Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera jaixak

Kalamuatik Txargainera

jaixak

Aurrea hartzearen gizartea

Gure gizarteak antizipazioa du helburu.

Zapatu goiz-eguerdi askotan bezala, errekaduak egitera joan naiz auzoko supermerkatura. Bueltaka nenbilela hara non topatzen dudan sanblas opilak saltzen. Sanblasak orain? pentsatu dut, otsailaren 5ean da, barren! Baina segituan konturatu naiz Gabonetako turroiak-eta urriaren erdi aldean jarri zituztela, jaiak baino hilabete luze bi baino gehiago! Buruan iltzatuta geratu zait, eta bertatik irtetean, ondoko "dena ehunean" dendan Aratusteetako jantziak ikusi ditut erakuts-leihoan. Hilabete eta erdi falta da!

Askotan sentitzen dut gure gizartean momentua bizi beharrean etorkizuna bizi dugula, orainean egon beharrean geroan gaudela. Adibidez, euskaltegiko klaseetan ikusten dut sarritan, ikasle batzuk amaitu baino 15 minutu lehenago hasten dira urduri jartzen, jasotzen ia-ia, aulkian erdizka jesarrita, hanka bat luzatuta eta jaikitzeko prest. Ikasle horiek gorputza gelan dute, baina burua dagoeneko, ez. Alferrik da ezer esatea, ez dute ezer barneratuko; izan ere, euren burua hurrengo aktibitatean daukate.

Tristea dela esango nuke, tarte horietan pertsona horiek ez daudelako inon, eta ezin dute egoera bataz ez besteaz disfrutatu (ez aprobetxatu, euren bizitzetan berba nagusia: aprobetxatu!). Gure amamaren (eta bere belaunaldiko andreen) tiraderaz gogoratu naiz, eta barruan gordetzen zituen kamisoi eta barruko arropa dotore eta berriaz, sekula erabiltzen ez zuena, ospitalera eroateko zelako, badaezpada ere gordeta. Edota pasta-kaxa hura beti egoten zena etxean, inoiz inor bisitan baletor, ateratzeko. Inoiz ez zena erabiltzen, eta zabalduz gero, iraungita zegoena…

Halako zenbat? Udako oporren planifikazioa Gabonetan, ezkontzen datak urte bi lehenago, kontzertu sarrerak sei hilabete aurretik salgai, haurtzaindegian umea apuntatu jaio baino lehen… zelako azelerazioa, aurreikuspena, planifikazioa,… Bizitza erdi planak egiten, aurrea hartzen, jakin barik etorkizunak zer ekarriko digun.

Ez dut esango ezer ez denik aurreikusi behar, planifikatu eta antolatu. Aurrea hartu behar zaio denari, baina hainbeste? Esango nuke "Txitxarra eta txindurria" fabula oso sartuta daukagula buruan, ez dakit zeren edo noren interesetan. Dena den, pentsaera hori zabaltzeaz arduratu direnak, esango nuke, etorkizunik ez balego bezala jokatu dutela. Nortzuek? Gobernatzen gaituztenek, gu etorkizunaren pean uztartu, zamatu eta kateatu gaituzte; eta eurek biharko egunik existituko ez balitz legez, xahutu dituzte denon diru eta ondasunak. 

Arrazoiak arrazoi, nire iritziz, askoz zoriontsuago biziko ginateke gutxiago planifikatu eta gutxiago arduratuko bagina datorren urteaz, eta gehiago ahaleginduko bagina momentua, orain aldia bizitzen eta disfrutatzen. Beraz, erlaxa gaitezen eta carpe diem!

Leire Narbaiza 2012/01/22

Jai bako jai-egun bateko nostalgixia

Jaiki barrittako burutaziñuak

Atzokuan, Eibarren San andres eguna ospatu zan. Egun berezixa eta oso politta izaten da eibartarrondako, disfrutatzeko aukeria izaten badogu, behintzat. Nik Ermuan egitten dodanez bihar, goiz eta arratsaldez, gaiñera, ezin!

Horregaittik, jaiki nintzanian triste samar nenguan, pipartuta esatiak hobeto definuduko leuke zer sentitzen neban. 

Betiko moduan, armosau eta goizeko harrikua egitten nenbillena, bentanatik begiratu eta hara nun ikusten dodan bikote bat despeditzen! Zelako inbidixia! Alkarreri lotuta, laztan luze batekin agur esaten. Begira geratu nintxakuen, pijamia eta albornoza jantzitta, katillua eskuetan. Ikusi izan banindue, andra bat kuxkuxian zeukela pentsauko zeben, auzoko autubatzaillia. Okertu egingo ziran!

Kuartora bidian, hasperen bat egin eta inbidixian arrazoiak aztertu nittuan: parrandarako aukeria izan zeben (nik izan ez nebana biharragaittik): Gaupasa eginda zeguazen (ondo pasau zeben seiñale). Eta ebidentia zana, "triunfau" egin zeben (musu luzia lekuko).

Ni, ostera, txiri-txiri goizeroko errutiniari jarraittuta, etxeko eskapiñak arrastaka, komunera ábixau nintzan, egunari ekitzeko, burua nostagixaz beteta, marmarrez!

Ez nekixan, baiña, egunak gauza polittak ekarriko zestazenik…

Leire Narbaiza 2011/12/02

Jai egunak

Estatutuaren egunean jairik egin duzue?

Nik bai. Jai egin dut. Tira, jai izan dut, desberdina da eta. Joan nintekeen lanera, baina ezin izango nuen errekuperatu. Horretarako etxean hobeto! Lau egun jai izan ditugu, gainera.

Urriaren 12tik urtero errepikatzen dena: jai espainolik ez! Ados nago. Baina jai katolikoei bai? Bizitza guztian hartu ditugun aitzakiaz, horien kontra ez du inork ezer esaten. Hala ere, ez dira bizitza guztikoak, hauek ere aldatu dituztelako; izan ere, hainbat kendu digute, Korpusa, esate baterako. Ez dugula ezer ospatzeko ere badiote. Egia esateko, ospatu, nik ez dut ia bat bera ere ospatzen. Ez naiz lanera joaten eta kitto! Igandeak jendeak ospatu egiten ditu, ala? Edo Aste Santua? tira, tira.

Jai katolikoek gure bizitza gobernatzeari ez deritzot ondo. Gabonak dauzkagu, gero Aste Santua. Gabonak beti egun bertsuetan dira, baina Aste Santua? Ilargiaren araberako jaia da! Iaz oso berandu izan zen eta bigarren hiruhilekoa amaiezina egin zitzaigun; eta hirugarrena, ostera, bat-batean pasatu.

Aurrekoaz gain, txarto ikusten dut jai guztiak udazkenean pilatuta agertzea (gutxienez EAEn): urriaren 12 eta 25 jai, azaroaren 1ean jai eta abenduaren 6 eta 8 jai. Ostean, Gabonak. Erritmoa hartu ezinda. Gabonak pasa eta gero, ez dago jairik Aste Santura arte. Gero maiatzaren 1a. Ondorik, udako oporrak. Nongo buruan sartzen da banaketa hau?

Hala eta guztiz ere, euskaldunak edo gureak jartzekotan ez nuke jakingo noiz eta zeintzuk jarri. Laiko eta euskaldun, zaila delako. Argi daukat maiatzaren 1a salbatuko nukeela, baina bestela… Solstizioak, beharbada, Sanjuan eta Gabonak, birbataiatutako jai zaharrak direlako? Agian! Baina bestela, zeintzuk?

Hau argitu bitartean, egutegia gorri dagoenean egingo dut jai, begiratu barik zer etiketa daroan. Bestela egin ezean ez dit-eta inork eskertuko; ezta neure buruak ere.

Leire Narbaiza 2011/10/25

Futbolkrazia eta despotismoa

Gaur egungo gaitz bi.

Maiatzeko asteburuak oso konplikatuak izaten dira, denetatik izaten baitugu. Badirudi uda baino lehen mundua amaituko zaigula, eta elkarte, lagun-talde eta eskolek jaiz et ebentoz betetzen digute aisialdia. begira bestela Asier Sarasuak zelakoa izan duen maiatza

Antza denez, futbol txapelketa ia guztiak ere maiatzean amaitzen dira, edo amaitzear daude. Hori dela eta, partida pilo bat ematen dituzte telebistan eta egunkariek hil ala bizko dueluez hitz egiten digute; eta mendeko matchak jotzen dira asteburu baten bai, bestean ere bai.

Ez litzateke hain txarra izango futbola aitzakia hutsa ez balitz, edo foballa (Eibarren esaten diogun moduan) zikina estaltzen duen tapiza bihurtuko ez balute: arazoak badaude, erratza erabili eta futbol-alfonbrapean ezkutatu.

Asteburu honetan horren adibide bi izan ditugu, bata Bartzelonan, bestea Eibarren. Bartzelonan Champions-aren aitzakian, Katalunia plazan zeuden suminduak botatzeko euren eskuetan zeukaten indar guztiarekin. Eskusa ezin hobea nahi zutena egiteko. Zorionez, plazara itzuli ziren hurrengo egunean bertan.

Eibarren ere despotismoa erabili da fulbolkraziaren loriarako. Asteburuan 46. Euskal Jaia ospatu dugu (ondo diot ospatu, disfrutatzeko festa delako). Horretarako Untzaga plazaren alde biak erabiltzen ditugu jaia herriaren bihotzean egon behar delako, nahiz eta karpa jartzea askori ez gustatu. Dantzak harmailen aldean egiten dira, eta karpa udaletxe aldean jartzen da. Aurten Eibar futbol taldearen partida ere bazen larunbat arratsaldean, eta posiblea zen 2. mailara igotzea, eta jokalariei ongietorria egitea Untzagan.

Hori dela eta, alkatearen idazkariak astelehenean deitu zien Klub Deportibokoei (Euskal Jaiko antolatzaileak) batzar bat egiteko, eta bertan plazak trukatzea proposatu zien. Batzordekoek bilera egin ondoren, idatzi bat prestatu zuten alkatearendako, txarto iruditzen zaiela aldaketa esateko, eta trukatu barik ere, jai biak konbinatu zitezkeela. Horretarako, bestelako proposamenak ere egin ziren. Desadostasuna ere adierazi zioten, eta bere esku laga erabakia. Hori guztia, asteartean izan zen.

Asteazken eguerdian alkatearen idazkariak esan zien ahoz erabakia plazak trukatzea zela, eta idatziz ere jasoko zutela erantzuna. Komisiokoek S. D. Eibarko presidente eta direktibo batekin hitz egin zuten egindako gestio guztien berri emateko. Ostegun goizean etorri zen alkatearen erantzun definitiboa idatziz: alkatearen dekretua! Nik diodalako, nik nahi dudana egingo dut. Beraz, karpa harmailen aldean, eta dantzak  udaletxe aldean. Gora demokrazia!!

Gero, ez igotzeko, gainera! Dantzariena izorratu (jendea zutik luzaroan eta ganoraz ikusi ezinda) eta ongietorririk ez! Megafonia ekipo oso bat alokatu, erabili barik itzultzeko! Krisi sasoian! Baina futbolarendako dena da ona, dena da zilegi! Molestatzen duena baztertu, estalki perfektu batekin! Futbolkrazia despotismoaren mesedetan, eta alderantziz, sinbiotikoak dira-eta!

Herritarrak etsita, aspaldi amore emanda. Eta berari botoa ematen jarraitzen diote....Ikasiko ote dute inoiz?

PD: Posta aldatu dut lehenengo eskuko informazioa izan dudalako, ez zelako nik kontatu nuen moduan izan. Mila esker informazio osoarengatik.

Leire Narbaiza 2011/05/30

Iñuxente, potente...

Eibar eta inguruetako esakeria gaurko

"Iñuxente, potente, txakurran buztana tente!" hau esaten da (zan) Eibarren eta inguruetan baten bateri inozentadia egitten jakonian Iñuxente egunian. Eta inozentadia egittiari "iñuzente eragiñ" esaten jako, Goio Aranan erretratuan ikusten dan moduan.

 Argazkiak.org | Inuzente eguna Leintz Gatzagan © cc-by-sa: goioarana

Arrasate aldian Ahotsak.com-en Modesta Gallastegiri  jaso detsen moduan holaxe be esten ei da:"Iñuzente, babalora, txakurren buztana jira gora"

iñuxente eguna
http://www.fotolog.com/ainhoiri/37393093

 

 Iñuxente eguna politta izaten da, batez be komunikabidietan ze txantxa jartzen dittuen. Egixa esateko, ez dittut asko ikusi eta bi aittatuko dittut; bata asko gustau jatalako, eta bestia, zorionez, guzurra dalako.

Asko gustau jata Garak etara dabena: Hugo Chaves bixar egongo dala San Mamesen euskal selekziñuak Venezuelan kontar jokatuko daben partidua ikusten. Ikaragarri gustau jata, benetan. Atzo ohera juan aurretik irakorri neban eta barre mordo bat egin! Politta eta barregarrixa.

Gustau ez jatan ez dot entzun, baiña kontau egin deste. Radio Eibarren egin dabe. Esan ei dabe Eibarren estaziño barriko obrak dirala-ta AHT be geldittuko zala aurrerantzian! Zorionez, guzurra da, bestela zelako disgustua! Nahikua astokerixa egitten dihardue bariantian azken zatixa egitten, AHT egitteko moduan! Ai, ama! AHTri EZ!!! Ez Eibarren, ez iñun be!

Eta amaitzeko, Jozulin blogari lagun, Susatukide eta antxiñako lankidiak asmatu daben komunikabide barrixa: Papereko Sustatu! Zelako barriak egin dittudan! Tripak bota dittut!

Aurkibidea 1:
Aurkibidea 2:
Aurkibidea 3:

Ondo amaittu eguna, eta iñork ez deizuela iñozente eragin! Bestela, atzera be hauxe kantauko detsue: Iñuzente potente, txakurran buztana tente!!!!

Leire Narbaiza 2010/12/28

Arrateko jaixetako hutsuniak

Inguruko jarik onenak hobetzeko proposiziñuak.

Arrateko jaixak Eibarko jarik onenak dira, duda barik. Hantxe, zelaixan, libre, danok dibertitzeko prest. Badira urte batzuk aldaketarik barik, eta baten batek esango dau bihar ez dabelako ez dala kanbixorik egitten. Ni ez nago konforme. Aspaldixan gabiz gauza batzuk eskatzen, bestela ikustia besterik ez dago gaurko egunez 2008xan idatzi nebana, baita 2007xan be!

Gauzak ez dira aldatu. Uste dot hiru dirala premiñazkuenak: Dantza solte txapelketia orduz aldatzia, autobusek ordutegixa luzetzia eta alkoholemia kontrola Krabeliñen jartzia.

Hiru eskari urtero-urtero entzutzen diranak Arraten. Atzo be eguna erdi hasrre amaittu genduan, goiz juan bihar horrekin, erdi burrukan illaran jartzeko, baitta ertzantzaren kontrolakin be. Urtia juan eta urtia etorri, beti bardin amaitzen dogu, madarikatzen.

Iñork preguntauko dau zergaittik aldatu bihar dan dantza solte txapelketia. Lehen, eguerdi partian izaten zan, eta erromerixia bostetan hasten zan. jakiña, erromerixia txapelketian atzetik hasten da, zazpiretan. Hasi orduko, zelaixa hustutzen hasten da; baiña ez dantza egitteko gogo gitxi dagualako, ez. Hurrengo eguna bihar eguna da, eskola guztiak hasten dira martxan, eta azkeneko autobusa 9retan da! Lekua nahi izan ezkero, 8,30etan edo, juan bihar illaran jartzera. Bestela, hantxe Arraten gaupasa! Hain goiz juan bihar tokixa hartzera, erromerixia 11ak arte danian!!

Esaten deskue autobusa erabiltzeko, baina juanak 1,9 euro balio dau. Juan-etorrixak, horretara, 3,8. Krabeliñen aparkatziak? Euro 2!!!!! Zertan gabiz? Karuagua eta goiz bajau bihar! Hau antolatzen dabenak pantsau dau iñoiz horretan?

Eta amitzeko, alkoholemia kontrola. beti esan dot kontrol hórren alde naguala, era razional baten, baiña! Ez arratietan moduan. Arrate bezperan kontrola bariantian jarri zeben. Bariantian! Arratetik 8 kilometrora! Urteran tokixa daguanian! Arrate egunian Iturburun zeguazen, bidia hobetzen dan lekuan, beste batzuetan transformadorian be jarri izan dira. Zertarako, baiña? Izorratzeko, ez dakta zalantzarik.

Hirugarrenez idatzi dot honen gaiñian, eta espero dot azkena izatia!

 

 

Leire Narbaiza 2010/09/09

Alardeko ikusleak

Hondarribian atzo alardea egin zuten.

Edo alardeak, hobeto esan. Alarde tradizional baztertzaileaz ez dut ezer esango, ez dute-eta berba erdirik merezi. Gaur aterki beltzen atzean daudenen gainean hitz egin nahi dut, egiten duten erridikuluaz. Euren ustez, besteok ez dugu eskubiderik iritzirik emateko, festa ez dugulako sentitzen. Eta? Isildu egingo gaituzte? Ezta gutxiagorik ere! Falta zena!

Askok eta askok begiratzen diogu Hondarribiari irailaren zortzian, nahiz eta gure herrietan jai ondo ederrak izan (Arrateko zelaiko bai floridadea!). Baina zeri? Bada, zer tontakeria asmatuko duten alarde baztertzailearen aldeko ikusleek. Denetatik ikusi dugu: Disneyren karetak (Disney!), plastiko beltza, guardasol beltzak...Aurten, iaz bezala, euritako beltzak erabili dituzte, inguruetako bazar txinatarretakoak pozarren daude! Atzo, dena den, guardasolek gurutze zuri bat zeukaten, letra batzuekin: Alarde tradizionala. Behean bideotxo bat:

 

Jakingo balute zein barregarri geratzen diren urtero! Eurek uste dute duintasunez jokatzen dutela eta guri lotsa baino ez digute ematen! Euritakoen atzean, ezkutatuta, kiribilduta, bizkarra emanez, ostrukarena eginez: A, ikusten ez badugu ez da gertatu! Tontoaga izan liteke jarrera? Belarrietan, baina jartzen dute guardasolik? Nik kokteletan jartzen diren sonbrillatxoak jartzea gomendatuko nieke, entzun ez ditzaten txilibituan, total irrigarri geratzeko munduaren aurrean falta zaien bakarra. Eta badakigu euskaldunondako ez dagoela barregarri edo lotsagarri gelditzea baino gauza txarragorik. Erridikulua egitea bekaturik larriena delako.

Gainera, iraintzen eta txistuak jotzen jarraitzen dute. Baina ez dute konturatu nahi partida galduta dutela, gero eta jende gehiago dagoela alarde parekidearen alde, eta eurak zitzak jandako antzinako errelikiak baino ez direla izango. Segituko diete Eskopetera deitzen, munduko irainik handiena balitz bezala. Badakizue, horren barruan betiko puta dago, irain originalena emakume bati botatzeko. Betikoa, eurak bezalakoa! Tradizionala.

Badaezpada, Jaizkibel konpainiak jarraitu beharko du desfilatzen uda honetan gehien jo duen taldeak babestuta; Ertzainak, hain zuzen ere (barkatu txantxa). Badaezpada. Biolentoak edonon daude :-)

Zer esan hemendik? Eskopetera izatea ez dela txarra, hobe hori euritako baten atzean egotea baino. Horregatik, animo neskak eta animo babesten dituzten gizonezkoak. Laster lortuko duzue zuen heburua! Gu ere ikusten zaituztegunean eskopetera sentitzen gara-eta

 

Leire Narbaiza 2009/09/09

2008ko Arrate eguna

Zapatu illuntzian aillegauta, astelehian ondiokan aterrizau barik, Arrate eguna.

Uff! denporia hamen idatzi barik, eta kontatzeko gauza mordua. Trankil, dana etorriko da-eta.

Atzo Arrate eguna izan genduan. eibartar gehixenondako egunik onena egutegixan. Ez dakit ze dakan, zek erakartzen gaittuan, ze indar gauan bertan, baiña hara goiaz ahal izan ezkero, zoratuta. Bertan, nahasketia itzela da: ume eta jubilau, gazte eta heldu, pijo eta makarra....danak zelaixan bueltaka eta....dantzan!!!!! Bai, bai, ondo entzundozue; eibartar gatzbakuok, dantzan egitten dogu Arrate egunian! Ez dakittalturiangaittik dan edo zer (altura gaitza ete?) hor jarduten dogu berbenan jo eta sua.

Atzoko egualdixa, gaiñera, zoragarrixa izan zan. bero baiña arbolapian zoragarri, haizetxua zebillen eta. arraten beste enkanto bat. Horretaz aparte, esan baihar dogua, iraillan zortzixa izeten dala alkar ikusteko eguna: uda ostian lagun/ezagunekin juntatzekomomentua. Danak moreno (edo) eta guapo (edo). Pozik eta gustora. Eibartarrak be ez dirudigu, barren!

Hain edarra izan arren, arrisku batzuk be ikusten detsadaz. alde batetik, udalan utzikerixa azpimarraku nahuiko neuke. Jai honek funtzionatzen dau jentiagaittik, bestela, udalak egitten daben esfuertzuagaittik balitza aspaldi hilda egongo litzake. Bizperako egitaraua txosneruak egitten dabe. eureri eskerrak dagoz hainbat gauza. Udalak egitaraua ez dau ikutu juandaneko hamar urtian gitxienez. Eta egindako ixa aldaketa bakarra orduan sasoian izan zan erromerixia orduz aldatzia. Bostetatik zazpiretara pasau! Tarte luuuuze bat ezer barik lagata. A! dantza solte txapelketia, baiña hori ezin da beste momentu baten jarri?

Kontuan izan bihar dogu hurrengo eguna; hau da, gaur iraillak 9, ixa danendako bihar eguna dala, eta ixa beti eskola umien lehelengo eguna. Hori dala eta, erromerixako momenturik onenian egin bihar dogu ospa. Baiña hori erromerixiori bostetan egingo balitza gehixago difrutauko geunke danok. Eta geratzia nahi dabenak geratzia daka. 

bestetik autobusena aittatu gura neuke. Pasa dan urteko akats larrixan ostian, badirudi aurten ikasi dabela udalak, baiña ez guztiz. Lau haizetara zabaldu azken autobusa 9retan zala, eta igotzeko autobusetan pegauta karteltxo bat erdera batuan azkena 8,30etan zala. Zeiñek aittu? ahaztu barik aurten igotzeko oso autobus gitxi egon dirala, eta hillaran 50 miñutu emon gendula.

Garraiuara dagokixonez, eziñ ahaztu gure lagun txapelgorri rekaudatzailliak! Alkoholemia kontrola jarritta Iturburu baiño beherago!!! zetako, dirua eta puntuak kentzeko? Alkoholemixan alde nago, baiña uste dot Goixan jarri biharko littukela, Hostalan onduan, Olabetik urtetzerakuan, edo gitxienez Krabeliñen. Bixetan dago lekua. Peligro barik. Eta ez ikastolia pasauta, ordurako zatirik txarrena eta estuena pasauta daguanian. Benetan amorragarrixa!

Aje pixka bat geratzen jata. Halandabe, atzokua gitxitxo begittandu jatan. Noizko hurrengua?

Leire Narbaiza 2008/09/09

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara