Kalamuatik Txargainera
moda
Gorbataren lokarria
Sustatuko Zer erantzi atalerako idatzitako artikulua.
Atal honetako artikuluak irakurri dituenak jakingo du ez ditudala larregi maite gizonezkoen trajeak eta hedaduraz, edo pieza honengatik beronengatik, gorbata. Zentzugabeko zintzilikarioa, berorik eman ez, sama laburtu, kokospea bikoiztu eta bilur itogarri bihurtzen dena, zentzunbako apaingarri zatar eta alferra. Hala ere, batzuendako uniforme bilakatuta, seriotasun eta formaltasun ikurra izan da duela 40 urte arte, baztertzen hasi zelako, eta gizonezkoendako janzteko beste modu batzuk ere zabaldu zirelako, zorionez. Gaur egun, ordea, bakoitzak ikusiko du zer jantzi, nola joan behar den saraoetara. Baina gehiegizkoa deritzot Iñaki Anasagastik (moda-joera sortzaile horrek) Paul Riosi esatea gorbata jantzi behar duela, hori izango delako esku artean duen eginkizuna serio hartu duen seinale!
Gauza asko konta niezazkizkioke Anasagasti jaunari bere itxuraz, baina ez dut txiste errazean jausi nahi. Dena dela, esan nahiko nioke, beharbada, Riosek zeraman alkandora ez zela politena, edo egokiena, baina inoren begiko zamarra ikusi, eta norberarena ez, huts larria dela; eta seriotasuna ez diola ematen eginkizunari janzkerak, baizik eta eginkizun hori burutzeko erak eta moduak. Esango nuke Anasagastik eskaparatismoaz diharduela, itxurakeriaz; kanpokoak barrukoak baino gehiago balio duela bere pentsaeran, alegia: “nola jantzi, halakoa izan”. Eta hori aspaldi amaitu zen, zorionez.
Creative Commons Aitortu © cc-by: Paul Rios
Iruzkin horrekin ez du Riosen janzteko modua soilik kritikatzen; inplizituki gorbatarik janzten ez dutenena ere kritikatzen du, eta makinatxo bat dira! Har dezagun Martin Garitano. Sekula ez du gorbatarik janzten. Horregatik, bere jardunari seriotasuna kendu dio? Beharbada, Anasagastiren iritzirako bai. Orduan, Markel Olanok esan nahi du oposizioa ez dela hain serioa? Zeren, ez dakit konturatu zareten, baina Garitano ahaldun nagusi denetik, Olanok ez baitu janzten gorbatarik! (askoz hobeto dago, esan beharra dut). Gaztelaniaz den bideo honetan, Olano eta Garitanoz gain, Basagoiti ere agertzen da gorbata barik. Azken honek ere ez dio Eusko Lege Biltzarrari seriotasunik ematen, antza.
Baina goiko hirurez gain, hainbat aipa ditzakegu. Odon Elorza, esate baterako. Elorzak gorbata jantzi izan du, baina beste estilo bat ere badarabil, eta argazkiotan ikusten den moduan, zapi-moment nahiago izaten du. Honek ere Donostiako alkate izateari 20 urtean seriotasuna kendu ote dio?
Aitatutakoez gain, beste hainbat ere badaude: Pello Urizar, Juan Karlos Izagirre, Dani Maeztu, Mikel Arana... Ia beti gorbatarik gabe, baina gauzak serioski egin nahian. Gainera, emakumeok gorbatarik gabe janzten garenez, ez ote diegu merezi duen seriotasuna ematen gure aktibitateei?
Hauetaz gain, era berezi batean hiru politikari ekarri nahi nituzke hona euren dotoretasun gorbata gabekoagatik; izan ere, pertsona batzuek berezkoa den elegantzia badutela esango nuke, eta elegante izaten ikas litekeela, baina zaila da oso. Horregatik, hemen nire aukeraketa:
Batetik, Mikel Basabe aipatu nahiko nuke, nire ustez politikari goapoena, trajerik jantzi barik ere, normaltxo, egoki joaten dena. Tira, genetikak ere laguntzen dio, baita esateko moduak ere. Anasagasti jauna, ez da serioa Basabe parlamentaria?
Bestetik, Denis Itxaso, beste estilo bat zeharo desberdina. Ez dut gogoratzen gorbatarik jantzi duen. Hala ere, nik oso serio ikusten dut bere lanean. Eta ondo jantzita beti, oso ondo, Anasagasti senataria. Bera izango da ondoen janzten den politiko gizona.
Eta azkenik, Oskar Matute. Serioa gizona, irribarre gutxikoa, gorbata barik, alabaina. Beti txukun jantzita, fisikoak ere lagundu egiten dio. Nolanahi ere, Anasagasti, ez duzu uste serio ari denik?
Gorbatarena aitzakia da, argi dago. Bakoitza gusturen sentitzen den moduan jantzi behar da-eta. Ez litzateke barregarriagoa Paul Riosek gorbata jantzi janzteagatik egingo balu, jotzen ez dion alkandorarekin, edota ganorarik gabe? Ez ote daki senatari jeltzaleak askotan gorbata janzten dela barre eragiteko, Beranduegi saioko aurkezleek kasu?
Azken batean, Paul Rios gorbataduna edo kantinera jantzita joanda, garrantzitsuena egunotan egingo den lana eta emaitza izango dira. Eta espero dut hain positiboa izatea, non parranda itzel horren ostean gorbatak bekokian jantzita irtengo garen! Hala bedi!
Boltsomari emakumeak
Sustatuko Zer erantzirako idatzitakoa
Misterio gutxi daude emakume baten boltsoaren edukiarena baino. Edo hori diote, behintzat, gizonezko askok. Zenbat tramankulu eta sekretu gorde litzake andrazko batek boltsoan? Emakumeen esentzia ezkutua bertan egon ote litekeen galdetzen diote batzuek euren buruari. Ikusi duzue inoiz ume bat amaren edo izekoren boltsoa arakatzen? Zelako plazera! Zein mundu gordea!
Egia esateko, traste asko eta sekretu gutxi. “Badaezpada”ko gauza asko eta nahitaezko gutxiago. Inoren gauzak ere larregi. Zein emakumek ez du eroan senar edo lagunaren gauzak? “Boltsoa daramazunez, gordeko dizkidazu giltza/betarrekoak/diru-zorroa....?” Eskerrak orain gizonezko askok eurena ere badarabilten, gure sorbaldek eskertuko diote berdintasunari!
Errealitatea da, askorendako ezinbesteko osagarria dela. Batzuk ezingo ginateke boltso barik ibili, hainbeste gauza dauzkagu, batez ere lanera joaten garenean! Hor dator gure dilema: boltso handia ala txikia? Handia nahiago, baina arrisku bizia du, larregi kargatzearena. Badaezpada gauzez bete eta gero itzelezko pisuarekin oker-oker eginda. Orduan, esango didazue txikia aukeratzeko. Bai, baina txikian ez da ezer sartzen. Zelan sartu liburua, guardasol tolesgarria, konpresak, tanpoiak...? Ez dago lekurik!

Argazkiak.org | Boltsoa © cc-by-sa: txargain
Oso boltsozale garenondako badago trantze larri bat: boltso aldaketa. Edo bata bestean hustu, edo problemak dakarzkigu; izan ere, presaz eginez gero, beti dago zerbait ahazteko arriskua. Nork ez du laga gida baimena, eguzki-betaurrekoak edo eskularruak boltso aldaketa bizkorra egin ostean? Arriskutsua, benetan!
Esan beharra dago, Boltsomari andreak oso anitzak garela. Kolore guztietakoak, maila sozial orotakoak, adin espektro osoan agertzen gara. Eta gehiengoa garela esango nuke. Botsomaritar famatuak ere badaude, Ingalaterrako erregina, esate baterako. Bere edozein erretraturi begiratuta, beti boltsoa besotik zintzilik (ez sorbaldatik) ikusiko dugu. Errezepzioetan, galaz jantzita, loreak jasotzen. Beti. Boltsomari galanta eginda dago. Baina ez diozue inoiz galdetu zeuen buruari Elizabethek zer ote daraman bertan? Hori bai misterioa, eta ez nirean topa genezakeena!
![]()
Wikipedia / Wikimedia Commons: NASA / Paul E. Alers | © cc-by-sa:
Ricardo Stuckert/PR (Agência Brasil)
Baina ez dugu oso urrun joan behar emakume Boltsomaritar garrantzitsuak ikusteko. Gurera etorrita, ba omen dago beste andre bat gure taldekoa dena: Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, hain zuzen ere. Badirudi beti daramala boltso handi bat gurutzatuta, berdin jaietako zortzikoa dantzatzeko, ongi etorri ekitaldian, inaugurazioetan edo dena delakoan, beti. Antza denez, Arrasaten batzuk “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzen diotela. Badakizue, zein gaiztoak izan gintezkeen! Kasu honetan, Galparsoro alkateak barruan daroanak ez dit kuriositatea pizten; izan ere, nirean dauden antzeko gauzak izango dira berean.
Baina, nondik datorkio gurutzatuta eramatearen joera hori? Badakigu Boltsomaritarrok oso era erosoa dela, batez ere pisutsua denean gure zorroa. Egia esan ez da oso dotore geratzen, baina praktikoa bada; batez ere, atzera-aurrera gabiltzanean.

Kaosenlared.net-etik



Hala ere, Arrasaten “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzea ez ote da beste ideia baten adierazgarri? Beharbada, izan liteke oraindik ez garela ohitu emakume normal bat lehenengo lerroan ikusten, eta hainbat gauza arrunt ez ditugula barneratu. Printzipioz agintedun emakumeak era konkretu batean jantzi behar omen direlako, eta osagarriak ere era batekoak izan behar direlako. Baina alkateak nola eramango du nik darabildan boltsoa eta nire modu berean, gainera?
Ez, mesedez, ez.

Ino Galparsoro elkarrizketatzen © cc-by-nc-sa: Goiena.net
Dena dela, baliteke hori izatea Boltsomari emakumeon enkantua, garenak izanda, gure boltsoa ez dugula inoiz bazterrean lagatzen!
Kapela buruan eta ibili munduan!
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta
Gure aitita-amama denboretan kapela janzten zuena dotorea zen, ez zuelako baserritarren burukorik eroaten (zapi zein txapela). Beraz, kalekoa eta aberatsa izatea adierazten zuen. Honen adibide dugu “Baionako suprefeta” Pantxoa eta Peioren kanta ezaguna. Prestigio sozialaren ikurra zen; izan ere, denek burua estalita eramaten zuten, hori baitzen ohitura.

Denbora aurrera joan ahala, sonbreiruaren erabilera ia desagertu egin zen. Buruko guztiak joan ziren: zapiak, txapelak, kapelerak, pamelak,... Kaskoa estali barik izatea askatasun eta ohitura berri malguagoen erakusgarri bihurtu zen. Txanoak-eta hotz handietan edo hondartzan baino ez ziren ageri.
Pena handia eman dit moda horrek, ni ginbailen (zelako berba polita!) zale itzela naiz-eta. Hori dela eta, beti ahalegindu izan naiz bat edo beste janzten, lotsa handia ematen bazidan ere. Ez dakizue zelan begiratzen duen jendeak kapelu bat jarriz gero! Baita barre egin ere! Barre, alajaina!

Beraz, nire ametsa izan da beti ezkontza ingeles (Cuatro bodas y un funeral-en moduan) edo nobleziaren ezkontza batera joatea. Ascoteko zaldi-lasterketetan ere disfrutatuko nuke, horratik! Badakizue zelako kapela jantziko nukeen?...Itzela, ikusgarria, polita...Txanpinoi bat emango nuke, baina, zer demontre? Zelako gozatua!

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Zenera
Horregatik nabil oso pozik negu honetan. Erakusleiho guztiak ginbailez (zelan gustatu zaidan hitz hau!) beteta daude, moda-modan, horretara! Iaz hasi zen txapelen eta gorroen moda, eta hotz handiak egin zituenez, ikaragarri aprobetxatu nuen, baita pare bat erosi ere. Hori dela eta, aurten ondo hornituta nago; eta lastima da, kapela izugarri gustagarriak baitaude. Beharbada, merkealdian...

Hemengo argazkiak (bat izan ezik) neure kaleko denda batzuei ateratakoak dira. Ia guztiak errenkadan, eta parez pare. Erretratuak ez dira oso onak, baina arretaz begiratuz gero, oso buruko originalak eta ederrak ikusten dira.


Nik irakurle guztiak animatu nahiko nituzke txapela/kapela/txanoa/ginbaila janztera, modan ibiltzeaz gain, epel-epel izango dituztelako ideiak eta burua, eta datorkigun neguan biziki garrantzitsua izango delako: Kapela buruan, eta ibili munduan!
Praka barrenen moda
Post hau izan da Sustatuko "Zer erantzi" saileko nire lehengo kolaborazioa.
Originala ikusi nahi izanez gero Zer erantzi-n klikatuta ikus zenezake erantzun eta guzti.
Urte batzuk dauzkagunok praka-barrenen moda asko ikusi eta sufritu ditugu. Alde batetik, hor dugu orain artekoa, kanpai-praka edo elefante hankadun prakena (kanpanoloak eguneroko hizkeran). Praka hauen barrenak luze-luzeak lagatzen ziren/dira zapata osorik tapatzeko, eta zenbat eta luzeago, hobe; tatarrez eroan eta barrenak txikitu arte.
Beste sasoi batzuetan prakak peskan erabili izan ditugu; hau da, orkatilaraino justu-justuan, galtzetinak ondo erakusteko, inoiz ez zuriak, jakina! Ni joera honetakoa naiz, ez dakit zergatik, baina normalean barrenak hartzen dizkidatenean luze baino labur uzten dizkidate; izan ere, hazi ez naiz hazi joan deneko 25 urtean.....
Erosleentzat, dena den, erosoena, dudarik barik, barren arremangauak dira. Zer?? hori bada, prakei ezer egin gabe, praka-hanka jaso arremangau, (3000 hiztegiak garbaldu eskaini dit), eta aurrera. Ez da erosoa? Gainera, hazi, gizendu edota txarto garbaldu arren ez dago arazorik: hurrengoan ere nahi den neurrian jar liteke. Orain ez dago modan, baina lasai, etorriko da. Hombrerak (euskaltermek: sorbaldakoak/ besaburuko betegarri!!!) ere itzultzekotan dira!!!
Badirudi Frantzian neska gazteen artean barrenak beste era batera hartzen hasi direla, batez ere takoiak erabiltzen direnean. Barren-barrenean azpildura josi beharrean, libre lagatzen da, eta jostura orkatila baino gorago egiten da. Hortaz, barrenak prakaren benetako barrena izaten dute, argazki ebakin honetan ikus litekeen moduan:
Argazkiak.org | Frakaren barrena (gertutik) © cc-by-sa: goioarana
Zelan jakin dudan hori? Ségolène Royali esker. bai, bai, Sarkozyren kontra lehiatu zen PSFko burua. Madame Royal Poitou-Charentes erregioko lehendakaria da, eta ni bezala Royan-en egon da. Bera oporretan, ni frantsesa ikasten. Goiko argazki ebakina Paris Match-eko portada batetik atera dugu: Ségolène horrelako praka-barren batzuekin! Eskandalua Royanen! Nola liteke horrelako emakume batek horrelako barren batzuk erabiltzea, ez da batere dotorea, batez ere nerabea izan ezean!
Argazkiak.org | Barrena (azal osoa) © cc-by-sa: goioarana />
Hau buruan nerabilela, Eibarren trenetik jaistean neska bati barren modu berri bat ikusi nion: praka pitilloak (hanka estu-estuak), barrenak luze-luzeak, takodun sandaliak....eta barren luuuuze horiek sandaliaren tiraren barrutik sartuta, botekin egiten den moduan!!!
Hamaika ikusteko jaio ginen, Ségolène!!
Blogintza eta Sustatu, CS taillarrera!
Gaur bertan, arratsaldian Codesyntasen izango dogu ditxosozko taillar hori.
Egixa esan, ez dakitt ze eginten dodan izena emonda, halako geek guztien artia. Baina, egixa esateko, ez dakitt ezetz esaten; gitxiago ostian afari-meriendia badago. Tautik aitzen ez badot be, atxakixa perfektua da aspaldiko lagunekin alkartzeko, saltsan ibiltzeko (ez jata bape gustatzen :-)),......Nere motiborik potentiena, ostera betse bat da: Patxi Trapero in person ezagutzia. Nerbiosa nago, ez pentsa. Batek gitxittan ezagutzen dittu-eta bere idoluak! Ai!!!!
Beste alde batetik, kezka bat dakat. Zelan jaun bihar da jantzitta holako ebento batera? Neri erkutsi zesten zelan juan ezkontzetara, lanera, udalekuetara, mendira, txikiteatzera....baina blogari geek kuadrilla batengana ziber-espaziuaz berba egittera? Ez, gure amamak iñoiz ez leuke holako ebentorik aurreikusiko, sekula santan be ez.
Ze itxura hartu bihar dot? Intelektualana? Pastazko antiojo fashion barrixak jantzitta, ala lentillekin? baiña, beste alde batetik, geekak ez dakez granuak eta ulia koipetsua? Orduan ez dot burua garbittuko? Burua garbittu barik? Ez, horraittiokan! Eta marimoni juaten banaiz? Oso marimoni be ezingo naiz juan, luk kasual samarra topau biharko dot. Penia dakat, uda danez ezingo dot nere pashmina zoragarrixetako bat jantzi eta danak inpaktauta laga....Gaiñera, beste faktore bat: eguraldixa. Dabilkigu eguraldi zoro hau be ez da egokixena, pasa dan astian sargori, oinguan fresko....udako txamarra bat erosi bihar dot danakin konbinauko dabena, baltza, edo gris argixa. Baiña topauko dot? Ez dot iñungo eskaparatetan ikusi holakori. Rebajak dira, aprobetxau bihar da. Jo, gatxa da..........Parkatu, harixa galdu dot. Orduan bixar zer?
Betikua, azken momentuan erabgiko dot, biharretik buelta. Zertan nabil, gaiñera, geek hórrek, ixa danak, gizonekuak dira, eta bardin jakue kamiseta baltza, alkondara loreduna, ala takoidun zapatak janzten badittut. Eskotia eruan ezkerok, orduan bai igarriko zebela. Baiña hori ez dago nere kezken artian....
Bixar, bixarkuak. Hau aurrerapena baiño ez da. Jarraittuko dau, halan da be.
Estetika eta bitxikeriak
Basamortuaren erdian bizi arren, itxura oso garrantzitsua da kanpamentuetan.
Hamar egunerako joanda, eta kontuan hartuta bertako bizi balditzak, egia esateko gu ez ginen oso txukun ibili. Ahalegintzen ginen garbitzen toallita umelekin, urarekin,...baina harea toki guztietatik sartzen zitzaigun, eta zail egiten zitzaigun garbi mantentzea.
Eta ilea garbitzea? Abentura bat, mision imposible ez esategatik; batez ere ile asko, ugaria eta luzea, nik daukadanaren modukoa, alegia, izanez gero. Ikusi duzue inoiz "¡Apadrina un niño!" iragarkietako umeen ilea? Bada, niri ia-ia horrela jarri zitzaidan ilea! Desastrea! Espartzu zati bat ematen zuen! Hori bai, emakume sahararrek ile luzea daukate, baina beti ondo orraztuta, garbia eta ganoraz. Ez dakit nola konpontzen diren!
Txukuntasun hori janzkeran ere ikusten da. Euren jantziak melfa dauka izena, eta oihal zati luze bat da, korapilo birekin lotzen dena. Azpitik, hala ere, arropa "normala" daramate. Hori bai, beti konjuntatuta: Melfa arrosaduna, jertsea arrosa; melfa laranjaduna, jertsea laranja. Beti. Eta ahal badute, osagarriak ere koloreka. Gainera, lurrinak ere oso gustuko dituzte. Hurreratu eta kolonia usaina hartzen zaie segituan.
Argazkian neska bat melfaz jantzita, atzetik ikusita.
Asko gustatzen zaie apaintzea, oso koketak dira. Zeremonietarako eskuak eta oinak hennaz margotzen dituzte, marrazki originalekin. Tira, oso artistak ez badira, txantiloi batzuk erabiltzen dituzte. Hori izan zen gure kasua. Nik gogo handia neukan eskuetan hennarena egiteko, baina ministraren etxean geundenez zaila zen horrelakorik egitea. Horregatik Hadiyetuk egin zidan, bion lagun batek eskatuta.
Eskuetan baino ez nuen egin, baina lagun bati oinetan egin zion. Ordu biz ni mantxu eta bera erren egon ginen, ura edatea ere problema zen. Hona hemen nola geratu zitzaizkigun marrazkiok:
Gu desastre bat eginda, eurak guapa-guapa. Baina Hamadaren erdian ere estetikaren esklabotza da nagusia. Hau azaldu aurretik esan beharra dago han estetika paramatroak gureetik urrun daudela. Han emakume ederrak ez dira argalak eta beltzaranak. Ez, justu kontrakoa: sendoak (kilo gehiegi gainean dutenak) eta azal zuriak. Egia da, zin dagizuet, konprobatu dut zein gogorra den sex-simbola izatea!
Ironia eta txantxa alde batera lagata, esan behar dut estetika horri eusteak badakartzala hainbat kalte. Lehenengo eta behin azala zuri izateko eguzkitik babestu behar dute. Hau melfarekin ez ezik, aurpegia estaliz ere egiten dute, baina buruan sartuta daukate izerdituz gero, zuriago egongo direla. Horretarako aurpegia artilezko bufandekin estali eta eskuak ere artilezko eskularruekin janzten dituzte argazkian ikusten den moduan:
Melfa laranjadunak artilezko tapauki eta eskularruak daramatza
Honetaz gain, azalean "xarli" izeneko krema bat (Cadizko azentoarekin esan zidaten, hortaz ez dakit nola idatzi!) ematen dute. Krema honek kortikoideak omen dauzka, eta azala zuritzen ei du, baina nola? Korroak eginez, osasunaren kaltetan!
Makillajea ere zuria da. Inpresio handia ematen dute neska batzuek. Tira, hemengo batzuek ere brotxarekin pasatzen direnean ere atzerakada itzela egiten dute, ezta? Pena, zeren ia guztiek oso azal polita daukaten, eta askoren kolorea eder-ederra da.
Baina kaltegarriena gizentzearekin dator. Hemen batzuek anorexia dute, edo zorakeriak egiten dituzte tipo ona izateko. Han -batzuek, ez denek- behi hormonak hartzen dituzte loditzeko, eta badirudi hormona horiek minbizia sor lezaketela. Zergatik torturatu behar dugu geure burua estetikaren menpe egoteko? Zelan sartu dizkigute buruan horrelako istorioak? Zergatik utzi diegu hau egiten gure irudiekin? Hainbeste burutazio etortzen zaizkit.....
Nire zapi palestinarra
Armairuan daukadan benetako zapi palestinarraren historia.
Hona hemen zapien sarreka, palestinoa gain-gainean duela.
Orain hogei bat urte modan jarri ziren zapi palestinarrak. Ia denok geneukan bat. Egia esan oso zapi goxoa eta erosoa da: handia eta berogarria. Nik, benetan badiotsuet, samaren bueltan eta lepo gainean aparte, buruan eta gerrian lotuta ere erabili izan dut. Buru gainean, belarri sentiberak ditudanez, haize hotzarekin min izaten dut, eta zapi honek makinatxo bat bider lagundu izan dit babesten. Gerri bueltan ere, hotzagatik, edo antzerkiren baten...
Baina paineluaren historia ona da. Izan ere, zapi hau ez zen nirea, aitarena baizik. Ez pentsa Eustakio oso modernoa zenik janzten, bere sasoiko ia gizon guztien moduan, klasiko-klasikoa zen. Baina zapia opari ekarri zioten Palestinatik, Jerusalemetik, hain zuzen ere. Badirudi, bere lagunen bat Lur Santura (horrela dakar euskaltermek Tierra Santa) joan zela, eta Takiorekin akordatu, kontizu! Kafiya jantzita arabiarra emango zuela, gure aldeko ia narbaizatar guztiok oso beltzaranak garelako. Broma egitearren ekarri zion, buruan jartzeko moduan, kordoi beltz eta guzti. Seguru aski turistentzako dendaren baten egongo dela erosita, beltza ez baitago bordatuta, eta ia guztiak horrelakoak direlako. Lehen kalitate hobea zuten. Jordanian izan nintzenean, denak ziren bordatuak eta kolore guztietakoak zeuden. Ahizpari gorrian ekarri nion, oso polita benetan.
Eta horrela ibili zen bueltaka zapi hori etxean, nik berreskuratu eta kalera ateratzen hasi nintzen arte. Neguko osagarririk preziatuenetakoa zen: epela, erosoa eta modakoa. Halako batean, baina, armairuan geratu zitzaidan, erdi ahaztuta beste painelu, bufanda, pashmina eta fularren artean. Eta nik ezer botatzen ez dudanez, gordeta daukat sarrekan (kajoian), ateratzeko zain.
Egia esan "Vaya semanita"ko esketxek ez zidaten asko lagundu, hainbeste barre egin dutenez estilo horren kontura. Baina, berriro ere modan jarri denean, ateratzeko asmoa izan dudanean Israelek Gazaren kontrako esterminioari ekin dio, eta zapia errebindikazio bihurtu da. Horrela, berriro ere atzera egin dut, eta ez dut jantzi, pena handiz. Lotsa puntu bat ematen dit!
Dena dela, nire zapia zahar dago, goxoa segitzen du izaten, baina urteak eta trotea nabaritzen zaizkio. Izan liteke, blogean idatzi ostean jartzea eta erabiltzea. Eta txartoegi badago, agian, ahizpari Jordaniakoa ostea....Erostea ez du merezi, denak kaskar samarrak dira-eta.







