Kalamuatik Txargainera
musika
Amantalen ahotsa
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna
Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.
Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.
Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.
Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.
Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea.
Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!
Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!
Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!
Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.
Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…
Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!
Campanades a Morts
Martxoaren 3a da gaur
Duela bost urte Lluís Llachek Gasteizen eman zuen kontzertua, gaurko egunez, 1976an gertatutakoa gogorarazteko: bost behargin erailda eta zauritutako pila bat. Joateko aukera paregabea izan nuen lagun bati esker (eskerrik asko Sonia, wapa!), eta benetan oso kontzertu hunkigarria bizi izan genuen. Egun horretan bertan, poliziak manifestazioaren aurka kargatu, eta jendea atxilotu zuen.
Martxoaren 3an, lan arazoengatik protestan ari ziren eta eliza batean protestan jende andana itxi zen. Poliziak hori bazekien ere, eliza barruan sartu eta kargatu egin zuen. Sarraskia saihestezina zen.
Llachek orain 35 urte idatzi zuen "Campanades a Morts" kantua, albistearen berri izan zuenean, hain zuzen ere. Orain bost urte eskatzen zuena, atzera ere eskatzen gabiltza: justizia, oraindik horrelakorik ez zaie egin eta. Ez omen dira biktima, asasinatu bazituzten ere.
Facebooketik izan dut bideo honen berri. Mila esker, Ricardo
Beste artista bat
eibartarra ere bai. Baita Arrotajauregi ere.
Familia bereko beste artista bat. Hau ere oso originala. Musikaria, hau ere. Maite Arroitajauregi dugu. Berezi-berezia.
Poliki-poliki ibilbidea egiten dabil. Proposamen ausarta eta berritzailea. Luzea izan dadila bere jarduna!!
Agur, Mercedes Sosa
Mercedes Sosa domekan hil zan.
Argentinako kantarixa domekan juan zan. "Gracias a la vida" zoragarrixangaittik ezaguna, Violeta Parra-n kantuak kantau zittuan, eta sekula ez dogu ahaztuko bere abestixekin hasi giñanok.
Pena eta tristuria baiño ezin dogu sentidu. Halan da be, beti geratuko jakuz grabaziñuak bere abots indartsu eta ederraz gozatzeko.
Horregaittik, beheian dakazue salekziño bat; hori dalako egin leikixon homenajerik onena.
Disfrutaizue!
Mikel Laboa eta ni
Gaur hil jaku Mikel Laboa, horregaittik post hau.
Ikasle batek izenburu hau jarri izan balesta idazlan baten, zuzendu eta "Mikel Laboa eta biok" jarriko netsake. Ni, baiña, ez naiz atrebidu "eta bixok" jartzera, Laboak nerekin hartu-emonik ez zekalako. Halan da be, umetatik izan dau protagonismua nere bizitzan, ez bakarrik momentu askotan soiñu bandia izan dodalako, anekdotan bat be badakadalako berakin.
Sasoi baten 6 diskua buleta-bueltaka euki neban, zinttia gastau arte. Urten barri zeguan, eta guretako magikua zan. Orduan sasoian, oin hogei bat urte-edo, Ermuan jotekua zan, bertako gazte asanbladiak -edo ekarritta. Baiña arazon bat egon zan, eta udalak baimenik ez zeban emon. Ez dakitt ondo zelan izan zan, gauzia da kontratauta bazegaula, baiña ez zekan nun jo. Hori dala eta, unibersidadian jo zeban eta aretua gaiñezka zeguan: jentia pasilluetan jarritta, zutiñik, kantuan....itzela. Gaiñera, ixa danak gaztiak eta itxuria nahiko punki-makarrosua.....Edarra izan zan!!
Nere nekdota personala, baiña, lehenagokua da. Lau urte nittuanian anaia jaixo jatan. Horrekin batera eskolan hasi nintzan. Oso gaizki jaten neban, mizkiñ hutsa nintzan. Gaiñera, nere ikaskide guztiak letrak ikasten zebizen bittartian nik o baiño ez neban ikasi, a-ri buztana behian, goixan,...jartzen netsan, baiña ez eskuman beheko aldian. Ikaragarri kostau jatan. Hori ikusitta, nere irakasliak (???), monjia bera, gurasueri esan zetsen ez nintzala normala, ez nintzala osua. Imajinau zaittie! Gure aitxak lagun bat pedriatia eukan Donostian. Hareri deittu eta Mikel Laboanian eskatu zeban txandia (ume psikiatra zan). Bittartian, lagun horrek ikusi ninduan eta normala nintzala konfirmau zetsen gurasueri, zeluak baiño ez nittuala, itzelak, baiña zeluak besterik ez. Jakiña, ordura arte etxeko printzesia nintzan! Hori dala ta, Mikel Laboakin euki neban zita galdu hori beti izan izan da etxian adarra joteko aukeria.
Gure aitxak, medikuak eta kuadrilla batek urtian behin bazkarixak egitten zittuen Donostian. Iñoiz Laboa juanda zeguan kafietara, eta holakuetan aitxarik nere preguntia egitten ei zetsan. Ei. Aitxan ipoin bat izan zeikian, baiña beti kontatzen zestan. Pentsau, nik lotsia eta poztasuna neurri berian sentitzen neban.
Deportibuak 75 urte bete zittuanian Euskal jaira ekarri genduan. Orduan ezaguitzeko aukeria zian neban. Gizon jatorra, traturako gozua, irribarretsu denpora guztian. Pote batzuk hartzen be ibili giñan, eta anekdota barregarri bat kontau zeskun. Gertukua eta apala izan zan gurekin. Lora sorta bat emon gentsan, eta ez zeban hartu nahi izan, berari koruak egitten zittuan neskiari emoteko esan zeskun, erdi-lotsatuta.
Hauskor itxuria zekan, biharbada abotsak be laguntzen zeban horretan. Bere abots hain partikularra...Gero kantu tradizonalak, poeta haundixak eta musiko itzelak batu dittu bere lanetan. Artista ikaragarri baten biharra. Haundixa bezin apala, beti urdiñ illunez jantzitta (behin plaian Getarixan ikusi neban, eta baiñuko jantzixa be urdiñ illuna eukan!), azken urtiotan aitxitxa irudixa be hartuta netsan bere txapel berezi harekin.
Gu umezurtz geratu gara, gure kulturako haundixenatako batek laga gaittulako. Askotan esaten diran berbak dirala badakitt, baiña zer gehixago esan pozik, triste, negarrez, alai gegauzenian musikia jarri zeskunari? zenbatetan kantau dittugu bere kantuak, trankil-trankil geguazenian, afari ostetan, gaupasetan erdi lafiauta, udalekuetan, dutxan? Holan jarraittuko dogu, baiña oinguan jakinda ez dogula barriro be bere kontzierturik entzun, bera ez daguala hamen.
Guk, baiña, bere musikaz zuzenian gozatzeko aukeria izan dogu, eta hori zoragarrixa izan da. Milla esker, Mikel!!
Elefteria Arvanitaki Victoria Eugenian
Maiatzaren batean Elefteria Arvanitakirem kontzertuan izan ginen Donostian
Ia guztioi ezezaguna egingo zaizue izen hau. Elefteria Arvanitati kantari grekoa da, eta tradiziotik edaten du, gero kantuak egiteko. Bere estiloa oso mediterraneoa da, ekialdeko eragin handiarekin. Etxean CDkopiatu bat neukan eta asko gustatzen zait. Horregatik Donostiara zetorrela jakin nuenean, sarrerak erostea erabaki nuen. Eta bete-betean asmatu nuen.
Zelako ahotsa daukan! Nik eduki nahiko nukeena, indartsua, gora eta behera dabilena. eta hori afonia puntu bat zeukala, Zaragozan hoztu egin omen zelako. Hori esan eta gora-gora-gora egin zuen hurrengo kantuan! Eskerrak eztarria hartuta zeukan!
Sarrera euskaraz egin zuen, horregatik txalo zaparrada itzela jaso zuen. Gero, baina, inglesez jardun zuen. Takoi ikaragarriak eta jantzi ez oso egokiarekin agertu zen. Baina duen silueta izanda, konjunto zatarra eramanda ere ondo gelditzen zitzaion. Berarekin eszenatokian sei musiko zeuzkan. Hauek ere ikaragrriak eta ia denetik jotzen zutenak.
Greziera hizkuntza berezia da, gutxitan entzuten dena. Gaztelaniaz dakigunondako sonoritatea nahiko antzekoa da, z eta f-z josia, o eta u ugarirekin. Kantuetan ematen du letra jakin barik asmatzen ari dela momentuan, edo guk egingo genukeena hizkuntza asmatu batean: Poribo potibo, zoroitiromoro, tripal zorita mazatopotopoto....Umetan denok egin ditugu horrelakoak. Imajinatu zelan kantatzen zenuten, eta horrelako sonoritatea dauka!
Kontzertua oso ondo joan zen, erdira arte edo. Oduan, aurrean eta eskuman geneukan atso batek (irakaslea seguru, Rotenmeier-txakur aurpegia zeukan-eta, modernaz mozorratuta joan arren) atentzioa deitu zigun, ahots altuan: "Ya está bien! Callaros! Un poco de respeto!". Eta superioritate begirakune hori! Ni haluzinatuta. Aztertu nuen zer esan nuen kontzertu osoan eta beti kantuen artean eta bost berba esan nituen. Txistada barik zuzenian eskandalua. Rotenmeier instritutriz amargatua nahastu egin zela uste dut, batetik (eta gezurra dirudien arren) ni isilik egon nintzelako kontzetu osoan, nire atzekoari mobilak jo zion eta Elefteriak inglesez egiten zuenean berbaroa entzuten zen, jende askok ulertzen ez zuelako eta ondokoak itzultzen zuelako. Baina kitto! Nerabe zaratatsu baten moduan sentitu nintzen, baina gero pentsatu nun: "Ze demontre berrogei urteko señoria naiz barren!". Gero adi egon nintzen eta txalorik ere ez zuen egiten, eta bisetan joan egin zen. Lehen esan dudana, ozpindutako atso integrista, disfrutatu ez zuena. Pena bat daukat, hala ere, kantuak jakin ez izana. Hala izan balitz, berrarira kantatuko nizkioke. Lastima!
Hori kenduta kontzertua zoragarria izan zen. Jendeak txalo egiten zuen kantu batzuk hasi baino lehen eta pentsatu genuen abesti horiek "Diario Vascok" banatutako maketa baten egongo zirela :-) Bis bat egin egin zuen hiruzpalau kanturekin, baina jendeak gehiago nahi eta hamar bat minututan egon ginen txaloka zutik gehiagoren zain. Baina ez zen etorri, zoritxarrez. Irten izan balitz eskerrak ematera eta "a capela" zer edo zer abestu, eskertuko genukeen. Batzuetan ikusleei ere eman behar zaizkie oparitxoak, ezta?
Egun betea, egun berezia
Ostirala egun berezia izan zen niretako. Hainbat gauza egin nituen, eta guztiak oso desberdinak. Gainera, eibartarrak posta-zerrendak hamar urte bete zituen.
Bai, halaxe etorri zitzaigun ostirala, nahasia eta oparoa, oso gustukoa dudan egun horietako bat; baina oso noizean behin egiteko, jakina. Ederrak direlako, baina oso nekagarriak.
Hilaren 18an eibartarrak posta-zerrendak hamar urte egin zituen. Egun horretan bertan ere, berrogei urte bete ziren Toribio Etxebarria hil zela. Batzuetan kointzidentziak bereziak dira oso, baina ez hutsak. Arrateko amak kudeatzen gaitu, baina Toribio da gure patroia.

Lanera goizean joan nintzen. Lauretarako Codesyntasexen egon behar
genuen GPSrako ahotsak jarri behar genituelako. Bertan sartu eta
estudio bat muntatuta zeukaten:mikrofonoa, aurrean grabatzeko
erabiltzen den horrelako “erraketa” bat, eta pantaila bat, Ikeako sofa
batekin egina! Lan eta lan jardun ondoren, pare bat ordutan itzulpenak
eta grabazioak eginda geneuzkan.
Denoi, baina “we are the world” kantatzeko gogoa eman zigun, baina Jatsu oso tekniko arduratsuak, ez zigun musikarik jarri karaokerako. Enfin, oraintxe, aukera duzu Finlandiaraino joateko Iturrirekin, adibidez. Edo eibarreraz….Hori bai, bidez konfundituz gero, guri errietarik ez!
Ostean, Elgetara joan ginen “Gainsbourg gainbegiratuz” zegoelako “Espaloia” kafe-antzokian. Betiko moduan, bertan etxean bezala. Hurrengo baten, baina, kantatu egingo dut, aviso! eta hirurak baino lehen!
Zer esan, baina bertan entzundakoaz? Hamahiru euro ordaintzea bajera bateko entsegurako…Pena, proiektua ona eta interesgarria delako, eta euretako asko oso artista onak direlako. Hurrengorako entsaiatuko ahal dute!
Dena den, diskoa oso ondo dagoela esan du Iturrik. Neuk ere kantu bat entzuteko aukera izan dut eta ederto dagoela iruditu zait.
Osteko egonaldia Espaloian primerakoa izan zen, barre eta berba egin genuen, gustura egon, etxean bezala. Toki berezia da benetan Espaloia. Hurrengoan ere joateko moduan, hori bai alkoholemia kontrol barik! a, eta eskerrik asko. Elenari etxera ekarri ninduelako.
Fadoak Elgetan
Zapatu gabian "Ventos de Saudade" talde plaentxiarrak jo eban Elgetako Espaloian. Berandu banabil be, nahiko neuke kontau bertan zelan pasau genduan, eta entzundakua
Faldo talde honek lehenagotxuago Eibarko Coliseon jo eban, eta ez dakit zergaittik ezin izan nintzan juan. Faduak gustatzen jataz, asko ezagutzen ez dittudan arren. Eta aukera haundik izaten ez dogunez Espaloian jo bihar ebela jakin nebanian automobilduna konbentzidu, beste lagun batekin geratu eta bertan alkartu.
Espaloian ez naiz gehixegittan egon, egixa estaeko bost bat bidar-edo egongo nintzan, baiña guztietan sentidu naiz ondo. Ibanen harrera be halakotxia izaten da! Holako rezibimientuakin beti ondo! Oingiuan bokadilluak jan genduazen eta edarrak dira benetan; edarra berbiak dakan esanahi guztueki; hau da, haundixak eta gozuak.
Zerbezia, kafia, konpaiñia ona....faduak! Gabak oso itxura ona zekan, horraittiok! Eta hala izan zan. Ventos de Saudadeko plaentxiarrak portau ziran. gaztiak baiña oso ondo prestatuta. Musikuak baltzez jantzitta, neskia, Ariane be dotore-dotore jantzitta, abots horrekin....kantu hórrek kantatzen. Ze ondo! gozada bat! Nik benetako inbidixia pasau neban, nere artista arimiak eszenarixora urtetzia eskatzen zestan koruak egittera. Baiña ridikulua baiño ez neban egingo!
Espaloia bete egin zan. Eta esango neuke alkartutako guztiak gustora egon giñala kontzertua ondo antolatuta egon zalako, kantu guztiak esplikauta, eta taldekide guztiak parte hartuta, euren plaentxiako berba moduakin: ts guztiak ahoskatzen! Gaiñera, kantu baten danak kantau zeben, eta hori benetan gustatu jatan, "danok dakagu fado bat/patu bat, eta txarto fadauta jaixotzen danak ez dau fado hoberik eukiko" abestu eben, bakotxak betso bat. Taldian espiritua erakutsi eben.
Amaittu zanian, berriketa apur bat egiñ, eta Villabajora itzuli giñan, zapatu diferentia eta gozagarrixa pasau genduan sensaziñuakin. A! taldekuak korista bat bihar badabe, hamen kabaretera bat prest! Akordau daittezela nerekin!
Beste blogari batzeuk be idatzi dabe taldian gaiñian: Asier Arregik, Elena Lakak eta Iban Arantzabalek. Nik baiño pofesionalago eta hobeto, seguru. Kontsultau eurena!
Afiziñua, ofiziorako on
Zenbatetan kritikau nabe, zenbatetan egin deste barre entzutzen dodan musikiagaittik! Maria Dolores Praderan mezuan esaten neban moduan nire gusto musikalak jende askori aspergarrixak begittantzen jakoz. Neretako, baiña, ez da holan. Esan biharra dago sarrittan be barre egin destela nere kantu zaletasaunagaittik: kantu guztiak dakidazela, bertso guztiak ez dirala kantau bihar Arraro begiratu deste urte birik behin-edo Zuberoako maskaradia edo pastorala ikustia gustatzen jatalako. Askok uste dabe super-euskaltasuna erakusteko baiño ez dala...
Ze oker dabizen, ze gitxi ezagutzen naben. Ni benetan dibertitzen naiz holako gauzekin! Disfrutau egitten dot, siñesteziña dirudixan arren! Etxian Bulgariako abotsen koruak entzutzen badittut, zelan ez jataz, ba, gustauko xiberutarrak kantuan?
Jende gitxik daki, halan da be, zenbat ikasi dodan holakuak entzutzen eta kantatzen: sinonimuak, egiturak bitxixak, aditz erregimen berezixak, esamolde ulergaitzak nere biharrerako primeran!
Uda honetan baiña, iñoiz baiño gehixago eskertu dut zaletasun hori. Hamaikatxo bidar akordau naiz adarjotzailliekin! Barre asko egin dittue nere kontura, bai. Jarraittu daixiela barrezka, neuk be barre egin dot-eta. Trankil, gaiñera. Aurten EGAn ikasle zuberotar bat izan dot. Afiziño arrarueri esker, lasai zuzendu dittut idazlanak eta sinonimuak. Berak jarrittako estuasun guztietatik ondo eta airosa urten dot. Dana egitten jatan ezagun eta itzultzeko modokua. Gora Atharratzeko gaztelua eta Altzürükuko elizia!. Biba kantagintza!
Mª Dolores Pradera
Badakit nire gustu musikalak bereziak direna; ez naizena kanon askotan sartzen. Horregatik, beharbada, ez zait gustatzen gaur egunean ikaragarri zabaldu den joera hori: musika alde guztietan: jartzen duten musika ia inoiz ez delako nire gustukoa; edota ia inoiz ez dutelako kointziditzen momentu horretan gustura entzungo nukeena eta jarrita dagoena. Raritia naiz, zer egingo diogu, bada?
Gustu musikal bereziak bezain eklektikoak ditut: Erdi Aroko musika, zein punka; Kantautoreak zein musika barrokoa; etnikoa zein soula
Hauen artean Mª Dolores Pradera dago. Gaztetxotik dut gogoko, irratian-eta entzun nuenetik La flor de la canela. Geroago, gurasoen etxean kasette bikoitz bat agertu zen zuzeneko kontzertu batekoa. Ia gastatu arte jarri genuen, eta kantu guztiak ikasi nizkion.
Pasa den zapatuan Durangon jo zuen, eta nik ezin nuen aukera galdu. Animatu eta joan ginen poz-pozik; hori bai, plana zen Durangon zer edo zer afaltzea. Orduan etorri ziren galderak eta barreak. Pare bat lagunekin elkartu nintzen: batak esan nionean nora gindoazen, haluzinatu aurpegia jarri, zoroei moduan begiratuta, bere artean pentsatu zuen Leire oinguen zihero zoratu yaku; eta aurpegira barre egin zidan. Besteak ia zer kantatzen zuen galdetu, eta ia daukan adinarekin play-back-en ez ote zuen kantatuko. Lagun horiek ez ziren eibartarrak, jakina. Eibartar batek askoz naturalago onartzen du Mª Dolores Pradera, rantxerak-eta gure herrian indar handia daukatelako, eta inori ez zaiolako arraroa egiten horrelako baten kontzertura joatea.
Topaketa hauen ostean aurreiritziz beteta iritsi ginen Landako gunera. Pentsatzen genuen gazteenak izango ginela, eta bakarrak. Baina, ez. 35 urtetik gorako jende dezente zegoen, uste genuena baino askoz gehiago. Eta bera? Play-back-a? Bai, zera! Aurten 83 urte bete behar ditu, eta oso-oso ondo dago, kantu pila bat abestu zituen, ahotsa indartsu dauka, bera ere zalu dabil, sasoian, eta betiko moduan dotore.
Soineko urdin luze arin bat jantzita agertu zen, bere betiko muiñoa zuela. Beti bezala hainbat xal, pontxo, zapi handi, fular zeuzkan, kantuaren arabera janzteko. Nire koadrilakoa da! Manilako mantoi bat atera zuen, zoragarria! Kantuak betikoak izan ziren, bakarra ez nuen ezagutzen; hortaz, kantuan ibili ginen. Primeran! Musikariak ere asko gustatu zitzaizkidan kantu bakoitzean posizio bat hartu, eta berarekin koreografia txikitxo bat egiten zutelako. Babestu moduan egiten zuten batzuetan, besteetan urrundu. Ederto ematen zuen.
Oso gustura irten ginen. Ikuskizun ona, edozeinek disfrutatzeko modukoa. Penaz gelditu nintzen gero aurrez ikusitako lagunak ez nituelako ostean ikusi. Pare bat gauzatxo neuzkan esateko: batetik, aurreiritziz beteta daudela, eta kalitatezko gauzak estimatzen ere jakin behar dela.Eta bestetik, Hain gogorrak izan barik samurtasun pixka bat eduki behar dela, euren modernitate eta artasunari kalterik ez dielako egingo. Ez da hala?



