Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera arropa

Kalamuatik Txargainera

arropa

Elurra teilatuan…

…mantapean sofan!

Kokoteraino egongo zarete honezkero elur kontuekin. Agobiatu egiten gaituzte komunikabideetan betiko topiko tipikoak ikusten, entzuten eta irakurtzen: Kontxa elurtuta eta jendea bainatzen, esatariak mendiko portuetan hotzak akabatzen eskularru eta txanopean, edozein bazterretako argazki elurtuak, eguraldi iragarpenak noiznahi, psikosia eta istripua errepideetan,…

Bai, albistegiak arrunkeriaz beteta daude, eta orriak eta denbora luzea ematen dute elurraren aitzakiarekin benetan gertatzen dena tapatzeko; elurrak lurra ezkutatzen duen moduan, eguraldia erabiltzen dute errealitatea lanbrotu eta estaltzeko. Horrela difuminatuta geratzen zaigu, eta benetakoa ez dela ematen du.

Hala ere, ikaragarri maite dut elurra. Txikitatik. Gurean ez da hain arrunta; urtero ere ez zaigu agertzen; egin arren, beti ez du zuritzen. Gainera, gomutara oso momentu ederrak dakarzkit: Egindako elur-bola gerrak, begia handitu zidatenekoa, trenbidetik egindako txangoak klaseko mutilengandik babesteko, eskolan erdi jai (berandu iritsi, gela erdi falta, irakasle batzuk ere bai…). Jolasa eta olgeta, disfrutatzea, berba baten!

Honetaz gain, nire bizitzako pasarte ederrekin ere lotzen dut. Aitarekin, adibidez. Iñuxente egunean beti etortzen zitzaigun logelara esnatzera "edurra da" esanez, eta beti jausten ginen, ez dakit nola egiten zuen. 

Elurrarekin lotura ere badago nire bizitzako egunik berezienetakoa, Somporten, hain zuzen. Ederra, elurtua, gozoa, eguzkipean… ahaztu ezinekoa. Eta aurreko bi horiekin batera pasa den astean ilobarekin bizi izandakoa, laburra baina ona. Elurrarekin haluzinatuta, galdera mordo bat egiten, flipatzen zerutik jausten ari zenarekin. Polita, oso polita…

Baina nire historia sentimentalarekin elurra oso lotuta egoteaz gain, niri neuri sekulako bakea ematen dit. Malutak jaustean duten kadentzia hori, mara-mara ari duenean. Dena zuri, kanpoan hotz, barruan epel. Oso txokolatezalea ez naizen arren, txokolate beroa hartzeko gogoa sartzen zait, mantapean kiribilduta. Non hobeto?

Horri guztiorri gaineratzen badiogu kalean dagoen bakea, ia zarata bakoa, trafikoa ere gutxitzen dela, zer gehiago eska liteke? Elurra egiten duen egunetan, dena da bereziago, dena doa astiroago, soseguz. Gehiago: txanoa, txapela eta ginbaila janzteko aitzakia perfektua da, baita modaz pasatako abrigu bero hori hainbeste gustatzen zaigun; izan ere, janzteko orduan elur-egunetan dena libre dela dirudi, moda alde batera lagata, barruko filiak erakusteko.

Nik gehiago ezin nezake eska. Egin beza elurra bota ahalean!

Leire Narbaiza 2012/02/08

Boltsomari emakumeak

Sustatuko Zer erantzirako idatzitakoa

Misterio gutxi daude emakume baten boltsoaren edukiarena baino. Edo hori diote, behintzat, gizonezko askok. Zenbat tramankulu eta sekretu gorde litzake andrazko batek boltsoan? Emakumeen esentzia ezkutua bertan egon ote litekeen galdetzen diote batzuek euren buruari. Ikusi duzue inoiz ume bat amaren edo izekoren boltsoa arakatzen? Zelako plazera! Zein mundu gordea!

Egia esateko, traste asko eta sekretu gutxi. “Badaezpada”ko gauza asko eta nahitaezko gutxiago. Inoren gauzak ere larregi. Zein emakumek ez du eroan senar edo lagunaren gauzak? “Boltsoa daramazunez, gordeko dizkidazu giltza/betarrekoak/diru-zorroa....?” Eskerrak orain gizonezko askok eurena ere badarabilten, gure sorbaldek eskertuko diote berdintasunari!

Errealitatea da, askorendako ezinbesteko osagarria dela. Batzuk ezingo ginateke boltso barik ibili, hainbeste gauza dauzkagu, batez ere lanera joaten garenean! Hor dator gure dilema: boltso handia ala txikia? Handia nahiago, baina arrisku bizia du, larregi kargatzearena. Badaezpada gauzez bete eta gero itzelezko pisuarekin oker-oker eginda. Orduan, esango didazue txikia aukeratzeko. Bai, baina txikian ez da ezer sartzen. Zelan sartu liburua, guardasol tolesgarria, konpresak, tanpoiak...? Ez dago lekurik!


Argazkiak.org | Boltsoa © cc-by-sa: txargain

Oso boltsozale garenondako badago trantze larri bat: boltso aldaketa. Edo bata bestean hustu, edo problemak dakarzkigu; izan ere, presaz eginez gero, beti dago zerbait ahazteko arriskua. Nork ez du laga gida baimena, eguzki-betaurrekoak edo eskularruak boltso aldaketa bizkorra egin ostean? Arriskutsua, benetan!

Esan beharra dago, Boltsomari andreak oso anitzak garela. Kolore guztietakoak, maila sozial orotakoak, adin espektro osoan agertzen gara. Eta gehiengoa garela esango nuke. Botsomaritar famatuak ere badaude, Ingalaterrako erregina, esate baterako. Bere edozein erretraturi begiratuta, beti boltsoa besotik zintzilik (ez sorbaldatik) ikusiko dugu. Errezepzioetan, galaz jantzita, loreak jasotzen. Beti. Boltsomari galanta eginda dago. Baina ez diozue inoiz galdetu zeuen buruari Elizabethek zer ote daraman bertan? Hori bai misterioa, eta ez nirean topa genezakeena!

Rep. Hoyer and Sen. Mikulski present photo to Queen Elizabeth II and Prince Phillip, May 8, 2007 Elizabeth II, Buckingham Palace, 07 Mar 2006
Wikipedia / Wikimedia Commons: NASA / Paul E. Alers | © cc-by-sa: Ricardo Stuckert/PR (Agência Brasil)

Baina ez dugu oso urrun joan behar emakume Boltsomaritar garrantzitsuak ikusteko. Gurera etorrita, ba omen dago beste andre bat gure taldekoa dena: Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, hain zuzen ere. Badirudi beti daramala boltso handi bat gurutzatuta, berdin jaietako zortzikoa dantzatzeko, ongi etorri ekitaldian, inaugurazioetan edo dena delakoan, beti. Antza denez, Arrasaten batzuk “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzen diotela. Badakizue, zein gaiztoak izan gintezkeen! Kasu honetan, Galparsoro alkateak barruan daroanak ez dit kuriositatea pizten; izan ere, nirean dauden antzeko gauzak izango dira berean.

Baina, nondik datorkio gurutzatuta eramatearen joera hori? Badakigu Boltsomaritarrok oso era erosoa dela, batez ere pisutsua denean gure zorroa. Egia esan ez da oso dotore geratzen, baina praktikoa bada; batez ere, atzera-aurrera gabiltzanean.


Kaosenlared.net-etik

Hala ere, Arrasaten “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzea ez ote da beste ideia baten adierazgarri? Beharbada, izan liteke oraindik ez garela ohitu emakume normal bat lehenengo lerroan ikusten, eta hainbat gauza arrunt ez ditugula barneratu. Printzipioz agintedun emakumeak era konkretu batean jantzi behar omen direlako, eta osagarriak ere era batekoak izan behar direlako. Baina alkateak nola eramango du nik darabildan boltsoa eta nire modu berean, gainera?

Ez, mesedez, ez.


Ino Galparsoro elkarrizketatzen © cc-by-nc-sa: Goiena.net

Dena dela, baliteke hori izatea Boltsomari emakumeon enkantua, garenak izanda, gure boltsoa ez dugula inoiz bazterrean lagatzen!

Leire Narbaiza 2011/02/11

Otegiren janzkera

Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta

Beti pentsatu izan dut gizonezkoen janzteko modua tristea eta gatzgabea zela, aspergarria. Beti berdina, kolore diskretuak; jertse eta alkandora lisoak, marrazkirik gabe, marrak, koadroak eta erronboak baino ezin estanpatu. Oihalak ere jakin batzuk baino ez. Aldatzen den bakarra jaken luzera eta alkandoraren idunaren tamaina. Kitto! Eta politikariak? Pufa! Horregatik estimatzen dut Arnaldo Otegiren janzkera.

Zer esan politiko, bankari edo enpresarien janzkeraren gainean? Trajeak, uniforme bihurtuta, askoz ere aukera gutxiago lagatzen ditu: beltza, urdin ilun edo grisa; alkandora diskretuak eta gorbata izeneko munstroa zintzurretik zintzilik! Gauza itsusiagorik! Denak berdin, denak kloniko!

Hainbat politikarik, gurean, trajearen ohiturari jarraitu ez badiote ere, lehen bezain gatzgabe eta triste janzten dira. Batzuk nahiko gazteak eta gure aiten moduan: alkandora zuria/marraduna/koadroduna; jertse lisoa idun biribilekoa, eta praka ilunak.

Horregatik estimatzen dut Otegiren (8719600510) janzkera; nahiz eta oso alaia ez izan (gris/zuri/beltza dira bere koloreak), normalean dotore doalako trajea jantzi barik. Nire ustez, beti moderno, baina modernoegi izan gabe, ez desentonatzeko moduan. Ezagun du, darabilen arropa ez dela Elgoibarko Sigmako merkadilloan erositakoa (errespetu handiz, ni Eibarkoaren bezero fidela bainaiz); eta janzki gutxirekin -argazki asko ibili naiz errepasatzen- oinarrizko jantzi multzo (fondo de armario) ona lortu du, egokia edozein tokitarako gorbatarik janzteke.

Hori bai, inoiz bere kamisetak laga barik, eta lehen aipatutako hiru koloreetan. Barruko elastiko normalak, baina idun findunak. Orain urte batzuk gizonezko guztiek erabiltzen zuten t-shirtaren edizio berri eta findua, itxura gazteagoa ematen diotenak, bestalde.

Hau guztiau aurreko Zer erantziko postean Camachoren jertseaz jardun nuelako, eta erantzun batean elastikoena iradoki zidatelako; izan ere, pertsonaia publiko batek, askotan, ez du jakiten jendearen gogoan zer geldituko den, zein esaera, zein intonazio, zein irudi. Nire ustez, baina, elastikoak baino bere janzkera osoak post bat merezi zuen. Eta hona hemen, emaitza.

Dena dela, kartzelan arropak ez dira izango hain zainduak; seguru aski, txandala nagusi! Nahiko nuke, baina, beste post bat idaztea janzkera aldatu duelako, adibidez; telebistan edota kalean libre ikusi dugulako. Horregatik, Arnaldo askatu!

Leire Narbaiza 2010/11/11

Bilbon

Eguenian Bilbora juan nintzan.

Txinkirrikitxin, atzo nintzen Bilbora... diño ume kanta ezagunak. Tira, atzo ez, eguenian izan nintzan. tomate berdetan be ez, HABEn azterketen birzuzenketan. Tomatiak ez, baiña igual bai examen berdiak...

Azterketana, baiña ez da gaixa, Bilbon ikusittakua da kontau gura dodana. Bilbon, edo hobeto esanda, Gran Vian, bertatik ez nebalako urten.

Antentziñua emon zestazen gauza askok. Alde batetik, moderno ugari ikusi nittuan, traje eta korbata artian. Harritzekua, Bilbon jentia oso ondo janzten dalako, baiña oso konbentzional. Moderno hónek artista estilokuak ziran: artistia naiz eta erakutsi egingo detsuet klasekuak. Erropa diferentiekin, sonbreua buruan. Beti emon izan deste barregura pixka bat, baiña, halan da be, asko gustatzen zait ikustia zelan janazten diran, ze kolore inposible daroien alkarren onduan. Hirixari ikutu politta emoten detse, desbardiña. Ze litzake bestela Londres? 

Moderno askoz gain, eskaliak be mordua. Haluzinau egin dot. Halakorik! Gizon bat hankak erakusten, guztiz deformiak zittualako, terriblia ikusteko, begiradia beste nonora zuzendu bihar izan neban. Mezu kurriosua be ikusi neban eskale beten kartelian. Txakurrakin zeguan mutila eta hauxe ziñuan: "Argi tienen otitis. Una ayuda para sus medicinas". Txakurrari berari baiño erruki handixagua eukiko gentsalakuan-edo. Gizarte honen adierazgarri.

Pelaje askotako jentian artian, turistak mapiakin, eta erretratu kamarak paparrian. Diskutitzen eta monumentueri begira. "Mira, el Carlton. Ya sabremos dónde hemos ddejado el coche?"

Bittartian, bihargiñen manifa bat, bestiok dendan erosten ezer pasauko ez balitza moduan. Denda barrutik entzutzen ziran manifestarixen zaratak. Neri lotsa apur bat be emon zestan konsumo hutsian jardutiak bestiak biharra galtzen daben bittartian, baiña disimulua zan nagusi saltakixan barruan.

Hori bai, paisaje erdelduna. Oso erdelduna. Madril edo Murtzian egongo bagiña moduan. Martxan jarri izan balebe merkatarien euskera plana, letrero batzuk, behintzat, euskeraz egongo litzakez, eta gure ingurua "geuriago" sentiduko geunke.

Halan da be, zelan gustatzen jatan Bilbo! Tira, baltza eta zikiña zanian gustokua neban, oin zelan ez!

Leire Narbaiza 2010/11/06

Freskuran, gustora!

Gaur eguardiko esperientzixa barrixa!

Eguraldi aldaketa radikalak ez jataz gustatzen, asko kostatzen jata adaptatzia, egoera barrixan eroso egotia. Kanbixo suabiak dittut gustoko, poliki-poliki erropa kapak eranztia: kaltzetiñetatik galtzerdixetara, eta hórretatik pinkixetara pasatzia, panazko fraketatik bakeruetara eta gero liñozkuetara; manga motzetik luzera; kotoizko jertsietatik “kuello zamoretara”, sandalixak, zapata itxixak, eurittakua eta botetara, ordena honetan.

Hori, baiña, gitxittan izaten da holan. Gure herri honetan goizetik gabera aldatzen da eguraldixa. Pasa dan astian, 30 gradotan; astion, 9tan! Negutik udara; udatik negura hamar egunian, edozein zoratzeko moduan!

Banekixan beruakin ez nintzala bape ondo ibiltzen, eta biharrerako beti nahi izan dodala freskuria. Negu hau, ostera, hain gogorra izanda, gustora hartu nittuan aurreko asteko lehen egunak: egun naturala, freskuria goizian, eguerdixan epel. Ideala. Hori bai, eguaztenekua ezin izan neban aguantau. Ha berua! Udako be larregikua!

Gaur eguardikuak, baiña, zer pentsatua emon desta. Atzera be neguko txamarra lodira bueltauta, panazko fraketara, jertse potolora. Maietzian ala eneruan gagoz? Galdetu izan detsa batek baiño gehixagok bere buruari. Guantiak janzteko gogua, txapela, bufandia….Holan, estaziñora jaun naiz, normalian baiño lehenatxuago. Andenian bankuan jarri, liburua etara eta irakortzen hasi naiz. Ondo abrigauta nenguan. Halako baten, haixe freskua etorri jata arpegira. Ummm! Ze edarra! Gustora nenguan, hotzaz disfrutatzen, halakorik!

Sekula ez jata holakorik pasau. Haluzinau egin dot, zeiñek esango lestake neri hotzakin gozauko nebala. Sensaziñua ikaragarri ona izan da, itzela. Neguan parkian eguzki epeletan egoten garanan modokua. Mundiala!

Dana dala, esan bihar dot trena segiduan etorri dala. Bestela, post hau ez neban iñoiz idatziko, izoztu egingo nintzalako. Eskerrak!

Leire Narbaiza 2010/05/04

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara