Kalamuatik Txargainera
Eustakion ipoiñak
Amantalen ahotsa
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna
Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.
Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.
Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.
Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.
Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea.
Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!
Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!
Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!
Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.
Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…
Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!
Gernika, Txernobil eta kutsadura
Toki bi eta izen bat
Gaur 74 urte bete dira Gernika bonbardatu zutenetik. 74 urte Gernika ez ezik beste hain bat herri bonbez eta suz txikitu zituztenetik, eta ehunka (edo milaka) pertsona hil. Eibar ere, egun batzuk lehenago birrinduta, hartu zuten gaurko egunez 1937an. Sarraski hauen arduradunei eta euren ondorengoei inoiz ez zaie damutu, biktimei barkamenik eskatu ere ez diete egin.
Duela 25 urte Txernobileko zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertu zen. Hemen ere ez dakigu ziur zenbat pertsona hil diren, dena ilun eta ezkutua baita. Dakigun bakarra milaka izan direla, eta oraindik ere biktimak sortzen dituela; izan ere erradiazio maila altua da. Lurra, ura eta landareak daude kutsatuta.
Kutsatuta? Bai, Txernobilen moduan, gure Euskal Herri kontinental honetan kutsadura existitzen da. Pertsona kutsakorrak, zerrendak kutsatzen dituztenak. Zikinak omen. Toxikoak, antza. Eskubide guztien jabe ei dira, baina orban bat daroe, sortzezko bekatua bezalakoa, eta zerrendak ukitze hutsarekin euren lohia eta ugerra itsasten dute.
Nortzuk dira? Gernika, Durango, Elgeta, Elorrio, Otxandio,...eta abarren hondamendien arduradunen ondorengo ideologikoak? Ez. Hauek garbiak eta orbangabeak dira, itxura batean, nahiz eta txarto ez begitandu sarraskiok, eta neurri batean, justifikatu.
Puruak eta aratzak direla esaten badute ere, euren toxikotasun maila handiena dela esango nuke, Fukushimakoarenaren parekoa. Hala ere, eurek dira epaile, eurek dira errefusatzaile, eurek dira baztertzaile, legea nahierara egin dutelako.
Nire zapi palestinarra
Armairuan daukadan benetako zapi palestinarraren historia.
Hona hemen zapien sarreka, palestinoa gain-gainean duela.
Orain hogei bat urte modan jarri ziren zapi palestinarrak. Ia denok geneukan bat. Egia esan oso zapi goxoa eta erosoa da: handia eta berogarria. Nik, benetan badiotsuet, samaren bueltan eta lepo gainean aparte, buruan eta gerrian lotuta ere erabili izan dut. Buru gainean, belarri sentiberak ditudanez, haize hotzarekin min izaten dut, eta zapi honek makinatxo bat bider lagundu izan dit babesten. Gerri bueltan ere, hotzagatik, edo antzerkiren baten...
Baina paineluaren historia ona da. Izan ere, zapi hau ez zen nirea, aitarena baizik. Ez pentsa Eustakio oso modernoa zenik janzten, bere sasoiko ia gizon guztien moduan, klasiko-klasikoa zen. Baina zapia opari ekarri zioten Palestinatik, Jerusalemetik, hain zuzen ere. Badirudi, bere lagunen bat Lur Santura (horrela dakar euskaltermek Tierra Santa) joan zela, eta Takiorekin akordatu, kontizu! Kafiya jantzita arabiarra emango zuela, gure aldeko ia narbaizatar guztiok oso beltzaranak garelako. Broma egitearren ekarri zion, buruan jartzeko moduan, kordoi beltz eta guzti. Seguru aski turistentzako dendaren baten egongo dela erosita, beltza ez baitago bordatuta, eta ia guztiak horrelakoak direlako. Lehen kalitate hobea zuten. Jordanian izan nintzenean, denak ziren bordatuak eta kolore guztietakoak zeuden. Ahizpari gorrian ekarri nion, oso polita benetan.
Eta horrela ibili zen bueltaka zapi hori etxean, nik berreskuratu eta kalera ateratzen hasi nintzen arte. Neguko osagarririk preziatuenetakoa zen: epela, erosoa eta modakoa. Halako batean, baina, armairuan geratu zitzaidan, erdi ahaztuta beste painelu, bufanda, pashmina eta fularren artean. Eta nik ezer botatzen ez dudanez, gordeta daukat sarrekan (kajoian), ateratzeko zain.
Egia esan "Vaya semanita"ko esketxek ez zidaten asko lagundu, hainbeste barre egin dutenez estilo horren kontura. Baina, berriro ere modan jarri denean, ateratzeko asmoa izan dudanean Israelek Gazaren kontrako esterminioari ekin dio, eta zapia errebindikazio bihurtu da. Horrela, berriro ere atzera egin dut, eta ez dut jantzi, pena handiz. Lotsa puntu bat ematen dit!
Dena dela, nire zapia zahar dago, goxoa segitzen du izaten, baina urteak eta trotea nabaritzen zaizkio. Izan liteke, blogean idatzi ostean jartzea eta erabiltzea. Eta txartoegi badago, agian, ahizpari Jordaniakoa ostea....Erostea ez du merezi, denak kaskar samarrak dira-eta.
Serafin
Hillan 20 egin gentsan omenajia. Haren kontaketia da hau.
Berandu nabil, betiko moduan. Sekula be ez sasoiz, eta ekittaldi honek merezi dau, benetan. Bihotzak diñostana baiño ez dot jarriko, izan leike gauza batzuk ahatutzia, baiña parkatuko destazue, pasau da aste bete, eta burua selektibua da. Zeozer falta badot, zuek osatu.
Lehenengo eta behin, Serafiñen gaiñian egin gura neuke berba. Serafin entzunez, umetatik ezagutzen dot, gure aittan kuadrillakua eta laguna izan zalako. hamaikatxo gauza bizi izan zittuelako alkarrekin urte oso illunetan. Beti aurrera egin nahixan, ointxe dakagun apurra eureri eskerrak da-eta.
Nik, baiña, ...eta kitton ezagutu neban, urriñetik. Gero Badihardugun izan neban hobeto ezagutzeko aukeria eta gero eibartarren posta zerrendan ondo. Beti izan da laguna, guk baiño gehixago jakin arren, hurrekua da, laguntzeko prest, animatzen, kariñoso eta beti maixu. Horregaittik bihar zeban omenajia, bizitza osuan euskerian alde biharrian, ingurukuekin akulu lanak egitten. Goittik beherako gizona, nabarmentzian kontra daguana. Horregaittik, merittuak eskertu bihar dira, personia ondo eta sasoian daguanian. Eta bere kasua da.
Antolatzen hasi giñanian (esan biharra dago Asier Sarasuari bururatu jakola, eta bestiok jarraittu baiño ez zetsagula egin), gure bildurrik haundixena zala berak omenajerik ez onartzia, halakua dalako. Hasieran ezetz, gero belarri-jana egin ostian, konbenzidu zeben, zorionez.
Abenduan 20xan ehundik gora lagun alkartu giñan Untzagan, talde erretratua etaratzeko. Serafiñen omenez, eguraldixa be portu zan, aspaldiko partez eguzkixak urten zeban-eta. Ganoraz etara ahal izan zeben erretratua. Ondorian, bazkaltzera juan giñan Hotel Arratera. Bertan eibar.org, Kulturala, Depor, aek, ....eta kitto, Badihardugu eta udaleko jentia batu giñan. Bere famelixakuak be bai, jakiña. Danak bere ezagun eta lagunak. Oso giro politta sortu zan.
Mahaixak biribilla ziran, eta taldeka jartzeko aukeria izan genduan. Nik Badihardugukuekin bazkaldu neban. Baiña hainbeste ezagunekin edozein maihaittan be ondo. Baillara guztiko kidiak alkartu giñan, eta ederto pasau genduan, broma eta seriotasunan artian. Bromak egitteko aukeria koillarak emon zeskuen: arrain zopia jateko jarri zeskuezenak ontzixa normala zeken baiña kertena laburra. Geuriak, ze Ibanena luzia zan. Mahaixa ipintzerakuan jakin zeben altuena nun jarriko zan. Froga fotografikua hemen:
Ezkerrian, Ibanena; eskuman neria :-)
Tontokerixia da hau, baiña disfrutau genduan seiñalia be bada, ezta?
Postre sasoian etorri zan benetako omenajia eta erregalu emotia. Dantzekin hasi giñan, Ane Sarasketak eta Enrike Izagirrek Arratiako jotak egin zetsen dantzan
Ostian, makillia eta eguerdixan etaratako erretratua emon jakozen Asier eta Serafin besarkada estuan
Gero Trunboik bertsuak kantau zetsazen. Hunkigarrixak, baiña papela galdu dot. Topau ezkero, jarriko dittut.
Baitta Plaentxiako nesken kantu emonaldixa be. erretratuak illunegi urten desta, horregaittik ez dot jarri. Asierrek gehixago etara zittuan, eta ia on-line jartzen dittuan pare bat osteko ;-)
Edarra izan zan eguna, emozionau egin giñan, baiña ez larregi, bihar dan neurrixan baiño ez. Ondo pasau genduan, eta uste dot Serafin be pozik egon zala hainbeste jente ikusitta, danak berari "eskerri asko" esateko. Nik baiño hobeto Iban arantzabalek deskribidu zeban bere blogian, ezta?
Oin, Serafiñek ezin detsa laga biharra egittiari. Omenajia egin jakon, eta lanian jarratzia beste erremedixorik ez daka, bestela kargu hartuko detsagu bertan batu giñanok. Serafin, biharrain jarrattu biharko dozu, bestela makillia kenduko detsugu! :-)
Milla esker, serafin! eta laztan haundi bat!
Mikel Laboa eta ni
Gaur hil jaku Mikel Laboa, horregaittik post hau.
Ikasle batek izenburu hau jarri izan balesta idazlan baten, zuzendu eta "Mikel Laboa eta biok" jarriko netsake. Ni, baiña, ez naiz atrebidu "eta bixok" jartzera, Laboak nerekin hartu-emonik ez zekalako. Halan da be, umetatik izan dau protagonismua nere bizitzan, ez bakarrik momentu askotan soiñu bandia izan dodalako, anekdotan bat be badakadalako berakin.
Sasoi baten 6 diskua buleta-bueltaka euki neban, zinttia gastau arte. Urten barri zeguan, eta guretako magikua zan. Orduan sasoian, oin hogei bat urte-edo, Ermuan jotekua zan, bertako gazte asanbladiak -edo ekarritta. Baiña arazon bat egon zan, eta udalak baimenik ez zeban emon. Ez dakitt ondo zelan izan zan, gauzia da kontratauta bazegaula, baiña ez zekan nun jo. Hori dala eta, unibersidadian jo zeban eta aretua gaiñezka zeguan: jentia pasilluetan jarritta, zutiñik, kantuan....itzela. Gaiñera, ixa danak gaztiak eta itxuria nahiko punki-makarrosua.....Edarra izan zan!!
Nere nekdota personala, baiña, lehenagokua da. Lau urte nittuanian anaia jaixo jatan. Horrekin batera eskolan hasi nintzan. Oso gaizki jaten neban, mizkiñ hutsa nintzan. Gaiñera, nere ikaskide guztiak letrak ikasten zebizen bittartian nik o baiño ez neban ikasi, a-ri buztana behian, goixan,...jartzen netsan, baiña ez eskuman beheko aldian. Ikaragarri kostau jatan. Hori ikusitta, nere irakasliak (???), monjia bera, gurasueri esan zetsen ez nintzala normala, ez nintzala osua. Imajinau zaittie! Gure aitxak lagun bat pedriatia eukan Donostian. Hareri deittu eta Mikel Laboanian eskatu zeban txandia (ume psikiatra zan). Bittartian, lagun horrek ikusi ninduan eta normala nintzala konfirmau zetsen gurasueri, zeluak baiño ez nittuala, itzelak, baiña zeluak besterik ez. Jakiña, ordura arte etxeko printzesia nintzan! Hori dala ta, Mikel Laboakin euki neban zita galdu hori beti izan izan da etxian adarra joteko aukeria.
Gure aitxak, medikuak eta kuadrilla batek urtian behin bazkarixak egitten zittuen Donostian. Iñoiz Laboa juanda zeguan kafietara, eta holakuetan aitxarik nere preguntia egitten ei zetsan. Ei. Aitxan ipoin bat izan zeikian, baiña beti kontatzen zestan. Pentsau, nik lotsia eta poztasuna neurri berian sentitzen neban.
Deportibuak 75 urte bete zittuanian Euskal jaira ekarri genduan. Orduan ezaguitzeko aukeria zian neban. Gizon jatorra, traturako gozua, irribarretsu denpora guztian. Pote batzuk hartzen be ibili giñan, eta anekdota barregarri bat kontau zeskun. Gertukua eta apala izan zan gurekin. Lora sorta bat emon gentsan, eta ez zeban hartu nahi izan, berari koruak egitten zittuan neskiari emoteko esan zeskun, erdi-lotsatuta.
Hauskor itxuria zekan, biharbada abotsak be laguntzen zeban horretan. Bere abots hain partikularra...Gero kantu tradizonalak, poeta haundixak eta musiko itzelak batu dittu bere lanetan. Artista ikaragarri baten biharra. Haundixa bezin apala, beti urdiñ illunez jantzitta (behin plaian Getarixan ikusi neban, eta baiñuko jantzixa be urdiñ illuna eukan!), azken urtiotan aitxitxa irudixa be hartuta netsan bere txapel berezi harekin.
Gu umezurtz geratu gara, gure kulturako haundixenatako batek laga gaittulako. Askotan esaten diran berbak dirala badakitt, baiña zer gehixago esan pozik, triste, negarrez, alai gegauzenian musikia jarri zeskunari? zenbatetan kantau dittugu bere kantuak, trankil-trankil geguazenian, afari ostetan, gaupasetan erdi lafiauta, udalekuetan, dutxan? Holan jarraittuko dogu, baiña oinguan jakinda ez dogula barriro be bere kontzierturik entzun, bera ez daguala hamen.
Guk, baiña, bere musikaz zuzenian gozatzeko aukeria izan dogu, eta hori zoragarrixa izan da. Milla esker, Mikel!!
Kalamuako Parlamentua
Horixe da Eibarren gaiñeko jokuan izena.
Gaur egingo dogu jokuan aurkezpena Portalean arratsaldeko 7,30etan. Bazan ordua! Urte bi biharrian emon eta gero esku artian izan dogu, eta politta da gure kumia.
Eibar.org-ko kuadrilla bat ibili gara horretan, 1200 galderatik gora prestatzen, zuzentzen, atontzen, diseiñatzen, maketatzen, danon eskura jarri ahal izateko. Umorez eta maittasunez egin dogu, horrelako produktu bat afektotik baiño ezin leikelako egin.
Eta izen hori zergaittik? Kalamuako Parlamentua leku bat dalako, Kalamua mendixan daguan toki berezixa. Bertan, jentia berba egittera juaten zan, "dibinuaz eta humanuaz"; hau da, mundua konpontzera. Horregaittik parlamentua. Horregaittik jokuan izena; geografixia, historixia, kirola, kulturia, euskeria, industrixia, naturia....gure herixakin zer ikusixan dakan ixa guztia hartzen dabelako!
Ikusi nahi badozue ze edarra dan, gaur bertan aurkeztuko detsuegu. Gaiñera, gaur 14 erotan erosteko aukeria izango da. Bixartik aurrera, 17 eurotan. Aprobetxau bihar dira aukera hónek krisis sasoi honetan, ezta? Horretara, animau eta erdu!
Izena eta izana. Izan diralako, gara.
Amaittu aurretik, esan gura neuke joko honetan parte hartu dodala gure herrixa maittatzen erakutsi zestelako, zestalako aitxak, Eustakiok. Berak kontautako hamaika bitxikerixa, istorixa, ipoiñ eta kontu galdera bihurtu dittugu. Hori dala eta, nik egindako bihar guztia aitxari dedikau gura detsat, berak zabaldu zestalako bidia. Beragaittik izan ez balitza, nik ezingo nebalako proiekto honetan parte hartu, ez nebalako ezer be jakingo gure herrixan gaiñian. Eibartarra jaixotzez ez izan arren, eibartarra izaten erakutsi zestalako. Milla esker, aitxa!
Durango
Pasa dan ikasturtian Durango deskubridu neban. Benetan deskubridu. Batek baiño gehixago pentsauko dau ia zelan izan leiken hori, Durango herri ezaguna eta hurrian egonda. Gaiñera, gure aitxa bertan jaixo zanez gertuago sentitzen neban. Baiña Eustakio bertatik gerriak bota zeban, eta sekula ez jakon gustau Durangon jaixo zala esatia.
Bertan, jakiña, hamaikatxo bidar egonda neguan. Gaztetxotan pisziñetara juaten giñan, orduan sasoian Eibarren ez zegualako. Gustora juan be! Haundixa zan arratsalde-pasa ibiltzia. Trenian edo autobusian abixau, pisziñetan baiñau, pasta bat erosi Goienkaleko pastelerixa baten, eta Carretora juan mosto bat edatera. Nagusixaguak giñala pentsau, eta Eibarrera itzuli.
Urte batzuk pasau eta gero, liburu azokara, jaixetara, kontzertu eta antzerkixetara be juan izan naiz. Goienkaleko xarma ezagutu dot. Gero lagun batzuk be izan dittut bertakuak, eta iñoiz egin dogu parrandatxoren bat Durengon. Hortaz, esan neike ondotxo ezagutzen nebala herrixa, eta azokia eta papeleria baiño gehixago ikusten nebala. Halan da be, ez netsan gustua topatzen. Oiñ, ostera, ikaragarri gustatzen jata.
Iaz, baiña, beste Durango bat deskubridu dot. Edo hobeto esanda, benetan ezagutu dot herrixa. Edarra da, benetan. Ez neban pentsatzen hain txoko polittak zekazela, bai paisajiak, bai eraikiñak. Gauza pilla bat egin leikez, aukera mordua dagozelako. Eibarren baiño gehixago, esango neuke.
Hori bai, herri tradizionala da: kanpaiak mezetara deitzen, hil-kanpaiak joten, hamaika eliza, komentu eta eskola relijiosokin. Hori eibartar batendako harrigarrixa da. Beste alde batetik, Durangon gaztetxeruak zein pijo-pijuak ikusi leikez. Txurrodunak, zein behi-miazkada orrazkeria dakenak. Danak herri berian, eta kantidadian. Iruña etortzen jata batzuetan burura. Hori, ba: Durango, buena jaula para malos pájaros
Panegiriko hau ez da herri aktibua topau dodalako, edo oso gustora sentitzen naizelako. Ez, ez neuke bestela post bat idatziko. 2006 urte horribilis ha ahazten lagundu desta. Nere biharran gustua berreskuratu dot bertan lanian. Indarra emon desta, gauza barrixak deskubridu dittut. Durangok ilusiñua itzuli desta. Badakitt bardiña gertau ahal jatana Abaltzisketan, baiña ez da holan izan. Oso eskertuta nago danagaittik. Aspaldi ez neguan hain pozik nere biharrakin, ezta biharreko herrixakin be. Bizkaiko geografixia politto ezagutu dot lana dala-eta; hortaz, badakitt zertaz dihardudan, badakitt neregan zelako eragiña dakan inguruak, lekuak. Trenez ibiltziak be badaka beria; automobilla ahaztu, eta disfrutau. Ondo nago gustora. Neu be ete naiz mala pájara eta Durango kaixola ona neretako?
Berakatz freskuak
Urtebete baiño gehixago nago berakatz freskorik jan barik, ikaragarri gustau arren. Urte honetan ezin izan dittut jan, ezta dendan ikusi be.
Oso gauza berezixa da. Fruterixan edota surpermerkauan ikusten badittut, barruak bueltia egitten desta, eta apal horretatik begiradia kendu bihar dot. Holan hamabi hillabetian.
Ez detset alergixarik, intoxikau be ez naiz egin. Hornitzaille nagusixa falta jata. Hori da. Aitxakin lotzen dittut, eta ezin izaten dot aguantau, triste jartzen nabe, horregaittik hurreratu be ez naiz egitten.
Aittak ortua zekan eta bazekixan zenbat gustatzen jatazen berakatz freskuak, gaiñera ni nintzan gehixen apreziatzen zittuana. Hori dala ta, zekan guztietan beti neretako izaten ziran. Bazirudixan munduko altxorrik preziauena eskintzen zestala, landara hórrek emoteko zekan gauza bakarra balitza moduan. Hori bai, askotan poltsakadak ekartzen zestan, larregi neretako bakarrik, eta nik ez zetsan eskertzen bihar zan moduan. Aitta-alaben arteko gauzak, badakizue. Eta damutzen jata, barru-barrutik
Uste dot damu hori dala torturatzen nabena. Horregaittik ezin dot berakatz freskorik ikusi, merezittako estimaziñua ez netsalako beti emon. Eta iñoiz halako poltsakadia ikusitta ondo esan emoziñorik barik.
Batzuek maittasuna lorekin edo erregaluekin adierazten dabe. Gure aitxak, neri berakatz freskuekin. Horregaittik gaur, 18 de julio izanda, post hau. Eustakio gaurko egunez hiltzia be!
Espero dot daguan lekuan egonda, iñoiz ez jakozela berakatz freskuak ahaztuko. Nik , behintzat, nere bihotzian beti izango dot multzotxo bat landatuta.
Automobilla hil jata
Bai, ondo irakorri dozue, autua hil egin jata. Holan, abiso barik. lehengo egunian biharrera juateko hartu neban, eta bide batez errekautxo bat egitteko aprobetxau. Stop baten pro-pro-pro-pro-pro egitten hasi zan, traktor bat zirudixan!
Malo-maolo, pentsau neban. Halako zaratia egitteko zeozer gogorra izan bihar da. Horregaittik, zuzenian garajera eruan neban, baiña gure garajistia ez zeguan. Deittuko zestala esan zesten.
Deittu zestan, bai. Eta asunto txarra zala esan, baiña ahaleginduko zala, bertan prisa barik lagatzeko, eta esango zestala.
Pare bat aste pasautakuan, eta deittu barik zeguanez, bertara juan nintzan. Notizia txarrak baiño ez zittuan. Motor barrixa bihar zebala, konponketiak 500.000 pezeta inguru izango zala (bai, pezetetan eta mekanikuak hori diñuanian 600.000 be izan leikez). Gaiñera gauza gehixago be bazittuala, eta ez zebala merezi.
Buf! Oporraki, pikutara! Automobilla biharrerako erabiltzen dot, eta dirutzia balio dabe. Negarguria sentidu neban
Gastuagaittik, pentsauko dozue. Ba, ez. Kotxe horrek balixo sentimentala daka neretako, aitxana zalako, eta laga zestan gauza materixal bakarra dalako. Berak ikaragarri maitte zeban autua, eta anai-arrebak emon zestenian, aitxa hil ostian berakin ondiokan lotura fisiko bat nekala begittantzen jatan. Desguazera eruan eta gero, hori be desagertu egingo da.
Sentimentalegixa naiz, badakitt. baiña uste dot guk gauzeri arimia emoten detsegula, gure personalidadia hartzen dabela. Ikutu eta laztandu egitten dittugu asko gure parte txiki bat be badiralako
Autua bat-batian hondatu da, gure aitxan moduan. Ha be bat-batian hil zan abisu barik. Erreakzionatzeko denpora barik. Halan eta be, guk aurrera egin bihar.
Bonbardaketak
Gernikako bonbardaketa oso presente egon izan da beti gure etxean, ama Mariangelesek bizi izan zuelako. Askotan kontatzen zigun zelan gertatu zen, zer egin zuten eta zelako angustia pasatu zuten.
Mariangeles Muruetako neska gazte bat zen, lehengusinaren etxean lanean, Gernikan. Bonbardaketa hasi zenean ez dakit non zegoen, baina esaten zigunaren arabera noraezean ibili ziren, eta azkenean Lumora joan eta bertako elizako kanpandorrera igo zuten, han seguruago egongo zirelakoan. Bertan zekizkiten errezo guztiak egin zituzten, euren azkena zelakoan.
Bonbak nola botatzen zituzten, eta ondoren hegazkinak baxu-baxu jendea metrailatzen. Amaitu zenean, familiaren bila: ezer gertatu ote zitzaien. Zorionez, denek onik irten zuten.
Denborarekin, Eibarrera ezkondu zen eta gure ama izan zuen. Gure amak ere bonbardaketaren ondorioak jasan zituen eskolan: Formación del espiritu nacional-en maistrak esan zien: Los rojos bonbardearon Gernika. Bera altxatu eta ezetz esan zion, ama bertan izan zuela eta alemanak izan zirela. Jakina, zuzeneko lekukotasunak ez zuen ezertarako balio izan, eta zigortu egin zuten.
Durangoko bonbardaketan ama Virginia etxe barik laga zuten. Kale Barrian bizi zen alargundu berri bere zortzi seme-alabekin txikienak lau hilabete zeuzkan. Ahalegindu naiz jakiten non zeuden bonbardaketa egunean; baina Durangon ez egon arren, euren etxea txikitu eta ospa egitera behartu zituzten. Ezin dut imajinatu zer izan litekeen horrela gelditzea: goian zerua, behean lurra. Horiek ziren emakumeak!
Atzo bete ziren 70 urte Eibar bonbardatu eta erre zutenetik. Eibar ere txikituta gelditu zen. Oraindik pagatzen ari gara ondorioak!
Nire etxean argi-patioa dago, baina ezker aldekook baino eza daukagu. Beti bitxia egin izan zait. Bertan bizitzen jarri eta denbora batera jakin nuen bonbardaketan bonba bat erori zela gure etxean, ezker aldean. Berreraiki zutenean, patioa egitea erabaki zuten (lagun/etsai batek dio bigarren bonba nirekin erori zaiela)
Jakin nuenean, zirrara berezi bat sentitu nuen. Zirkulua itxi zela iruditu zitzaidan, amamekin lotzen zidala kointzidentzia horrek. Badakit tontakeria dela, baina eurek ez badaude ere, eta denbora pasatu bada ere, begitantzen zait orain 70 urte gertatu zena presente dagoela, ondorioak hemen daudela. Nire iraganak eta orainak bat egiten dutela patio xume batean.


