Kalamuatik Txargainera
dantza
Amantalen ahotsa
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna
Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.
Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.
Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.
Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.
Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea.
Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!
Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!
Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!
Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.
Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…
Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!
1.01
Dantzaz konpainiaren ikuskizuna.
Barixakuan Dantzaz Konpainiaren ikuskizuna ikusten izan ginen Eibarko Koliseon. Antzokia ez zegoen beteta, eta ume askotxo zegoen, nire gusturako; izan ere, mugitzen ibili ziren ia ikuskizun guztian zehar. Ez dut gaizki ikusten umeak horrelakoetara eramatea, pentsatzen dut ona dela. Baina dantza espektakuluetan sarri nabil hori ikusten. Badirudi umeendako gauza dela, edo nagusiek umeen aitzakia behar dutela, ez dakit.
Songeur koreografiarekin hasi ziren. Sinpatikoa, umoretsua. Hiru dantzari gizonezko ikaragarri ondo dantza egiten. Ameslariak, eurek ez dakit, gu bai!
Ikuskizuna lau atalek osotzen dute: Sogeurs, Ballet 101, Björk duets eta Torque. Laurak oso desberdinak, bai koreografia, bai musika aldetik. Niri neuri gehien Ballet 101 gustatu zitzaidan. Atal honetan dantzari bakar batek balleteko oinarrizko posizioekin egiten du dantza, off-eko ahots baten aginduei jarraituta.
Björk duets-en Björk kantari islandiarraren musikan oinarritzen da koreografia. Ni ez naiz oso Björk zalea; beraz, hain gustukoa ez nuen izan. Dena dela, bikoteka egindako lana, lortutako espresibitatea, ikaragarria iruditu zitzaidan.
Torque-ko eszenografia hutsa eta latza da. Eszenarioa inongo teloirik barik. Musika ere, zarata hasieran, zorrotza, industriala. Ez nengoen konbentzituta, baina azken zatiak aho bete hagin laga ninduen, batez ere erdian zegoen bikoteak. Zoragarria izan zen dantzan egin zutena! Ederra benetan!
Zerbait ikusi nahi baduzue, hona hemen bideoa
Gazteendako konpainia profesionala da Dantzaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duena. Diru oso ondo inbertitua, benetan. Bazen ordua horrelako gauzetan gastatzeko, benetan!
Gehituta: Post hau agertu eta ordu batzuetara Dantzan.com -en Tokiko tv-ren bideo bat agertu da, Dantzaz konpainiaren nondik norako azaltzen duena. Interesgarria da oso. Horregatik behean txertatu dut. On egin!
"Magifique"
"Ballet de Biarritz"-ena.
Duela domeka bi Victoria Eugenian izan nintzen "Magifique" Ballet de Biarritzen dantza emanaldia ikusten. Txaikovskiren musika oinarri hartuta Thierry Malandain-ek koreografia ikuskizuna sortu du. Ni nahiko analfabetoa naiz musika arloan, eta Txaikovskiren pieza batzuk ezagutua arren, ez nekien denak berarenak zirenik. Guztiak ezagun-ezagunak, ederrak.
Hirugarren lerroan izan ginen, luxua, dantzariak nola izerditzen ziren ere ikusten genuen eta. Beraiek izerdia bota zeren guk itzelezko hotza pasa baikenuen. Odonek berogailuan ere murrizketak jarri dituela dirudi. Baina lartxo izan zen. Batzuek txamarra erantzi ere ez zuten egin. Ondo dago berogailua kentzea dantzariak asten direnean, baina ordu erdi lehenago itzalita izatea! Gehiegi.
Harira! Hasieran, egia esan behar badut, kostatu egin zitzaidan espektakuluan sartzea, ez zidan ezer transmititzen, baina aurrera egin ahala aldatu egin zen. Indarra hartzen hasi eta gorantza! Nola egiten duten dantza, ikaragarria da. Gainera, beste hainbat balletetan dantzariek dauzkaten irribarreak faltsuak dira. Hauenak naturalagoak dira. Ez diot euren aurpegiko keinua irribarre normala zenik, dena oso ondo estudiatuta egoten baita, baina bai oso ondo entseatuta, eta sinisgarria ematen du.
Obrak espontaneotasunetik ere badauka. Freskoa dela esango nuke, gaztaroaren zorakeriatik ere baduela uste dut. edo behintzat nik hori ulertu nuen.
Zelako gorputzak! Mutilenak! Neskenak ez dira nire gustukoak, beharbada beste tipo bat gehiago gustatzen zait. Baina gizonezkoak....itzelak! Zenbat gihar! Zelako txokolate tabletak! Eta ipurdiak? Biribilak eta gogorrak! Nahiko lukete gimnasiotan dabiltzan hainbatek horrelako itxura izatea! Dena bere lekuan, koipe gramorik barik, kruasan itxura gabe...Nork esan du dantza ez dela maskulinoa?
Dibagazio estetiko hauek alde batera lagata, esan nahi dut ez dugula nahikoa baloratzen etxean zer daukagun. Ballet zalea naizen arren, ez dut ezagutzarik horretan. Dena den, behin baino gehiagotan ikusita talde hau eta beste batzuekin konparatuta, esan nezake oso maila oneko konpainia dela, dena ematen duena eszenarioan. Euskal Herrikoa da, baina ez diogu daukan garrantzia ematen.
Oso gustura irten ginen. Izoztuta baina pozik. Hala ere, tutudun eta maila zuridun ballet klasiko bat, orkestra eta guzti, ikusteko gogoarekin jarraitzen dut. Etorriko da hori ere!
El Cascanueces
Dantza emanaldian izan nintzen Gabonetan
Dantza asko gustatzen zait, txikitatik. Bai egiteko, bai ikusteko. Ahal dudan guztietan joaten naiz ikuskizunen batera. Baina beti euskal dantzak edo dantza garaikidea ikusi izan dut, eta aspaldian neukan gogoa ballet klasiko bat ikusteko, tutua darabilten dantzariekin eta malladun printzearekin.
Horregatik "El Cascanueces" Txaikovskiren lana Bilbon, Euskaldunan hain zuzen ere, zegoela jakin nuenean, sarrera bi erosi nituen, zirt-zart. Amaren urtebetetzeko oparia egiteko oso ondo zetozkidan: txori bi harri batekin!
Joan ginen igande horretan Euskaldunara. Askotan izan naiz bertan, baina beti beheko aretoetan, biltzarretan-eta. Sekula, baina, areto nagusian egon barik. Eta haluzinatu egin nuen. Zein ederra den! Telebistan ikusita neukan, baina zuzenean itzela begitandu zitzaidan! Oso-oso polita!
Justu-justuan iritsi ginen, Biboko domeka arratsaldeko ataskoak ez nituen kontuan hartu-eta. Jesarri eta hasi egin zen, komunera joateko astirik ere ez zigun eman. Argia itzali, eta hasi zen ikuskizuna. Hor ere gure lehenengo dezepzioa: musika grabatua zen. Ez dakit orkestra oso espero nuen, baina ez behintzat musika grabatua.
Dantzaldia aurrera egin ahala, konturatu nintzen dantza taldea (cuerpo de baile nahi dut esan, baina ez dut inon aurkitzen); hau da, dantzari protagonisten atzean dantzan egiten duten dantzariak, sinkronizazio gutxi zutela; batzuk besoa jaisten ari zirenean, pare batek igotzen. Ilarak nahiko desordenatuta, batera gauza gutxi egiten zituzten. Pentsatzen dut entsaio asko falta zela, eta gainera dantzariren bat ez zela besteen mailakoa....
Gaiztoa naizela esango duzue, baina dezepzionatuta geratu nintzen. Eta ezin dezaket esan disfrutatu ez nuenik. Hala ere, uste dut horrelako propaganda egin zaion ebentoak kalitate handiagoa izan zezakeela. Sarrerak merkeak ez ziren horratio!
Gainera esan behar dut hartzeko zegoen triptikoan; hau da Gabonetako ikuskizunak iragartzen zituena, erdera hutsean zegoela. Euskarazko berba bakarrak "Euskalduna" edo "Euskalduna jauregia " ziren, eta euskaraz egiten zuten bakarrak, gu. Oso giro arraroa eta arrotza.
Azken batean, esan behar dut disfrutatu nuela, lekuagatik, giroagatik, dantzari batzuengatik. Baina ahoan laga zidan gustua gazi-gozoa izan zen. Beharbada, beste ikuskizun batzuekin, teorian apalagoak zirenekin, gehiago disfrutatu dut, antzoki txikiago eta xumeagotan, oso urrun joan gabe. Eta euskaraz!
Dena den, nahiko nuke ikusi orkestradun balleta, tutu eta tularekin, klasikoetan klasikoena. Dantzariak puntetan ia ikuskizun guztian, eta koroitxoekin buru gainean. A! Eta printzea malla zuriekin jantzita!
Hnuy illa...
Duela zapatu bi, hilaren zazpian, dantza espektakulu hau Durangon ikusteko aukera izan nuen.
Honen berri izan nuenetik ikusmina sortu zitzaidan, Joseba Sarrionandiaren poemetan oinarritutako dantza montajea zelako. Ez nekien zelan egin zitekeen dantza poemetatik sortu. Horretxegatik, joateko gogo ikaragarria neukan aspalditik.
kontuan hartu behar da Sarri asko gustatzen zaidala, eta dantza ere bai. Ondo lotuta egonez gero, ikuskizun ezin hobea nire gustuetarako. Baina nire beldurra nahastea nola egin zuten zen.
Arduradunak Kukai eta Tanttaka dira; hortaz, postura ziurra. Eta ikuskizun ederra eskaini ziguten. Egia esan Sarrionandiaren poemekin gauza txar bat egitea gaitza da.
Eszenaratzea bikaina izan zen. Euri hotsak eman zion hasiera, eta hizki eta hitzen euria hasi zen. Poemak hainbat ahotsetan emanak zeuden (batzuk ezagunak, Sarrionadiarena berarena, Ruper Ordorika eta Mikel Laboa kasu). Batzuetan kantatuak, besteetan
musika hutsa. Olerki asko ezagunak, batzuk "Hnuy illa nyha majah yahoo" poema liburu ederretik hartutakoak. Liburu hau joiatxo bat da, poemario zabala, txukun argitaratutakoa (pasta gogorrekin, paper ona eta ilustrazioekin).
Eta dantzaz zer esan? Dantzari onak dira, gero, Kukaikoak. Itzela, euskal dantzetako pausuak hartuta garaikidea egitea, sentsualitate horrekin,....Beti pentsatu izan dut, euskal dantzetan elkar gutxi ukitu arren, bazeudela batzuk oso sentsualak zirenak...Denek barre egiten zidaten, baina Durangon ikusitakoaren ostean, inork ez dit ukatuko sentsualitatearena!
Montajea ere modernoa eta ausarta. Normalean dantzan (balletean, garaikidean) bikoteen arteko musuak egonda ere, ez dira ematen, sujeritu egiten dira. Hemen ez, hemen eman egiten dira, behar den moduan. Bikoteak, gainera, neska-mutil klasikoaz haratago. Badago mutil biren arteko tango bat polita, hunkigarria, sentsuala, ikaragarria. Ez gaude ohituta, zoritxarrez, mutil bi dantza lotuan ikusten, eta harrigarria egin dakiguke. Baina hain naturala da tango hori, inor ez da konturatzen nolakoa den bikotea.
Dena oso hunkigarria zian zen. Batetik, lehengo poema "Kiromantzidxa" izan zen, eta azkena "Sustraiak han dituenak". Biak oso ezagunak eta esanguratsuak. Gainera Durangon. Euria bezala, hainbat poema oso malenkoniatsuak dira, eta euriarekin hasi eta amaitu zen. Hainbat begi busti ikusi nituen, ni ere negar egiteko puntuan egon nintzen; emozionantea izan zen oso.
Oraindik ikusteko aukerarik badago; eta ni zuek banintz, ez nuke oportunitatea galduko, benetan. Informazio gehiago dantza.com webean. Erretratua ere bertatik lapurtu dut. Mila esker.










