskara gutxietsi dute.

Gaur emakumeekiko tratu txarren eguna denez aprobetxatu nahi dut Emakundek azken bi kanpainetan euskarari eman dion tratu txarra. Euskara bigarren mailakotzat tratatu, emakumean mendeetan tratatuak izan diren bezala.

Lehenengo kanpainako goiburua: "Tratu txarretatik...irten daitekeelako EXIT" eta larrialdietako irteeraren ikurra. Argazkietan "menperatu OHIA", "Umiliatu OHIA", "Erasotu OHIA" agertzen da. Euskaraz ez dauka zentzu handirik negritak. Gaztelaniaz, ordea, bai: "EX humillada".... Atzera ere, kanpaina bat gaztelaniaz eta ingelesez funtzionatzen duena, baina euskaraz ez. Euskara beti EXIT gelditzen da halakoetan, OUT

ohi ez da ex

Hau lehenengoan. Eta bigarrena egunotan agertu zaiguna: Adieraz zaitez beldur barik ¡éxpresate!

 

adieraz zaitez
kartela adieraz

Adieraz zaitez???? Zer da hori???? Adieraz ezazu izango da, horratik! Milaka kartel udalek, Berdinsareak, Emakundek, Eudelek, Eusko Jaurlaritza.... NBEren logoa baino ez zaio falta, baina euskaraz oso txarto. Gainera erraz zeukaten, adierazi huts-hutsean nahikoa zen! Buelta barik.

Gaur arratsaldean euskara zokoratzen duen hirugarren bat aurkitu dut, behekoa. Argazki txarra da kristal bateko pegatina delako (eta trena etorri bitartean ateratakoa delako). Zer, oraingoan? Puntu morearen barruan goiburu biak euskaraz eta gaztelaniaz, baina gaztelaniazkoa zurian eta euskarazkoa lilan. Horretara, euskarazkoa oso gutxi ikusten da, badirudi ez dagoela, Euskotrenen gertatzen den moduan. Izan ere, tipografiak eta letra motak garrantzia handia daukate berdintasunaren kontzeptuan. Eta zelako kasualitatea, euskarazkoa da beti leunagoa, letra argiagoarekin edo beltzean ez dagoena...

pegata adieraz

Hau da nahi dugun berdintasuna, emakumeon alde, baina euskara zokoratuz? Nik ez. Emakumea eta euskaldun naiz era berean, eta bata zein bestea izanda, biak berdin eta batera defendatu behar ditut.

Leire Narbaiza 2010/11/25

Freskuran, gustora!

Gaur eguardiko esperientzixa barrixa!

Eguraldi aldaketa radikalak ez jataz gustatzen, asko kostatzen jata adaptatzia, egoera barrixan eroso egotia. Kanbixo suabiak dittut gustoko, poliki-poliki erropa kapak eranztia: kaltzetiñetatik galtzerdixetara, eta hórretatik pinkixetara pasatzia, panazko fraketatik bakeruetara eta gero liñozkuetara; manga motzetik luzera; kotoizko jertsietatik “kuello zamoretara”, sandalixak, zapata itxixak, eurittakua eta botetara, ordena honetan.

Hori, baiña, gitxittan izaten da holan. Gure herri honetan goizetik gabera aldatzen da eguraldixa. Pasa dan astian, 30 gradotan; astion, 9tan! Negutik udara; udatik negura hamar egunian, edozein zoratzeko moduan!

Banekixan beruakin ez nintzala bape ondo ibiltzen, eta biharrerako beti nahi izan dodala freskuria. Negu hau, ostera, hain gogorra izanda, gustora hartu nittuan aurreko asteko lehen egunak: egun naturala, freskuria goizian, eguerdixan epel. Ideala. Hori bai, eguaztenekua ezin izan neban aguantau. Ha berua! Udako be larregikua!

Gaur eguardikuak, baiña, zer pentsatua emon desta. Atzera be neguko txamarra lodira bueltauta, panazko fraketara, jertse potolora. Maietzian ala eneruan gagoz? Galdetu izan detsa batek baiño gehixagok bere buruari. Guantiak janzteko gogua, txapela, bufandia….Holan, estaziñora jaun naiz, normalian baiño lehenatxuago. Andenian bankuan jarri, liburua etara eta irakortzen hasi naiz. Ondo abrigauta nenguan. Halako baten, haixe freskua etorri jata arpegira. Ummm! Ze edarra! Gustora nenguan, hotzaz disfrutatzen, halakorik!

Sekula ez jata holakorik pasau. Haluzinau egin dot, zeiñek esango lestake neri hotzakin gozauko nebala. Sensaziñua ikaragarri ona izan da, itzela. Neguan parkian eguzki epeletan egoten garanan modokua. Mundiala!

Dana dala, esan bihar dot trena segiduan etorri dala. Bestela, post hau ez neban iñoiz idatziko, izoztu egingo nintzalako. Eskerrak!

Leire Narbaiza 2010/05/04

Gizatasun gutxi

Gaur gozean trenean gertatutakoa kontatuko dut. Penagarria, benetan.

Bariku gauean, jausi eta ezkerreko belaunean bihurritu bat egin nuen, zaintiratua, esginzea, alegia. Era batere glamurosoan, dena esn beharra dago. Hori dela eta, herren nabil galtza moduko bat jarrita daukadalako; eta gainera, makulu bat ere badaramat.

Lanean jarraitzen dut, eta trenez joaten naiz, betiko moduan. Baina gaur gertatu zaidana tontakeria dirudien arren, kezkatuta laga nau. Nahiko kezkatuta.

Goizeko 8,13ko trena hartu dut eta gaur tren erosoa etorri da. Aleluia, Osana!! Tren horrek bagoi gutxiago dauzka, eta ia toki guztiak okupatuta joaten dira horrelako orduetan.

Erosoak bakarreko jarlekuak dauzka (ilara bat), baita binakakoak ere. Bai bauztk, bai besteak mugi litezke atzera eta aurrera launaka jartzeko edo alde batera edo bestera begiratzeko.

Bagoia sartu naizenean kojoka eta muletarekin bakarkako batean jartzeko asmoa neukan. Baina jesarrita zegoen gizon heldu batek poltsa eta txamarra jarri ditu, ni ez esertzeko. Ederto! Gora edukazioa! Beraz, lauko baten jarri naiz: aurrera begura, makulua ondoan, eta poltsak aurrez aurrekoan. Aberiatutako hanka altxatuta, pareko besoak jartzko leku horretan.

Zaldibarrera iritsi garenean, emakume heldu bi sartu, bat parean jarri eta tonotxo baten esan dit: ¿Te importa?. Sí esatekotan egon naiz, baina muleta begi bistan egon da eta egin dudan keinua eginda hanka jaisteko (ezin belauna tolestu) horrela esan diot: "No es tan fácil, tengo un esguince". Zer egin du? Zirkinik ere ez? Esan banio, bale, berdin-berdin.

Gauza da trenean jarleku gehigo zeudela libre: nire ondoan, atzean hiru bat. Baina ez zegoen lekurik biak elkarrekin joateko. Horretaz konturatu naizenean, burura begiratu diot eta begizkoa bota: Hankia apurtuko ahal don!

Gogorra? Bai, baina merezita. Niretzat oso gogorra izan da jesarleku biren artean horrela egotea, mugitu ezinda. Berari gertatuko balitzaio, ez luke horrela jokatuko, seguru nago.

Ez dakigu besteon lekuan jartzen, gizalegea ez da existitzen eta edukazioa...zer da hori? Konturatuko zineten behin eta berriro "heldu" adjetiboa erabili dudala. Izan ere, sarri esaten da gazteak direla horrelako gauzak errespetatzen ez dituztenak, edukaziorik gabekoak. Baina trenean joanda ikasi dut helduak direla sarri askotan txarrenak. Ez dute bagoitik irteten uzten, beraiek sartu nahian. Honen gainean ere esan daiteke hainbat gauza...

Hortaz, kojita bat ikusten baduzue, edo igeltsudun bat, edo muletadun bat ez zaitezte bordeak izan, eta konpreditu itzazue, gaitzazue. Hurrengoan, zuek izan zaitezkete-eta. Mila esker!

 

 

 

 

 

 



Leire Narbaiza 2009/09/15

Nire treneko laguntxoa

Garraio publikoak hori dauka, publikoa dela eta jendez beteta dagoela.

Kabaretera ordutegia daukadanez, lanetik berandu irten, eta Eibarrerako azken trena hartzen dut, 21.42an. Beti tren erosoa etortzen da ordu horretan, zoragarria izaten da beharretik nekatuta gatozenondako. Gainera, gehienetan berogailua puntu egokian egoten da. Egia esateko, niretzat eguneko momenturik onenetako bat. Bakarkako jarlekua hartu, parekoan nire traste guztiak laga, liburua atera eta irakurri egiten dut. Plazera!!! Umm!!!

Aitortu behar dut garraio publikoan bakarrik eta isilik (arraroa) joatea gustatzen zaidala. Tira, nire ondoan dagoena laguna, lankidea, ikaslea edo oso ezaguna bada, gustura joaten naiz kontu kontari, baina ezin dut jasan ezezagunekin edo oso gutxi ezagutzen ditudan pertsonekin berbetan jardun beharra. Horretarako nire liburu/egunkari/irakurgaiaren konpainia nahiago dut. Ez dago gauza agobianteagorik mintzatu nahi ez duzunarekin derrigor hitz egitea baino. Horregatik erabiltzen dut beti parapeto irakurgarriren bat.

Orain hiru bat aste, baina, ziklogenesi esplosiboari "esker" (Iparraldekoentzat, Klaus ekaitza) Mallabian trenbidea jausita egon zen. Hori dela eta, aste luze batean trena eta autobusa hartu behar izan genituen gure bidea egin ahal izateko. Horrelakoetan lagunak egiten dira, askotan Euskotrenek inongo informaziorik ematen ez duelako, eta bidaiariok gure artean argitu behar izaten ditugulako zalantzak (alde horretatik, Euskotrenek asko dauka ikasteko, benetan). Horrelako zati batean, Durangon trena hartzen duen neska bat hurreratu zitzaidan, azken berriak komentatzeko. Lehen ere ikusita neukan, eta biok geltoki berean egoten ginen. Baina trenarenagatik berbetan hasita geunden. Behin, gainera, bere ondoan ere jarri izan behar nuen.

Handik aurrera igerri nuen geralekuen agurtu eta hurreratze saioak egiten zituela, estrategia argiak zituen nire ondoan jarri eta berriketan hasteko: "¡Qué frío!, ¿no?" eta horrelakoak. Nik, halere, "SÍ" esan eta trena ailegatutakoan beste ate batetik sartzen nintzen, eta bakarkako aulkietan jesarri. Beti bera saihesten. Behin telefono dei bat ere hartu nuen aitzakitzat berarekin ez esertzeko, famatuak aireportuetan bezala, kazetarien galderei ez erantzuteko.

Seguru neska jatorra dela, baina Durangotik Ermura (bera bertan jaisten da) zer deomontre esango diot? Gogorik ere ez dut izaten ezer esateko, ezta pentsatzeko ere. Oso desatsegina eta deserosoa egiten zait, nahiko daukat musika denondako jartzen dutenekin. Zergatik ez naute errespetatzen? Zergatik ez dute nire espazioa gordetzen?

Irtenbidea aurkitu diot: euskaltegia estaziotik zein geralekutik antzeko distantzara dago; hortaz, lehenxeago irten eta geltokira joaten naiz, eta bakarkako jarlekuan jesarri, liburua atera eta irakurtzen hasi......umm, plazera!

Leire Narbaiza 2009/03/09

AHT gelditzeko, Gelditour

Herrik herri dabil Gelditour ekimena, maiatzaren 4tik 31ra

 Oraingoan ere, berandu nabil, baina hobe berandu inoiz ez baino. Aht gelditu elkarlanak abian jarri duen proiektua da Gelditour. Blog bizia dute, eta informazioz gainezka dator. Zerbait egin behar da jaurlaritzaren desinformazio eta informazio ezaren aurrean, ezta?

Fermin  Muguruzak egin die kantua,  martxosoa eta alaia, behar den modukoa. Hemen jarri dizuet entzun dezazuen.

Azken aldi honetan, milaka "informazio" ematen dizkigute medioek, baina propaganda hutsa baino ez dira. Desinformazioa da nagusi abiadura handiko trenaren gainean. Denok nahi omen dugu lan hau. Hala ere, trena pasatu behar den tokietan jendea kontra dago.

Badakigu tren honek gure behar izanak ez dituela asetuko, behar duguna daukagu trena hobetzea da. Ez itzelezko gastua eginda, gure baztez eta txoko guztiak txikitu. Gero zer, egin ostean damutzeko? Alde guztietatik da jasangaitza: ekologikotik lanen momentuan, ekonomikotik egin bitartean eta martxan jartzen denean. Ingurumen-inpaktua ikaragarria izango da, eta energia kontsumoa jasangaitza. Zer dago honen atzean?
 

 

Zergatik ibiltzen zaizkigu horrela beti agintariak? Hain premiazkoa eta beharrezkoa bada, zergatik ez digute argi eta garbi esaten? Beldur dira? Egin eta gero damutu, Orion

gertatu den bezala? Argi hitz egin diezagutela, mesedez, ganorazko informazioarekin, hiritarron parte-hartzearekin. Gure iritziak entzun ditzatela, gurekin konta dezatela.

Bitartean, kalean, blogean aldarrikatzea beste erremediorik ez dugu, beste tarterik ez digute lagatzen. Burubakokeria dela ikusten dugu, gure etorkizuna hipotekatuko duena. Baina ez dugu etsiko, ezta pentsatu ere. Segi beharrean, jarraitu ozen esaten! Maiatzaren 31n Donostian, Boulebardean

mani-aht

 mila esker, Eneko!

Leire Narbaiza 2008/05/26

Euskotren, euskotren...

gaur lehenatxoago irteteko aukera izena dut, eta Durango-Eibar azkenengo trena hartu beharrean aurrekoan joan naiz tren gorrian.

Tren gorria erdi zuzena dena bost geltokitan baino ez du jenderik hartzen eta lagatzen, Bilbotik Donostiara, eta alderantziz egiten du, eta Durango, Eibar eta Zarautz dira bere erdikoak.

Tren urdin normalak Eibarren eta hamahiruan irteten du, eta Durangora hamasei gutxitan iritsi. Hortaz, ordu erdi inguru. Gorriak, pullmanak, azkarrak hogeita bost minutuan egiten du. To, errekorra!
Zergatik hainbeste denbora, nire bidaian teorian beste geldialdirik egiten ez badu? Gakoa "teoria" beraban dago: bai gelditu egiten da, derrigor gelditu behar, trenbide bakarra dago, eta beste tren batzuekin gurutzatu behar da.

Hainbeste Abiadura Handiko Tren, eta gu XIX. mendeko trenetan gabiltza. Jakiña guretako, baiña, ez merezi  inbertsiorik egitea, pobreen trena delako: etorkin, erretiratu, ikasle, transeunte eta emakumeen trena delako. Diru gutxien daukan jendearena. Horregatik ez dituzte haintzat hartzen gure erreklamazioak (bai, deitzen dute, bai, bai, esan eta kitto). Erabiltzaileon iritzia ez die ardura, inoiz ez dut ikusi inkestarik erabiltzaileon artean, ezta galdeketarik ez. Gehiago esango nuke: matxura bat dagoenean ez dute inongo azalpenik ematen. Geltoki batean hamabost minutuan zain ezer jaikin barik. Behin Berrizen berrogei minutuan egon ginen, baina iñork ez zigun esan beste trena etorri arte bertan egon behar genuenik. Ai, pobreen miseriak ez dio inori inporta!

Esan dut kexatu naizela, nintzela. Bai, komunik ez dagoelako, tren zaharrak direlako, oso deserosoak direlako...Hankak ez zaizkit ondo ailegatzen lurrera. Hortaz, Basaurira joaten nintzenean, txindurritu egiten zitzaizkidan, Eibartik ordu bete da!

Makinak ere sarri egoten dira apurtuta. Eibarko estazioan makina bat bi hilabete inguru egon da izorratuta. Jakina, ekonomia egin behar dute AHT ordaintzeko. Eta ez dakizue azken aldian nola igartzen den.

Makinen kontua aipatuta, ez dut alde batera laga gura euskararena. Erdara beti letra beltzean dago, euskara normalean eta makurtuta. Beraz, gutxiago nabarmentzen da. Pasa den astean tiketak ateratzeko makina berri bi jarri dituzte Eibarko geltokian eta bietan mugitzen diren letretan, hau dio: DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO................ horrela infinituraino!

Gauza on bat, hala ere, egiten dihardue: Durangon trena lurperatzea. Herriak behar zuen, baina Euskotrenek ere hor dirua  egingo du,  ez dakit zelako  dorreak-eta egin behar dituztelako geltokiaren orubean. Seguru tartean dirua dabilela.

Tranbia Elgobarrera ere iritsiko dela iragarri dut. Ermurakoa zabaldu zenean entzun nuen hori, eta izango dira hamabost urte martxan dagoela. Ikusi arte ez dut sinistuko!

Gure trenbide honek bide bikoitza behar du; hau da, burdibide bat Donostiarantz joateko, eta bestea Bilborantzakoa. Dirua dala? Jakina, A-8ko hirugarren bidea askoz ere diru gehiago da, eta egiten dabiltza. Guggenheim ere oso karua izan zen, eta hor gastatu dugu geneukana eta ez geneukana. AHTren diru kostoa eta  ekologikoa jasan ezina da, baina egingo dute. Bigarren  burdinbidea ia eginda dago, Zumaia eta Matiena artekoa baino ez da falat. Orduan, zeri begira daude? Ai, aurreztu egin behar da pobreen garraiotik aberatsena ordaintzeko. Zelako Robin Hood-ak dauzkagun, pertsonalitate transtornoak dauzkatenak, alajaina!

 

Leire Narbaiza 2008/05/14

Trena eta liburuak

Atzo biharretik lehentxuago urten ahal izan neban, eta horrek aukeria emon zestan "zuzenian" Bilbo-Durango- Eibar-Zarautz-Donostia egiten daben trena hartzeko

Geltokixak beti dira leku literarixuak, gauza asko gertzen dalako bertan, agur eta ondoetorrixen testigu diralako...baiña Durangoko estaziñua, Eibarkuan moduan, ez da hórretakua. Illunpian dago, jarleku gitxi eta ittokindunak dakaz, eta gabeko bedratziretan oso jende gitxi dabil

Betiko moduan, bankuan jarri eta liburua etara neban. Oinguan liburukote mardul nobelita edo nobeloi hórretako bat zan. Abixu bat emon zeskuen megafonixatik. Liburutik burua altzau eta begiradiak beste liburudun batekin egin zeban tope: Harkaitz Canokin. seguru ez, bera zanik eta atzera be begiratu netsan. Bera zan bai, duda barik. Jende gitxi horren artian bakarrak giñan liburu eta antiojuekin. Eta ni "Los crímenes del número primo" irakortzen! Bere liburuak titulo haundixa zekan. Seguru nago zeozer sofistikauagua eta cool-agua zala! Holan, Leire, antioju pastaduanak eta bloga euki arren sekula ez haiz inteltualen elitian sartuko!

Uste dot bera be konturatu zala ezagutu nebala. Gogorra izan bihar da, gero, norberan anonimatua ez gordetzia! Euskaldunen artian, ze samia jokatuko neuke zain geguazenon artian ni nintzala ezagutzen zeban bakarra, arpegiz zein liburuz!

Trenera sartutakuan burutaziño hau izan neban: "Los crímenes del número primo" irakortzen ibili biharrian, "Belarraren ahoa" leitzen jardun ezkero?. Trenian hasi eta amaittu neban, oin 3 bat aste. Ze arpegi jarriko zeban? Ze sensaziño egin bihar dau norberan liburua irakortzen dabizela ikustiak? Hurreratu egingo jatan eta eritxixa eskatu? ez ikusixana egingo zeban? Ze jarrera eukiko zeban?

Tren "zuzenian" iñoiz baiño gehixago tardau neban Eibarrera aillegatzen: 40 miñutu! To, abiadura handia!

Leire Narbaiza 2008/03/12

Berogailua

Duela urte batzuk hotzak akabatzen ibiltzen ginen ia toki guztietan. Tabernak ziren salbatzen gintuzten aterpe ia bakarrak. Luzaroan nonbait egon behar izanez gero, ondo hornituta joatea derrigorrezkoa zen: galtzerdi potoloak, jertse ederrak,....Tapa-tapa eginda ibiltzea beste erremediorik ez genuen.

Tipula formatoa zen niri gustatzen zitzaidana: kamiseta, alkandora, jertsea (bat edo bi), txamarra eta bufanda. Berotu ahala, poliki-poliki kentzen hastekoa. Ez zen erraza klaseak aguantatzea ia berogailurik gabe. Horregatik gure geruza guztiak.

Orain, ostera, beste muturrera pasatu gara. Kalean 5 gradu, baina barruan 23. Trenean, liburutegian, eskolan, euskaltegian....beroak akabatzen (horrelako esamolderik ez dago,barren, euskaraz!). Jendeak maga hutsean egon  nahi du lanean, jertserik barik, eta horretarako jo ta fuego igo berogailua. Ez da normala kalefazioa topera izan eta leihoa zabalik edukitzea beroaren beroaz. Hori bai, egunen batean berogailua hondatu, edo arazoren bat izanez gero, hortzak kriskitinak jotzen ibiliko gara

Zorri hil piztuak gara, aberats berriak. Mutur batetik bestera joan gara, Tropikoan biziko bagina bezala, artilezko galtzerdiak eta alpakazko jertseak alde batera lagata. Makina bat jertse eder eta polit daukat nik armairuan, jantzi ezinda, abandonatuta, toki guztietan ito egiten naizelako; batez ere leku publikoetan...inoren diruarekin erraza da infernuan baino beroago egotea.

Ez berbarik egin aldaketa klimatikoaz, ezta berotze globalaz ere. Are gutxiago energia aurrezteaz. Oilasko lantegi batean bizi direla dirudi. Oiloek erruteko behar duten tenperatura behar dute-eta, lanean jarduteko. koittaduak, gizajuak ilea galdu zuten eta Kantauri alde hau hotzegia da eurentzat!

Txitak hazteko eredua baino nahiago Evo Moralesena, bai horixe!

 

Leire Narbaiza 2008/01/22

Durango

Pasa dan ikasturtian Durango deskubridu neban. Benetan deskubridu. Batek baiño gehixago pentsauko dau ia zelan izan leiken hori, Durango herri ezaguna eta hurrian egonda. Gaiñera, gure aitxa bertan jaixo zanez gertuago sentitzen neban. Baiña Eustakio bertatik gerriak bota zeban, eta sekula ez jakon gustau Durangon jaixo zala esatia.

Bertan, jakiña, hamaikatxo bidar egonda neguan. Gaztetxotan pisziñetara juaten giñan, orduan sasoian Eibarren ez zegualako. Gustora juan be! Haundixa zan arratsalde-pasa ibiltzia. Trenian edo autobusian abixau, pisziñetan baiñau, pasta bat erosi Goienkaleko pastelerixa baten, eta Carretora juan mosto bat edatera. Nagusixaguak giñala pentsau, eta Eibarrera itzuli.

Urte batzuk pasau eta gero, liburu azokara, jaixetara, kontzertu eta antzerkixetara be juan izan naiz. Goienkaleko “xarma” ezagutu dot. Gero lagun batzuk be izan dittut bertakuak, eta iñoiz egin dogu parrandatxoren bat Durengon. Hortaz, esan neike ondotxo ezagutzen nebala herrixa, eta azokia eta papeleria baiño gehixago ikusten nebala. Halan da be, ez netsan gustua topatzen. Oiñ, ostera, ikaragarri gustatzen jata.

Iaz, baiña, beste Durango bat deskubridu dot. Edo hobeto esanda, benetan ezagutu dot herrixa. Edarra da, benetan. Ez neban pentsatzen hain txoko polittak zekazela, bai paisajiak, bai eraikiñak. Gauza pilla bat egin leikez, aukera mordua dagozelako. Eibarren baiño gehixago, esango neuke.

Hori bai, herri tradizionala da: kanpaiak mezetara deitzen, hil-kanpaiak joten, hamaika eliza, komentu eta eskola relijiosokin. Hori eibartar batendako harrigarrixa da. Beste alde batetik, Durangon “gaztetxeruak” zein “pijo-pijuak” ikusi leikez. Txurrodunak, zein behi-miazkada orrazkeria dakenak. Danak herri berian, eta kantidadian. Iruña etortzen jata batzuetan burura. Hori, ba: Durango, buena jaula para malos pájaros

Panegiriko hau ez da herri aktibua topau dodalako, edo oso gustora sentitzen naizelako. Ez, ez neuke bestela post bat idatziko. 2006 urte horribilis ha ahazten lagundu desta. Nere biharran gustua berreskuratu dot bertan lanian. Indarra emon desta, gauza barrixak deskubridu dittut. Durangok ilusiñua itzuli desta. Badakitt bardiña gertau ahal jatana Abaltzisketan, baiña ez da holan izan. Oso eskertuta nago danagaittik. Aspaldi ez neguan hain pozik nere biharrakin, ezta biharreko herrixakin be. Bizkaiko geografixia politto ezagutu dot lana dala-eta; hortaz, badakitt zertaz dihardudan, badakitt neregan zelako eragiña dakan inguruak, lekuak. Trenez ibiltziak be badaka beria; automobilla ahaztu, eta disfrutau. Ondo nago gustora. Neu be ete naiz “mala pájara” eta Durango kaixola ona neretako?

Leire Narbaiza 2007/10/15

Kurtso amaiera

Kurtso amaierak beti berdinak dira; badirudi mundua amaituko dela, eta horregatik dena oso ondo lotuta eta itxita laga behar dela. Opor usaina edonon, ikasleak eta gu nekatuta. Oso sentsazio berezia. Zer edo zer amaitzen zaigula, hurrengo ikasturtea ez dela berdina izango. Ez dakit beste behar batzuetan antzeko ezer pasatuko den; gurean bai, behintzat. Batez ere, nire moduko jendearendako. Kontratua amaitu, eta sekula ez dakigu kurtso osoan izan ditugun ikasleak eta lankideak ostera ere kusiko ditugun, egin ditugun lagunak mantenduko ditugun, lan horretan jarraituko dugun....

Kurtso amaierak badauka bere puntu nostalgikoa. Esan beharra daukat, estresak, zorionez edo zoritxarrez, nostalgiari ez diola bide larregi ematen. Edo nostalgia automobilean zein trenean etxera noala agertzen zaidala, urte guztiko kontuak burura ekarriz. Ez naiz berriro ere kezkatuko ikasle horren ezintasunaz, berriro ez dut izango buruan beste hark eskatutako liburu zerrenda, ez dut atzera ere azterketen emaitzen gainean jardungo; ez behintzat kurtso honetan eta egoera honetan.

Laster pasatuko zaigu, nekatuegi gaudelako eta oporrak nostalgiarik barik bizi ditugulako. Baina kurtsoa amaitzen dudan bakoitzean, galera sentsazioa nagusitzen zait barruan, berriro gertatuko ez den zerbaiten aurrean nagoela, eta zalantza nagusitzen da. Etorkizunean zabaltzen den amildegia da, Udazkenaren ziurgabetasuna, neguaren duda.

Leire Narbaiza 2007/06/20

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara