Kalamuatik Txargainera
Txagainen
Zergatik behar dugu Kukutza?
Errekaldekoak ez garen arren
Atzoko espektakuluaz berba gutxi geratzen dira esateko. Goiko argazkiak laburbildu lezake Kukutzan gertatu zena. Eta ia zuzenean ikusi genuena teknologia berriei esker. Hala ere, esan nezake ez nauela harritu, izan ere, badakigu barne sailburuek nola bidaltzen duten polizia, eta hamaikatxotan ikusi ditugu horrelakoetan, biolentzia erabilita.
Gaur interneten badabil jira-bueltaka orain 20 urteko irudi batzuen bideoa: Bilboko beste gaztetxe bat eta Bilboko beste alkate bat, baina gauzak ez dira apenas aldatu, imajinaren kalitatea eta arropa besterik ez.
Ez da antzekoa? Hori, bada! Diskurtsoak ez dira aldatu!
Urte hauetan guztiauetan, gaztetxe eta etxe okupatuak hustutzen eta botatzen jardun dute. Ia beti eraikin abandonatuak ziren gazteak (edo ez hain gazteak) okupatu dituztenean, jabeen utzikeriaz, ardurabakokeriaz bertan behar lagata, abandonatutako etxeak.
Horrek beti eman izan dit atentzioa. Antza denez, edifizo hauen ugazabek nahiago izan dute arratoiek eta tristeziak jatea euren ondasunak, berreskuratu eta erabili beharrean. Edo, beste kontu bat ere izan liteke: hainbeste gauzaren jabe dira, non konturatu ere ez diren egiten etxe hura eurena denik. Baliteke.
Kasualitatea izango da, baina, urteetan itxitako fabrika, frontoia, etxea, ... erdi jausita egon, gazteak sartu, margotu, apaindu, biziberritu, martxan jarri, aktibitatez bete,... eta orduan gogoratzen dira bazeukatela fabrika, frontoi, etxe bat leku horretan!
Eta anbizioa sortzen zaie, jabegoaren harra. Orduan, esnedunaren ipuinean bezala, alferrik galduta zuten eraikinarekin zenbat diru lortuko duten hasten dira kalkulatzen. Begiak
Tio Gilitori bezala dolarraren ikurrez $$$ betetzen zaizkie, edo euroarenak €€€, berdin dio, dirua beti baita ona (venga de donde venga). Segituan, birkalifikazioetan hasten dira pentsatzen, eraikuntza enpresetan eta espekulazioan. Une horretan hasten dira arazoak, diruak euren buruaren eta bihotzaren kontrola hartzen duenean. Izan ere, ordura arte, poz-pozik bizi ziren...
Hau guztiau positiboa litzateke gure herri eta auzoek kultura eta aisialdi aukerak balituzte. Baina ez da hala, makroaren gizartean baikaude, eta makroan eskaparatismoa da garrantzitsuena: dotorezia kanpotik, baina barrua hutsa.
Mikro asko behar ditugu, txikiendako eta txikiek eginak, izpiritu xumez, euren apalean eder. Horregatik behar dugu Kukutza, ..... Kukutzak! Kukutza moduko lekuak nonahi!
Urriaren 25ean jai
Eusko Legebiltzarrak erabaki berri du.
Urriaren 25ean jai izango dugu autonomia erkidegoko herritarrok, egun horretan izan baitzen estatutuaren erreferenduma. Egungo estatutua. Ez oso, ez ase. Populazioaren erdia baino gehiago ez dago ase, eta beste erdiak ez du osatu, ez bete.
Hori bai, ospatu egin behar. Aspaldi esan nuen moduan, ospatzeagatik jai errumaniarrak ere ospatuko nituzke jai hartuta. Beraz, festa egun bat gehiago poztekoa litzateke, beste bat kenduko ez baligute jakina; eta alde politikoari begiratuko ez bagenio.
Orduan, zein jai kenduko digute? zein santu bidaliko dugu pikutara? Maiatzaren bata, Inmakulada Konstituzioa? Gure herriko festak? Jakin nahi dugu.
Gainera, udazken aldi hori ez dago oso-oso beteta? Urriaren 12a, urriaren 25a, azaroaren 1a, abenduaren 6a eta 8a, Gabonak.....Ez da larregi? Zenbat zubi izango ditugu sasoi horretan? Zergatik ez banatu gehiago jaiak urtean zehar eta banaketa arrazionalagoa egin? Hiruhilabeteko honetan ez dago ezer, Aste Santutik uztailaren 31ra ez dago jairik! Denak udazkenean daudelako!
Bada sasoia politikoek arazo identitarioa alde batera lagatzeko. Autonomistek utziko diote euren arazotxoa inposatzeari? Nor jaikitzen da, bada, urriaren 25ean "gaur erreferendum eguna da" autonomiston eguna? Arazo larriagoak dauzkagu, lagunok :-)
Heriotza Sanferminetan
Entzierroan hildako bat izan da aurten, baina ez da azken aldian hiltzen den bakarra Sanferminetan.
Hildako bat laga du Capuchino zezenak aurtengo jaietan. Baziren hamalau urte hildakorik ez zegoela Sanferminetan. Sanferminetan? Ez, entzierroetan. Baina entzierroan izateak garrantzi handiagoa ematen dio, antza. Izan ere, iaz Nagoren Laffage hil zuten festetan, eta ez zen horrelako kanpaina mediatikorik egon.
Beste urte batzuetan ere izan dira hildakoak: Harresietatik jausita, Nabarreriako iturritik salto eginda, kaleak garbitzeko makinak harrapatuta, entzierroko kolpeen ondorioz hilabete batzuk beranduago....ia urtero dago horrelako heriotza bat. Hala ere, anonimatuan gelditzen dira izen bako gorpu horiek.
Birritan-edo izan naiz Sanferminetan. Eta gogoratzen dudanez bietan izan dira hildakoak. Batean entzierroan (aspaldiko kontuez dihardut, ezta?), azken aurreko hildakoa, hain zuzen ere; Illinoisekoa omen. Bestean, ordea, txosnagunean (hau ere aspaldikoa, e!) lotan zeuden punki biren gainetik pasatu zen lurra garbitzeko makina, eta biak hil ziren (harrezkero, makina horren gaitzizena "matapunkis" da).
Beste heriotzak era isilena pasatu izan dira, ia izenik eman gabe, beharbada bata Illinoisekoa zelako. Edo momentuan hil ez zelako (azken hildakoaren kasuan, adibidez). Edo denboraren poderioz gauzak aldatu egin direlako. Orain hildakoaren irudia korrika egiten beste entzierro batean, bere familiaren pena, errausketa eguneko irudiak,.....hori guztiori ikusi dugu. Zergatik? Gainera, istripu bat izan denean, kontzienteki berak aukeratu zuenean zezenen aurrean antxintxiketan egitea? Beste hainbat kasutan desgrazia besterik ez denean izan?
Nire ustez erantzuna gizarte aldaketan dago: disfrutatzen ari zen mutil gazte bat hil egin da, eta biktima bihurtu dute. Ez da informazioa komunikabideek eman digutena. Pena baino ez digute transmititu. Pena eta sufrimendua. Informatzeari uko egin, eta biktimizazioa goretsi.
Hildako guztiei balore bera ematen ikasiko ote dute inoiz?




