Kalamuatik Txargainera
ostutakoak
Zu ez txinoa, zu beltza!
Film labur berezia
Kulturen arteko komunikazioak eta estereotipoak ditu hizpide film labur honek. Hori guztiori umore pixka batekin. Beltza txinatarrean lanean.
Disfruta ezazue, merezi du-eta!
Gabonetako postal blogarixa
Ez nekan asmorik Gabonak zoriontzeko, baña postal hau ikusitta, beste erremedixorik ez dakat!
Ostu egin detsat Patxi Trapero genialari berak egindako postala; izan be, agertu egitten gara, eta guria be bada nerri baten. Patxik post baten etara zeban, eta hurrenguan azaldu. Badakitt ez naizela oso originala eta nete aurretik Ibanek eta Ogrosabelek be argitaratu dabela, baiña hainbeste barre egin nittuan eta hain ona begittandu jatan, ezin izan dot aguantau!
Hona hemen erretratua. Ez da ona?
Ba, hori, ondo pasau, eta weborri on!

Olariaga geniala
Olariagaren Zakilixut geniala da.
Gaurko tira:
Geniala! Tira berean Zaldieroaren Azken Antxoa eta Zakilixut.
Egia esan, Zaklixut guztiak ez ditut ulertzen, askotan errazak ere ez zaizkit egiten. Baina ulertze ditudanean barrez lehertzen naiz. Olariaga geniala iruditzen zait, gure errealitateari oso lotua. Txisteak oso geureak.
Eta Zaldieroa? Bua, itzela! Bere pertsoianak, mundialak: Gizon Jakintsua, Taliban Jatorra, Mieltxo plastilina irakaslea, Azken Antxoa, Euskal Pilota, The Organization....Bere fan sutsua naiz!
Gaur batera ikusita Berriako joia biak, ikaragarri gustatu zait, ederra benetan!
Kontrapublizitatea
Azken aldi honetan bloga nahiko lagata daukat; lana dela, alferkeria dela,.....
Beti, baina, badago moduren bat hemen zer edo zer interesgarria jartzeko. Gaurkoan Anibal de la Torreren blogetik ostu dut. Berak, era berean, Greenpeacenetik hartuta.
Behean jarri dudan bideoa Greenpeacek egindako kotrapublizitate kanpainia bat da; Endesaren aurka, hain zuzen ere. Eurek, Endesaz gain, Iberdrola eta beste energia enpresa batzuk sartu dituzte. Nik, nire aldetik, Petronor ere gehituko nuke, Euskal herrian gehien kutsatzen duen enpresa delako, eta Athletic erabilita, zuritze kanpainia zoragarria egin duelako. Honetaz gain, koke planta berri bat ere sortuko duelako. Ez dakit koke (ikatza) ala koke (petrolioa); dena dela, biak zikinak eta hiltzaileak!
Greenpeacerekin ere ez nago beti ados (gogoratzen zarete zelan jokatu zuen Itoizko solidarioek kableak moztu zituztenean?). Askotan efektismoan murgilduta, hortxe geratzen dira. Hala ere, txosten eta salaketa asko ondo eginda daudela ezin ukatu.
Hortaz, hona hemen bideoa. Ondo dago, ezta? Endesarenaren ildotik, buelra erdi egin, eta eurak salatzen ditu. Adi-adi ikusi:
Oporretarako hausnarketa
Bideo biribila!
Hausnarrazten duen horietakoa. Niri bidali egin zidaten, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Pentsatzeko ematen du, ezta? Orain oporrak buruan baino ez daukagun honetan!
Hamabost egun abuztuan, edo hiru aste irailean, berdin dio, baina merezita
Gustatu zaizue?
Huelga, kuleroak, Hiztegi Batua eta talibanak
Ikasleei brometan inoiz esan izan diet euskara irakasleok postua hartu aurretik zin egin behar dugula gure Biblian; Hiztegi Batuan, hain zuzen ere. Liburutxoa eskuen artean hartuta plantak egiten dizkiet; eta batzuek, pentsatzen dut, puntu batera arte sinistu egiten dutela.
Euskaldun alfabetatu eta sasiletratua naizen aldetik, Euskaltzaindiak dioena errespetatuegiten dut; are gehiago, men ere egiten diot, batzuetan konforme ez egon arren. Baina ni maistra ezjakin hau, zein naiz ezer esateko? Ez dakit suedieraz nola esaten dioten tranbiari, edo txekieraz zelan deitzen dioten odol-transfusioari. Horregatik, nire komentarioak lagun artekoak baino ezin dira izan!.
Hori bai, beti euskara batuari dagokionez; Hiztegi Batua, ez dezagun ahaztu, euskara estandarrerako dela. Euskara estandar jasorako irizpideak ematen ditu, askotan ahazten zaigun xehetasun txikia.
Eibar.org posta zerrendan, huelga/greba berben gaineko eztabaida izan dugu, Iban Arantzabalek proposatutakoa. Gero bere blogean gurea eta itzul zerrendakoa ere jasota post bat idatzi du. eta ni aho bete hortz geratu naiz bertan jaso dituen erantzunekin.
Era
labur baten esateagatik huelga berba euskainoltzat zeukaten, eta
greba HBn agertzen zenez, guztiz euskalduntzat. Kuriosoa da hain
herri txikian bizi izanda zein pertzepzio desberdin izan dezakegun!
Greba
hitza azken hogeita hamar urteotan ondo errotu dela diote. Konforme.
Baina Huelga barbarismo espainol zikina omen da. Ez dira eibartarrak,
argi dago. Toribio
Etxebarriak
1963an argitaratu zuen lexikoia, erbestean idatzi zuena. Berak jasota
badauka. esan nahi du Eibarren berba normala zela gerra aurretik.
Beraz, -matematika klaseetan ondo ikasi banuen behintzat- hirurogeita
hamar urte baino gehiago. Orduan? Zergatik eragiten die alergia?
Hiztegi Batua erreminta bat baino ez da. Amaitu barik dagoen erreminta, gainera. Hainbat berba ez dira agertzen: kulero eta galtzontzilo, adibidez. Azken hitz hauek normal-normalak dira edozein testuingurutan. Beste hiztegi batzuetan agertu egiten dira, baina HBn, ez. Horrek zer esan nahi du, berbok ez direla euskara? euskaldunok ez ditugula barruko arropa horiek erabiltzen? Nik ez dakit zergatik ez diren agertzen. Gainera, kontuan izanda tanga hitza jaso dutela…Zein mezu subliminal eman nahi digu Euskaltzaindiak? Sexitasuna sustatu nahi du? Euskaldunon fama sexual negargarriarekin amaitu gura ote du? Modernoak garela munduari jakinarazi? Resurrección Maríak zer esango luke burua altxatuko balu? Ein?
Neu ere talibanen multzo horretan nengoela uste nuen. Ez zait gustatzen taliban eleak dauzkan konnotazio batzuk, horregatik neure buruari Rotenmeier andereño deitzen diot. Baina ez nuen uste taliban hain erradikalik zegoenik. Ez nekien beste erlijio berri bat sortuta zegoenik. Erdi Aroan “Liburudunak” edo “Liburuarenak” (ez dakit zein aukeratu) esaten zitzaien hiru erlijio monoteista handiei: judaismoari, kristautasunari eta islamismoari. Orain laugarrena gehitu behar dugu. Ez dakit monoteista den, baina bai liburuduna/liburuarena: Hiztegibatuismoa. Eta jarraitzaileak fanatiko hutsa dira. Ez ahal dute erlijio gerra bat sortuko! Bestela, herejeok sutan amaitzeko arriskua dugu! Ai, ama!



