Kalamuatik Txargainera
mariangelesenak
Amantalen ahotsa
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna
Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.
Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.
Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.
Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.
Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea.
Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!
Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!
Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!
Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.
Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…
Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!
Gernika, Txernobil eta kutsadura
Toki bi eta izen bat
Gaur 74 urte bete dira Gernika bonbardatu zutenetik. 74 urte Gernika ez ezik beste hain bat herri bonbez eta suz txikitu zituztenetik, eta ehunka (edo milaka) pertsona hil. Eibar ere, egun batzuk lehenago birrinduta, hartu zuten gaurko egunez 1937an. Sarraski hauen arduradunei eta euren ondorengoei inoiz ez zaie damutu, biktimei barkamenik eskatu ere ez diete egin.
Duela 25 urte Txernobileko zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertu zen. Hemen ere ez dakigu ziur zenbat pertsona hil diren, dena ilun eta ezkutua baita. Dakigun bakarra milaka izan direla, eta oraindik ere biktimak sortzen dituela; izan ere erradiazio maila altua da. Lurra, ura eta landareak daude kutsatuta.
Kutsatuta? Bai, Txernobilen moduan, gure Euskal Herri kontinental honetan kutsadura existitzen da. Pertsona kutsakorrak, zerrendak kutsatzen dituztenak. Zikinak omen. Toxikoak, antza. Eskubide guztien jabe ei dira, baina orban bat daroe, sortzezko bekatua bezalakoa, eta zerrendak ukitze hutsarekin euren lohia eta ugerra itsasten dute.
Nortzuk dira? Gernika, Durango, Elgeta, Elorrio, Otxandio,...eta abarren hondamendien arduradunen ondorengo ideologikoak? Ez. Hauek garbiak eta orbangabeak dira, itxura batean, nahiz eta txarto ez begitandu sarraskiok, eta neurri batean, justifikatu.
Puruak eta aratzak direla esaten badute ere, euren toxikotasun maila handiena dela esango nuke, Fukushimakoarenaren parekoa. Hala ere, eurek dira epaile, eurek dira errefusatzaile, eurek dira baztertzaile, legea nahierara egin dutelako.
Urte barrixari eskatzen detsadana
...eta zuori be opa detsuedana.
Gure amama Mariangelesek jainkuari "fedié, osasuné eta biherrá" eskatzen zetsazen, baitta guri opa be. Beti pentsau izan dot eskaera triste txamarra zala, ez zegualako iñundik iñora be alaittasunik hiruretan: fedia, berandako inportantiena zan, katolika amorratua zalako, eta jainkuangan fedia izan ezkero, dana konponduta zegualako. Osasuna, gaztiagua nintzanian ez neban hain inportantia ikusten, baiña inguruan ikusten dana ikusi eta gero, bere garrantzixakin konturatu naiz. Eta biharra, krisis sasoi honetan ezinbestekua dana badakitt, baiña sufritzeko jaixo giñala emoten dau, "en este valle de lágrimas".
Horregaittik, amaman desiuak tuneau, eta beste hiru gauza eskatuko dittut (baitta zueri opa be): Osasuna, maittasuna eta askatasuna. Nahiko anarko geratu jata, ezta? Baten batek pentsauko dau dirua, biharra eta gauza ekonomikuak nun gelditzen diran. Egon nintzan pentsatzen, eta koklusiño batera aillegau nintzan: libria eta osasuntsua bazara edozein bihar edo rekurso topau leike aurrera egitteko, maitte gaittuen personak izanda inguruan ez jaku inoiz bihar-biharrezkua faltauko. Horretara, hirurak bete ezkero, ekonomia be ez da hain gaizki juango. Hala uste dot nik behintzat.
Ointxe hiru desiuen zergaittixa:
- Osasuna: Ze esango detsuet osasunan gaiñian? Bera barik ez dago ez federik, ez biharrik, ez otxokuartorik!
- Maittasuna: Era guztietako maittasuna, kariñua, afektua. Alde guztietatik: gurasuendandik, seme-alabengandik, famelixatik, lagunengandik, bihotzeko azukre koxkorrangandik.....Berotasuna, goxotasuna eta xamurtasuna. Sexua be bai, jakiña. Dana ona eta negurri barik, maittasuna holakua izan bihar da-eta, negurribakua!
- Askatasuna: Askatu gaittezen. Askatasun totala: lehenengo eta behin, gure burua askatu deigun, beste lotura guztietatik askatzeko. Askatasun soziala, morala, sexuala, mentala, politikua. Libre eta burujabe izan gaittezen, bendekotasunik barik.
Gitxi, ezta? Zuek trankil, 2009xan 2008xan baiño osasuntsuaguak, maittiaguak eta libriaguak bagara, ez da makala izango urte barrixa, horraittiok!
hala bedi, edarrok! Laztan bat!
40
Serratek disko bat dauka “Hace 20 años que tengo 20 años”. Nik ere gaur duela hogei urte, hogei urte bete nituen.
Berrogei urte! Pasada bat da! Kartzela zigor maximoa Espainian! Berrogei ziren Ali Babaren lapurrak, berrogei egun irauten dute kuarentenak eta garizumak. Berrogei urtez ibili zien juduak basamortuan.Duela berrogei urte sortu zen euskara batua. Pragan Udaberria izan zuten, baina Parisen ez zuten adokinen azpian hondartzarik aurkitu
Aurten, berrogei betetzen dugunok asko gara, baby-boom-ekoak garelako. Ez dut oso jende garrantzitsua aurkitu (nire lagunez eta nitaz aparte, jakina!): Céline Dion, Chayanne, Sabrina (boys-boys), Felipe Borbon, Aitana Sanchez Gijon, alejandro Sanz, Carla Bruni…. Urte honetatik aurrera ez dugu gehiago esango hogeita piku urte daukagula…..
Niri gogorra egingo zait hamarkada aldaketa. Depre txikitxo bat daukat, berrogeien krisia. Pentsatzen dudan bakoitzean…
Ez da txarto nagoelako, beharbada hau da nire bizitzako momenturik onena: pertsona orekatuagoa naiz, eta hau asko esatea da oso desorekatua naizelako; nahiko pozik bizi naiz, gauzak hobetu ditzakedan arren; gustuko lana daukat, leku egokian.
Baina edozeinek balantze moduko bat egingo du hona iristean. Amestu eta pentsatutako asmoak bete diren. Heldutasuna zer den edo existitzen ote den, bizitza erdi eman dugu eta. Gainera, andreondako etapa berri baterako atea da: menopausia, mamuz beteriko zonaldea. Ama ez bagara izan, jakin dakigu ia ezinezkoa egingo zaigula ugaltzea behin hona ailegatuta.
Zimurrak ez zaizkit inporta, espero dudalako amama Maria Angelesen kutis kalitatearen laurdena izatea —herentziaren bat izatea ere ez legoke gaizki—, eta buruko zimurrek ardura didatelako. Aspaldi esan zidaten lehenengoz: “Señora, ¿me dice la hora, por favor?”. Ile zuriendako ere aspaldi asmatuta dago zer egin. Ez, zahartze horrek ez dit inporta, gazte asko baino gazteagoa naizelako espirituz. Hogei urte neuzkanean baino gazteagoa naizela esango nuke, gainera! (batek baino gehiago infantila ere banaizela esango du).
Berrogei, nahi barik, konturatu orduko. Uf! Baina gaur nire eguna da, eta ospatu beharra dago, ezta? Ba, hori. Ospatzeko mordoa daukagu! Txin-txin!!
Plastikozko poltsak
Edozein egun haizetsutan gure paisaietako irudirik arruntena izaten da plastikozko poltsa bat (edo batzuk) hegan, Normalean, supermerkatu kate ezagun batekoak. Edozein paraje ezkututara joanda ere, han aurkituko dugu zorioneko plastikozko poltsa, botata. Uholdea izan denean ere, erreka ondoko arboletan milaka poltsa gelditzen dira kateatuta. Eta gure etxeak? Plastikozko poltsaz josita daude merkatuko kolore, forma, kalitate eta tamaina guztiekin.
Gordon Bronwek, Erresuma Batuko lehenengo ministroak eskatu die supermerkatuei poltsak doan ez ematea, horrela gutxituko direlakoan. Frantzian, esate baterako, 2010erako desagertu egingo ei dira dendetatik. Hemen ezinezkoa litzateke horrelakorik, denda txikietan nahiz hipermerkatu handietan nahi baino gehiago ematen baitizkigute, mesede egiten digutelakoan, eskuzabaltasuna erakutsiz. Horregatik, milioika poltsa dauzkagu etxean, produktuko bana, petrolioa kiloka gure erosketetan eta bizitzetan.
Askotan, dendako zoroa sentitzen naiz, azalpena eman beharrean, poltsa etxetik eramaten dudalako, ahal dudanean. Supermerkatuko kobratzaileak automatikoki egiten du edozein gauzatxo poltsan sartu, nahiz eta etxetik ekarritako poltsa erakutsi. Gertatu izan zait esatea “ez dut poltsarik nahi” eta dendaria tematzea, mesede egiten didalakoan: “mujer, ya la usar·s, para echar la basura o algo” nik ezetz, eta berak atzera ere ekin!.
Honekin lotuta, enbalajeak. Badakit aparteko post bat merezi dutela, baina ezin diot tentazioari eutsi. Batez ere harategi/urdaitegi produktuak aipatu behar ditut. Hor poliespan, plastiko, paper eta abarren orgiak ez du akaburik! 100 gramo saltxitxoi eskatu, eta paper-plastiko baten jartzen dute, ondo. Gero film garden batekin batu, eta ostean, toki batzuetan, plastikozko poltsa arruntean sartu. Zer da hori? Eta gazta fresko edo foie-gras zati bat eskatuz gero? Lehengo zatitu, gero bandejatxo zuri nazkagarri horietako batean jarri, ondoren plastikozko film garden horrekin batu, eta beroaren! bidez, itxi. Ostean, jakina, derrigorrezko poltsan sartu. Puaj!!! Jakingo bazenute poliespanezko bandeja zuri hiltzaile horiek ematen didaten higuina! Gainera horrelako produktuentzat eta beroa aplikatuz! Noski, horrelakorik ez jartzeko esaten diedanean martiztar bati bezala, bezero berezitxoa, arraroa. Beti horrelako irribarre bat jartzen didate, esaten moduan: “ondo, ondo. Horrela nahi baduzu, zuk ikusiko duzu zelan alferrik galtzen zaizun Burgosko gazta”. Beti nabarmen gelditu beharra ere, marka da gero!
Lehen esan dudanari jarraituz, Britainia Handiko lehen ministroak eskatutakoari dagoeneko erantzun dio supermerkatu kate erraldoi batek: ez dute jaramonik egingo, baina birziklatzeko guneak eta birziklatzea sustatuko dute. Zoritxarrez, birziklatzea ez da soluzioa, irtenbiderik merkeena eta egokiena poltsa gutxiago erabiltzea da, eta horretarako kobratu behar badira, ondo ikusten dut
Umea nintzenean poltsak kobratu egiten ziren, eta oso ondo zaintzen genituen. Askoz gutxiago zeuden, jakina, eta gure ama eta amamak erosketetarako poltsa edo karrotxoa erabiltzen zituzten. Gogoratzen dut, plastikozko poltsa hori —bost pezeta balio zuena!— ona eta egokia bazen, tolestu eta gorde egiten zela. Zikintzen bazen, urtean pasa eta berrerabili.
Amama Kipuletak egin du berba, baina gauza horietan antzinako kontuak erakutsi behar digute gaur egun nola jokatu, eta ikasi beste era batera ere ibil gintezkeela.
Urte barri-barri
Berandutxo nabillen arren, danori urte ona opa nahi detsuet, antxiñako eran, gure amamak kantatzen zeban eskeko abesti batekin
Urte barri-barri
txarri belarri
dekonak ez dekonari
nik ez dekot eta niri
intxurtxu bet
hiru kastañe
Marimontañe
akillando makillando
Urte barri kallando!
Eta era sentimentalaguan nahi badozue, behian power-point politt hau euskeraz



