Kalamuatik Txargainera
kultureta
Amantalen ahotsa
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna
Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.
Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.
Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.
Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.
Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea.
Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!
Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!
Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!
Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.
Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…
Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!
Hiriburu kulturala
badira egun batzuk bueltak darabildala gai hau buruan.
Hasteko esan beharra daukat makro izendapen hauei beti usan txarra hartzen diedala, sarritan megalomania eta eskaparatismoaren sinonimoak baino ez direlako, batzuei argazkian irteteko aukera ematen dielako, eta betikoa betiko moduan izaten segitzeko direlako. Diru larregi, proiektu handiegiak eta kaleko jendearendako etekin gutxiegi. Azalutsendako aparteko egokiera. Eta sarri, negozio ez oso garbiak estaltzeko.
Facebookeko nire lagun batek horrela azaldu du goiko paragrafoan esan dudana.
Hala ere, (galtzaile txar batzuen kasketaldiak kasketaldi) Donostiari eman diotenez, ondo aprobetxatu behar dela uste dut. Gainera, aukera paregabea dela pentsatzen dut gauzak ganoraz egiteko, aurreragorako ere hazia erein eta benetako kultura loratzeko.
Esan beharra daukat hiriburutasun hori eman ziotenean asko kezkatu nintzela; izan ere, telebistakoak kalera irten zirenean eta jendeari galdetu ziotenean, denek esaten zuten: oso ondo, gure hiria hain da ederra, hain ondo jaten da, gure pintxoak...... Barkatu? Ez jaun-andreok, hori ez da kultura! Ai, azalean geratzeko arriskua, atzera ere!
Hori da arazoa, kultura saldu beharrean, turismoa saltzen dela, dena nahaspilan. Eta hori ez da helburua, turistendako kultura egitea. Kultura bertakoendako sortu behar da. Sortu eta eragin. Ikusle eta sortzaile izateko. Izan ere, beti esan izan da Donostia ikusle hiria zela: suei begiratzea izozkia janez......
Espektakuluen kultura ere nik ez dut gogoko, ezta makro, super, hiper-kultura ere. Maite ditut espektakuluak ikustea, maisu-lanak bisitatzea, ikusle izatea. Hala ere, Guggenheim kultura makro-kontzertuen kultura huts-hutsean, hutsala begitantzen zait. Nahiago dut herritarrak kulturizatzea, sortzaile bihurtzea, artistei laguntzea, imajinazioa eta sormena sustatzea. Kultura baino, herri kultua nahiago.
Zelan lortu liteke hori? Ez dakit oso ondo, baina hezkuntza bidez egin litekeela deritzot. Komunikabideek ere lagun lezakete langintza honetan, erakargarri bihurtzeko. Konturatu zarete inoiz nola tratatzen den telebistan irakurtzea edo museoak bisitatzea? Aspergarria balitz bezala, interesik edukiko ez balu moduan. Zenbat kalte egiten ari diren!
Argi daukat gauza txikiek eragin lezaketela, sortzaileei laguntzeko unean eta Kukutza gaztetxea bezalako mugimenduan eta taldeak babestu beharko liratekeela, ez euren kontra jo; horrelakoek kultura aterpetu eta babesten dutelako, era xumean, baina jendearengandik gertuen, eta era merkean, gainera!
Kultura ez ezik jende kultua ere lortu gura nuela aitatu dut goraxeago. Zer da, bada, sortzaile mordoa inguru barik? Norbaitek galdetuko du zer esan nahi nuen horrekin, zer den jendarte kultua, norbanako kultua. Ez da handiuste, larjakin, txirriporro, kanpaitsu eta pedantez betetako herria; musika, antzerki, liburu, pintura, eskultura eta abarrez disfrutatzeko gai diren pertsonez osatutako gizartea baizik. Horretarako herri txiki bat har genezake eredu: Eslovenia
Helburu handia, ezta? Dena den, geldiro eta ganoraz egin litekeelakoan nago, eta horretarako aprobetxatu beharko genuke geroan inbertitzeko, eta ez sei hilabete hutsetan.
Beste gauzatxo bat ere gustura hartuko nuke: kultura olatua Donostiaz gaindi pasatzea eta olatua baino tsunamia izatea, gutxienez, Gipuzkoa osora ailegatzeko, Elena Lakak ondotxo esan duen moduan bere blogean, mugalariok ere eskubidea badaukagu eta!
Gehiegi eskatzen diodala kultura hiriburuari? Beharbada bai, baina horrela izan behar da, ala ez?
Euskal literaturaren arrakastaz
Facebookeko elkarrizketa baten ondorioa da hau.
Atzo Berrian Pako Aristik idatzitako artikulu bat jarri dut Facebook-en. Bertako gauza batzuekin nahiko konforme nengoelako jarri dut esteka. Idazleak zioen euskal literatura itzuliak ez zeukala arrakastarik Espainian, eta zergati batzuk ematen zituen. Batzuekin ez nago ados, baina pentsarazi egin dit.
Jarri eta berehala, erantzuna izan dut. Horrela, buelta pare bat eman dizkiot gaiari, eta aurretik pentsatzen nuena berrelaboratu egin dut; izan ere, hainbatetan erabili dut gaia buruan. Gaia eta hari darizkion izpiak, nire ustez luzeak eta korapilatsuak.
Irakurle porrokatua naizen aldetik, argi diot edozeinen aurrean euskaraz argitaratzen diren liburu dezentek gaztelaniaz argitaratzen direnek adinako kalitatea daukate. Proportzioan, jakina, euskaraz askoz gutxiago argitaratzen baita. Baieztatu egiten dut ingelesetiko itzulpen askok besteko kalitatea daukatela hainbat euskal liburuk. Amaitu da "Euskaraz edozer argitaratzen da", gaztelaniaz ere makinatxo liburu ez-jangarriak irakurri baitut nik. Txerri jatekoak. Lehenengo ingelesez argitaratu, eta ondorik gaztelaniaz. Larregi eta idazti txarregiak plazaratzen dira egunero.
Horregatik harritu izan nau beti euskal idazleen nobela onak zein oihartzun txikia daukaten Espainian, gure inguruko erdaldunen artean. Ez dakit Aristik esaten duena horren arrazoia den, baina nire ustez, gako bi daude: batetik, gehiegi argitaratzen dela, eta mare magnum horretan lan horiek galdu egiten direla. Eta bestetik, promozio falta ikaragarria.
Noiz ikusi dugu euskal idazle itzuli bat telebistan liburua promozionatzen? Nik bakarra: Kirmen Uribe Buenafuenteren programan (ez du lagatzen bideoa txertatzen). Baina horrelako promozioak ez ditu idazleak antolatzen, argitaletxeak baizik. Hortaz, nire ustez horiek dute erru zati handiena. ulertzen ez dudana, euren inbertsioa berreskuratzeko, behintzat.
Egia esateko, Aristiri arrazoi parte bat ere onartu behar diot. Espainian euskara, kasurik onenetan bitxikeria arkaiko bat da, gu burugogorrok, kontserbatzen tematzen garena. Gauza interesgarri gutxi, hortaz.
Ez dakit nola ikusten duzuen, baina hariari tiraka egiteko badago nahikoa mataza, eta hurrengo egunetan jarraitzeko asmoa badaukat.
1.01
Dantzaz konpainiaren ikuskizuna.
Barixakuan Dantzaz Konpainiaren ikuskizuna ikusten izan ginen Eibarko Koliseon. Antzokia ez zegoen beteta, eta ume askotxo zegoen, nire gusturako; izan ere, mugitzen ibili ziren ia ikuskizun guztian zehar. Ez dut gaizki ikusten umeak horrelakoetara eramatea, pentsatzen dut ona dela. Baina dantza espektakuluetan sarri nabil hori ikusten. Badirudi umeendako gauza dela, edo nagusiek umeen aitzakia behar dutela, ez dakit.
Songeur koreografiarekin hasi ziren. Sinpatikoa, umoretsua. Hiru dantzari gizonezko ikaragarri ondo dantza egiten. Ameslariak, eurek ez dakit, gu bai!
Ikuskizuna lau atalek osotzen dute: Sogeurs, Ballet 101, Björk duets eta Torque. Laurak oso desberdinak, bai koreografia, bai musika aldetik. Niri neuri gehien Ballet 101 gustatu zitzaidan. Atal honetan dantzari bakar batek balleteko oinarrizko posizioekin egiten du dantza, off-eko ahots baten aginduei jarraituta.
Björk duets-en Björk kantari islandiarraren musikan oinarritzen da koreografia. Ni ez naiz oso Björk zalea; beraz, hain gustukoa ez nuen izan. Dena dela, bikoteka egindako lana, lortutako espresibitatea, ikaragarria iruditu zitzaidan.
Torque-ko eszenografia hutsa eta latza da. Eszenarioa inongo teloirik barik. Musika ere, zarata hasieran, zorrotza, industriala. Ez nengoen konbentzituta, baina azken zatiak aho bete hagin laga ninduen, batez ere erdian zegoen bikoteak. Zoragarria izan zen dantzan egin zutena! Ederra benetan!
Zerbait ikusi nahi baduzue, hona hemen bideoa
Gazteendako konpainia profesionala da Dantzaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duena. Diru oso ondo inbertitua, benetan. Bazen ordua horrelako gauzetan gastatzeko, benetan!
Gehituta: Post hau agertu eta ordu batzuetara Dantzan.com -en Tokiko tv-ren bideo bat agertu da, Dantzaz konpainiaren nondik norako azaltzen duena. Interesgarria da oso. Horregatik behean txertatu dut. On egin!
"Magifique"
"Ballet de Biarritz"-ena.
Duela domeka bi Victoria Eugenian izan nintzen "Magifique" Ballet de Biarritzen dantza emanaldia ikusten. Txaikovskiren musika oinarri hartuta Thierry Malandain-ek koreografia ikuskizuna sortu du. Ni nahiko analfabetoa naiz musika arloan, eta Txaikovskiren pieza batzuk ezagutua arren, ez nekien denak berarenak zirenik. Guztiak ezagun-ezagunak, ederrak.
Hirugarren lerroan izan ginen, luxua, dantzariak nola izerditzen ziren ere ikusten genuen eta. Beraiek izerdia bota zeren guk itzelezko hotza pasa baikenuen. Odonek berogailuan ere murrizketak jarri dituela dirudi. Baina lartxo izan zen. Batzuek txamarra erantzi ere ez zuten egin. Ondo dago berogailua kentzea dantzariak asten direnean, baina ordu erdi lehenago itzalita izatea! Gehiegi.
Harira! Hasieran, egia esan behar badut, kostatu egin zitzaidan espektakuluan sartzea, ez zidan ezer transmititzen, baina aurrera egin ahala aldatu egin zen. Indarra hartzen hasi eta gorantza! Nola egiten duten dantza, ikaragarria da. Gainera, beste hainbat balletetan dantzariek dauzkaten irribarreak faltsuak dira. Hauenak naturalagoak dira. Ez diot euren aurpegiko keinua irribarre normala zenik, dena oso ondo estudiatuta egoten baita, baina bai oso ondo entseatuta, eta sinisgarria ematen du.
Obrak espontaneotasunetik ere badauka. Freskoa dela esango nuke, gaztaroaren zorakeriatik ere baduela uste dut. edo behintzat nik hori ulertu nuen.
Zelako gorputzak! Mutilenak! Neskenak ez dira nire gustukoak, beharbada beste tipo bat gehiago gustatzen zait. Baina gizonezkoak....itzelak! Zenbat gihar! Zelako txokolate tabletak! Eta ipurdiak? Biribilak eta gogorrak! Nahiko lukete gimnasiotan dabiltzan hainbatek horrelako itxura izatea! Dena bere lekuan, koipe gramorik barik, kruasan itxura gabe...Nork esan du dantza ez dela maskulinoa?
Dibagazio estetiko hauek alde batera lagata, esan nahi dut ez dugula nahikoa baloratzen etxean zer daukagun. Ballet zalea naizen arren, ez dut ezagutzarik horretan. Dena den, behin baino gehiagotan ikusita talde hau eta beste batzuekin konparatuta, esan nezake oso maila oneko konpainia dela, dena ematen duena eszenarioan. Euskal Herrikoa da, baina ez diogu daukan garrantzia ematen.
Oso gustura irten ginen. Izoztuta baina pozik. Hala ere, tutudun eta maila zuridun ballet klasiko bat, orkestra eta guzti, ikusteko gogoarekin jarraitzen dut. Etorriko da hori ere!
Aurtengo azoka
Zelan laga aurten azokako errepasoa egin barik?
Aurten egun bitan joan naiz Durangoko liburu eta disko azokara. Zapatuan eta domekan. Baten beharrera, badiharduguko stand-en txanda egiten; bestean lagunekin elkartzera. Izan ere, Durangon urtero hitzordua daukagu, aspaldi baten egina, eraginkorra gutxienez urtean behin batzeko balio digulako.
Asko guztatzen zaizkit feria egunak. Disfrutatu egiten dutpasio bik bat egiten dutelako: liburuek eta lagunek. Postu artean hurrengo hileetako irakurketan ikusten ditut lehenengoz, baita irakurritako liburu kutunak eta bereziak ere. Maitasun ezkutuan nonahi, liburu forman.
Lagun, ezagun, maiteak edonon. Sorpresa atseginak nahibeste. Laztanak eta besarkadak ugari (erakusmahaia erdian geratzen ez bada, behintzat). Hala ere, beti falta zaigu baten bat, bereziki (hinbat motiborengatik) ikusi nahiko genukena, baina agertzen ez dena. Hari/haiei ere musuri handiena eman nahiko nioke/nieke, ziber-musua baino ez bada ere. MUN!!!
Hain gozagarria izanda ere, hausnartzeko balio izaten digu, batez ere aurtengoak. Alde batetik, uste dut birplanteatu egin beharko liratekeela hainbat gauza, hainbat produktu erdaldunen salmenta. Kanpora tema vasco delakoa. Nik neuk ez neuke lagako erdarazko produkturik saltzen. Bai, erradikala izango naiz, talibana. Berdin zait. Horiek edonon aurki litezke, azokan euskarazkoak baino ez nituzke jarriko. Kitto!
Bestetik aurtengo beherakada. Itzela izan da, batez ere asteburuan. Ez zen ia inor ibili, eta saldu....ikaragarria! Beldurgarria izan da salmenten jaitsiera!! Krisia izango da, EREak, pasaotismoa, ez dakit, baina Durangorako bonbardaketa (ez Durangoko bonbardaketa) zelanbait murriztu egingo nuke, beharbada feria bi antolatuta, abenduan eta ekainean, adibidez. Horrela, argitaletxeen Durangoko monokultiboko uzta, murriztu baina bikoiztu egingo litzateke. Beraz, kultura kontsumitzaileoi ez genuke urteko gose erdi asetu hori izango. Eta Gabon aurreko betekada hau saihestu egingo genuke.
Erdi gose eta enpatxatu bizi gara euskarazko liburuak irakurtzen dugunok, pobreen moduan: Ahal denean jan errementatu arte; eta urte osoan ahal den moduan elikatu, izozkailuko tuper-ak ateratzen!
Badiharduguko standa.El Cascanueces
Dantza emanaldian izan nintzen Gabonetan
Dantza asko gustatzen zait, txikitatik. Bai egiteko, bai ikusteko. Ahal dudan guztietan joaten naiz ikuskizunen batera. Baina beti euskal dantzak edo dantza garaikidea ikusi izan dut, eta aspaldian neukan gogoa ballet klasiko bat ikusteko, tutua darabilten dantzariekin eta malladun printzearekin.
Horregatik "El Cascanueces" Txaikovskiren lana Bilbon, Euskaldunan hain zuzen ere, zegoela jakin nuenean, sarrera bi erosi nituen, zirt-zart. Amaren urtebetetzeko oparia egiteko oso ondo zetozkidan: txori bi harri batekin!
Joan ginen igande horretan Euskaldunara. Askotan izan naiz bertan, baina beti beheko aretoetan, biltzarretan-eta. Sekula, baina, areto nagusian egon barik. Eta haluzinatu egin nuen. Zein ederra den! Telebistan ikusita neukan, baina zuzenean itzela begitandu zitzaidan! Oso-oso polita!
Justu-justuan iritsi ginen, Biboko domeka arratsaldeko ataskoak ez nituen kontuan hartu-eta. Jesarri eta hasi egin zen, komunera joateko astirik ere ez zigun eman. Argia itzali, eta hasi zen ikuskizuna. Hor ere gure lehenengo dezepzioa: musika grabatua zen. Ez dakit orkestra oso espero nuen, baina ez behintzat musika grabatua.
Dantzaldia aurrera egin ahala, konturatu nintzen dantza taldea (cuerpo de baile nahi dut esan, baina ez dut inon aurkitzen); hau da, dantzari protagonisten atzean dantzan egiten duten dantzariak, sinkronizazio gutxi zutela; batzuk besoa jaisten ari zirenean, pare batek igotzen. Ilarak nahiko desordenatuta, batera gauza gutxi egiten zituzten. Pentsatzen dut entsaio asko falta zela, eta gainera dantzariren bat ez zela besteen mailakoa....
Gaiztoa naizela esango duzue, baina dezepzionatuta geratu nintzen. Eta ezin dezaket esan disfrutatu ez nuenik. Hala ere, uste dut horrelako propaganda egin zaion ebentoak kalitate handiagoa izan zezakeela. Sarrerak merkeak ez ziren horratio!
Gainera esan behar dut hartzeko zegoen triptikoan; hau da Gabonetako ikuskizunak iragartzen zituena, erdera hutsean zegoela. Euskarazko berba bakarrak "Euskalduna" edo "Euskalduna jauregia " ziren, eta euskaraz egiten zuten bakarrak, gu. Oso giro arraroa eta arrotza.
Azken batean, esan behar dut disfrutatu nuela, lekuagatik, giroagatik, dantzari batzuengatik. Baina ahoan laga zidan gustua gazi-gozoa izan zen. Beharbada, beste ikuskizun batzuekin, teorian apalagoak zirenekin, gehiago disfrutatu dut, antzoki txikiago eta xumeagotan, oso urrun joan gabe. Eta euskaraz!
Dena den, nahiko nuke ikusi orkestradun balleta, tutu eta tularekin, klasikoetan klasikoena. Dantzariak puntetan ia ikuskizun guztian, eta koroitxoekin buru gainean. A! Eta printzea malla zuriekin jantzita!
Egun betea, egun berezia
Ostirala egun berezia izan zen niretako. Hainbat gauza egin nituen, eta guztiak oso desberdinak. Gainera, eibartarrak posta-zerrendak hamar urte bete zituen.
Bai, halaxe etorri zitzaigun ostirala, nahasia eta oparoa, oso gustukoa dudan egun horietako bat; baina oso noizean behin egiteko, jakina. Ederrak direlako, baina oso nekagarriak.
Hilaren 18an eibartarrak posta-zerrendak hamar urte egin zituen. Egun horretan bertan ere, berrogei urte bete ziren Toribio Etxebarria hil zela. Batzuetan kointzidentziak bereziak dira oso, baina ez hutsak. Arrateko amak kudeatzen gaitu, baina Toribio da gure patroia.

Lanera goizean joan nintzen. Lauretarako Codesyntasexen egon behar
genuen GPSrako ahotsak jarri behar genituelako. Bertan sartu eta
estudio bat muntatuta zeukaten:mikrofonoa, aurrean grabatzeko
erabiltzen den horrelako “erraketa” bat, eta pantaila bat, Ikeako sofa
batekin egina! Lan eta lan jardun ondoren, pare bat ordutan itzulpenak
eta grabazioak eginda geneuzkan.
Denoi, baina “we are the world” kantatzeko gogoa eman zigun, baina Jatsu oso tekniko arduratsuak, ez zigun musikarik jarri karaokerako. Enfin, oraintxe, aukera duzu Finlandiaraino joateko Iturrirekin, adibidez. Edo eibarreraz….Hori bai, bidez konfundituz gero, guri errietarik ez!
Ostean, Elgetara joan ginen “Gainsbourg gainbegiratuz” zegoelako “Espaloia” kafe-antzokian. Betiko moduan, bertan etxean bezala. Hurrengo baten, baina, kantatu egingo dut, aviso! eta hirurak baino lehen!
Zer esan, baina bertan entzundakoaz? Hamahiru euro ordaintzea bajera bateko entsegurako…Pena, proiektua ona eta interesgarria delako, eta euretako asko oso artista onak direlako. Hurrengorako entsaiatuko ahal dute!
Dena den, diskoa oso ondo dagoela esan du Iturrik. Neuk ere kantu bat entzuteko aukera izan dut eta ederto dagoela iruditu zait.
Osteko egonaldia Espaloian primerakoa izan zen, barre eta berba egin genuen, gustura egon, etxean bezala. Toki berezia da benetan Espaloia. Hurrengoan ere joateko moduan, hori bai alkoholemia kontrol barik! a, eta eskerrik asko. Elenari etxera ekarri ninduelako.
"Gorda" antzezlana
Barixakuan konbidau ninduen "Gorda" antzezlana ikustera, unibersidade laboralian, antzerki jardunaldixen barruan.
Zenbat urte Eibarko antzerki jardunaldixetan egon barik! Eta hori teatrua gasko guztatzen jatala. Baiña batetik, nere kabaretera ordutegixak; eta bestetik, sarrerak lortzia hain da gatxa! Hori dala eta izango dira bost urtetik gora ez naizela bertara juan. Azntzezlan horretara juan nintzan amak sarrera bi zittualako, eta neri esan zestan juateko. Bestela aurten be ez.
Egixa esan, erostera juan ezkero, nik ez neuke holako obra bat aukeratuko, aktoriak hain ezagunak izanda, telebisiñotik gaiñera.Holakuak beti atzeradia egin izan deste. Bai, badakitt oso snoba naizena, bai. Eta? Badakitt jakin, jentiari orokorrian hórrek lanok emoten detsela atentziñua. Baiña neri neuri, justu kontrara.
Bertara juan eta tout Eibar zeguan! Ze zan ha! Eibarreses de toda la vida! Nere lagun batzuek esaten daben moduan, eibarrinos varios! Beraz, fauna eta flora.
Antzezlana ez jatan asko gustau. Luis Merlo bai, baiña andrazko bixak, ez larregi. Funtziñua luziegixa egin jatan, eta hori gertau ezkero, seiñale txarra! Momentu eta egoera batzuk onak ziran, baiña behin baiño gehixagotan begiratu netsan erlojuari. Akto baten aspertu be egin nintzan.
Dana dala, gitxien-gitxien ikuslien jarreria gustau jatan. Antzokixa gaiñezka zeguan eta kriston berua egitten zenban. Jentia berriketa baten zebillen hasieran, latak zabaltzen! ni flipauta neguan!
Beste gauza bat be esango dot, eta ezagutzen naben guztiak be esango dabe: barre errezekua naiz, eta gaiñera barre algarak errez urtetzen deste. Halan da be, lan horretan neretako asko jota irribarria zana, jentia barrez lehertzen zeguan. Predispueto etorri ziran, gero! Iñaki Miramonek ahua zabaldu, eta algarak! Gure illaran, danak hotz. Pentsatze dot askok "Aquí no hay quien viva" eukiko zeban buruan, bestela ez dot aitzen.
Algara hórrek oso deseroso sentidu eragitten zesten; lehen be esan dot, oso snoba naizela, ze egingo detsagu, ba? Seguru beste toki baten, txikixagua, eta nere modoko snobekin, gehixago disfrutauko neuken, zigur!
Ezin da hain sibaritia izan!
Grönholm metodoa
Zapatu honetan Durangoko San Agustin aretoan ikusi dugu antzezlan hau. Tiketak aurrez hartuta, bigarren ilaran tokatu zitzaigun egotea. Hain gertutik ikustea bentan itzela da, aktoreeki taula gainean geundela zirudien, bentan sartuta ikuskizunean
Txalo produkzioak egindako lana, lau aktoreduna: Itziar Ortuño, Asier Hormaza, Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza. Azkeneko hirurak mila tokitan eta mila gauza desberdin egiten ikusi ditugu, eta askotan ez dugu pentsatzen zein onak diren. Sarritan badirudi ez dagoela aktore gehiago, onak zein txarrak izan. Eta antzerki honetan erakusten dute benetan onak direla, bikainak.
Lana ere oso ona begitandu zitzaigun, sakona eta umoreduna. Oso pozik irten ginen, edozeini gomendatzekoa baita eskaintzen duten espektakulua. Gustura irten ginen.
Lanaren itzulpena ere gustatu zitzaigun, itzultzeaz gain egokitzapena ere badelako, eta hori ez da hain sarri ikusten. Horrelako xehetasunek publikoa hurbiltzen dute, eta beste aire bat ematen diote antzezlanari.
Ahal baduzue, joan zaitezte ikustera, merezi du-eta. Eibarren martxoaren 5ean.
San Andrés de Eibar
Barixakuan liburan aurkezpenian egon nintzan, San Andres elizan bertan. Liburu edarra, erretratuz beteta.
Berandu aillegan nintzan arren ixa ekitaldi osua ikusi eta entzun neban. "Marko inkonparable" horretan ixa edozer da ederra. Azpixan ekitaldixan irudi bat, nere bankutik edo hartuta.
Gaztienetakua izango nintzan. Aurreratxuago neskatilla batzuk zeguazen, baiña ixa danak berrogeta hamar urtetik gorakuak. Bestiondako ez ete da interesgarrixa herrixan dakagun artelan bakarrenetakua
Mezetara juaten nintzanian askotan begiratzen gelditzen nintzan erretaulari. Itzela pentsau jata beti. egixa esan, urrunetik ez dira hain ondo apreziatzen dittuan biharrak.
Beti galdetu detsat nere buruari zelan ete daguan lotuta hormara ez jausteko, haiñ haundixa izanda. Eta gehixenetan hausnartu dot garbiketan gaiñian. Zenbat hauts eukiko ete dauan goiko edozein irudik; ez dot uste iñr goraiño igoko dabenik hautsa kentzera. Hala bada, nere rekonozimendu osua daka, sekulako lana izan bihar da eta.
Bada ordua eibartarrok gure patrimoniuan kontzientzixa hartzeko. Gauza gitxi dakaguz, baiña joia bat edo beste be bai. Igual honek lagunduko dau horren arduria egitteko eta zaintzeko premiñia edukitzeko.
Hala bedi!
Gehixago jakin nahi izan ezkero, hona hemen egoibarraren webgunia http://www.egoibarra.com/Egoibarra/Hitzaldiak/satur_pena_sanandres









