Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera aboziñaua

Kalamuatik Txargainera

aboziñaua

Pailazoak gorrotatzen ditut

Ez dut inor asaldatu nahi, neu bainago asaldatuta.

Badakit post hau idatzita etsai asko egingo ditudala, jende asko haserretuko zaidala. Ez ezazue pentsa nire helburua probokatzea denik, ezta pentsatu ere! Baina, ezin dut gehiago jasan eta aitortu beharra daukat: pailazoak gorrotatzen ditut. Tira, onartu behar dut, zirkua oro har ezin dudala jasan: malabaristak, funanbulistak, domadoreak,....ezinezkoa zait ikustea! Ezin ditut jasan! Ezta Cirque du soleil famatua ere! Magoak eta trapezistak, ostera, horiek bai. Ez dakit zergatik den, inoiz esan didate ez ote dudan haurtzarorik izan (marrazki bizidunak ere ez ditut gogoko, ezta umeendako filmak ere. Zer esan ez Disneyren edozer Vade retro, Satanas! Hori gorrotagarria izateaz gai, arriskutsua ere bada). Izan liteke gure ume denboran Heidi eta Marcorekin hasi ginela zuri-beltzean, eta nola ez, Los payasos de la tele nazkante haiekin. Hola Don Pepito, hola Don José...

Umetako trauma izan liteke pailazoena, baina ez dauka azalpen handirik; izan ere, nire bizitzan normalean nahiko pailazoa naiz, umorea gustatzen zait, baita tontoarena egitea ere. Ezagutzen nauen edonork esango du hori. Nik neuk ere ez dut ulertzen ezinikusi hau.

Eta umeak gugandik urrun daudenean, tira, tirria hau eramangarria da, ez du eguneroko bizimodua oztopatzen. Baina zer gertatzen da parean haurren bat suertatzen denean, bidaia batean, adibidez? Orduan koplak, izerdi hotza eta egonezina.

Bai, eta ez da inor nire ezinikusitik libratzen. Ez, ezta Pirritx eta Porrotx ere!! Ez Marimototx, ez Takolo, ez eurekin kantatzen duten bertsolari, famatu eta guai guztiak. Ez. Ezin dut jasan. Sakrilegioa! Bekatu mortala! Bai, lagunok, euskaltzaleon artean dagoen tabuetako bat apurtzen dihardut: Pirritx eta Porrotx kritikatzea. Eta ez daukat euren kontra ezer. Euren lanbidea ez zait gustatzen. Ulertu beharko lukete, ni maistra naiz eta zenbat jendek gorrotatzen ditu irakasleak, e?

Badakit beraien mezuak positiboak direna, modernoak, familia anitzen aldekoak, umeak kontuan hartzen dituztela. Ez dago konparatzerik Una niña fue a barrer harekin,.....bale, tira. Mezuena gogoko nuen. Baina entzun nuenean : A mi me gusta el piripipi, dela bota empinar, parapapanpa,........kantu alkoholiko hori euskaraz itzulpen melenga horrekin, politikoki hiperzuzena....hor, momentu horretan, kable guztiak urtu egin zitzaizkidan eta automobiletik neure burua martxan botatzeko egon nintzen. Ufff!

Badakit umeei gustatzen zaizkiela. Bai. Hala ere, batzuetan gurasoek gustukoago dituztela esango nuke. Behintzat, hasieran. Umea jaio eta monobolumena erosi bezain azkar pailazoen CDa erosten (edo jiratzen) dute hainbatek, guraso izatearen betebeharren artean sartuko balitz bezala.

Eta ez pentsa abesten ez dudanik. Zuetako askok baino gehiago. Kantatzen dut Sorgina Pirulina.....; Han zeuden krokodilo....; Ikusi ikusi han, teilatu gainean;.....Kanuto xixilindro;.....Hil da, hil da gure katue;.....ume kantu ia guztiak dakizkit! Bederatzi urtean izan naiz begiralea udalekuetan! Eta disfrutatu egiten dut kantekin eta imintzioekin. Baina pailazoak ezin ditut jasan, larregi da nire buruarendako.

Leire Narbaiza 2011/03/14

...Handixik gora dago....

Corte Inglesera bidia!!

Arrateko zelaiko bai floridadea, parafraseau bihar izan dot irudi hau ikusterakuan!

DSCF0012 1

Errebalen etara neban oin hamabost bat egun. Badirudi Corte Inglesa tokiz kanbixau dabela! Jardiñetara, hain zuzen be! Parkin da guzti.

Horretarako institutua botako zeben? :-)

Leire Narbaiza 2010/03/22

Guipúzcoa, Bilbao

Televisión españolan ikusitakoa.

Domeka arratsaldean, sofari ipurdiarekin distira ateratzen ari gintzaizkiola, aho bete hagin laga gintuen infografia bat ikusi genuen. Zur eta lur, sor eta lor, zurtuta, harrituta esateko topa litezkeen esamolde eta esera guztiak erabili genituen

Izan ere, España directo saioan astakeria hau ikusi genuen:

 

Argazkiak.org | Gupuzcoa, Bilbao © cc-by-sa: txargain

 

 

Flipatuta! Egin liteke okerrago? Lehenengo herria jartzen dute; ostean, probintzia. Horretara, Guipúzcoa herria da eta Bilbao probintzia. Behin ere ez dute asmatu! Primitiban irabaztea ez dute esperoko, ezta?

Estatuko komunikabideei zer gertatzen zaie, baina, hemengo geografiarekin? Zergatik kostatzen zaie hainbeste ulertzea probintzia bakoitzaren hiriburuak izen bat duela? Eta bakoitzaren izena? Eta herriak non dauden? Oso erraza da! wikipedia, google, mapak, atlasak....Gaur egun ez dago aitzakiarik! Mila baliabide dauzkagu klik batean!

Utzikeria da, berdin zaie gurea. Espainiar nahi gaituzte, baina euren erara! Basko deskafeinatuak, gatz bako ogia baino txepelagoak. Ezjakin koadrila! Eta ortografiaz ez dut ezer esan! Horretaz blog oso bat idatz liteke. Zer egin genezake? Ez dute erremediorik, barren!

Post scriptum: Posta argitaratu ondoren, Luistxo Fernandezek (mila esker) bidali didan beste perla kultibatu bat, oraingoan ABC egunkarikoa. Honek ere badu komentatzeko hainbat gauza: 

 

Argazkiak.org | ABC: Victoria © cc-by-sa: sustatu

 

 

Leire Narbaiza 2009/11/18

EREdun!

Krisisan aurrian, umoria!

Ardau hau zerbidu zeskuen bazkari baten: Eredun ardaua EREDUN
Eredun, krisiserako ardaua! ezin aproposagua sasoi hónendako!
Umoria bihar da, nahitta baltza izan!

Leire Narbaiza 2009/02/21

Zikloia!

Zikloi baten erdixan ei gagoz. Haizia, eurixa, txingorra.....

Alerta gorrixan gagoz atzotik. Zikloi bat gaiñian dakagu. A Coruñan atzo ume eta gaztetxoak ez zeben klaserik euki, 14 metroko olatuak, Donostian paseo Berria itxitta eta bentanak oholez jositta....Itzela!

Atzo arratsaldian biharretik trenera nindoiala (5 miñutu oiñez) mela-mela amaittu neban, guardasol eta guzti! Zirimirixa, haizia....Erropa batzuk nittuan eskegitta kanpuan baiña babesian, eta blai zeguazen. Bertan lagatzia pentsau neban, baiña gabeko 12xetan erabagi neban kentzia bustitta egon arren, bestela Mallabixan agertuko jatazen, gitxienez.  Persiania jaso, eta erropa guztia siku! Etxe aurreko parkeko lurra be bai! Haluzinauta! Lur horreri asko kostatzen jako sikatzia, egunak. Termometruari begiratu eta 16ºC! Gaiñera, momentua horretan ez zebillen haizerik, haize-zaratia, ostera, bai! Oso gauza rarua, gure herrixan gaiñetik haizia ibiliko balitza moduan, baiña herrixan ez.

Zaratia, itzela. Bart oso berandu hartu nau luak, fiuuuuka, persianak astintzen, gauzak botatzen....ikaragarrixa. Azkenian, lortu dot, eta ondo. Hori bai, goizian auzuak tinbria jo, eta esan desta patixoko luzero zati bat haziak eruan dabela, egurrezko habe zatixa eta tejabania. Ni ez naiz enterau, goizeko 6retan izan da. Zati horrek teillatuan jo, eta etxe aurreko kontenedore gaiñian jausi da. Zorionez, ordu horretan izan da, ixa jenterik ez dabillen orduan. Horretaz gain, ez da automobil baten gaiñian jausi eta txikittu. Suertia izan dogula esan leike.

Holan geratu da luzerua (euripian eta ahoz gora etaratako erretratua da):

Luzerua

Oiñ, patixuan eurixa danez, ura darixola dakagu. Ezin labadorarik egin.

Zatixa, jausteruzkuan, kontenedore bat bota dau. Beste auzo batek esan desta San Andres eskolako kontenedoriak karreteran ibili dirala kotxiak balitzaz moduan! Txomoko parkian be nunundik jausi da zaborra. Momentu honetan eurixa dihardu, eta patixua bustitzen dakagu. Eta zapatua da!

Zikloian eragiña izan da hau. Espero dogu kaltiak handixaguak ez izatia. Zueri pasau jatzue ezer?

Leire Narbaiza 2009/01/24

Supermerkauan ligatzen

Bakaziñuetako biajia VI

Gitxi ligatzen dogunondako edozer gauza da ligatzia. Gaztetxua nintzanian ligau berbiak zentzu zabalagua zekan. Esan geinkian "Zapatu gabian pilla bat ligau genduan". Horrek ez zeban esan nahi askokin enrollau giñanik, esan nahi zeban mutil askokin egon giñala berbetan, eta jente barrixa ezagutu genduala. Besterik ez.

Pelikuletan esaten dabe supermerkauetan-eta ligatzen dala. Jakiña, guri aillegatzen jakuzen pelikulak danak estatubatuarrak dira, eta hori han normala izango da, baiña niri neuri Euskal Herrixan ez jata iñoiz pasau, ezta gitxiagorik be. Beti pentsau izan dot amerikanuen gauzia zala.

Aurreko post-ian esan neban moduan, Royanen, Frantzian egon nintzanian ez neban euki zeiñekin zerbeza bat hartu. Hortaz, esan neike ez dakidala zelakuak diran bertako tabernak. Pena puntu bat be emoten zestan, baiña bakarrik egotia be taberna ezezagun baten...

Tira, harira. Egun baten, eskolatik urten eta erosketa baztuk egittera juan nintzan. Goizian fresko eta zirimirixa egiten zeban; horregaittik sudaderia eta zapatillak jantzitta nenguan, Baiña arratsalderako altzau zeban. Hori dala eta, bero egitten zeban; eguzkixak, jo; sudaderia eskuan; erosketetako poltsak dindilizka; jentia terrazetan garagardo freskua edaten...Nik ahua siku nekan, eta kriston enbidixia emoten zesten terrazetan zeguazen hárek guztiarek.

Pentsau neban supermekauan zerbeza bat erosi eta etxeko jardintxuan hartu.

 

Argazkiak.org | Royan-eko jardiña © cc-by-sa: txargain

 
Halan ba, egin neban. Supermerkaura juan eta zerbeza bat aukeratu. Baiña zein? Nik ezagutzen nittuan markak hamabiko paketan zeguazen. Ez neban hainbeste bihar, laster nintzan juatekua-eta. Gaiñera, nik garagardo hori bat nahi neban, blonde bat, eta bakarka saltzen ziranak danak ziran gorrixak. Hantxe neguan ni, txorimalo baten moduan, pòltsa, jertse, karpeta....dana besotik txintxilik, tonta arpegixakin zerbezen aurrian, aukeratu ezinda. 

Nere atzian, berbetan hasi ziran. Halako baten, konturatu nintzan nerekin ziharduela gizonezko ha. Hasiertan galduteiro bat zala pentsau neban, baiña buelta erdi egin nebanian mutil guapote bat zala ikusi neban. Ni flipauta, gaiñera frantsesez, neka-neka eginda, iñoiz baiño anti-erakargarrixago. Eta bestia tar-tar-tar, jardun eta jardun. Munduko esplikaziño guztiak emon zestan apal háretan zeguazen garagardo guztien gaiñian. Tesis doktoral bat!

Ni iñoiz baiño euskaldunago, oui, non, lotsatuta. Berak bat hartu eta konbersaziño haundirik emoten ez netsanez, kajara juan zan, "Bonne soirée" opatuta. Hain neguan harrittuta...Neu be kajara juan bihar nintzan, baiña erreparua nekanez, prezio batzuk begiratzen geratu nintzan, ez nekixalako zelan saludau bihar neban, eta, bueno oso gauza bitxixa izan zan.

Gero esango dabe fratsesak bordiak dirala. Neri supermerkauan iñoiz ez jata ezezagunik berbetan hasi. Buerno, bai, andre zaharren bat preziuari begiratzeko eskatzen, antiojuak etxian ahaztu dittualako. "Oye, guapa, ¿ya me dirás cuánto vale el jabón?". Besterik ez.

Garagardua edan bittartian pentsau neban oso motz jokatu nebala, eta penia emon zestan. Etxeko andriari kontau netsan eta barre mordo bat egin genduan, supermerkauko nere ligiakin!

Portzierto, kasurik ez netsan egin zerbezia aukeratzeko momentuan, eta edan nebana ez zan oso ona. Ai, aholku emoliari jaramonik egin ez, eta damutu! Gauza raruak benetan.

Leire Narbaiza 2008/10/06

Eskaparate harrigarrixa

Bakaziñuetako biajia IV

Abuztuan dendetan merkealdixa izaten da, gure inguruan behintzat. Hona hemen kartel bat:

 Argazkiak.org | Kartel eleanitza © cc-by-sa: txargain

Ez da oso arruta hain kartel haundixa topatzia, euskeria be dakana bertan. Horregaittik, poztekua da. Edo ez? Bai, beti bai. Kontrakua pentsau eragitten badau be, erretratu hau ez dago Bilbon etarata, edo Eibarren, edo Tolosan. Ez. Normandian topau genduan, Caen-en. Frantzian.  Katalana eta euskera badira frantziako hizkuntzak, baiña oso rarua begittandu jakun. Eta bretoia, eta okzitanua eta.... normandua? Bai, normandua existitzen da, eta iñun ez dabe aittatzen. Patoisa danez, ez daka kategorixarik.

Erretratu txar honetan dendian izena eta eskaparatia esaldi bat frantsesez dabela: "La rentrée des hommes"

Argazkiak.org | Kartela dendan © cc-by-sa: txargain

 

 

Normandiako museora juan giñanian be, berba erdirik be ez oil hizkuntza honetaz. Baiña punta horretaraiño juan, eta euskeraz topau, hamen be gatxa dana. Mundu arrebesa, ezta?

Izango dau azalpenen bat, baiña bitxixa da. Hau kontau nebanian anaiak esan zestan eurek uda honetan Albaceteko gasolinera baten beste kartel elebidun bat topaun zebela: Kastellano-Euskera. Seguru dagoz Repsol edo Campsa edo dana dalako konpaiñixia konfudidu egin zala bialtzerakuan, eta gasolinerakuak pentsauko dabela alemanez edo daguala. Bestela, aspaldi eukiko zeben kenduta, fijo.

Holantxik ba, Normandia euskalduntzen!

Leire Narbaiza 2008/09/28

Bururik ez daukanak...

...hankak erabili behar.

Gaur arratsaldean Durangon ikusia. Buru bako hauek jende artean lasai paseatzen.

Burubakotxiki

Hauek ere esamoldearen menpe?

Leire Narbaiza 2008/06/12

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara