Kalamuatik Txargainera
Itoitz
Itoitzen, sirenarik ez
Astelehenean Agoitzen ebakuazio planaren simulakroa egitekoak ziren. Sirena batek gogor jo, eta bertako guztiak minutu bi zeuzkaten futbol zelaira joateko, hori baita herriko tokirik altuena.
Sirenak jo zuen, baina ez zen herri osoan entzun: ez eskolan, ez tabernetan, ez dendetan, ez lantegietan. Eta kontuan hartu gauza pila bat eraman behar zutela. Klikatu eta entzungo duzue. Urtegi hori ez da segurua. Ezkerreko malda beherantz doa eta guztiz amiltzen denean olatu erraldu batek minutu bian Agoitzera iritsi eta bere menpe hartuko du, eta dena aurretik eroan.
Hasieratik kontu hori guztiori tristea eta amorragarria izan da. Tribunalak eta epaileak, gobernuekin bat interes ekonomikoek esaten zutena egiten: triskantza eta barbariea.
Gai honekin atzo egin nuen lehenengoz Antonio Miranda bertan "nabigatzen" ari zela naufragatu eta uretara joan zenean!

Beldur aurpegia jarrita, baina salbatuta. Agoiztarrek, ordea, aukerarik ez dute izango. itoitzen ez da sirenarik, eta miranda ere ez da sirenita, hain zuzen ere.
Bideo bat ikusi nahi baduzue, patxitraperoren blogean badaukazue.
Eskerrik asko, Eneko, irudia bidaltzeagatik!
Eta ez ahaztu otsailaren 23an manifestazioa egingo dutela Iruñean Itoitzeko urtegia behin betiko ixteko.
Itoitz
Askotan bidaiak nora baino, zelan eta norekin dira garrantzitsuak. Gizartean badago zabalduta horrelako uste ustel bat: ahalik eta urrunen, hobe. Denoi gustatzen zaigu ikustea Australiako kanguruak euren habitatean, Chichen Itzá-ko piramideak edota Islandiako geyserrak. Baina bidaiak beti gogoangarriagoak dira bertan bizi izandakoagatik, eta horretarako ez da Poloraino joan behar. Horrela gertatu izan zait pare bat bider; biak oso gertu. Bata Itoitz ezagutu genuenean.
Gazteak ginen, zoroak ginen eta gure lehengo asteburu-pasa elkarrekin. Hiru neska ilusioz beteak Euskal Herria hobeto ezagutzekotan joan ginen Piriniotako ibarrak bisitatzera. Bageneukan bertako herri batean lagun bat beti ari zitzaiguna esaten joateko eta joateko. Halaxe egin genuen.
Gure asmoa lagun honi bisita egin, kafetxo bat hartu berarekin, eta ospa, gu gure aldetik eta bera beretik. Baina ez zen horrela izan. Hainbeste poztu zen gu ikusteaz, kafeaz gain asteburu osoan ere egon ginela elkarrekin. Gure automobila aparkarazi, bere ford fiesta gorrian sartu gintuen eta bazter guztiak erakutsi zizkigun. Gainera, bere etxean egin genuen lo, eta Irati irratiko jaia ere parean tokatu zitzaigun. Gauean hara eraman gintuen, eta beste lagun batekin bertan elkartu. Zoragarria izan zen, guztiak egiten zigun ilusioa, dena zen nobedadea, berria. Begiak ere marrazki bizidun japoniarren moduan genituen, handi-handi, biribil-biribil. Ederra eta zoragarria delako paraje hori, baita gure bertako lagunak ere.
Zati gazi-gozo bat ere izan zuen bidaiak: Itoitz bertatik bertara ezagutzea. Gozoa, obrak hasi aurretik ezagutu genuelako, oraindik ezer ukitu barik zegoenean. Gazia, gure lagunak oso modu sotilean azaldu zigulako zer zen proiektu erraldoi hori. Baina apologia egin barik. Mila konturen artean, esaten zigun, adibidez, ikusten duzue marka laranja hori? Horraino iritsiko da ura urtegia egiten dutenean eta ondoren, eskualdeko ohitura bat kontatu. Gau hartan gutako batek ametsetan egin zuen ito egiten zela, ura goraino zetorkiolako. Ordudanik hirurok urtegiaren kontrakoak izan ginen.
Harrezkero makinatxo bat aldiz itzuli naiz bertara; ez baina, azken urteotan. Lanak aurrera joan ahala, gogorragoa zitzaidan egiten ari ziren astakeria, zentzu gabea. Bihotzean min ematen dit. Iaz joaten ausartu nintzen. Ikaragarria eta zentzugabea da zer egin duten, inoren interesen izenean gune zoragarria hondatu, herriak hil, eta jendea etxe gabe laga.
Itoitz gure historiako puntu beltzetako bat da. Gobernuen prepotentzia legeen aurrean. Beti esaten dut Itoitz proba-banku bat izan dela, zenbat egin daitekeen tira. Noraino iris daitekeen gobernu beten indarra, legeak aurka izanda. Itoitzen gertatu dena, toki gutxitan gertatu da: a posteriori legeak aldatu, egindako proiektua ilegala zelako. Azkenean, tribunal batzuk kontra, baina fidantza multimillonarioak jarriz obra bermatzeko. Beti gobernuaren alde, nahiz eta gobernuari arrazoirik ez eman, kontraesan nabarmenak.
Itoitz injustiziaren kontrako borrokaren sinboloa da, hain nabarmena izanda proiektuaren burugabekeria, eta hain gogor eginda gobernuak interes ekonomikoen alde, erakutsi digute Espainian ez dagoela bote gabekoentzako justiziarik, beti gobernu, dirudun eta boteretsuek irabazten dutela.
Bidaia iniziatikotzat hartu izan dugu lagunok. Horregatik dago azpitituluan, beti bihotzean daramadalako, nire bizitzaren zatia delako, galdu egin dugulako, bere alde borrokatu garelako.
Itoitz Euskal Herri eder eta kementsu hori delako; azken bataila galdu duen arren, beti burua tente, badakielako arrazoia bere alde dagoela. Horregatik, bidegabekeriei jarkitzen zaio, beste irtenbiderik ez dauka-eta
Itoiztik
Badira urte batzuk aurrenekoz egon nintzela Itoitzen. Orduan obrak hasi barik zeuden, dena ikutu gabe. Lehengo ibarra ezagutu nuen.
Hiru lagun joan ginen: Karmele, Kontxi eta hirurok. Elkarrekin egiten genuen lehengo asteburu-pasa zen. Kantuak dioen moduan: gazteak ginen, zoroak ginen. Garraldara joan ginen lagun bat bisitatzera: Xamar. Berak erakutsi zigun eskualdea, Longida ibarra, Aezkoa eta Erro ibar zati bat. Bertako irratiaren jaian ere egon ginen: Irati irratia (kasualitatea, gu joandako asteburuan izan behar). Xamarrek paraje zoragarriak erakutsi eta deskubritu zizkigun. Oso ondo pasatu genuen. Asteburu hori kariño handiz gordetzen dun buruan.
Hainbat bider izan naiz Itoitzen. Kableak moztu baino aste bete lehenago han izan nintzen, baita kableak moztu ostean ere. Jende askorekin joan naiz bertara, asko gustatzen zitzaidan tokia zelako
Baina aspaldi bertan izan barik. Banekien sufrituko nuela, negar egingo nuela. Noizbait pasatu behar, ordea.
Egin duten astakeria, izugarria da alde guztietatik: natura, historia, ekonomia, artea, segurtasuna...Oraindik sasoiz daude, gelditzeko sasoiz. Ezer okerragorik gertatu baino lehen. Gertatu egingo da-eta, ez badute atzera egiten.
Oroitzapen zoragarriak ke bihurtu dizkidate. Ez diet barkatzen Urralburu, Aragon, Otano, Alli, Sanz eta euren mariatxieri. Berraragiztatzerik; hau da, reenkarnaziorik balego, txarrena desio diet: Guatemalan birjaiotzea, kaleko txakur bihurtuta, hori baita Lurrean eraman daitekeen bizimodurik latzena. Hala bedi!
