Kalamuatik Txargainera
arazoak
Irailaren 11ko zalantzak
Askok ez dakite zelan azaldu hainbat gertakizun.
Egunotan New Yorkeko irailaren 11ko informazioak zabaltzen ari dira lau haizetara. Izan ere, 10. urteurrena bete da, eta bertako tragedia telebistaz ikusi genuen, zuzenean. Nire kasuan, behintzat, hala izan zen: 2. abioia dorrearen kontra jo zuenean eta dorre biak lurrera jausi zirenean. Bertan banengo bezala.
Gertaera hauek ordu eta orri asko okupatu dituzte hamar urteotan. Hala ere, hainbat pertsonak ez diote azalpenik aurkitzen pasatu ziren gauza batzuei eta ez daude oso konforme ikerketa txostenek diotenarekin.
Nire begietara dokumental bi ailegatu dira. Bietan hainbat datu aztertzen dituzte, eta galdera batzuk plazaratu. Erantzunik ez dute ematen eta hori ez zait gustatu. Ez badute sinesten ikerketak egiletzaren gainean dioena, hipotesi bat edo batzuk plazaratu beharko lituzketela uste dut. Niri, biak ikusita, zalantzak handitu eta areagotu egin zaizkit. Hala ere merezi dutela uste dut.
Lehengoa, italiarra da eta hainbat elkarrizketa eta datu gehiago agertzen dira. Gainera, dinamikoagoa da. Bestea, ostera, aspergarriagoa izan arren, datu batzuk argitzen dituzte.
Konpiranoiko deituko didazue, baina aspaldi ikasi nuen bertsio ofizialak zalantzan jartzen. Dena dela, erreportajeetako hainbat kontuk ez naute konbentzitzen. Beste batzuk, berriz, bai. Momentu batzuetan sujeritzen da AEBtako gobernuak egin zituztela. Nik ez dut hori sinesten, baina, beharbada, gauza batzuk txarto egin zirela eta akatsok estali nahi izan dituztela, bai. Hori sinesgarriagoa egiten zait.
Honekin batera anti-konspiranoikoen artikulu bat ere iritsi zait gaurkoan, eta hemen irakur dezakezue. Honek ere ez nau guztiz konbentzitzen.
Tira, dokumental biak jarriko ditut, eta zuek atera ondorioak. A! Gero esan!
Hemen italiarra:
ZERO investigación sobre el 11S from 11sbarna on Vimeo.
AEBtako hemen:
911- Painful Deceptions from alvarezmeo on Vimeo.
Euskara ala ekologia
Jogurt batzuk erostean egindako hausnarketa.
Esnekien atala izango da supermerkatuan gehien gustatzen zaidan tokia. Bertan dauden gauza guztiak gustatzen zaizkit, eta asko, gainera. Hori dela eta, sarri geratzen naiz parean begira, tuntunen moduan, zer erosi jakingo ez banu bezala. Ez da hori, arazoa da, dena eramango nukeela, eta berritasunak ezagutzea ere gustatzen zaidala. Begira ere, disfrutatu egiten dut.
Gaur ere gauza bera gertatu zait, eta hori jo-puntu argia neukala: jogurt natural arruntak! Floritura barik! Hala ere, parean jarri naizenean, eta produktua begiz jota neukanean, marka bat aukeratu behar! Bi ziren helburu. Biak bertakoak. Biak sasi-baserrikoak.
Zein aukeratu? Antzekoak gustuz, gertutasunez, prezioz. Beraz, beste bi faktore: hizkuntza eta paketatzea. Euskara eta ekologia. Bata kartoizko alferreko paketea, baina elebidun etiketatua; bestea, ordea, pakete barik baina gaztelania hutsean.
Zein erosi? Euskalduna baina zikinagoa, ala ekologikoagoa baina euskararen kontrakoa? Hain gaitza da gauzak ganoraz egitea? Beti eskean ibili behar gara? Inork ez du ekologiaz eta hizkuntzen ekologiaz entzun? Bakarra naiz jogurt-erosleen artean?
Gaurkoan elebidunak irabazi du, baina agian hurrengoan paketatze egokidunak! Beti berdin!
Fribolitatea
Beharrezkoa ote?
Aurreko asteetako berriei begiratuz gero, aspaldian izandako albiste kezkagarrienak agertu zitzaizkigula esan genezake. Planetaren betiko gaitzez gain (gosea, pobrezia, gerra, analfabetismoa, beroketa globala, injustizia, konflikto ahaztuak,...), beste notizia kezkagarri eta ilun batzuk erantsi zitzaizkien: Espainiako langabetu kopurua 5 milioira ailegatu zen, Bildu-ren legalizazioa Gorenaren aldetik eta Konstituzionalean era agoniko batean zain egon beharra, Ben Ladenen erailketa,...Gaineratu behar dizkiogu Fukushimaren tragedia erdi ezkutua eta Libian dugun gerra. Panorama polita, ezta?
Hala ere, estaltzeko moduak lortu dituzte. Alde batetik, ezkontza arranditsu batekin,mendeko futbol partidu birekin eta aita santu baten beatifikazio ponposo batekin. Espektakulua jendeak egoeraren larritasuna ahatz zezan. Girgilerian eta azalean geratu mamira joan ez gaitezen. Panem et circenses
Esan beharra daukat ni ere erori nintzela fribolitate horretan, azalkerian. Nahita. Nik ere Sustatuko Zer erantzirako Londresko ezkontzaren gainean idatzi nuelako. Baina ez da "mea culpa" bat, azalpena baizik. Izan ere, igande batez idatzi nuen artikulua. Ia arratsalde osoa eman nuen horretan: argazkiak bilatzen, hitz egokiak aurkitzen, testua atontzen... Hala ere, ez nengoen oso ziur artikuluaz eta idatzitakoan Sustatuko Kolaboratzaileei bidali nien euren iritzia jasotzearren. Handik ordu eta erdira etorri zen Gorenaren erabakia; gogo barik horrelako gauzaren bat ateratzeko, ez argitaratzekotan egon nintzen.
Baina azkenean atera genuen artikulua. Alde batetik, eman zidan lanarekin (batez ere lexiko aldetik, horren gainean idatziko dut posten bat) ez nuen paperontzira bota nahi. Bestetik, fribolitatearengatik, Sustatun kolaboratzen dudenetik askotan neure buruari planteatu diodan gaia. Zer erantzin idazten dudan guztia oso friboloa da: arropa, janzkera, itxura...eta askotan kritika hutsa izaten da; azalekoari erreparatu, hondoan asko sartu barik.
Hala ere, bueltaka dabilkit galdera bat: Nor naiz ni horrelakoak idazteko, inor kritikatzeko? Ez dakit ezer modaz, barren! Askotan epaile sentitzen naiz, gizarte tradizionalaren defendatzaile: artaldetik irteten den ardiari haginka ekiten dion ardi-txakurra legez. Pentsatzen dudanaren konta, beraz.
Esan dudan moduan, arinkeriez baino ez dut idazten Sustatun; izan ere horretarako baino ez zidaten deitu. Horretara, lana ondo betetzen ari naizela esango nuke.
Dena dela, alde on bat ere ikusten diot fribolitatearen gai honi: barre eragiten digula. Eta inoiz baino gehiago behar dugu irri egitea, horren premia larria dugu. Nire ustez, fribolitatea kaltegarria da horretan huts-hutsean geratzen denean. Horregatik ahalegintzen naiz azalkeriaz post horietan, irribarrerik sortzen ez bada, beste buleta bat ere eragiten, gizonezkoen janzkera kritikatzen eta arropagatik inor ez juzgatzen. Edo hori nahiko nuke, behintzat!
Izan ere, barre eginez, edo irribarrez, baino ezin izango diogu aurre egin hasiera-hasieran azaldu dudan panorama beltz horri, sekula iparra eta jo-puntua galdu barik, baina umorez. Bestela gureak egin du. Edo?
Martxoaren 9 ez da emakumeon eguna
Ezta martxoaren 7a, otsailaren 20a, uztailaren 5a, irailaren 23a,......ere
Atzo emakumeon nazioarteko egun izan bazen ere, gaur ez da. Urtean 364 egun ez dira geureak, eta arazoek berdin diraute, baina inork ez ditu kontatzen. BBCren bideoa ikustea besterik ez dago (pena da, baina blogean sartzeko aukera kendu dute).
Euskal sindikatuek ere hainbat gauza aldarrikatu zituzten atzo; izan ere, andrazkook nozitzen ditugu, batez ere, murrizketak. ELA eta LABen ordezkari biri eta beste aditu batzuei ere egin zieten elkarrizketa Hamaika telebistan, oraingoan bai, oraingoan sartzeko baimena badugu:
Torturetan ere, ez da ezer aldatu eta, zoritxarrez, hauek existitzeaz gain, sexistak ere badira. Irakurtzea besterik ez dago Beatriz Etxebarriak salatu duena. Sexua erabiltzen dute izua eta terrorea zabaltzeko atxilotu eta isolatuta dauden emakumeengan.
Nahiz eta erakundeek adin konkretu bateko eta eskotedun karteleratzen gaituzten, erakutsi beharko dugu atzera ere, berdintasuna ez dugula lortu eta eskotearekin edo barik; gazte, heldu edo zahar, langile zein langabetu, era askotakoak garela eta berdinak bagara ere, anitzak garela.
Argi dago, martxoaren 8a ezin bestekoa dela, baina urteko beste364 egunetara zabaldu behar dena, bestela ezingo dugu inoiz benetan martxoaren 8a ospatu.
Campanades a Morts
Martxoaren 3a da gaur
Duela bost urte Lluís Llachek Gasteizen eman zuen kontzertua, gaurko egunez, 1976an gertatutakoa gogorarazteko: bost behargin erailda eta zauritutako pila bat. Joateko aukera paregabea izan nuen lagun bati esker (eskerrik asko Sonia, wapa!), eta benetan oso kontzertu hunkigarria bizi izan genuen. Egun horretan bertan, poliziak manifestazioaren aurka kargatu, eta jendea atxilotu zuen.
Martxoaren 3an, lan arazoengatik protestan ari ziren eta eliza batean protestan jende andana itxi zen. Poliziak hori bazekien ere, eliza barruan sartu eta kargatu egin zuen. Sarraskia saihestezina zen.
Llachek orain 35 urte idatzi zuen "Campanades a Morts" kantua, albistearen berri izan zuenean, hain zuzen ere. Orain bost urte eskatzen zuena, atzera ere eskatzen gabiltza: justizia, oraindik horrelakorik ez zaie egin eta. Ez omen dira biktima, asasinatu bazituzten ere.
Facebooketik izan dut bideo honen berri. Mila esker, Ricardo
Otsailaren 27a
Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra sortu zen otsailaren 27.
Arabiar Errepublika Demokratiko Saharara duela 35 urte sortu zuen Fronte Polisarioak. 35 urte okupatuta edo deserrian, euren lurraldean morroi, inoren lur mortuan babestuta.
Herri kementsua, desertuaren lekurik gogorrenean, Hammadan, bizirauten duena, duin eta burua zutik. Eta Sahara okupatuan borrokan jarraitzen duena, bere askatasunaren eta eskubideen alde.
Egunotan Afrikako iparraldeko matxinaden aitzindari. Ez dezagun ahatz eurek izan zirela lehengoak Agdaym Izik kanpamentua muntatu zutenean, nahiz eta errepresioa eta sarraskia baino ez jasan, eta okupazioak horretan jarraitu.
Bideo interesgarria topatu dut sarean. Horregatik itsatsi dut azpian:
Power point bat ere bidali zidaten aspaldi, gaztelaniaz. Gorde, eta aukera ona izan zitekeelakoan gaurkoa, euskaratu egin dut. Norbaitek nahi balu erabili deskargatzea dauka eta atzera-aurrera ibili: kopiatu, blogean itsatsi, lagunei bidali... informatzea du helburu.
Herri sahararren historia
Espero dezagun Ipar Afrikan dabiltzan askatasun haizeek eragina zian dezatela Marokon, eta askatasuna hel dadila herri bietara; bai Marokora, bai Saharara.
Hau prestatzen nenbilela jakin dut asteburuan Okupatutako Saharan kolono marokoarrek eraso dietela sahararrei eta euren etxeei. Zaurituak izan dira eta etxe asko hondatu dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero (komunikabide arruntetan ez baituzue aurkituko ezer) egin klik lotura hauetan, eta ahal duzuen neurrian zabaldu, mesedez:
http://poemariosaharalibre.blogspot.com/2011/02/continuan-los-ataques-contra-la_27.html
http://tenerifeconelsahara.blogspot.com/2011/02/comunicado-urgente-de-la-plataforma-de.html
Bideo batzuk ere badaude sarean:
Sahara okupatuko Agdaym Izik kanpamentua
Azaroaren 9an hilabete egingo da Mendebaldeko Sahara okupatuan Agdaym Izik kanpamentua eraikitzen hasi zela. Bertan 20.000 lagun inguruk salatu nahi dute bizi duten egoera: euren herrian bigarren mailako hiritarrak dira.
Baztertuan euren herrian, ezin dute gehiago. Lehengo Espainia pean, orain Marokok okupatuta. Hildako bat ere izan da, Nayem El Garhi 14 urteko nerabea, poliziak hila. Ekintza desesperatua dela diote, beste ezer ezin dutelako egin.
Zapalduta eta baztertuta daude. Inori ez dio axola herri honekin gertatzen diharduena. Kazetari espainiar bi jotzen dituzte, aktibista kanariar batzuei ere jipoia ematen diete abuztuan, baina ez da ezer gertatzen. Espainiako gobernuak mutu segitzen du. Inork ez du ezer esaten Mohamed VI.aren diktaduraz, dena onartzen diote. Zein botere ezkutu dauka Marokok?
Blog honetan, behitzat, lekutxo bat beti egingo diegu.
Udal Euskaltegietako murrizketak
Ikasturte berrian ikasle asko kalean.
Udal Euskaltegietara murrizketak etorri dira. Gerrikoa estutu behar omen dugu guztiok, eta 2010-2011 ikasturtean %12,4 murriztuko dute gure aurrekontua. Euskaltegi guztiei ematen zaien aurrekontua, berriz, %6 moztuko da.
Zertan igarriko da hau? Irakasleen kontrataziotan. Hau da, plantillakoak direnek baino ez dute klaserik emango. Beraz, izena eman duten hainbat ikasle kalean geratuko da. Euskara ikasi ezinda.
Eudelek salatu duenaren arabera, 59 irakasle kaleratzea ekarriko luke neurri horrek. Ez dute ondo azaltzen. Seguru aski, irakasle horiek langabezian egongo ziren udan; izan ere, behin behinekoak direlakoan nago (batzuk 15 urtean, edo gehiago, lan honetan). Oso larria da, kontuan izanda, iaz kontrakoa geratu zela, behar beste irakasle kontrata zitezkeela, alegia. Horri esker, egin nuen lan iaz.
Larria izan liteke irakasle horiena, jakina. Baina ez da are larriagoa hizkuntza ofiziala ikasteko aukera barik gelditzea? Ez gara, bada zerbitzu publikoa? Eta, gainera, bokazio horrekin ez gabiltza? Kalitatearen aldeko lan guztietan ez dugu gure Mision-vison-valores-en hori defenditzen? Orduan?
Pasa den urtean, krisia dela eta, euskaltegietako matrikulak gora egin zuen. Jendea animatu egin zen euskara ikasten. Eta aurten hauxe. Nire iazko ikasleen erdia kalean geratu da. Badakizue zelako mina ematen duen horrek? Euskarentzako galdutako jendea da, berriro ere martxan jartzen eta motibatzen kostatuko zaiena kontuan izanda.
Gasteizko gobernua noraezean dabilela uste dut euskara irakaskuntzari dagokionez. Ez dakite zer egin, eta udal euskaltegiak patata beroa dira euren eskuetan. Baina errua ez da eurena huts-hutsean: Lehengo hautsek ekarri dituzte lohiok! Udal euskaltegiak sortzetik dira arazo, inprobisazioaren iturritik ezin litekeelako ezer ganorazkorik atera-eta. Nagusi biren morroi, neurri zorrotzak, ordutegi zurrunak eta epe laburrean jarrita pentsamendua. Sekula ez gaituzte iraunkor nahi izan, eta hona hemen emaitzak.
Baina ez dute merezi euskaldungaiek zerbitzu publiko iraunkor eta gaur eguneko beharrizanetara egokitutakoa? Ikasleei begiratzen diena eta ez ratioei, orduei edo diruari?
Udazkenak zer ekarriko digu?
Pasa den astekoa izango da kurtso honetarako bidea?
Goizetan erritual berezia egiten dut: esnagailuak jo bezain laster, irratia isiotzen dut. Ez naiz berehala jaikitzen; izan ere, erlojuak bost minuturo jotzen du bere pi-pi-pi higuingarri hori. mesanotxeko lanparatxoa pizten dut bigarrenean, eta beharbada altxatu. Ia beti eguraldiaren iragarpena entzun arte egoten naiz ohean.
Bost minutuko tarte horietan, batzuetan, loak hartzen nau, edo erdi lo egoten naiz. Sarri irratian entzundakoa ametsarekin nahasten zait, eta ez dut jakiten egia ala gezurra den. Askotan, irrati-notizia eldarnio bihurtzen zait.
Beste batzuetan, ostera, berriak kolpetik esnatzen naute. Hori gertatu zitzaidan pasa den asteartean. Sarekada baten 9 atxilotu, eibartar bat tartean, Aniaiz, oso gertukoa. Horrelakoetan beti pentsatzen dut ez dela itzartzeko erritualik egokiena, egun osoa (edo astea) txarto pasatzeko modua baino ez delako izaten. Albisteak adiago entzun, telefonoa dantzan jarri, interneten sartu....hori armosuarekin batera etortzen da.
Lanerakoan, guardia zibila ikusi, baita erregistroa kanpotik filmatzen ziharduten telebista kamerak ere. Guztiz mediatikoa, zirkua. Egun osoan berrien zain. Etxerakoan, kasualitatez bere familiakoak ikusi. Jota, normala den moduan. Arratsaldean, gainera, funerala, Gernikan. Egun konpletoa!
Atxiloketak iraun duen egunetan erregistroak hainbat lekutan. Atxilotuta ez zeuden pertsona askori, benemeritaren inkautazioak: ordenagailuak, argazki kamerak, sakelako telefonoak, musika CDak, dirua.... dena itzuliko ei diete, baina noiz? Ateak lurrera botata, "los hombres de Harrelson" bezala (ariete eta guzti) goizaldean guardia zibilak (polizia guztien artean beldurgarrienak) esnatu. Ikara eta izua gorputzean gaua etortzen den bakoitzean. Ttakun-ttakun irrati libreak ezin du emititu gazte lokala miatu eta ordenagailu berriak eraman zietelako. Eibarko Arrate Kultur Elkarteko bulegoak arakatu eta hankaz gora jarri zituzten bost orduz.
Okerrena, baina, atxilotuak inkomunikatuta egon zirela asteburura arte. Abokatuek epaileari protokoloa betetzeko eskatu zioten arren, uko egin zion. Entzutegi Nazionaletik pasatutakoan tortura basatiak salatu zituzten. Grande-Marlaskaren belarriek argizari tapoi itzela daukate, entzungor egin baitie salaketei. Argi dago tribunal horretan ez dagoela justiziarik.
Hau guztiau uda amaieran, udazkenaren atarian, ETAren komunikatu biren artean. Abisua bota du gobernuan. Ez daude treguan, ez entzunarena egin dute, jarrera gogorrak erakutsiz. Ez dakit pose bat den (hala bada, gogorregi ari dira jokatzen), ala segituko duten bide latz honetatik. Egia esan, esperantza handirik ez daukat, baina itxaropen izpi bat geratzen zait.
Baina hau da eman behar duten erantzun bakarra? ala pose bat da? Espero dut gauza puntual bat izatea, bestela une latzak bizi beharko ditugu. Goizetan esnatzea albisteak entzutean (edo, okerrago, poliziaren danbatekoaz) gogorra izango da benetan. Espero dut oker ibiltzea, une saminak tokatuko zaizkigu, ostantzean.
Post data: Gaur Asiskon bineta ikusi dut Argia aldizkarian. Harira datorrelakoak hemen jarriko dut:
Udalbiltza aske!
Gaur hasi da epaiketa Entzutegi Nazionalean.
Atzera ere makro-sumario bat Entzutegi Nazionalean. Oraingoan Udalbiltzako 22 pertsonen kontra. Berriro ere, euskaldunak bertan epaituak, nazio bat garela aldarrikatzeagatik eta nazio baten moduan funtzionatzeagatik. Gaur, gainera, Eginen itxieraren 12. urteurrena betetzen den honetan.
Argi dago nazio bakarra egon litekeela, espainiarra. Ikustea besterik ez dago Kataluniako Estatut-arekin gertatu dena: Katalunian naziotasuna aldarrikatzen zuten artikuluak inkonstituzionaltzat hartu ditu epaitegi konstituzionalak.
Udalbiltzakoak ere nazioa aldarrikatzeagatik, eta horren alde lan egiteagatik terroristatzat hartu eta epaituko dituzte. Euskaldunok gure artean solidarioak izatea juzgatuko dute, adibidez.
I need Spain eta "La roja"-ren sasoian gaude. Eta periferikoak ei gara nazionalistak!
Nire ustez, absoluzio eskatzea besterik ez zaigu geratzen, akusazioak (Egunkariaren kasuan bezala, eta beste hainbatetan moduan) absurdoak direlako. Nahikoa da! Udalbiltza aske!
Epaiketaren gaineko bideo bat: Udalbiltza Auzia 2010 from ikb on Vimeo
Sortu duten kantua ere hementxe:
euskaltube.com audioak | Izenburua: Udalbiltza aurrera | Erabiltzailea: Oarsoaldeko Hitza
Eta Argian oso artikulu luzea bezain interesgarria:
Udalbiltza auzia







