Kalamuatik Txargainera
izenburukoak
Txargain
Andia mendi-katean dago Txargain. Txintxeta bat da, erraza egiteko. Baina bertatik dagoen bista ikaragarria da! Ollibarko sakana, Iruñea, eta eguraldi onarekin Pirinioak. Goñin umeekin igotzen genuen, arratsaldeko irteeratxoa izaten zen. Tontorrera iritsi, eta guk begiraleok motxilan igo genuen askaria jan.
Txargain ez da apenas inon agertzen. Lehen Googelen bilatuz gero blogaren erreferentziak ziren nagusi. Orain gauza gehiago kargatu dituzte, eta mendiaren hainbat ibilbide eta xehetasun ikus daitezke.
E-mail kontu bat ere izen horrekin daukat. Goñikide batzuek uste zuten nik gehiegi igartzen nuela udalekuetako sasoia, nostalgiaz beteta nengoela. Baina alde batetik oker daude. Egia da, une haiek bizi izan ditudan momenturik onenak direla, eta nostalgiarako joera dudala; baina ez dakite tontor konkretu hori magikoa dela niretzat. Horregatik, e-mail izena, eta blogeko izenburuan.
Izango dira pare bat urte eibar.org posta zerrendan epifania berba irten zuela. Epifania errebelazioa da; nahiz eta DRAEn eta Euskal Hiztegi Modernoan horrela ez definitu. Une konkretu batean sentitzen dena, argitasun berezia. Bada, nik Txargainen sentitu nuen hori.
Pedantea, ezta? Hori ere banaiz, eta zer egingo diogu, bada? Baina, hori da gertatu zitzaidana. Beharbada, geobiologoren batek hobeto azalduko luke; badakizue: mendi tontorra, erpina, triangelua, piramidea, energiak. Beste batek paisaiaren edertasunagatik dela esango du; beste batek endorfinak; Goñikoren batek nire emozionatzeko joerari leporatuko dio, eta besteak guztiaren konjuntzioa pentsatuko du. Ez dakit, baina berdin dit.
Hara iritsi, bokadilloak banatu, eta lurrean jarri. 150 ume, hogeita piku nagusi. Ez da, ez, inguru lasaiena. Hala ere, zerbait gertatu zitzaidan, bertan zoriontasuna ezagutu nuen, minutu gutxiz, baina zoriontasuna.
Bakarrik nengoen jesarrita, aurrean begirale batzuk zeuden euren lagunen gainean berbetan, umeak jolasean, eguzkia aurpegian, bista ederra Bat-batean, nire burua kanpotik ikusi nuen, eta gutxitan sentitu naiz hain ondo, hain beteta. Irribarrea ezpainetatik kendu ezinda. Handik gutxira dena normalidadera itzuli zen, baina sentsazioa hortxe gelditu zitzaidan.
Horregatik, blogaren izenean sartzea erabaki nuen, eta , horrezaz gain, nire ibilbide pertsonala adierazi nahi nuelako. Txargainen epigrafean sartzen ditudan post-ak ere, sentimenduekin daukate zerikusia, barrutik gertatzen zaidanarekin, ezin dut-eta sentimendua alde batera laga, nahiz eta askotan gehiegi erakutsi.
Hori da Txargain, nire sentimenduen erpina, nire sentitzeko era, nire senti-mendia
Kalamuatik
Kalamua Eibarko mendi txiki bat da. Ez da Eibarri nortasuna ematen diona, edo Eibarrekin edozeinek lotzen duena, baina bada paseatzeko, mendi-buelta txiki bat egiteko aukeratzen duguna. Txikia da, baina atsegina. Tontorretik itsasoa ikusten da, eta inguruko hainbat herri.
Kalamuaren benetako izena Max ei da: Max mendixa. Horrela zioen, behintzat, gure aitxak. Eustakioren arabera, Kalamua izena Ondarroako arrantzaleek jarri zioten, itxura denez: itsasoan zeudela, portuan sartzeko Max mendia ikusi, eta esaten zuten Hor da gure kalamua eurendako kostaren erreferentzia puntu bat zelako. Kalamua, kalamua, azkenean Kalamua.
Ez dakit izena ondarrutarrek jarri zioten, ez dakit historia hau benetakoa ote den, baina niri beti esan dit hori. Egia esateko, kontatzen dudan bakoitzean, Max izenarena ere ez didate sinisten. Hori bai, kartografia ofizialean; hau da, ejerzitorenean, horrela dakar, eta horrela dago jasota toki askotan.
Sinisten ez didaten beste gauza bat tontorrarena da. Tontorra ez da Eibar. Eta ez dakizue eibartarroi zelako mina egiten digun horrek! Tontorra erdibana Markina eta; oi, anatema! Elgoibarkoa. Nolatan? Ez da Eibarkoa? Ez, zoritxarrez, ez. Hain gurea, baina ez da gure propietatea!
Normala da horrelako jabetza sentimenduak izatea, gure mapa sentimentalaren zati garrantzitsua delako. Kalamua umetan igotzen dugun lehengo mendia izateaz gain, badauka (edo bazeukan) kromlech bat, orain ia desagertuta dagoena, pinuak sartzeko. Gerra zibilean ere gure nagusiak bertan tiroka ibili ziren, eta eraikitako lubakiak umetatik erakutsi izan dizkigute. Bestetik, Kalamuako Parlamentua dago. Bertara jendea eztabaidatzera eta berba egitera joaten zen; hortik datorkio izena. Orain iturria, erretegitxo bat eta mahaiak daude, eta Eibarko Klub Deportiboak hiru zuhaitz dauzka landatuta klubeko hiru bazkideren omenez, eskiatzen eta mendian hil zirenak. Hileta-errito gehiago ere egiten dira Max mendian, hainbat errauts zabaldu dira, tartean gure aitxarenak.
Hain esanguratsua niretako, hainbeste gauza bertan bizi izanda, blogaren izenean jartzea erabaki nuen. Eibar esan nahi nuen Kalamua esanda, eta epigrafe horren azpian sartzen ditut Eibarrekin zer ikusia duten post-ak. Eta nondik deklinazioarekin; Kalamuatik, alegia, nik neuk Eibar daukadalako oinarri eta Eibartik abiatzen naizelako mundura, Kalamuatik
