Kalamuatik Txargainera
itxura
Gorbataren lokarria
Sustatuko Zer erantzi atalerako idatzitako artikulua.
Atal honetako artikuluak irakurri dituenak jakingo du ez ditudala larregi maite gizonezkoen trajeak eta hedaduraz, edo pieza honengatik beronengatik, gorbata. Zentzugabeko zintzilikarioa, berorik eman ez, sama laburtu, kokospea bikoiztu eta bilur itogarri bihurtzen dena, zentzunbako apaingarri zatar eta alferra. Hala ere, batzuendako uniforme bilakatuta, seriotasun eta formaltasun ikurra izan da duela 40 urte arte, baztertzen hasi zelako, eta gizonezkoendako janzteko beste modu batzuk ere zabaldu zirelako, zorionez. Gaur egun, ordea, bakoitzak ikusiko du zer jantzi, nola joan behar den saraoetara. Baina gehiegizkoa deritzot Iñaki Anasagastik (moda-joera sortzaile horrek) Paul Riosi esatea gorbata jantzi behar duela, hori izango delako esku artean duen eginkizuna serio hartu duen seinale!
Gauza asko konta niezazkizkioke Anasagasti jaunari bere itxuraz, baina ez dut txiste errazean jausi nahi. Dena dela, esan nahiko nioke, beharbada, Riosek zeraman alkandora ez zela politena, edo egokiena, baina inoren begiko zamarra ikusi, eta norberarena ez, huts larria dela; eta seriotasuna ez diola ematen eginkizunari janzkerak, baizik eta eginkizun hori burutzeko erak eta moduak. Esango nuke Anasagastik eskaparatismoaz diharduela, itxurakeriaz; kanpokoak barrukoak baino gehiago balio duela bere pentsaeran, alegia: “nola jantzi, halakoa izan”. Eta hori aspaldi amaitu zen, zorionez.
Creative Commons Aitortu © cc-by: Paul Rios
Iruzkin horrekin ez du Riosen janzteko modua soilik kritikatzen; inplizituki gorbatarik janzten ez dutenena ere kritikatzen du, eta makinatxo bat dira! Har dezagun Martin Garitano. Sekula ez du gorbatarik janzten. Horregatik, bere jardunari seriotasuna kendu dio? Beharbada, Anasagastiren iritzirako bai. Orduan, Markel Olanok esan nahi du oposizioa ez dela hain serioa? Zeren, ez dakit konturatu zareten, baina Garitano ahaldun nagusi denetik, Olanok ez baitu janzten gorbatarik! (askoz hobeto dago, esan beharra dut). Gaztelaniaz den bideo honetan, Olano eta Garitanoz gain, Basagoiti ere agertzen da gorbata barik. Azken honek ere ez dio Eusko Lege Biltzarrari seriotasunik ematen, antza.
Baina goiko hirurez gain, hainbat aipa ditzakegu. Odon Elorza, esate baterako. Elorzak gorbata jantzi izan du, baina beste estilo bat ere badarabil, eta argazkiotan ikusten den moduan, zapi-moment nahiago izaten du. Honek ere Donostiako alkate izateari 20 urtean seriotasuna kendu ote dio?
Aitatutakoez gain, beste hainbat ere badaude: Pello Urizar, Juan Karlos Izagirre, Dani Maeztu, Mikel Arana... Ia beti gorbatarik gabe, baina gauzak serioski egin nahian. Gainera, emakumeok gorbatarik gabe janzten garenez, ez ote diegu merezi duen seriotasuna ematen gure aktibitateei?
Hauetaz gain, era berezi batean hiru politikari ekarri nahi nituzke hona euren dotoretasun gorbata gabekoagatik; izan ere, pertsona batzuek berezkoa den elegantzia badutela esango nuke, eta elegante izaten ikas litekeela, baina zaila da oso. Horregatik, hemen nire aukeraketa:
Batetik, Mikel Basabe aipatu nahiko nuke, nire ustez politikari goapoena, trajerik jantzi barik ere, normaltxo, egoki joaten dena. Tira, genetikak ere laguntzen dio, baita esateko moduak ere. Anasagasti jauna, ez da serioa Basabe parlamentaria?
Bestetik, Denis Itxaso, beste estilo bat zeharo desberdina. Ez dut gogoratzen gorbatarik jantzi duen. Hala ere, nik oso serio ikusten dut bere lanean. Eta ondo jantzita beti, oso ondo, Anasagasti senataria. Bera izango da ondoen janzten den politiko gizona.
Eta azkenik, Oskar Matute. Serioa gizona, irribarre gutxikoa, gorbata barik, alabaina. Beti txukun jantzita, fisikoak ere lagundu egiten dio. Nolanahi ere, Anasagasti, ez duzu uste serio ari denik?
Gorbatarena aitzakia da, argi dago. Bakoitza gusturen sentitzen den moduan jantzi behar da-eta. Ez litzateke barregarriagoa Paul Riosek gorbata jantzi janzteagatik egingo balu, jotzen ez dion alkandorarekin, edota ganorarik gabe? Ez ote daki senatari jeltzaleak askotan gorbata janzten dela barre eragiteko, Beranduegi saioko aurkezleek kasu?
Azken batean, Paul Rios gorbataduna edo kantinera jantzita joanda, garrantzitsuena egunotan egingo den lana eta emaitza izango dira. Eta espero dut hain positiboa izatea, non parranda itzel horren ostean gorbatak bekokian jantzita irtengo garen! Hala bedi!
Xalaren lagunaren look berezia
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta.
Pilotazalea ez naizen arren, ezinbestean jarraitu dut Xalaren afera. Baita haren prentsaurreko sentitua ere. Eta prentsaurreko honetan atentzioa Xalaren lagunak eman zidan, oso argazki gutxitan ikusi dudana, baina post oso bat merezi duena. Berriako portadan baino ez nuen lokalizatu, baita bideo batean ere. Gero argazki bila ezinean ibili ostean pdf-aren errekorte bat egitea beste erremediorik ez dut izan. Ui, pentsatu nuen, nor da Xalaren laguna, look berezi horrekin?
Eta hor jardun nuen bila: prentsaurrekoaren argazkietan ez zen agertzen, argazki oinak zioen medikuak eta abokatuak lagundu ziotela, prentsaurrekoaren bideo oso ikusi eta ezer ere ez, mutila ia agertu ere ez zen egiten, baina argi zegoen Xalaren gertukoa zela.
Intrigatuta nengoen; izan ere, bere itxurak atentzioa eman zidan, anbibalentzia handia sortuz. Alde batetik, bazirudien oso "artista" zihoala prestatuta fular more horrekin, eta pilotari baten ondoan, txapela jantzita hain berezi "folklorikoegi" ere iritzi nion. Hala ere, asko gustatu zitzaidan; bere itxurari ondo zetozkion osagarri biak, original eta erakargarri zegoela ere begitandu zitzaidan. Dena den, gauza bat oso garbi neukan: gizonezko hura ez zela hegoaldekoa, euskalduna bai (bere soslaiari begiratzea besterik ez dago, komunetan gizonezkoena seinalatzeko erabiltzen diren taila horietako bat dirudi, barren!), iparraldekoa izan behar zuen, ezinbestean. Hegoaldeko zein gizonezko ausartuko litzateke horrela agertzen?
Baina inkognita buruan nerabilen oraindik, aurpegi hori oso ezaguna egiten zitzaidan. Nor ote zen? Halako batean argitu zitzaidan kaskoa eta Ramuntxo pastorala etorri! Prefosta, sujeta zen! Ramuntxo bera!
Googlera jo nuen eta bideoan ikusi nuen:
Bideoan 2:30 minututik aurrera ikus dezakezue, oraingoan ere txapela era berezian jarrita.
Hariari
tira nenbilela jakin nuen izena Juhane Dascon zuela Xalaren lagunak,
eta gainera ikus-entzunezkoen egilea dela! Berak egina da "Iparraldea
21" dokumentala, eta Xala dokumentalaren gidaria:
Eta argazkiz argazki deskubritu nuen Juhane Dasconek fular more hori gehiagotan ere erabili izan duela. Poztu egin ninduen, ez baitzen pose bat, planta hutsa prentsaren aurrean agertzeko. Gainera, jakingo balute gizonek ze ondo ematen dieten zapi, fular eta bufandek! Gure Ramuntxo ikustea besterik ez dugu!
Zer erantzi irakurri duzuenok ere jakingo duzue zenbat maite dudan txapela. Dasconek erakutsi digu hainbat modutara jantz daitekeela, udaltzain moldea ez dela bakarra. Era berean, argi dago bakoitzak ondoen geratzen zaion modua aurkitu behar duela. Hori bai, ausardia eta estiloa baino ez da behar.
Klik eta klik txapela janzteko modu batzuk aurkitu ditut:

Jatorrizkoa: Berria
- Sabin bikandi musikaria. Behin baino gehiagota ikusi dut txapela desberdin jantzita eta nire ustez oso goapo dago horrela.

Jatorrizkoa: Aikotaldea
- "Mañul" gudariaren gaineko dokumentalaren irudia. Ikusi Argian
- Eta Ignacio Zuloaga pintore eibartarra

Jatorrizkoa: Domeinu publikoa Txo, Wikimedia
Hainbat era, desberdin eta gustukoak izan litezkeenak. Dena dela, xiberutarrek zenbat duten oiraindik erakusteko eta irakasteko!
Londresko ezkontza
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta.
Ostiralean Londresko ezkontza ikusi nuen, ezteiak asko gustatzen zaizkidalako, eta batez ere emaztegai-soinekoak. Badakit gai friboloa dela,eta askok gaizki begiratuko didatela (batez ere egunotan bizi duguna bizi izanda). Jakin ere badakit Ingalaterrakoa erret-ezkontza izan zela, errepublikanoa izanda arbuiatu beharko nukeena.
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot
Gainera, erlijioa gailendu zitzaion gizarte zibilari; beraz, agnostiko batendako, gaitzesgarri. Beste alde batetik, ezkontza horretan emakumearen menpekotasuna agerian laga zuten hainbat sinbolorekin (beloa aurpegian, eraztun bakarra,...), feminista izanda, errefusatu beharko nuke. Horretaz gain, hainbeste diru xahutzea ezkontza huts batean, eta bertan botere ekonomiko handikoak baino ez azaltzea ezkertiartzat bere burua duenak erdeinatu beharko luke.
Hala ere, asko disfrutatu nuen: zelako antzezlana eta eszenaratzea, nolako antzokia! Baliteke umetatik eskaini dizkiguten ereduak buruan sartu zaizkidala eta hauxe dela gelditu zaidan arrastoetako bat. Ez dakit gustu hauek nondik nora sortu zaizkidan, baina halakoekin ondo pasatzen dut.
Pamela, ginbail eta burukoengatik izatea. Eta emaztegaiaren soinekoaren oihal, bordatu eta parpailengatik, baita paramenta eta soineko luze eta baporosoengatik ere. Ez dakit, baina estetikoki ederrak begitantzen zaizkit.
Tira, Zer erantzi izanagatik ere, nire asmoa ez da Kate Middelton-en soinekoaz, edo gonbidatutako emakumeen arropaz berba egitea. Nire ustez, gehiegi egiten da berba horren gainean, kritikatzeko eta gaizki esaka jarduteko. Ez, gizonezko janzkeraz mintzatu nahi dut: uniformeak eta jaketak, lan txikia niretako!
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot
Horrelako ezteguetan uniformeak janzteko mania ez dakit nondik datorkien. Badakit emakume askori ikaragarri gustatzen zaizkiela uniformez jantzitako gizonezkoak. Edo behintzat, hori diote telebistan eta filmetan. Inguruan inori ez diot horrelakorik entzun. Niri neuri suhiltzaileak ere ez zaizkit horrela gustatzen! Baliteke euskal herritarra izateak ez lagatzea uniformedunez gozatzen :-)
Senargaiak eta bere albolagunak (aitabitxiak) uniformea zeramaten. Williamek, ezkontideak, uniforme gorri-gorria, zerrenda urdin bat bularrean gurutzatuta ezkerreko sorbaldatik, eskumako mokorreraino, zatar-zatarra Beukelaerreko printzea zirudien! (Eskerrik asko @boligorria artikuluaren ideia eta irudiagatik!) Gainera, uniformea handi zeukan, oso handi. Nola liteke neurrira ez egitea? Imajinatzen duzue emakume batek soinekoa hain nasai eramango balu zelakoak entzun beharko lituzkeen? Horretaz gain, bularraldean zeraman txatar guztia? Ikaragarria! Itsusi mortala!
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot
Eta txatarraz hitz egiten badugu Harry anaiaz [eta bere best man-a (albolaguna, aitabitxia)] ezin aipatu barik laga! Txatarraz gain, borla eta eta soka doratuak metroka zeramatzan uniforme beltzaren jakaren bueltan. Bazirudien balkoira irten aurretik errezeletan kateatu zela, eta lepo inguruan geratu zitzaizkiola sokok! Sokasaltoan gonbidatu guztiak egiteko beste metro zeroazen! Itzela! Eta amaitzeko uniforme bako gizonezkoen janzkera aipatu nahi nuke laburki. Zelako tristea, gatzbako eta aspergarria!! Grisa eta beltza, eta ausart batzuek kolore apaleko gorbataren bat. Badakit protokoloak agintzen duela, eta jaketa dela derrigorrezko. Baina inoiz aldatuko ahal da janzteko modu inuzente hori, ezer esaten ez duena?
Gustura ikusi nuen espektakulua, baina britainiarrendako. Ez nuke nahiko monarkia ordaindu ikuskizun zoragarria eskain ziezadan 20 urtean behin,.....A! Orain konturatu naiz! O! Ez! Bagabiltza horretan! Errepublika subito!
Biharreko, parrandako, edo ezkontzetarako erropia?
Siñistu ezinda!
Arratsaldeko 8rak eta 20 Eroskiko denda txiki bateko illaran nago. Ondoko illaratik neska batek bizkor dendarutz egin dau, zeozer ahaztu dabelako. Bidia nere aurreko andria eruan dau. Orduan konturatu naiz oso gaztia zala, eta takoi haundixak zeroiazela.......eta boda betrako moduan zoiala jantzitta!
Eguen buruzurixa da. Nere aurrekaun aurrekua be goittik behera doia boda baterako moduan jantzitta. Biharretik datozelakuan nago. Harrittuta nago, sekula ez nintzakelako holan jantziko lanerako, baiña modia eta lan batzuetan...
Itzuli da gaztetxua. Beste bi lagunekin dago. Hirurak jantzi-jantzi eginda. Ezkontza batera be ez nintzake hain jantzitta juango. Nere lagun pijenak ere (eta nire lagun pijak oso-oso pijak dira!) ez leukie superauko!
Tira, batek takoiak eta minigonia bazeroian, baiña ez zeguan hain ondo jantzitta. Ikusi dodan lehelenguak, takoidun sandaliak, soiñekotxua, eta boltsua bonbonera baltz bat borladuna! Hirugarrena, bakerotan zeguan eta pentsau dot normalena zala, takoiak zeroiaxen arren; baina mobidu danian, jaka azpixan lentejuela top baltz bat ez detsat ikusi, ba? Ez, ez zan normalena!
Eta makillauta, oso makillauta! Ondo makilaluta, e? dana esan bihar da. Halan da be, laregi holako egun baterako. Hainbeste makillaje ez dot nik eruan, ezta kantinera zaldu gaiñian juan nintzanian be! Eta orduan rodilluakin ez, palekin zabaldu zeskuen potia!!
Illaria ez da oso luzia izan, baiña nora ete zoizazen jardun dot pentsatzen. Ez zetozen biharretik (nere aurrekuan aurrekuaan moduan), ezkontza batera juateko be, eguenian...raro, Londresera juateko beranduegi (eta pamela batekin bonboneradunak ez zeban papel txarrik egingo), afaltzera.....hain dotore?
Azkenian ez dot jain nora zoiazen, baiña ikusi dot zer erosi daben: kokakola boteilla batzuk, eta ardaua, tetabrikekua eta marka zurixa!!!! To, glamourra! Hiperdotore boteillorako! Antes muerta que sencilla!
Botere larregi (izan) duten gizontxoak
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako artikulua
Tunisia eta Egiptoko matxinadek begiak eurengan jarrarazi dizkigute. Orain arte guretzat oporleku edo turismo bidaiak egiteko gunea baino ez dira izan, nahiz gertuan eduki. Euren agintarien izenak, kasurik onenean, ezagunak egiten zitzaizkigun, baina aurpegirik jarri, nork? Nazioarteko analistaren batek, edo. Orain, baina, argazkiak ikusi ditugu eta badakigu zein itxura duten. Horrek harritu nau, pentsatuko duzuenez (hau Zer erantzi da!). Argazkiak jarriko ditut, eta buruan egin ditudan loturak argitu. Hauxe Zine El Abidine Ben Ali da, Tunisiako azken lehendakaria. Beltzaran morroskoa, alajaina!
Beste hau Hosni Mubarak Egiptoko lehendakari ohia:

Beste ilebeltz bat.
Biak boteretik jaurtiak. Biak ilea tindatua! Honekin artikulu bat idatz liteke? Ez, baina jakingo duzue badabilela horrelako kiniela bat ea nor den hurrengoa. Bertan Maroko, Aljeria, Libia, Siria, Yemen eta Jordaniako errege/presidenteak daude. Marokok, Siriak eta Jordaniak errege eta presidente gazteak dauzkate, 40ren bueltan daudenak, eta ez dute nire jakin-mina piztu. Baina azpian dituzue agintari autoritario nagusi (edo edadetu) horien erretratuak:
Libikako Muammar al-Gaddafi:
![]()
Gadaffik berak Zer erantziko post oso bat merezi luke erabiltzen dituen look horiekin! Klikatu, bestela, lotura honetan!
Hona hemen Ali Abdullah Saleh, Yemengo presidentea:

Beste beltzaran bat, ilea tindatua!
Koadrila honetan Aljeriakoa falta zaigu, Abdelaziz Bouteflika:

Hau ez da sartzen besteen parametro berberetan. Baina ilea tindatuta ere badauka, eta ilea, falta zaionez, Anasagasti-erara darama orraztuta.
Hauek guztiak ikusitakoan, neure buruari galdetu diot ez ote dagoen botere nahi horrekin batera horrelako deklarazio bat: boteretsuena ez ezik, gaztea eta ederra naiz! Autoafirmazio bat, azkenean gixontxoak direla, beste guztien moduan miseriak dituztenak; eta, beharbada, autoestimu oso baxua.
Argazkiak birpasatzen nenbilela beste bat etorri zait burura: Sadam Hussein zena, Irakeko presidentea:

Honek ere ilea tindatua, beltz-beltza! Beti gazte itxuran.
Hala ere, amaitzen niharduela beste gixontxo bat ere etorri zait burura, hauen guztiauen koadrilan ere sar litekeena. Batzuek esango dute ez dela diktadorea, baliteke. Demokratikoki aukeratua zain dela esango duzue, konforme. Baina inork ezin dit esan ez duenik hainbat absolutistaren jarrerarik; ezta goikoen joerarik ere. Zein da? Inork asmatu du?
Bai, Italiako Silvio Berlusconi:

Gehiegizko botere politikoak arlo pertsonalari ere eragiten ote dio? Jainkotze politiko horrek alor pribatuan ere ahalguztidunak diela pentsarazten die? Seguru baietz, bestela ez da ulertzen nola gera litezkeen hain barregarri, ezin erakargarriago daudela pentsatuta.
Jakingo balute hauek guztiek zelako higuina sortzen duten euren ustezko seduktore plantekin, ez lirateke horrela ibiliko! Pena eta barregura baino ez dute sortzen-eta beren itxurarekin! Galai helduak direla uste dute, baina agure gordinak eta lizunak baino ez dira!
Estetika eta bitxikeriak
Basamortuaren erdian bizi arren, itxura oso garrantzitsua da kanpamentuetan.
Hamar egunerako joanda, eta kontuan hartuta bertako bizi balditzak, egia esateko gu ez ginen oso txukun ibili. Ahalegintzen ginen garbitzen toallita umelekin, urarekin,...baina harea toki guztietatik sartzen zitzaigun, eta zail egiten zitzaigun garbi mantentzea.
Eta ilea garbitzea? Abentura bat, mision imposible ez esategatik; batez ere ile asko, ugaria eta luzea, nik daukadanaren modukoa, alegia, izanez gero. Ikusi duzue inoiz "¡Apadrina un niño!" iragarkietako umeen ilea? Bada, niri ia-ia horrela jarri zitzaidan ilea! Desastrea! Espartzu zati bat ematen zuen! Hori bai, emakume sahararrek ile luzea daukate, baina beti ondo orraztuta, garbia eta ganoraz. Ez dakit nola konpontzen diren!
Txukuntasun hori janzkeran ere ikusten da. Euren jantziak melfa dauka izena, eta oihal zati luze bat da, korapilo birekin lotzen dena. Azpitik, hala ere, arropa "normala" daramate. Hori bai, beti konjuntatuta: Melfa arrosaduna, jertsea arrosa; melfa laranjaduna, jertsea laranja. Beti. Eta ahal badute, osagarriak ere koloreka. Gainera, lurrinak ere oso gustuko dituzte. Hurreratu eta kolonia usaina hartzen zaie segituan.
Argazkian neska bat melfaz jantzita, atzetik ikusita.
Asko gustatzen zaie apaintzea, oso koketak dira. Zeremonietarako eskuak eta oinak hennaz margotzen dituzte, marrazki originalekin. Tira, oso artistak ez badira, txantiloi batzuk erabiltzen dituzte. Hori izan zen gure kasua. Nik gogo handia neukan eskuetan hennarena egiteko, baina ministraren etxean geundenez zaila zen horrelakorik egitea. Horregatik Hadiyetuk egin zidan, bion lagun batek eskatuta.
Eskuetan baino ez nuen egin, baina lagun bati oinetan egin zion. Ordu biz ni mantxu eta bera erren egon ginen, ura edatea ere problema zen. Hona hemen nola geratu zitzaizkigun marrazkiok:
Gu desastre bat eginda, eurak guapa-guapa. Baina Hamadaren erdian ere estetikaren esklabotza da nagusia. Hau azaldu aurretik esan beharra dago han estetika paramatroak gureetik urrun daudela. Han emakume ederrak ez dira argalak eta beltzaranak. Ez, justu kontrakoa: sendoak (kilo gehiegi gainean dutenak) eta azal zuriak. Egia da, zin dagizuet, konprobatu dut zein gogorra den sex-simbola izatea!
Ironia eta txantxa alde batera lagata, esan behar dut estetika horri eusteak badakartzala hainbat kalte. Lehenengo eta behin azala zuri izateko eguzkitik babestu behar dute. Hau melfarekin ez ezik, aurpegia estaliz ere egiten dute, baina buruan sartuta daukate izerdituz gero, zuriago egongo direla. Horretarako aurpegia artilezko bufandekin estali eta eskuak ere artilezko eskularruekin janzten dituzte argazkian ikusten den moduan:
Melfa laranjadunak artilezko tapauki eta eskularruak daramatza
Honetaz gain, azalean "xarli" izeneko krema bat (Cadizko azentoarekin esan zidaten, hortaz ez dakit nola idatzi!) ematen dute. Krema honek kortikoideak omen dauzka, eta azala zuritzen ei du, baina nola? Korroak eginez, osasunaren kaltetan!
Makillajea ere zuria da. Inpresio handia ematen dute neska batzuek. Tira, hemengo batzuek ere brotxarekin pasatzen direnean ere atzerakada itzela egiten dute, ezta? Pena, zeren ia guztiek oso azal polita daukaten, eta askoren kolorea eder-ederra da.
Baina kaltegarriena gizentzearekin dator. Hemen batzuek anorexia dute, edo zorakeriak egiten dituzte tipo ona izateko. Han -batzuek, ez denek- behi hormonak hartzen dituzte loditzeko, eta badirudi hormona horiek minbizia sor lezaketela. Zergatik torturatu behar dugu geure burua estetikaren menpe egoteko? Zelan sartu dizkigute buruan horrelako istorioak? Zergatik utzi diegu hau egiten gure irudiekin? Hainbeste burutazio etortzen zaizkit.....
Nire zapi palestinarra
Armairuan daukadan benetako zapi palestinarraren historia.
Hona hemen zapien sarreka, palestinoa gain-gainean duela.
Orain hogei bat urte modan jarri ziren zapi palestinarrak. Ia denok geneukan bat. Egia esan oso zapi goxoa eta erosoa da: handia eta berogarria. Nik, benetan badiotsuet, samaren bueltan eta lepo gainean aparte, buruan eta gerrian lotuta ere erabili izan dut. Buru gainean, belarri sentiberak ditudanez, haize hotzarekin min izaten dut, eta zapi honek makinatxo bat bider lagundu izan dit babesten. Gerri bueltan ere, hotzagatik, edo antzerkiren baten...
Baina paineluaren historia ona da. Izan ere, zapi hau ez zen nirea, aitarena baizik. Ez pentsa Eustakio oso modernoa zenik janzten, bere sasoiko ia gizon guztien moduan, klasiko-klasikoa zen. Baina zapia opari ekarri zioten Palestinatik, Jerusalemetik, hain zuzen ere. Badirudi, bere lagunen bat Lur Santura (horrela dakar euskaltermek Tierra Santa) joan zela, eta Takiorekin akordatu, kontizu! Kafiya jantzita arabiarra emango zuela, gure aldeko ia narbaizatar guztiok oso beltzaranak garelako. Broma egitearren ekarri zion, buruan jartzeko moduan, kordoi beltz eta guzti. Seguru aski turistentzako dendaren baten egongo dela erosita, beltza ez baitago bordatuta, eta ia guztiak horrelakoak direlako. Lehen kalitate hobea zuten. Jordanian izan nintzenean, denak ziren bordatuak eta kolore guztietakoak zeuden. Ahizpari gorrian ekarri nion, oso polita benetan.
Eta horrela ibili zen bueltaka zapi hori etxean, nik berreskuratu eta kalera ateratzen hasi nintzen arte. Neguko osagarririk preziatuenetakoa zen: epela, erosoa eta modakoa. Halako batean, baina, armairuan geratu zitzaidan, erdi ahaztuta beste painelu, bufanda, pashmina eta fularren artean. Eta nik ezer botatzen ez dudanez, gordeta daukat sarrekan (kajoian), ateratzeko zain.
Egia esan "Vaya semanita"ko esketxek ez zidaten asko lagundu, hainbeste barre egin dutenez estilo horren kontura. Baina, berriro ere modan jarri denean, ateratzeko asmoa izan dudanean Israelek Gazaren kontrako esterminioari ekin dio, eta zapia errebindikazio bihurtu da. Horrela, berriro ere atzera egin dut, eta ez dut jantzi, pena handiz. Lotsa puntu bat ematen dit!
Dena dela, nire zapia zahar dago, goxoa segitzen du izaten, baina urteak eta trotea nabaritzen zaizkio. Izan liteke, blogean idatzi ostean jartzea eta erabiltzea. Eta txartoegi badago, agian, ahizpari Jordaniakoa ostea....Erostea ez du merezi, denak kaskar samarrak dira-eta.
Udan bota dittudan oiñetakuak
Bakaziñuetako biajia VII
Oiñetakuekin dakadakan afiziñuan gaiñian sarrittan egin dot berba. Gaiñera, hanka raruak dittudalako, arazuak dakadaz oiñetakuekin eroso ibiltzeko. Horregaittik, zapata zaharrak asko maitte dittut. Trajedixa bat izaten da oiñetako on eta erosuak botatzia, eta uda honetan pare bi bota dittut!
Lehenenguak trekiñeko zapatillak:
Argazkiak.org | zapatillak © cc-by-sa: txargain
Oiñ hamar bat urte nittuan. Erosuak, onak edarrak. Elik erregalau zestatzen urtebetetze baten. Trekiñekuak dira, baiña gitxittan jaun nazi eurekin mendira. nahixago dot-eta botak erabiltzia, orkatillak babestiarren. Hori bai, mundua eurak jantzitta ikusi dot. Basamortuko haria, eta Arrateko lokatza, Petrako hautsa eta Pariseko galipota, Somporteko edurra eta Kalamuako bedarra, Bretañako eurixa eta Estanbuleko kutsaduria. Danak jaso dittue zapatillok. Baiña apurtu egin jataz, eta Royanen laga nittuan, bota nittuan. Ez dt holakorrik topauko. Hankak sartu eta itzela zan sentitzen nebana, erosotasuna eta konforta. Beste batzuk begiratzen ibili naiz, baiña danak dira hain psikodelikuak! Neri gorri-gris-baltz konbinaziño hori gustatzen jata, modaz pasauta daguan arren
Bestiak sandalixak hónek dira:
Ez zeken hainbeste denpora baiña kendu barik ibilli naiz uda joan eta uda etorri. Karu pagau nittuan, nahitta sandalixa onak gura nebalako. Eta onak urten dabe. eta erosuak. Kriston penia emon desta botatzeiak, baiña zer egingo neban? ez zeken konponbiderik!
Badittut beste sandaliaxa zoragarri batzuk Bretaiñan erosi nittuanak: polittak, erosuak, zoragarrixak, gorrixak. azkenetan dagoz, baiña biharbada, konpoketak egitteko moduan dagoz. Ikusiko da. Bai, hórrek botatzen dittudanian benetan negar egingo dot!
Diogenes sindromia izatia gogorra da gero!
Sandalixak eta kaltzetiñak
Bakaziñuetako biajia (II)
Aspaldiko post baten egin neban berba sandalixak janztian plazerraz. Baiña ia plazer guztiak perbersiño bat be ezkutatzen dabenez, nere bat kontau neban, sekula, etxetik edo intimidadetik kanpora burutu bakua: sandalixak kaltzetiñekin janztia.
Aurrekuan kontau nebanez, udan Normandian izan gara. Oso iparrian daguan arren, klimia hamenguan antzerakua ei da, baiña azkenko uda bixetan hotza eta eurixa baiño ez ei dau egin. Bertako ostalarixak desesperauta zeguazen. Igaz, hamen moduan eurixa goixan beheian egin zebalako, eta aurten fresko (euskalduna ez banitza, hotz esango neuke). Baiña gure maletak txarto eginda zeguazen, eta Normandiarako baiño, Benidormerako zeguazen eginda. Hori dala ta, hotzak ibilli giñan.
Gaba baten, afaltzen geguazela, ni pirata mehe batzuekin eta sandalixak, izoztuta geratu nintzan, ixa dardaka. banittuan trekiñeko zapatillak (kontatzeko) baiña larregi zan egunez ibiltzeko. Horregaittik, urtebide ideala topau neban, hauxe:
Hainbesteko grazia egin zestan, erretratu bat etaratzia bururatu jatan, blogian jartzeko.Aizue, ideal de la muerte! eroso, epel eta ondo. Klabia kaltzetiñetan dago, eta kaltzetin hónek politt askuak dira, erretratuan ondo ikusten ez badira be. marra batzak eta bihotzak dakez. Hurrenguan egizue pruebia, eta esango destazue.
Beste egun baten erretratu hau etara neban, bihatz lotsatixak erakusteko publikamente, libre eta zabal:Bixetan ondo, baiña lehelengua urtenbide ona da. Pasarela Cibelesen astion holan agertuko balitzaz modeluak, hurrengo udabarrixan, danak holan, seguru!
Apurtu deiguzen aurre-eritxixen katiak, eta zentzuna erabilli deigun! Laster errebeldia erakusteko holako gauzak baiño ez jakuz-eta geratuko. Probaizue, eguerdixan epeldu egitten dabela? Kaltzetiñak erantzi, eta kittol! Moda barri bat zabaldu bihar dogu!
Ondo janzteko Euskal Jaixan (buruko zapi, gerriko eta abarkak)
Duintasuna da gauzarik inporantia gure bizitzako ia momentu guztietan. Basarrittar janzten garanian be egoki eta politto juatia komeni da.
Horretarako beste talde batzuek egin daben biharra aprobetxauko dot. Lehengo Kezka dantza taldiak prestautako bidioa bat jarriko dot. Oso era labur eta onian azaltzen desku zelan jarri buruko paiñelua, kalian ikusten diran "enjendruak" ebitatziarren. Errez-erreza da, begittu:
Antzerkixa egitten nebanian nere buruari jartzen ikasi neban, espillu barik, baiña belarri handixa dotore jarri ezinda. Ordura arte, dantzari denporetan beti jarri izan zesten. Ointxe ikasi dot bidio honekin askoz hobeto jartzen. Sarian Kaezkakuen bidiauan kodiguan billa nenbillela, beste bidio bat topau dot, osatuagua, zapixaz gaiñ, gerrikua eta abarkak be zelan lotu azaltzen dau-eta. Abarkak, paiñeluan moduan, beste gai konfliktibo bat da. Ikusi, ikusi:
Paiñelua nik zintta barik jartzen dot, bandiak nere buruan formiagaittik beti atzera juaten jatalako. Ez jausteko trukuetako bat egun horretan burua ez garbitzia da, ze garbitzen dogunian zapixa labandu egitten da.
Abarkena konflitibua da, ze danok dakagu joeria bidiuan agertzen dan bigarren moduan letxe jartzeko; hau da, dotore, luze, belauneraiño. Baiña hanka-pelotak (bolak) edarrak izan ezkero (eta dantzarixen eta datzari ohien bolak holakotxiak dira), jausi egitten dira. Oso gatxa da politto eta dotore mantentzia. Era eranginkorrena lehenengua da, esperientzixak esan desta.
Nesken samako paiñelua be, ganoraz jarrizue: korapillorik ez! saman bueltan, bular gaiñian puntak alkartuta eta orratz edo brotxe vintagebatekin lotuta. Eibartarrak izanda, damaskiñaua egoki-egokixa da. Belarritxakuak, txikixak eta antxiñako erakuak. Diskretuak.
Dana ondo lotuta, azpikogona eta pololo. Dana garbi eta plantxauta, mesedez. Hortaz, zapatu-domekan dotore eta guapo ikusi nahi zaittuet. Eta konplemento hórretako batek (edo danak) arazuak emoten badetsuez, eskatu laguntzia. Beti egongo da baten bat prest ondo jartzeko, lotzeko edo aholkatzeko. Eskatu bildur barik, eta inportantiena: DISFRUTAU!!!!!!!!








