Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera domeketakuak

Kalamuatik Txargainera

domeketakuak

Izarren argia

Ez duzue negar egin behar, egin behar duzuena da gu ez ahaztea.

Domeka iluntzean "Izarren argia" filma ikustera joan gara. Eskerrak joan aurretik lagun bati otu zaiola sarrerak hartzea, izan ere, hainbat sartu ezinda geratu da, areto txikian eman baitute. Ez dakit, hainbesteko propaganda egin ostean, areto handia ez erabiltzea ere.

Bagenekien film gogorra ikustera gindoazela, benetan gertatu zela gure etxetik 20 kilometrora eta oraindik protagonistetako batzuk bizirik daudela. Bagenekien negar egingo genuela. Eta halaxe izan da. Baina uste genuena baino latzagoa gertatu zaigu.

 Izarren argia / Estrellas que alcanzar "Trailer" from Mikel Rueda on Vimeo.

Gerrako emakumeendako kartzela, mojek daramatena; horrek esan nahi duen guztiarekin. Jainko eta katolikotasunaren izenean dena dago ondo, dena da zilegi. Moja eskoletan ibili garenok ondotxo dakigu zelako ankerrak eta okerrak izan litezkeen euretako batzuk. Hori horrelako testuinguru batean jarrita, itzela izan liteke. Eta horrela izan zen. Are gogorragoa egin zait mojen abituan armarria ikusi dudanean: mertzedariak! Gainera, behin baino gehiagotan enfokatu dute, ez ahazteko moduan. Barruak nahastu zaizkit; izan ere, hamar urte pasatu nituen euren eskolan, asmatzeko pista gehiago ere banituen: abitu zuriak eta kartzeletako lana. 

Pasarte asko gogorrak, malkoak dariola egon gara. Hala ere, filmaren pasarte batzuk, kartzelaldiko egunerokotasuna, adibidez, uste dut ez direla hain gogor agertzen. Beharbada, momentu dramatikoei indarra emateko. Baina momentu dramatiko horiek, oso-oso tragikoak dira, larregikoa, zoritxarrez.

Tragikotasuna lotuta dago amatasunarekin; izan ere, espetxera ume eta guzti bidaltzen dituzte emakumeak. Seme alabak dira txantajerako bidea, eta sufrimenduaren ardatza. Ez da ahaztu behar andrazko askori haurrak ostu zizkietela, eta beste familia batzuei eman; baina Argentinan Videlaren sasoian moduan.

Emakumeen pelikula bat da, gizonak ez dira apenas agertzen, euren bizitzako errutinetatik urrun daude, ez daude bertan. Klara Badiolak, Itziar Lazkanok eta Barbara Goenagak oso ondo egiten dute lan, eurak dira protagonistak, baina nahiko korala dela esan genezake. Oso eder agertzen dira, mojen tokekin ondo egotea gaitza da, baita makillaje barik eta sufrimendu aurpegiarekin ere. Horrekin ere haluzinatu egin dut.

Baina makillajeri gutxi erreparatu ahal izan diogu. Batez ere amaieran. Izugarria da, izua sortzen duena, alegia. Hirurok malkotan, kredituak jartzen hasi direnean. Bertan laga izan bagintuzte, nik hamar minutu luze egon nintekeen negarrez, nahiz eta hasieran bizirik irten zirenetako batek esan digun: "Ez duzue negar egin behar, egin behar duzuena da gu ez ahaztea". Baina ezin eutsi malkoei.

Altxatu gara, eta hall-ean, oraindik malkoak irteten zitzaizkigun. Hori bai, elkarri begiratu, eta barre zoroak ere egiten zigun alde, baina malkotan. Negar eta barre, ezin geldituta. Gauza kuriosoa. Barruan horrelako sosegu eza, tristura eta estutasuna.Eta ezin gara kexatu, pelikulan ikusi dugulako. Zorionez ez zaigu bizitzea tokatu, eta berriro ez dakiola inori toka espero dut. 

Dena den, merezi du ikustea eta jakitea zer gertatu zen Saturraranen, gure etxetik gertu, duela 70 urte. Joan zaitezte, eurek guk gogoratzea merezi dute-eta

Leire Narbaiza 2010/10/24

"Magifique"

"Ballet de Biarritz"-ena.

balleta

Duela domeka bi Victoria Eugenian izan nintzen "Magifique" Ballet de Biarritzen dantza emanaldia ikusten. Txaikovskiren musika oinarri hartuta Thierry Malandain-ek koreografia ikuskizuna sortu du. Ni nahiko analfabetoa naiz musika arloan, eta Txaikovskiren pieza batzuk ezagutua arren, ez nekien denak berarenak zirenik. Guztiak ezagun-ezagunak, ederrak.

Hirugarren lerroan izan ginen, luxua, dantzariak nola izerditzen ziren ere ikusten genuen eta. Beraiek izerdia bota zeren guk itzelezko hotza pasa baikenuen. Odonek berogailuan ere murrizketak jarri dituela dirudi. Baina lartxo izan zen. Batzuek txamarra erantzi ere ez zuten egin. Ondo dago berogailua kentzea dantzariak asten direnean, baina ordu erdi lehenago itzalita izatea! Gehiegi.

Harira! Hasieran, egia esan behar badut, kostatu egin zitzaidan espektakuluan sartzea, ez zidan ezer transmititzen, baina aurrera egin ahala aldatu egin zen. Indarra hartzen hasi eta gorantza! Nola egiten duten dantza, ikaragarria da. Gainera, beste hainbat balletetan dantzariek dauzkaten irribarreak faltsuak dira. Hauenak naturalagoak dira. Ez diot euren aurpegiko keinua irribarre normala zenik, dena oso ondo estudiatuta egoten baita, baina bai oso ondo entseatuta, eta sinisgarria ematen du. 

Obrak espontaneotasunetik ere badauka. Freskoa dela esango nuke, gaztaroaren zorakeriatik ere baduela uste dut. edo behintzat nik hori ulertu nuen.

Zelako gorputzak! Mutilenak! Neskenak ez dira nire gustukoak, beharbada beste tipo bat gehiago gustatzen zait. Baina gizonezkoak....itzelak! Zenbat gihar! Zelako txokolate tabletak! Eta ipurdiak? Biribilak eta gogorrak! Nahiko lukete gimnasiotan dabiltzan hainbatek horrelako itxura izatea! Dena bere lekuan, koipe gramorik barik, kruasan itxura gabe...Nork esan du dantza ez dela maskulinoa?

Dibagazio estetiko hauek alde batera lagata, esan nahi dut ez dugula nahikoa baloratzen etxean zer daukagun. Ballet zalea naizen arren, ez dut ezagutzarik horretan. Dena den, behin baino gehiagotan ikusita talde hau eta beste batzuekin konparatuta, esan nezake oso maila oneko konpainia dela, dena ematen duena eszenarioan. Euskal Herrikoa da, baina ez diogu daukan garrantzia ematen.

Oso gustura irten ginen. Izoztuta baina pozik. Hala ere, tutudun eta maila zuridun ballet klasiko bat, orkestra eta guzti, ikusteko gogoarekin jarraitzen dut. Etorriko da hori ere!

Leire Narbaiza 2009/12/23

Aurtengo azoka

Zelan laga aurten azokako errepasoa egin barik?

 Aurten egun bitan joan naiz Durangoko liburu eta disko azokara. Zapatuan eta domekan. Baten beharrera, badiharduguko stand-en txanda egiten; bestean lagunekin elkartzera. Izan ere, Durangon urtero hitzordua daukagu, aspaldi baten egina, eraginkorra gutxienez urtean behin batzeko balio digulako.

Asko guztatzen zaizkit feria egunak. Disfrutatu egiten dutpasio bik bat egiten dutelako: liburuek eta lagunek. Postu artean hurrengo hileetako irakurketan ikusten ditut lehenengoz, baita irakurritako liburu kutunak eta bereziak ere. Maitasun ezkutuan nonahi, liburu forman.

Lagun, ezagun, maiteak edonon. Sorpresa atseginak nahibeste. Laztanak eta besarkadak ugari (erakusmahaia erdian geratzen ez bada, behintzat). Hala ere, beti falta zaigu baten bat, bereziki (hinbat motiborengatik) ikusi nahiko genukena, baina agertzen ez dena. Hari/haiei ere musuri handiena eman nahiko nioke/nieke, ziber-musua baino ez bada ere. MUN!!!

Hain gozagarria izanda ere, hausnartzeko balio izaten digu, batez ere aurtengoak. Alde batetik, uste dut birplanteatu egin beharko liratekeela hainbat gauza, hainbat produktu erdaldunen salmenta. Kanpora tema vasco delakoa. Nik neuk ez neuke lagako erdarazko produkturik saltzen. Bai, erradikala izango naiz, talibana. Berdin zait. Horiek edonon aurki litezke, azokan euskarazkoak baino ez nituzke jarriko. Kitto!

Bestetik aurtengo beherakada. Itzela izan da, batez ere asteburuan. Ez zen ia inor ibili, eta saldu....ikaragarria! Beldurgarria izan da salmenten jaitsiera!! Krisia izango da, EREak, pasaotismoa, ez dakit, baina Durangorako bonbardaketa (ez Durangoko bonbardaketa) zelanbait murriztu egingo nuke, beharbada feria bi antolatuta, abenduan eta ekainean, adibidez. Horrela, argitaletxeen Durangoko monokultiboko uzta, murriztu baina bikoiztu egingo litzateke. Beraz, kultura kontsumitzaileoi ez genuke urteko gose erdi asetu hori izango. Eta Gabon aurreko betekada hau saihestu egingo genuke.

Erdi gose eta enpatxatu bizi gara euskarazko liburuak irakurtzen dugunok, pobreen moduan: Ahal denean jan errementatu arte; eta urte osoan ahal den moduan elikatu, izozkailuko tuper-ak ateratzen!

DSCF0010Badiharduguko standa.

El Cascanueces

Dantza emanaldian izan nintzen Gabonetan

Dantza asko gustatzen zait, txikitatik. Bai egiteko, bai ikusteko. Ahal dudan guztietan joaten naiz ikuskizunen batera. Baina beti euskal dantzak edo dantza garaikidea ikusi izan dut, eta aspaldian neukan gogoa ballet klasiko bat ikusteko, tutua darabilten dantzariekin eta malladun printzearekin.

Horregatik "El Cascanueces" Txaikovskiren lana Bilbon, Euskaldunan hain zuzen ere, zegoela jakin nuenean, sarrera bi erosi nituen, zirt-zart. Amaren urtebetetzeko oparia egiteko oso ondo zetozkidan: txori bi harri batekin!

Joan ginen igande horretan Euskaldunara. Askotan izan naiz bertan, baina beti beheko aretoetan, biltzarretan-eta. Sekula, baina, areto nagusian egon barik. Eta haluzinatu egin nuen. Zein ederra den! Telebistan ikusita neukan, baina zuzenean itzela begitandu zitzaidan! Oso-oso polita!

Justu-justuan iritsi ginen, Biboko domeka arratsaldeko ataskoak ez nituen kontuan hartu-eta. Jesarri eta hasi egin zen, komunera joateko astirik ere ez zigun eman. Argia itzali, eta hasi zen ikuskizuna. Hor ere gure lehenengo dezepzioa: musika grabatua zen. Ez dakit orkestra oso espero nuen, baina ez behintzat musika grabatua.

Dantzaldia aurrera egin ahala, konturatu nintzen dantza taldea (cuerpo de baile nahi dut esan, baina ez dut inon aurkitzen); hau da, dantzari protagonisten atzean dantzan egiten duten dantzariak, sinkronizazio gutxi zutela; batzuk besoa jaisten ari zirenean, pare batek igotzen. Ilarak nahiko desordenatuta, batera gauza gutxi egiten zituzten. Pentsatzen dut entsaio asko falta zela, eta gainera dantzariren bat ez zela besteen mailakoa....

Gaiztoa naizela esango duzue, baina dezepzionatuta geratu nintzen. Eta ezin dezaket esan disfrutatu ez nuenik. Hala ere, uste dut horrelako propaganda egin zaion ebentoak kalitate handiagoa izan zezakeela. Sarrerak merkeak ez ziren horratio!

Gainera esan behar dut hartzeko zegoen triptikoan; hau da Gabonetako ikuskizunak iragartzen zituena, erdera hutsean  zegoela. Euskarazko berba bakarrak "Euskalduna" edo "Euskalduna jauregia " ziren, eta euskaraz egiten zuten bakarrak, gu. Oso giro arraroa eta arrotza.

Azken batean, esan behar dut disfrutatu nuela, lekuagatik, giroagatik, dantzari batzuengatik. Baina ahoan laga zidan gustua gazi-gozoa izan zen. Beharbada, beste ikuskizun batzuekin, teorian apalagoak zirenekin, gehiago disfrutatu dut, antzoki txikiago eta xumeagotan, oso urrun joan gabe. Eta euskaraz!

Dena den, nahiko nuke ikusi orkestradun balleta, tutu eta tularekin, klasikoetan klasikoena. Dantzariak puntetan ia ikuskizun guztian, eta koroitxoekin buru gainean. A! Eta printzea malla zuriekin jantzita!

 

Leire Narbaiza 2009/01/12

Komuniñuak

Normalian, domeka eguerdixetan ez dot kalera urtetzen, edo behintzat, ez naiz zentrotik ibiltzen.

Gaur, baiña, Untzaga aldera juan naiz lagun batekin geldittuta negualako. Urten bezin laster konturatu naiz jentia dotoregi zebillela, eta orduan kontuan jausi naiz komuniñuak izango zirala. Aurrera egiñ ahala, ikusi dot egixa zala, neskato batzuen soiñekua ikusi dodalako, eta nagusi gehixago raro jantzitta.

Ez dakit zergaittik, baiña komuniñuak gorrotatzen dittut. Izan leike nerian eta anai-arrebenak kenduta, bittan baiño ez naizela egon; eta neurian (ahiztian bataiua be izanda) zortzi pertsona baiño ez giñala egon bazkaltzen. Gaiñera, gure sasoian neska guztiak monja jantzitta egin bihar izaten genduan jaunartzia, debekatuta genkan soiñeko zuri horroroso hori, zorionez!

Eta berbarik be ez dot esan nahi mutiko marinerituen gaiñian, eta gitxiago, almirantiez! Ze horrek be delitua daka, batez be lehorrekuen artian. Tela marinera!

Ez dot sekula aittu hainbeste haundikerixa holako egunian. Gizon guztiak traje eta korbatiakin, andrazkuak sandalixak eta udako soiñeko bolantedunekin, eurixa edo txingorra egin! Eta takoiak, itzelak, gaiñera!

Izan leike umetatik esplikau destela zergaittik guk ez genkan holako fastorik, halako erakutsi biharra. Gurasuak ez zeken bildurrik "ai, gure umia diferentia izango da, frustrau egingo jaku!". gual, umia nintzanian ez neban oso ondo aitzen, baiña oin pozik nago holan hazi nabelako, erakutsi destelako dakanari inportatzixia emoten. Eta hori eskertzekua da.

Horretaz gain, nere begixekin ikusitta, komuniñuak badira gauza bat nahiko kitsch-a, gotxua, kutria, hortera....Gaur ikusi dodanagaittik, ez neuke nahiko holako ekintza baten parte hartu nahi izango! Deseroso baiño deserosuago sentiduko nitzake-eta.

Eta hori relijiñuan gaiñian berba bat be esan barik! Dana estetikia! Ifffffgggg!!!

Leire Narbaiza 2008/05/11

Korrika sentimentala eta sentimentuen Korrika

Radixuan Korrikian informaziñua. Aautomabillian noia eta ezin detsat emoziñuari eutsi. Malko batek urten desta begixetatik. Kontau dodan hau Korrika guztiekin gertatzen jata, baiña iñoiz ez naiz ausartu iñori esaten. Oiñ gutxi, aekako irakasle bateri aitortu netsan, zihero lotsatuta, eta berak esan zestan bardiña pasatzen jakola!. Handik aurrera jende gehixagori komentau, eta danak emozionau eta ixa guztiok negar egitten dogula jakin dot. Zenbat reprimitzen dittugun sentimentuak!.

Badakat lehelengo Korrikako pegatiña bat aitxak emondakua, Korrika hárek Eibartik ordu txikixetan pasatzen ziran, eta guk ikusi ez. 0 km jartzen dau, eta haundi-haundixa da. Altxor baten moduan gorde izan dot emon zestanetik, baiña oiñ hobeto zaintzen dot.

Ez dakit zein izan zan nere lehelengo Korrikia. Badakit hamasei bat urte nekala zapatu gaba baten pasau zana. Atxakixiakin, baimena eskatu genduan kalera urtetzeko. Kriston girua zeguan, ordu batak aldera zan pasatzekua, baiña oso atzeratuta zetorrenez, gu etxera itzuli bihar izan giñan ikusi barik. Hori bai, gabaz urtetzeko aukeria izan genduan!

Goguan dakat, Eskoriatzan ikasten nenbillela, Arrasatetik birrittan pasau zala, baten gabaz. Bertara juan giñan, eta AEDko lagun batzuek esan zeskuen jendia bihar zebela lastazauak (antortxak) eruateko. Korrikia Kanpantzarretik zetorren. Halako baten, txalapartian soiñua mendittik zetorkigun, dana illun eta gu lastazauekin Korrikiari laguntzen, babesa emoten. Arrasaten sartu, eta jendia txaloka. Zelako momentua, zenbat emoziño!

Aurten hirugarrenez eruan dot tatiagua —Lau urteko Larraitzek oso ondo egitten dau berba, baiña bere gelako tatigua eruan zebala kontau zestan—. Beti izanda oso pozgarria eta itzelezko ohoria, oso hunkigarrixa, momenturik emozionantienak. Lehelengoz seigarren Korrikan Eskoriatzako Ikasle eskolakua eruan neban. Benetako kilometrua, goizeko zazpiretan, Gatzaga eta Eskoriatza artian! Entregau neban Eskoriatza jartzen zeban kartelan onduan. Gero gure pisuan txokolatadia egin genduan. Oso emozionantia izan zan. Erretrato mordua etara zeskuen, baiña karretiari zeozer pasau, eta hondatu egin ziran. Lastimia!

Bigarrenez hamahirugarrenian, Eibarko Klub Deportibokua. Domeka eguerdixa, Eibarren zentruan, kriston egualdi politta, furgonatik nere izena esaten, aupaka! Hain edarra izan zan, irribarre baiño ezin neban egin. Ni oso urduri, pozik. Oso egun edarra izan zan, Galerias parkian bazkari popularra egon zalako, eta oso giro berezixa sortu zalako.

Aurten, azkeneko momentuko erabagixa izan da. Matrallako irratikua eruan dot, eruan bihar zebanak azken unian ezin izan dabelako. Zapatuan jakin neban, eta gabaz txarto egin dot lo, benetan. Laua izan da gure kilometrua, eskerrak! Amañako azken torretik lehelengora. Antxon Narbaizan eskuetatik jaso (laztan eta guzti) eta Jon Egigureneri emon. Jende gitxi egon da zati horretan, eskerrak Kontxi eta Garbiñeri, nere laguneri, hantxe egon diralako eskuma-ezker ni eskoltatzen, Los angeles de Txarli emoten genduan!

Eskoriatzakuan, pentsau neban lekukuari erreparau bihar netsala. Momentu baten ondo-ondo begiratu, eta pentsau neban zenbat jendek hartu zeban bere eskuetan, zenbatek ikutu genduan seigarren Korrika haretan. Oso espeziala izan zan.

Gaur be begiratu detsat. Eta gero gabian ETBn emondako reportajian Juan Gorritik kontau dau oso gauza politta: bigarren lekukua egin zebanian (lehelenengua Remigio Mendiburuk egin zeban pagoz, eta nahiko hondatuta zeguan) eta pare bat Korrika pasau ostian, antolatzailliak eruan zetsen lekukua garbittu zeixan. Berak ezetz esan zetsen, hori ez zala zikiña, hori jendian maittasuna zala. Ba, hori. Artista batek haiñ ondo esandakua nik ez dot hobeto esango.

Eskuz eskuz pasau dogu lekukua, sentimentuen Korrikan. Kilometroz kilometro egin dogu Korrika sentimentala, gure barruko goguak eta indarrak bertan jarritta, etorkizuna hobia izango dalako esperantzan, iñoiz Korrika gehixago premiñiagaittiki egiñ ez deigun.

Artea

Domekan Durangoko San Agustin aretoan "Artea" antzezlana ikusten izan nintzen. Aspaldian antzerkira joan gabe (badakizue, hitza irakasleok daukagun kabaretera ordutegiarekin) asko disfrutatu nuen. Egia esan, antzerkia ikaragarri gustatzen zait, ez dakit ze magia daukan, baina barruraino sartzen da.

Antzezlan honetan hiru aktorek hartzen dute parte. Aitzakia adiskidetasunaz berba egiteko koadro bat eta arte garaikidea dira. Lagunetako batek koadro bat erosi eta horrela sortzen dira eztabaidak eta haserreak. Lanak laguntasunaren hauskortasunaz dihardu; maite ditugunak batzuetan ezin ditugula jasan, hiru lagun izatea zein gaitza den,…Hori guztiori umore puntu batzuekin.

Umorea, batez ere, Joseba Apaolazaren pertsonaiak jartzen du. Bera da erdian dagoen laguna, inoiz haserretzen ez dena, sekula inoren alde egiten ez duena. Horrekin lagunak haserretu egiten zaizkio. Baina baten baten alde eginez gero, besteak txarto hartuko du. Real como la vida misma!

Serio baina era berean dibertigarria.askotan badirudi gauza garrantzitsu baten gainean berba egiten dugunean, gauza triste eta aspergarria izan behar dela. Hemen ez, dramatismoa apurtu eta umoreak laguntzen digu hausnartzen. Oso gomendagarria. Benetan gustura ikusi nuen lana. Ahal baduzue, joan zaitezte

Leire Narbaiza 2007/01/31

Bideak

Barikuan Elgetako Espaloia kafe antzokian izan nintzen Aukeran dantza konpainiak eskainitako “Bideak” ikuskizunean. Lana garaikidea da, baina euskal dantzetako urratsak ditu oinarri. Nire asmoa ez da kritika egitea, egia esan gustatu ez zaidan zer edo zeri ez nioke publikoki egurrik emango, ni ez bainago kualifikatuta horrelakorik egiteko. Beraz, trankil ibili. Hori bai, “koipea” ematea ere ez zait gustatzen.

Hainbat pausu erabili dute koreografia muntatzeko, eta batzuk konstanteak dira Aurreskukoak kasu. Nik gustuko ditut gure urrats tradizionalak erabiltzea dantza garaikidea egiteko, eta orokorrean gustatu zitzaidala esan behar dut.

Momentu batzuetan “Lord of the dance”, “Mayumaná”, “Le cirque du soleil” eta Ballet de Biarritzen eragina topatu nion. Horrek dakarren gauza on eta txar guztiekin. Gutxien gustatu zitzaizkidanak zati bi izan ziren: arropa beltz-zuriekin agertu ziren koadroa, eta azken zatia. Arropa beltz-zuria erabili zutenean hainbat ekilibrio eta akrobazia egin zituzten, baina ez nuen ikusten zelan akoplatzen ziren koreografian, fortzatuak iruditu zitzaizkidan. Azken zatiaren ideia ederra eta estetikoa begitandu zitzaidan lokarri zuriekin, Aurreskuaren estatikotasuna apurtzeko erabili zituzten mugimenduak…., baina uste dut mugimendu horiek gehiago sakondu behar dituztela.

Asko disfrutatu nuen dantza soltea oinarritzat hartuta egin zituzten lotura batekin eta beste koadro batekin. Loturak Derbitxeen mugimendua gogorarazi zidan, eta koadroak umetan egiten genuen esku-joko bat: sehaskarena (hari bat hartu eta biren artean mugimendu batzuen bitartez eta haria elkarri pasatuz, sehaska bat egin). Horrela dantza soltea zinta-dantza bihurtu zuten. Hori bai, dena lotu ostean ez zuten askatu, eta ondotxo dakigu hori izaten dela gaitzena…

Koadroen artean eta lotura egiteko neska bat irteten zen panderoa jotzen eta kantuan. Perkusioa zen oinarria eta sarritan erritmoa baino ez zen markatzen dantza egiteko, musika barik. Nire iritziz, horrek indar handia ematen dio ikuskizunari. Pena da kantuaren letra ez zela apenas ulertzen.

Arropari ere tarte bat gorde behar diot. Ez nuen pentsatzen mutilak hain guapo egongo zirenik gonekin. Egia esan, gonaren “bueloa” beti oso estetikoa izaten da.Lehenengo gona ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta, gainera, batzuetan deseroso gertatu zitzaielakoan nago, batzuek salto egitean zapaldu egin zuten-eta, luzeegiak zirelako.

Eta dantzarien gainean zer esan! Zelako gorputzak, fondoa, erresistentzia. Pare bat dantzari ia ikuskizun osoan egin zuten dantzan. Itzela! Ea nork agoantatzen duen intentsitate horrekin espektakulu osoa.

Azkena Elgetako Espaloi kafe antzokiaz. Bere txikitasunean proiektu sendoa eta ederra egin dute, Eibarrek, adibidez ez daukana. Zorionak baino ezin dizkiet eman. Hurrengoan kontsumituko dugu, garagardo bat-edo! (Ez haiz kejauko, ez dok Iban?)

Leire Narbaiza 2006/10/02

Botelloia

Aspertuta nago tontokerixak entzutziakin! Ikerketa baten ostian, soziologuak topau dabe botelloian zergaittixa: gaztiak zailttasunak dakez helduen munduan sartzeko. %60k ez dake ez etxerik, ez biharrik, ez bikotekiderik. Hori dala eta, lagun artia bihurtzen dabe basleku, eta botelloia egitten dabe! A!!!!

Oiñ Amama Kipuletan espirituak hartuko nau (gero eta gehixago nabill holan, eta kezkatzen hasitta nago!). Ikasten amaittu nebanian.-larogeta hamarreko harmarkadian hasieran- kuadrillako bik baiño ez zeben egitten bihar, familixako negoziuetan gaiñera. Nik nahiko bizkor topaun neban biharra, baiña ebentualidadian jarraitzen dot. Ez zeguan biharrik iñun, ezta zabor-kontratuak be ez!. Iñor akordatzen da zenbat jente juaten zan Londresera inglesa ikastera-edo?

Etxia erostia eziñezkua zan, interesak %17xan zeguazelako (ezagun batek ehun milla pezeta baiño gehixago pagatzen zeban hipotekia oiñ hamabost urte!. Babes ofizialeko etxerik be ez zeguan barren. Alokatzeko etxerik be ez.

Bikotiana lehen eta oin bakotxan abilidade-suerte kontua da/zan. Gaiñera, bizimodu independientia egitteko ez dot uste bikotekiderik bihar danik.

Gurasuak paruan, rekonbersiño industrialan sasoia, eta poltsikuan diru gitxi. Hori bai, tabernetan ibiltzia askoz merkiagua zan. Elgobarrera juaten hasi giñanian (hau larogeiko hamarkadian amaieran! Bai, gure belaunaldixa hasi zan bertara juaten) ehun pezeta jartzen genduan botian eta hamar gorri gasakin edaten genduazen; aguantau ezkero, jakiña. Konbinauen preziuaz ez galdetu, holakorik hartzeko sekula ez zeguan dirurik-eta.

Gauza asko aldatu dira. Gazte batzuek (askok) automobilla dake, baitta kotxia tuneau be. Gure kuadrillako batek, autua zeukan bakarrak, ziento beintikuatro granatia, tuneo ekologikua zekan: atzeko partian, lurrian karrozerixan zulua zekan (ez zeguan ITV-rik), eta perretxikuak urtetzen zetsen!

Beste sasoi bat zan. Illunagua, gogorragua, oso dibertigarrixa eta imaginaziñoz betetakua. Lehen poteo-txikiteua egitten genduan, oin botelloia (edo litruak, edo botilatzarra, edo..), gauzia lagunekin egotia eta ondo pasatzia, diru gitxi gastauta. Azken baten ez da hainbeste denpora pasau; neretako, behintzat. Soziologuak nahi dabena esatia dake, botelloian errezoiak ekonomikuak diralakuan nago. Holan, errez-errez

Nik pena bakarra dakat: iñork ez desta e-mailik bialdu mega-botelloira konbidatzeko. Amama Kipuleta zaharregixa ete?

Leire Narbaiza 2006/03/17

"La Banda del Moco"

Latin Kings, Erdiko Amerikako marak, internet bittartez zabaltzen diran bidio biolentuak, etxerik bakuen kontrako erasuak...danon ahotan dabiz egunotan.

Burura etorri jata, umia nintzanian, oiñ hogetabost bat urte danok bildurrez eta bajuan esaten genduana. Auzuetan, ondoko herrixetan mutil nagusixak alkartzen ziran eta burrukan egitten zeben. Baten batzuk be elementu arriskutsuak ziran. Antxitxiketa saio bat baiño gehixago eginda gagoz eurak zetozelakuan!

Nik gogoratzen dodanan araura hiru "banda" zeguazen: "Valium 10", "La Banda del Moco" eta Urkiko kuadrilla bat izenik ez zekana. "Valium 10" elgoibarkua izatiaz gain, arriskutsuena eta ezezagunena be bazan. Famarik haundixena, baiña, "La Banda del Moco"-k zeukan. Auzo edo herri batera juaten ziran eta bertakuak jo egitten zittuen. Urkikuak burrukan baiño ez eben egitten.

Amañako nere informantiak be -Aupa Garbiñe eta Kontxi!- kontau deste "luchakoak"-eta topau zittuela "en un leku" ("un zulo" asmatu barik zeguan). Amañakuak be egitten zeben burruketan.

Baiña danetan txarrena eta bildurgarrixena "Patatxula" zan Ermuko hiper-makarra bat. Bistaz ezagutzen genduan, eta ikusi bezin laster hala! korrika! Kanpanoluak zeroiazen paketia markatzen, abiadore antiojo baltzak, arkondara estuak, ule kizkur orraztua, kanperak eta kojua zan! Itzela bere itxuria.

Esan zesten kartzelan sartu eta bertan hil zala. Hori bolo-bolo ibili zan, halan da be ez dakitt egixa ete dan

Sekula ez nittuan burrukak ikusi. Kontatzen zebenez, oso latzak ziran. Askotan pentsau dot leienda urbanuak baiño ez zirala. Batek daki! Guztiz ahaztuta nekan, eta burura etorri jatan. Auskalo ze lotura egin neban

Leire Narbaiza 2006/02/16

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara