Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera metabloga

Kalamuatik Txargainera

metabloga

Jaialdirik jaialdi, alfertuta

Ez dakit zer dudan azken aldia honetan…

Uf! Zein alfer nabilen blogarekin! Neure burua zuritze aldera twitterren aitzakia jarriko nuke, baina barruak diost gezurretan nabilela. Egia esatera, askotan nahiko nuke ahoan mikrofono bat izan burutik pasatzen zaizkidan post guztiak grabatzeko, gero etxean edota ordenagailu aurrean jartzen naizenean ahazten zaizkidanak idatzi ahal izateko. Pelikula estatubatuarretako poliziek alkandoraren besagainean daramaten irratia bezalakoa: rrrr… liburu ugari, euskarazko gutxi rrrrr, …rrrr euskal janzkera tradizionala reloaded rrrrr…, …rrrr liburu digitalak rrrr…

Halako baten, animatu nintzen zerbait idaztera #sesisesi ebentoa pasatu ostean, eta argitaratzerakoan ez zitzaidan, bada, interneteko konexioa bat-batean eten? dena galdua! Baita gogoa ere. Atzera idaztea! Uffff!

Baina egoera apatiko eta anemiko honetan egonda, ez dut lan hori atzera ere hartu. Beste batzuek ondo egin zuten kontaketa; beraz, nireak egunetara ez zeukan garrantzi handirik.

Arraroa da nigan, baina San Andres egunetik dauzkat gauzak kontatzeko! Bitartean, Eibarko mintzodromoa, Durangoko azokako bisitak eta kontuak, esandako moduan #sesisesi jaialdia, Ruper Ordorikaren kontzertua Victoria Eugenian, Gabonetako kontuak, kultura-bonoa, kindlea, manifestazio kolosala,… Ahaztu barik hainbat heriotza, eta gertakari.

Hala ere, nagikeria hau urrunagokoa ere badela esango nuke, izan dugun negu bero honetan ez baitut apenaz idatzi, eta kilometroak neuzkan betetzeko letraz eta paragrafoz. Dena den, espero dut neberan laga ditudan horiek (kultur-bol¡noa, kindlea, liburu digitalak, liburu-dendetako esperientzia…)  berreskuratzeko moduan nagoela, eta hamabostean behin gertatzen zaidan legez, biziberrituta nago, energiaz beteta, eta asmoa daukat berriro ere ekiteko, indartsu eta bizi.

Ea zenbat irauten didan! :-)

Leire Narbaiza 2012/01/17

Eibar.orgko blogek 10.000 artikulu!

Abuztuan lortu da zenbaki biribil hori

beti esan dut, eta beti esango dut eibar.org-ri esker naizela blogaria. Eibartarren zerrendari esker, eta jakina, bertako partaideengatik, akuilatu, bultzatu eta babestu izan ez banindute, nik ez nuke blogik edukiko. Beti esaten dut, eibar.org nire ziber-familia dela.

Harrokeria barik, baina bai harrotasunez, esan nezake ziber-mundura familia onean jaio nintzela, beti oso babestua sentitu izan naizela, eta jaio orduko nire publikotxoa neukalako. Edozeinek, komunitate bateko kide ez denak ezin lezake horrelakorik esan. Familia onean zentzu guztietan: maitasuna eta heziketa ona eman didatelako, eta gure ziber-mundutxo euskaldun honetan badelako eibar.org nor. Beharbada, lehenengoetakoa izan delako, edota partaide batzuk oso ezagunak direlako.

Gure txikian, edo handian, zazpi urte daroaguz lanean, beharrean. Zazpi urte hauetan 10.000 post idatzi ditugu! 10.000! Ikaragarria da. Gainera, 10.000.a nirea ei da! Kasualitatea!  Esan genezake, ia denak euskaraz idatzi izan direla. Jo dezagun sarrera hauetatik erdia (oso goitik jota) bideoak, argazkiak eta erdarazko artikuluak direla. Horrela izanda ere, 5.000 artikulu lirateke euskara hutsean! 5.000! Ikaragarria da!

Lanean hasi nintzenean, testuak irakasleok asmatzen genituen, edo testu liburuetatik kopiatu. Argia baino ez zegoen! Euskaldunon egunkaria sortzeke, hura basamortua zen! Herri aldizkariak ere ez ziren existitzen apenas, eta ahal zen moduan ibiltzen ginen.

Orain, ikasleak kexatzen zaizkidanean gustukorik ez dutela topatzen euskaraz haserretu egiten naiz! Euskal blogosferak hutsak dauzka oraindik, baina ezin da ukatu egindako bidea eta sortutako guztia.

Eibar.org-ko komunitateak badauka zer ospatua, baita euskaraz bizi nahi dugunon komunitateak ere! Zorionak denoi!

Euskarazko galde-erantzun jolasen bilduma egin nahian

Euskarazko galde-erantzun jolasen bilduma egin nahian gabiltza, jolas eta joko bidez ikasleekin erabili ahal izateko, edozein diziplinatan, gainera.

Maite Goñi atzo goizean, @wwwhatsnew -ren tuit batetik Testeando gunera iritsi zen. Gustatu zitzaion bertan irakurri zuen eslogana: ” Si estás testeando estás aprendiendo” (ez bereziki haren edertasunagatik, bere esanahiarengatik baizik). Bertan DBH eta Batxilergoko edukiak (Geografia, Lengua, Historia, Filosofia…) errepasatzeko galdeketak biltzen dira, jolas edo trivial moduan emanak. Jakina da mota hauetako jarduera arinek ez dutela goi mailako adimen-gaitasunak garatzeko balio; halere, baliagarriak izan daitezke hainbat eduki kontzeptual barneratzeko orduan. Baliagarriak eta erakargarriak gure ikasle gehienentzat.

testeatzen


Maitek lan handia egiten du arlo honetan, horren lekuko bere euskaljakintza web ezin interesgarriagoa. "Testeando" horrek ideia hau sortu zion, eta hausnarketa eragin. Gero sare sozialek beste bidea egin zuten. Horregatik bere proposamena itsatsi dut blogean, berak mamitu duen arren, nik ere laguntza eman nahi diodalako.

Hona hemen Maiteren hausnarketa joko/jolas hauek biltzeari buruz, eta ostean Maite eta biok egindako proposamena mundu zabalari:

Ez naiz luzatuko ikasleei sorrarazten dizkiedan ariketei buruzko azalpenak ematen, baina kontua da arrazoi askorengatik jarduera hauek oso gustuko ditudala. Gauzak horrela, mota honetako guneak topatzen ditudanean, beti gorde egiten ditut egunen batean antzekoak garatzeko astia izango dudan itxaropenaz edo, besterik gabe, ideia eman eta beste norbaitek garatuko duen esperantzaz.

Ur sakonagoetan sartzen garen bitartean, Leire Narbaiza ( @txargain ) eta biok, Facebooken honetaz ari ginela, pentsatu genuen eduki mota horiek euskaraz jasotzen dituzten guneak identifikatu eta nonbaiten biltzea ideia ona izan zitekeela.  Horretarako, laguntza behar dugu. Ezagutzen duzue euskarazko trivial, hitz-joko, galde-erantzun jolasak, hitzapasa edo, nolabait esatearren, euskarazko edukiak modu honetara lantzen dituen gunerik? Hala bada, hauxe da proposatzen dizueguna:

  • Delicious edo Diigon kontua izanez gero, gorde #euskalquiz etiketarekin.
  • Twitter bidez helarazi: @euskaljakintza edo @txargain
  • Mezu honetan bertan erantzun.

  • Guk hauexek ditugu:

        * Argia: denbora-pasak
        * Xedera: hitz-jokoak
        * Euskara ikasteko.net
        * Hitzapasa
        * Euskaljakintza: hitz-jokoak

    Besterik ezagutzen?

    Hona hemen gure proposamena, denen esku egongo dena. Animatu eta loturak bidali!

    Nickdutnik-eko elkarrizketa

    Blogari izateak telebistara ere eroan gaitzake!

    Aste honetan eman dute telebistan pasa den astean garbatutako saioa. Joxe Rojas teknopatak "errekrutatu" ninduen elkarrizketarako. Konbentzitu, esan nezakeen, baina neska erraza naizenez, segituan eman nion baiezkoa.

    Oso eroso sentitu nintzen elkarrizketan zehar, nahiz eta oso urduri egon. Telebista medio arrotza da, eta niri inoiz ez zait gustatu neure burua bideotan ere ikustea, are gutxiago ni bakarrik. Batez ere asko mugitzen naizelako eta keinu larregi egiten ditudalako aurpegi eta begiekin. Itzela da! Neure burua ikusten dudanean bideotan imajinatzen dut zelako izan liteke normalean nire gestualitatea, etengabe mugituz. Beldurgarria.

    Hala ere,  asko eutsi niola uste dut, batez ere aulkiaren puntan jarri nintzelako, oso jarrera deserosoa, baina geldi egotera behartu ninduena. Oso kontzientea izan zen aulkian jesartzerena!

    Egin zidaten elkarrizketa askoz luzeagoa izan zen, eta arazoren bat dela medio, galdera batzuk ez ziren agertu. Pena daukat, galderak oso interesgarriak zirelako (erantzunak espero dut egokiak izatea!). Dena dela, botatako hausnarketek balio dezakete beste blogari batekin jarduteko eta gai konkretu horietan sakontzeko.

    Eskerrak eman gura dizkiet ekipokoei, nirekin izandako pazientziagatik; batez ere, Haritz eta Joxeri. Haritzi geneukan hitzordua aldatu niolako azken momentuan gripearengatik; eta Joxeri nire paranoia guztiak jasan zituelako eta konprenitu zituelako.

    Azkenik, Badiharduguko lan-taldeari azken momentuan euren bulego zoragarri horretan hartu gintuztelako elkarrizketa egiteko, euren lanari enbarazu eginez. Mila esker, pastela ailegatuko zaizue :-)

    Behean jarri dut elkarrizketa, ea zer deritzozuen!

    Twitter, facebook eta enparauak

    Zurrunbiloan egonda, bueltaka dabiltzanak.

    Aurreko batean jardun nuen blogean sentitzen dudan zorabioaz. Zoramen honek badauka zer ikusia sare sozialekin: jaten diguten denborarekin eta sortzen diguten egonezinarekin. Post honetan nire pentsamenduak eta sentsazioak argitzen ahaleginduko naiz.

    Nire ibilbide pertsonalean posta elektronikoaren ondoren eibartarrak posta zerrenda egon da. Bertan sartezak eta parte hartzeak gauza asko eman dizkit. Batez ere, sarean ibiltzeko makuluak; eta garrantzitsuena, sarean bakarrik ez ibiltzea, ziberlagun asko eman baitizkit. Blogari ere zerrendari esker naiz, behin baino gehiagotan azaldu dudanez. Gaitz ikusten dut bloga zabaltzea inork zirikatu eta animatu izan ez banindu. Beraz niretako, zerrenda familia da.

    Blogak ere gauza on asko eman dizkit. Idaztea gogoko izan dut beti, eta aitzakia polita izan da zaletasun hau lantzeko. Eta asko ikasteko, ikaragarri. Bloga nire etxea da, hipoteka bakoa, auzo interesgarri asko dauzkana (eibartarren blog komunitatea), eta independenteki elkarri laguntzen diona. Kalamuatik Txargainera ez dago banku edo kutxen mailegurik, oso-osorik nirea baita.

    Blogean esan nezake nahi dudana, nahi dudan luzeran, nahiz eta askok gomendioak eman. Blogean idazten denean, munduari idazten zaio, hiru jarraitzaile izan arren. Beste toki batzuetan, ostera, lagunak eta ezagunak daude, eta horiei begira idazten da edo "atsegin zait" klikatzen da. Lagunak omen dauzkagu, baina batzuk enpresak izan daitezke, edo bistaz baino ez ezagutu.  Facebook, lagunarte zabala litzateke, koadrila eta inguruko ezagunak. Soziala, aurpegi onarekin agertu behar delako.

    Iturrik dioenez, twitter taberna izango litzateke, eta tabernetan, normalean, garenak baino guapoago, graziosoago eta -ago agertzen gara. Hau guztiau Iban Arantzabalek idatzitako "Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora" postean lagatako erantzuna da. Ibanek bertan idatzitako ia gauza guztiekin ados nago. Blogek gorakada handia izan zuten duela urte batzuk eta badirudi azken alde honetan beherakada izan dutela, batez ere euskaraz idazten direnak. Esango nuke asti gutxiago dugula hainbat gauzari dedikatu behar dugulako daukagun denbora urria. Twitterrek asko balio lezake, albiste iturri ona da (ikaragarria askotan) eta  abantailak ditu. Hala ere, esango nuke Ibanek esaten duen moduan, eduki horiek elikatu behar direla, lotura horiek egin behar direla eta euskaraz osatu behar direla. Beharbada hori da falta zaiguna, euskarazko edukiak.

    Horrek harritu nau. Euskara hutsean ezagututako lagunak, sarean euskaraz ibili direnak, zenbat erdara egiten duten twitterren. Ez nuke pentsatuko horrelakorik inoiz. Gainera konturatu naiz, hainbatek loturak ez dituztela euskaraz jartzen, gure hizkuntzan egon arren. Adibidez, eitb.com-eko albiste, bideo eta abarrak bietara egonda, segundorik ere ez dute galtzen euskarazkoa topatzen. Eta euskaraz blogak elikatu ezik, eta loturak gaztelaniaz, honek ez dauka atarramentu onik!

    Aipatu dudan Ibanen artikulu horretan bertan, erantzunetan "ziberpaboneo" berba aipatu nuen, hau da, denen aurrean zein ederrak garen eta zenbat dakigun erakustea. Azalekoa ere badela esango nuke. Hala ere, twitterrek libertimendutik ere badauka asko, eta alde ludiko hori gustatzen zait. Luistxok CodeSyntaxeko jardunaldietan esan zuen komunikabidea dela. Nik ez dut ukatuko, baina uste dut informazio onak eta zehatzak jasotzeko jende konkretu bati jarraitu behar zaiola, eta ez jende larregiri, bestela, ezinezkoa da. Luistxok "zarata" (twit asko) ere aitatu zuen, ona delakoan. Agian, kapazitate handiagoko jendeak ahal izango du, baina nik nahiago gutxi eta onei jarraitu. Bestela ez dago ez dibertitzerik, ez ondo informatzerik!

    Dena den, geroak esango digu hauek guztiak zelan geratzen diren. Futurologia egiteak ez dauka etorkizunik. Twitter moda huts kontua den Negropontek elkarrizketa batean esan zuen bezala; ala blogak desagertuko diren ikusiko da. Gainera, auskalo zelako gauza berriak etorriko zaizkigun! Guk, baina, gure etxetxo euskaldun honetan jarraituko dugu jo eta sua, barrena husten, salagarria salatzen, mundua konpontzen eta barre egiten. Talde txikian edo koadrila zabalean, nahi dugun arte!

    Leire Narbaiza 2011/01/19

    Teknologia berrien zurrunbiloan galduta

    Horrela sentitzen dut neure burua.

    Gazteago nintzenean ez nintzen oso teknologia zale. Norbaitek esango du kontrakoa ere banintzela. Ez zen horrela, baina ez nituen hainbat gauza argi ikusten, nire bizitzan erabilgarriak zitezkeenik, eta, gainera, atzerakada puntu bat ere ematen zidaten.

    Denbora pasatu ahala, sartu nintzen internet mundu honetan. Ez dakit zelan, ez dakit zergatik. Nire saltsera senak aginduko zidan, seguru aski. Poliki-poliki, ikasten joan naiz, hanka sarritan sartuta. Luxuzko irakasleak izan ditut, punta-puntakoak, asko irakatsi didatenak mundu honetan; eta eurendako eskerrik beroena izan duten pazientziagatik.

    Mailatxo bat baneukan lortuta, baina teknologien munduan dena oso bizkor doanez, beti egon behar da ikasten eta berrizten. Tira, hori ez da txarra, neurrian bada behintzat, astia ematen badu kontzeptuak ulertzeko, barneratzeko, martxan jartzeko... Baina hori da arazoa: asimilatzeko denbora!

    Asimilatzeko denborarik ez daukat. Gero eta ideia berria gehiago dabiltza, etengabe aldatuz. Ni zurrunbiloaren erdian sentitzen naiz, erdi-mariatuta, askotan galduta, sarritan ez gauza. Eta gainera, ia guztia ingelesez! Uffff!

    Interneteko nire lagunak punta-puntan dabiltza. Azken tramankulu, aplikazio, programa eta sistemen berri daukate, eta komunikatu egiten didate. Sarritan, jarraitu ezinda egoten naiz euren elkartrukeetan, heldu (zentzu bietan: iritsi eta oratu) ezinda. Gehiegi dela uste dut, energia larregi kontsumitzen dudala gai hauetan.

    Honek guztionek, egon eza sortzen dit, baita haserrea ere. Ez da batere gustukoa, eta sarri pentsatu dut hainbat gauza abandonatzea, eta bloga eta beste gauzatxo batekin baino ez ibiltzea. Ikusiko da. Argi daukat, baina, ez dudala energia gehiegi gastatu nahi horretan, etekina handia ez bada, behintzat! Izan ere, indarra non gastatu ere badaukat, eta mundu errelean!

    Leire Narbaiza 2011/01/16

    Bost urte blogeatzen!

    Gaur bost urte hasi nintzan...

    2005eko azaroaren 21ian idatzi neban nere lehelengo posta. Asko kostau jatan erabagixa hartzia; izan be, lotsa haundixa emoten zestan hastiak; batez be, nere ingurueri zer begittanduko ete jakuen pentsauta: Leirek bere buruari zer erizten detsa, mundu zabalari bere paranoiak eta hasarriak zabalduta, kazetari edo idazle izan barik? Horrek asko kezkatzen ninduan, biharbada ez nebalako ondo aitzen blogak zer ziran: nahi genduana esateko espazio libriak, tutore barikuak. Esango neuke, gaur egun be, askok ez dabela ondiokan blogena entendidu!

    Hasiera haretan zeiñek esango leuke bost urte emongo nittuanik, 300dik gora post idatzi, radixuan tertulietan jardun edo Sustatun kolaborauko nebanik? Iñork gitxik; nik neuk ez, behintzat. Erdi-analfabeta digital bat erdi-geek bihurtuko zanik ez genduan uste. Hala izan da, baiña.

    Blogeko bihar onek gauza onak baiño ez destaz emon, zorionez. Blog apaltxua danez, euskeraz, eta oso ezaguna ez naizenez, ez daka beste munduko arrakastarik. Horrek lasai eta eroso ibiltzeko aukeria emoten desta, presiño barik. Eta bueltan etorri jatana beti izan da politta eta atsegiña, ez da gitxi!

    Blogak gauza onak emotiaz aparte, bizitzako momentu txar eta onak eruaten lagundu destaz: pasau neban gaixotasun luze ha; aittan heriotza, bihar aldaketia, loibian jaixotzia... Hor izan dot kuaderno partikular hau barruak hustutzeko eta psikiatriangana ez juateko. Merke-merke, gaiñera!

    Argi dakat bloga eibar.org-eri esker sortu nebala. Esan gura dot, eibartarren posta zerrendiari esker, bertakuak animau ninduelako sortzen, eta eurek izan diralako nere lehelengo jarraitzailliak. Badakitt, eurengaittik be lortu dodala lortu dodan hau, eurek emon dabelako blog honen barri bere blogetan eta abarretan. Baitta gauza teknikuetan be! Zuengaittik nago hamen, millioi bat esker, gauza guztiengaittik!!!!

    Eskerrak be emon bihar bloga irakorri daben guztieri, baitta beste blogari batzueri be (Jozulin!). Danen aurrian, Patxi Trapero, bera izan zalako ezagutu ez, eta ondo etorrixa eta jarraipena egin zestan lehelenguetakua!

    Beste alde batetik, esan gura dot Facebook, twitter eta holakuen sasoian, bloga dala ezinbesteko txoko eta babesa, guria (neri, kasu honetan) dana osorik eta bene-benetan. Bestiak ondo dagoz, baiña beste zeozer dira. Bloga ezin dabe ordezkatu. Gora blogak!

    Eta amaitzeko esan gustora ibili naizela eta holan jarraitzeko asmua dakadala. Zuen laguntziakin! Milla esker, bihotzez! Laztan haundi-haundi bana, ederrok!!!

    Leire Narbaiza 2010/11/21

    Ipadeko esperimentua

    Teklatu barik zer egin daitekeen deskubritu nahi dut.

    Ipad bat opari hartuta eta etxeko ordenagilua hilda, tramankulu berriro honekin zer egin nezakeen deskubritu guran nabil. Atzamarekin jatea oso gustagarria izan litekeen arren, bloga atzamarekin puntak erabiliz kargatzea ez da hain gozoa. Batez ere, fintasun handia behar delako puntu zehatz baten gainean ukitu eta nahi den egiteko. Zaila da zuzenketak egitea, gora-behera egiteko gezirik ez daukalako. Hori bai, makinaz idazten ez dakidanez, tekaltu normal batean neino bizkorrago nabil, eta ustekabe dut akats gutxiago egiten dudala. Oraintxe argazkiak bat kargatzen ahaleginduko naiz.DSCF0016 Ez dakit zer irtengo den;izan ere, HTML-en nabil eta ideiarik ere ez daukat. Asko kostatu zait mezua kargatzeko koadroa zabaltzea. Ezer jakin barik gaitza baita gauzak egitea. Gaurkoz nahiko. Segituko dut informatzen.
    Leire Narbaiza 2010/07/16

    Sustatun kolaboratzaile!

    Sustatu berria abiatu da gaur.

    Duela denboratxo bat Luistxo Fernandez Sustatuko arduradunak komentatu zidan albistegirako zeukan proiektua. Orduan bertan kolaboratzea proposatu zidan. Ni erdi inkonszientea naizenez, eta ezetz esaten ez dakidanez onartu egin nuen. Egia esan, ilusioa egiten zidan. Ohorea ere badela esan dezaket, nigan pentsatzea horrelako gauza baterako, kontuan izanda zer den Sustatu eta zein kolaboratzaile taldek hartuko duen parte.

    Proposamena moda eta jantzi arloan kolaboratzeko izan zen. Moda? Nik? Bai, bai. Ez nengoen oos konbentzituta, baina azkenean belarria jan zidan, eta onartu (esan dut, ez dakit ezetz esaten). Onena, baina, gero etorri zen, gertu-gertuko lagunei eta familiakoei moda-kolaboratzaile izan behar nintzela kontatu nienean etorri zen. Zelako aurpegiak! moda, zuk? Purrustada batzuk ere entzun nituen.

    Badakit oso moderna ez naizena, baina halakorik ez nuen espero. Hain txarto janzten naiz? Hain gustu txarra daukat? Horrek kezkatu egin ninduen, baita momentutxoren baten mindu ere. Hain gualtrapas-a ote naiz? Beharbada bai, eta horregatik proposatu didate atal hau: Zer erantzi.

    Dagoeneko bat agertu da, beste pare bat ere ginda eta gordeta daude argitaratzeko, eta ideiak zientoka. Hala ere, hainbeste jenderengana ailegatuko dela jakiteak ez dakit ez ote dion idazteko erari "puntx" pixka bat kendu... Denborak esango digu.

    Nik, baina, txoko honekin jarraituko dut. Sustatukoa kolaborazioa baino ez da. Hortaz, trakil egon ninteke, jarrai nezake gura dudana egiten (baita txapuzak ere) nirean. "Kalamuatik Txargainera" ez dut abandonatuko, hau delako sorburu eta etxe.

    Ea zelan irteten digun esperientzia berri honek. Espero dut ondo joatea, batez ere beste blogariak kategoriakoak direlako et atalak benetan interesgarriak. Ea ba!

    Leire Narbaiza 2009/09/18

    Begiak ez nekatzeko formula bila

    Gero eta gehiago nekatzen zaizkit begiak ordenagailuaren aurrean.

    Hemen gaude, berriro ere lanean eta abarketa jotzen! Amaitu dira oporrak, atseden egun luzeak eta eguzkitsuak. eguraldia ere petraldu zaigu, rentrée edo vuelta al cole honekin. 

    Beharrera itzuli, eta milaka idazlan eta ariketa on line zuzentzeko! gehi betiko irakurketak! Begiak erre-erreta dauzkat, asko nekatzen zaizkit. Atzo inoiz baino denbora gehiago eman nuen zuzentzen ordenagailuz. Hori dela eta, atzo eta gaur begiak gaizki. Hori lentillarik jartzen ez dudala, jarriz gero akabo!

    Ez dakit zer egin. Letra tamaina handitu egiten dut beti (ez da ikusmen arazoa, miopea naiz eta gertutik ondo ikusten dut),  ez dut segidan ariketa asko zuzentzen, mugitu egiten naiz...baina hala ere, txarto.

    Klase normalekin hasten naizenean, uste dut hobetuko zaizkidala. Baina bitartean zer egin? Baja hartu? Oporretan joan? begiak atera? Ariketarik ez zuzendu? Papera itzuli?

    Pentsatzen dut zuetako askok nik baino ordu gehiago emango dituzuela pantailaren aurrean. Inori gertatze zaio niri gertatzen zaidana? Badaukazue trukurik saihesteko?  Zer egiten duzue? Lagundu, mesedez. Bestela irail hau oso luzea egingo zait!

    Leire Narbaiza 2009/09/03

    Leire Narbaiza Arizmendi

    Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
    Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

     

    egunkaria banner
    udalbiltza banner

    Sustatuko Zer erantzi atala

    Txargaingo tontorretik dakusat

    Anti-gona

    Azken erantzunak
    Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
    Bizitza Jozulin, 2011/12/03
    To be continued... Ander, 2011/12/02
    bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
    Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
    Etiketa lainoa
    Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara