Kalamuatik Txargainera
Kalamuan
Jai bako jai-egun bateko nostalgixia
Jaiki barrittako burutaziñuak
Atzokuan, Eibarren San andres eguna ospatu zan. Egun berezixa eta oso politta izaten da eibartarrondako, disfrutatzeko aukeria izaten badogu, behintzat. Nik Ermuan egitten dodanez bihar, goiz eta arratsaldez, gaiñera, ezin!
Horregaittik, jaiki nintzanian triste samar nenguan, pipartuta esatiak hobeto definuduko leuke zer sentitzen neban.
Betiko moduan, armosau eta goizeko harrikua egitten nenbillena, bentanatik begiratu eta hara nun ikusten dodan bikote bat despeditzen! Zelako inbidixia! Alkarreri lotuta, laztan luze batekin agur esaten. Begira geratu nintxakuen, pijamia eta albornoza jantzitta, katillua eskuetan. Ikusi izan banindue, andra bat kuxkuxian zeukela pentsauko zeben, auzoko autubatzaillia. Okertu egingo ziran!
Kuartora bidian, hasperen bat egin eta inbidixian arrazoiak aztertu nittuan: parrandarako aukeria izan zeben (nik izan ez nebana biharragaittik): Gaupasa eginda zeguazen (ondo pasau zeben seiñale). Eta ebidentia zana, "triunfau" egin zeben (musu luzia lekuko).
Ni, ostera, txiri-txiri goizeroko errutiniari jarraittuta, etxeko eskapiñak arrastaka, komunera ábixau nintzan, egunari ekitzeko, burua nostagixaz beteta, marmarrez!
Ez nekixan, baiña, egunak gauza polittak ekarriko zestazenik…
Errepubikaren aldeko ekitaldia
"Ahaztuak" antolatuta, Untzaga plazan Eibarren.
Domeka goizean izan zen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldian. Bandera errepublikanoa ere altxatzekoa zen, baina jaso behar zuena, Durangoko Barreña larri gaixotu eta ezin izan zen etorri.
Ekitaldian dantza, bertsoak eta kantuak izan dira, baita berba batzuk ere. Diskurtsoan hainbat biktimaz hitz egin da, zelako zailtasunak dauden estatus hori lortzeko, hainbati ez dietelako onartu, aitzakia absurduekin. Beste alde batetik, helburua ez dela huts-hutsean gorpuzkinak berreskuratzea. Hori pausu bat baino ez dela, berriro gerta ez dadin, eta benetako demokrazia lor dezagun.
Hizlariak aipatu du demokrazia faltsu honen adierazgarri dela Garzon epaitzea, Falagek bultzatutako salaketa bat dela medio. Faltsukeria aipatu da, Garzoenen alde egin baina status quoa salatu barik, babestu.
Nire ustez, ekitaldia xumea izan da, egokia. Beharbada jende gutxitxo (argakian baino gehiago!), eta agian bandera latxatzea falta izan da, edonork egin zezakeen bertan geudenon izenean. Ekitaldiak amaitzeko behar zuen horrelako zerbait.
Aste Santutik honako liburu interesgarriak
Denbora tarte luzea. Liburu asko, baina aipatzeko gutxi.
Sei bat hilabete pasatu dira irakurritako liburuen aipamenik egiten ez dudanik. Egia esan, irakurri, nahikotxo irakurri dut, baina janari azkarra dagoen moduan, literatura (horrela deitu ahal bazaio) azkarra ere badago. Hanburgesei batzuek janari zaborra ere deitzen diote, nik "nobelitei" ez diet horrela deituko, bere zerbitzua egiten dutelako, eta bizitzan momentuak ere badaudelako. Hori bai, Michelineko hiru izardun liburu bat disfrutatzeko gogoz ere banago.....
Esan behar dut, frantsesez ere irakurtzen hasita nagoela, baina maila apala (zerbait esategatik) dudanez, gauza errazak irakurtezn ditut, eta nobela poliziakoekin polito moldatzen naiz. Ezin da sakona edo asko pentsatzekoa izan. Emakumea naiz, baina ezin dut hainbeste gauza batera egin {:-)}: kontzentratu, irakurri, frantsesa ulertu, hariari jarraitu eta hausnartu. Momentuz gauza erraz eta linealak baino ez ditut irakurtzen frantsez. Honek beste liburu interesgarri batzuk irakurtzeko astia ere kentzen dit, eta irakurritakoak ez dira blogean sartzeko modukoak. Hori bai, sujerentziarik baduzue frantsez errazean, edo istoria sinple batekin....
Hasi egingo naiz:
Amèlie Nothomb-en bi:"Cosmética del enemigo" eta "Durduzaz eta dardaraz". Inguruan 
badaukat amèlienothonbmania bat. Zenbat jendek hitz egin didan idazle honen gainean! Olatu horrek eroanda irakurri ditut hauek biak eta "Katilinarenak". Zer esan? Flipatuta, aho bete hagin, haluzinatuta...laga ninduten liburu haunek. Desberdinak, zeharo desberdinak. Nothomb-ena beste gauza bat da. Bakoitzak probatu behar duena! Gainera, euskaraz, eta boligrafo gorririk ez nuen erabili behar izan! Bata aireportu batean, bestea Japonian. Biak laburrak, erraz irakurtzeko modukoak. Irakurri eta kontatuko didazue
"Todo bajo el cielo" Matilde Asensirena. Denbora emateko, liburu paregabea. Fantasiosoa, nahi baduzue, baina kateatu egiten duen nobela. Matilde Asensiren nobela gehiago irakurri ditut, eta beharbada, gehien zein pertsonaia mota aukeratzen dituen gustatzen zait. Ez dira prototipikoak. gazteak, ederrak,... ager litezke horrelakoak, baina ez beti. Azkenean liburuak ginkana bat dira (ez dakit horrela idazten den). Oso modan dagoen generoa. Trenean edo hondartzan irakurtzeko ona!
"En el nombre del cerdo" Pablo Tusset-ena. Aurreko liburua irakurri nion "Lo mejor que le puede pasar a un cruasán" eta asko dibertitu nintzen, liburu zoroa eta desberdina begitandu zitzaidan. Honek izen epatantea dauka, hasiera potentea, baina gero jaitsi egiten da, nolabait esatearren. Dena dela, irribarrea ere atera zitzaidan irakurtzean, eta gustora jardun nuen. Beste barik, gehiagorik ere ez nion eskatzen.
"Baina bihotzak dio" Xabier Montoiarena. Bigarrenez irakurri dut liburua hau, laneko kontu batzuengatik. Ederra, ona, polita...Lehenengoa irakurrio nuenean ikaragarri gustatu zitzaidan, eta bigarrenean ere berdin. Ederto idazten
du Montoiak, edozein euskalkitan, gainera. Hainbeste gustatzen zait, bere fan konfesatua naiz, ia bere liburu guztiak gustatzu zaizkit, daukan umore eta ironia gordin eta errealista honetik. Liburu honek, baina, badauka ikutu melakoliko bat bihotzean kilikili egiten duena. Oso gomendagarria!
"Un pequeño inconveniente" Mark Haddon-ena. Nobela garrantzi bakoa, baina zoroa. Familia normal baten gorabeherak, aita hipokondriako flipatu baten inguruan. Dibertitu egin nintzen, baita batzuetan barre ere. Izan liteke ni sinplea izatea, baina gustatu zitzaidan. Pertsonaia batzuk hain gertukoak egin zitzaizkidan. Ia gustiok ezagutzen ditugu liburuan egertzen diren modukoak. Momentu atsegin bat pasatzeko ena!
"Estanbul" Orhan Pamuk-ena. Asko gustatu zait bere autobiografia hau. Hiri zoragarri horren deskripzioaren batera bere historia kontatzen du. Gaur eguneko Turkia hobeto ulertzeko ere balio digu. Asko gustatu zait. Oso ona dela esango nuke!

"El asombroso viaje de Pomponio Flato" Eduardo Mendozarena. Laburra den arren, puntua hartzea asko kostatu zitzaidan. Gero, konturatu nintzen zenbat keinu, zenbat txiste, egiten dituen. Hori bai, komenigarria da kultura kristaua izatea, bestela ez da ezer uertzen. Umore fina, istorio beltza Jesukristoren sasoian. Disparatia dirudi, baina hala da. Irribarre egiteko behin eta berriro. Penaz amaitu nuen. Merezi du!
"Nola hustu nuen gurasoen etxea" Lydia Flem-ena. Emakume batek gurasoen etxea hustu behardu hil egin direlako. Denbora gutxian bere bizitza zein familiarena aurretik pasatzen zaio: pasadizoak, sekretuak, gurasoak nolakoak ziren gaztetan,....Buruari eragiteko, batez ere horrelako trantze bat pasatu dugunontzat, neurri baten edo bestean, oso baliagarria. Gu joandakoan guztaz geratzen dena gauzak dira, eurek baino ez dute lekukotza ematen izan garenaz, edo bizi izan dugunaz. Sakona, baina erreala.
Hauetxek dira. Gabonetarako beste entrega bat.
San Juan, San Juan, nekez etorri eta bizkor juan!
Gaur san Juan gaba dogu, urteko egunik luziena, eta gabarik laburrena. Gabarik majikuena.
San Juan sua egitten dozuenian ez ahaztu konjurua esatia:
San Juan, San Juan
Arrautza bi kolkuan
Beste bi altzuan
Lapurrak eta sorgiñak erre, erre!
Garixak eta artuak gorde, gorde!
Botaizuez momentu onen lapurrak sutara; jaurti sorgin manipuladoriak, loa kentzen deskuenak; sutara kalte egitten deskuenak, diruan baiño pentsatzen ez dabenak; erre herrixa porlanez betetzen deskuenak; bota danak, erre, kiskaldu!
Gorde, baiña, lagunak eta maitaliak; zaindu hazittarako moduan mometo gozuak; eusti sustraixeri; babestu maitte dozun hori
Disfrutau solstizixo euritsu honetaz, ahal dozuenok behintzat. Uda on!!






