Kalamuatik Txargainera
Biharrekuak
20 urte beharrean!
Urtarril honetan bete ditut 20 urte euskaltegian hasi nintzenetik. Bizitza erdi klaseak ematen, uf!
Gabon ostean hasi nintzen lanean. Orduan hogeita bat urteko umemokoa nintzen, ikasketak amaitu berri eta lan egiteko prespektiba gutxirekin; izan ere, sasoi hartan ere krisi sakona bizi genuen Euskal Herrian, eta ez zegoen lanik ia inorekndako, are gutxiago esperientza bako gazteentzat. Hori dela eta Irladara joateko erabakia hartuta nuen, au-pair, ingelesa ikastera, hori zen-eta orduan jendeak egiten zuena bide berriak jorratzearren. Hori edo Nikaraguara brigadista joan....
Eskualdeko Udal Euskaltegi batzuetarako eginda neukan proba bat, esperantza gutxirekin. Hegazkin txartela erostera joan behar nuen egunean, janzten ari nintzela, telefonoz deitu zidaten azterketan nahiko aurrean geratu nintzela, eta segur aski lana izango nuela. Jakina, ez nintzen bidaia agentziara joan! Hau guztiau Gabon aurretik izan zen. Ez zidaten datarik jarri, eskualdean transmisio kanpaina martxan jarri behar zuten, baina arazo batzuk zirela medio, ezin ziguten ezer ziurtatu.
Denbora pasa ahala, kezkatzen hasita nengoen, ez zen deirik, Irlandakoa baztertuta neukan. Zer egin behar nuen? Dei hori egin zen, Gabon ostean esan dudan moduan. Hori bai, deitu zidanean gripearekin nengoen ohean! Ai, ama , dena kontra. Zein gaitza zen lehen beharra topatzea!
Hasi nintzen, hasi. Eibarko Udal Euskaltegian lau sartu ginen. Ni nobata bakarra, besteak ibilita baitzeuden, gutxi baina zer edo zer. Junkalek, euskaltegiko irakasleak hartu gintuen bere babespean, bera zen gure koordinatzailea. Berba baten esateko, berak irakatsi zigun (zidan, agian hobeto) klaseak ematen. Ni oso eskertuta nago gurekin izan zuen pazientzia, irakatsi zigun guztia, beti oso umoretsu eta irribarre batekin. Inoiz ez diot esan, eta aprobetxatuko dut momentua: mila esker guztiagatik, Junkal!
Lehenengo urratsa ematen nuen, guraso talde bitan. Denak ni baino askoz zaharragoak, 40 urteren bueltan. Sarri pentsatzen nuen eurek ni ikustean hain gaztea, esperientzia bakoa, hain pipiola ez nindutela aintzakotzat hartuko. Gainera, hankasratzen handia egin nuen, esan nien ez nuela inoiz klaserik eman nagusiekin. Hori ezin da inoiz egin!! Tira, ondo errespetatu ninduten, zintzo-zintzo etortzen ziren. Emaitzak? ez dakit. Zerbait ikasi zuten, eta ez da gutxi.
Eta zelako denbora! Ordenagailua idazkariak baino ez zeukan, ez zen Euskaldunon Egunkaria ere existitzen. Prentsa idatzian Argia, Aizu eta Habe baino ez zeuden. Dena fotokopiatan (eta fotokopiadorak halamoduzkoak), sarri eskuz idatziak. Ez HEOK, ez atazetan oinarritutako irakaskuntzarik. Hiztegi bakarra 2000! Liburu errazak euskaraz irakurtzeko ia ez zegoen......Ia dena artesanala zen. Hori bai, karpetetan gordeta euskaltegietako irakasleok karpetak gurtzen baititugu! Atzera begiratuz gero, zientzia fikzioa iruditzen zait guztia. Nola ematen genituen klaseak? Zelan ikasten zuten gure ikasleek? Egia esan behar badut etb1en futbol gutxiago ematen zuten, eta pelikula gehiago. Hori bai, gaztelaniaz azpititulatuta! Klasean bat ikusiz gero, orri batekin estaltzen genituen.....Zelako sasoia!
Eibarkoaren ostean, Bergara, Ermua, Galdakao, Getxo, Arrasate, Basauri, Zalla eta Durangoko Udal Euskaltegiak etorri dira, baita Ermuko Kaltxango aek euskaltegia ere. Lehengo urratsetik EGAra, erretiratuak eta gaztetxoak, autoikaskuntza eta klase presentzialak, alfabetatze eibarreraz eta alfabetatze teknikoa, inmigranteak eta eibatar peto-petoak, zero-patateroak eta ikasle gruyerrak, instituteroak eta funtzionarioak.......ia denetarik pasatu da nire begen aurretik. Ia guztiekin, oso ondo. Batzuekin, primeran. Gutxi batzuekin, ez hain ondo. Poz asko jaso ditut, baita atsekaberen bat ere. Ia beti gustura eta ondo ibili naiz, jendearekin eta euskaraz aritu naizelako.
Kasualitatez hartu nuen bide hau, eta ez zait damutu. asko gustatzen zait nire lana, gero eta gehiago, esango nuke. Baina Irlandara joan izan banintz, orain non nengoke? Batek daki!
Bidaia intimoak
Durangoko Plateruenean ikusi dut gaur iluntzean
Korrika 16ren omenaldirako egindako dokumentala da "Bidaia intimoak", Jon Maia bertsolariak zuzendutakoa. Gaur Durangon eman dute, Korrika kulturalaren barruan. Horrelakoak pasatzen uzti ezin direnez, ikasleekin joatea erabaki dut. Eta betiko moduan, XXI. mendean gaudenez, ia gehienek nahiago zuten baldintza lantzeko ariketa analitikoak egin, Platerenuenera joan baino; oraindik ere, hainbat ikasleren buruan sartuta dagoelako horrelako emanaldiak denbora galtzea direla. Desertzio batzuk izan ditut, eta batzuk nire errosarioaren ostean, tartetxo baten egotea erabaki dute.
Nik trailerra ikusita neukan, baita oso itxura ona hartu ere. Hona hemen ikusita nuena:
Zelan edo halan, samatik oratuta eroan ditut sei ikasle. Ez zegoen jende larregirik, eta lagun batzuk agurtu ostean, jesarri egin gara. Egia esateko, oso berandu hasi da dokumetala bera, berandu hasteaz gain, Korrikako kantuaren bideoklipa aurretik bota dutelako. Jakina, bertan zegoen errodatua, eta ikusi egin behar.
Orduan, animatuta igerri ditut ikasleok, bideoklipa jarrita nielako klasean, eta oso martxosoa delako. Lehenengo irribarreak ikusi ditut. Dokumentala hasi da ondoren. Hunkigarria, ederra, samurra...Lau esperientzia, oso desberdinak; batzuk euskara ikastearena, urrunetik etorrita, urrutian maiteminduta euskararekin. Beste biak, ostera, euskaldun galduak, berreskuratuak. Ni bezalakoak.
Zenbat negar egin dudan! Uf! Ondo, baina! Korrikarekin-eta beti emozionatzen naiz gehiegi. Ona dala uste dut. Negarrarena, berriz, ezin dut kontrolatu. Malkoek segituan irteten didate. Horrelakoa naiz, edo horrela nago, ez dakit nola esan. Martxoaren 3aren aipamenarekin ere busti zaizkit begiak, batez ere "Campanades a mort" kantuaren lehen kanpaikadak entzun direnean (Emozio hori, hala ere, ez da ona izan, tristea baizik). Lluis Llachen Gasteizko kontzertua izan nintzen orain hiru urte... Honekin musika ere azpimarratu nahi dut: Ruper eta Mikel Laboa. "Hautsi da anfora" diskoko hainbat kantu, Mikel Laboaren "Gure hitzak" kantua: Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean, txori hanka arinek, utzitako arrasto sail, ederra bezalaxe. Kantu itzela. Jon Maiaren off ahotsa ere, ondo, edoerto. Mapak marrazten, bideak egiten, galdutakoak berreskuratzen.
Testigantzak ondo aukeratutakoak. Dena dela, nik gustura ikusiko nukeen euskarara nolabait derrigotuta edo presionatuta hurbildu denarena, gero gure mundua deskubritu duena, beste dimentsio bat. Horrelako lekuko batek ere gaur egunean gauza ederra izango litzateke.
Eta nire ikasleak? Bai, samatik eroan ditudanak? Mugitu ere ez dira egin, nahiz eta 9,30etan amaitu dokumentala, eta gure klasea 9etan. Gustura egon dira, bestela laster egingo zuten ospa. Asko lagundu diete azpitituluek, hainbaten hizkera ez zen-eta eurendako hain ulergarria. Pozik irten dira, eta emozionatuta. Ikusi ote dute euren burua pantailan? Nik bai, eurena eta neurea.
Ederra!
liburu artian, pozik
Klasiak emotiaz aparte, uztail honetan liburutegixa atontzia be tokau jata.
Bihar politta duda barik, liburu artian literalki murgilduta nago:
Lehelenengo, apaletatik etara, autorien abizenan iniazialakin jarri multzoka. Autore gehixen An, En, Ln, Mn, Sn eta Zn dagoz. Gitxien Nn, bi: Nemorosky eta Narbaiza (ez ni, jakiña, Antxon!)
Ostian, letra bat hartu, ordenatu autoriak eta gero liburuak. letra barruko liburu guztiak ordenauta dagozenian maillakatu (hori eginda dago), baiña identifikatzeko bistazo baten kolore zehatz bateko gometsa jarri liburu-bizkarrian: euskalkixan dagozenak, zurixa; 1A maillakuak, horixa; 1B maillakuak naranjia; 2. maillakuak, urdiña; 3. maillakuak berdia, 4. maillakuak, gorrixa.
Ondorik, apaletan txukun-txukun sartu. Holan literaturako liburu guztiekin.
Disfrutazen nabil, nahitta eskuak siku-siku zuritzen, azala juaten dakadazen. Kremia emon eta emon nabil. Merezi dau, baiña. Eta gustora egitten nabil, gustoko musikia jarri, batzuetan kantuan be ibiltzen naiz, eta neretako liburu artian ibiltzia beti da plazera. Autore ezezagunak euzagutu, liburu zaharrak deskubridu, irakorrittakuak gogoratu, irakorri bakuak hartzeko gogua sortu,...halaxe, ederto batian! Eta hau lana da, orraittiok! Bai amamia dakadana!
Amaitzen dodanian, emaitza erakutsiko dot!
"Pa amb tomaquet" kurtso amaieran
Ostegunean kurtsoari amaiera eman genion afari-merienda batekin.
Azkenean lortu genuen ados jartzea, eta afaria egitea! Burua asko apurtu barik, menu sinple eta buru-hauste gutxirekin. Oilasko batzuk enkargatu genituen!! Hori baino errazago...Dena den, "Pa amb tomaquet" ere egin (eta jan genuen). "Pa amb tomaquet", zer da hori? Ba, pantumaka, Katalunian tipikoa dena. Izan ere, gure Josep -izenak adierazten duenez- katalana da, eta ilusio handia zuen.
Egia esan, janda nengoen pa amb tomaquet hori, baina ez hain gozoa. Hementxe erreportaje fotografikoa, pausuz paus erakutsiko digu nola egin genuen/zuen:
Lehenego, tomateak ondo garbitu behar dira. Ondoren, xehetzen hasiko gara:
Argazki artistikoak egin litezke, ezta? baiana hemen dugu benetako egilea lanean:
Gero, berakatza txikitu eta oliba olioarekin nahastu. Katiluetan sartu, jendeak zerbi dezan nahi duen moduan ogi gainean:
Eta hau da emaitza, ogi gainean. Gero bakoitzak jar diezaiola txorizoa, pernila, solomoa.....
Ummmmmmm! Zoragarria!
Honen ostean, mahaia bete-betea geneukan, eta oilaskoa soberan geratu zitzaigun; nahiz eta batzuek aho betean jardun.
Gainera, postrerako Florik "quesada" bat ekarri zuen, eta nik "plum cake" integrala egin nuen. azkenerako, denok betekada itzelarekin amaitu genuen. Gehiegi jan, eta lotara! Ez, ez. Izan ginen berriketan, eta gero Goienkalen terraza batean kafea hartzen, eguraldi zoragarria egin zigun eta.
Kurtso amaiera polita izan zen, denok gustura egon ginen. Ikasleak, beharbada, pozik egongo dira bukatu delako, baina niri beti kurtso-akaberak estresateak izateaz gain, malenkoniatsuak egiten zaizkit. amaitu da, eta bederatzi hilabetean sortu den komunitatea deseginda gelditzen da betiko, egindako harremana historia bihurtu da, oroitzapen bat.
Bizitzaren zikloa da era laburrean ikasturtea: hasi-amaitu=jaio-hil. Zerbait galdu dugun sentsazioa izaten dut beti. Bizkorregi doala dena. Malenkoniatsu baino triste jarri naiz, traszendental, eta ez du merezi, uztailean ere lana baitut. Indarrak gorde behar ditut!
Bururik ez daukanak...
...hankak erabili behar.
Gaur arratsaldean Durangon ikusia. Buru bako hauek jende artean lasai paseatzen.
Hauek ere esamoldearen menpe?
Trena eta liburuak
Atzo biharretik lehentxuago urten ahal izan neban, eta horrek aukeria emon zestan "zuzenian" Bilbo-Durango- Eibar-Zarautz-Donostia egiten daben trena hartzeko
Geltokixak beti dira leku literarixuak, gauza asko gertzen dalako bertan, agur eta ondoetorrixen testigu diralako...baiña Durangoko estaziñua, Eibarkuan moduan, ez da hórretakua. Illunpian dago, jarleku gitxi eta ittokindunak dakaz, eta gabeko bedratziretan oso jende gitxi dabil
Betiko moduan, bankuan jarri eta liburua etara neban. Oinguan liburukote mardul nobelita edo nobeloi hórretako bat zan. Abixu bat emon zeskuen megafonixatik. Liburutik burua altzau eta begiradiak beste liburudun batekin egin zeban tope: Harkaitz Canokin. seguru ez, bera zanik eta atzera be begiratu netsan. Bera zan bai, duda barik. Jende gitxi horren artian bakarrak giñan liburu eta antiojuekin. Eta ni "Los crímenes del número primo" irakortzen! Bere liburuak titulo haundixa zekan. Seguru nago zeozer sofistikauagua eta cool-agua zala! Holan, Leire, antioju pastaduanak eta bloga euki arren sekula ez haiz inteltualen elitian sartuko!
Uste dot bera be konturatu zala ezagutu nebala. Gogorra izan bihar da, gero, norberan anonimatua ez gordetzia! Euskaldunen artian, ze samia jokatuko neuke zain geguazenon artian ni nintzala ezagutzen zeban bakarra, arpegiz zein liburuz!
Trenera sartutakuan burutaziño hau izan neban: "Los crímenes del número primo" irakortzen ibili biharrian, "Belarraren ahoa" leitzen jardun ezkero?. Trenian hasi eta amaittu neban, oin 3 bat aste. Ze arpegi jarriko zeban? Ze sensaziño egin bihar dau norberan liburua irakortzen dabizela ikustiak? Hurreratu egingo jatan eta eritxixa eskatu? ez ikusixana egingo zeban? Ze jarrera eukiko zeban?
Tren "zuzenian" iñoiz baiño gehixago tardau neban Eibarrera aillegatzen: 40 miñutu! To, abiadura handia!
Huelga, kuleroak, Hiztegi Batua eta talibanak
Ikasleei brometan inoiz esan izan diet euskara irakasleok postua hartu aurretik zin egin behar dugula gure Biblian; Hiztegi Batuan, hain zuzen ere. Liburutxoa eskuen artean hartuta plantak egiten dizkiet; eta batzuek, pentsatzen dut, puntu batera arte sinistu egiten dutela.
Euskaldun alfabetatu eta sasiletratua naizen aldetik, Euskaltzaindiak dioena errespetatuegiten dut; are gehiago, men ere egiten diot, batzuetan konforme ez egon arren. Baina ni maistra ezjakin hau, zein naiz ezer esateko? Ez dakit suedieraz nola esaten dioten tranbiari, edo txekieraz zelan deitzen dioten odol-transfusioari. Horregatik, nire komentarioak lagun artekoak baino ezin dira izan!.
Hori bai, beti euskara batuari dagokionez; Hiztegi Batua, ez dezagun ahaztu, euskara estandarrerako dela. Euskara estandar jasorako irizpideak ematen ditu, askotan ahazten zaigun xehetasun txikia.
Eibar.org posta zerrendan, huelga/greba berben gaineko eztabaida izan dugu, Iban Arantzabalek proposatutakoa. Gero bere blogean gurea eta itzul zerrendakoa ere jasota post bat idatzi du. eta ni aho bete hortz geratu naiz bertan jaso dituen erantzunekin.
Era
labur baten esateagatik huelga berba euskainoltzat zeukaten, eta
greba HBn agertzen zenez, guztiz euskalduntzat. Kuriosoa da hain
herri txikian bizi izanda zein pertzepzio desberdin izan dezakegun!
Greba
hitza azken hogeita hamar urteotan ondo errotu dela diote. Konforme.
Baina Huelga barbarismo espainol zikina omen da. Ez dira eibartarrak,
argi dago. Toribio
Etxebarriak
1963an argitaratu zuen lexikoia, erbestean idatzi zuena. Berak jasota
badauka. esan nahi du Eibarren berba normala zela gerra aurretik.
Beraz, -matematika klaseetan ondo ikasi banuen behintzat- hirurogeita
hamar urte baino gehiago. Orduan? Zergatik eragiten die alergia?
Hiztegi Batua erreminta bat baino ez da. Amaitu barik dagoen erreminta, gainera. Hainbat berba ez dira agertzen: kulero eta galtzontzilo, adibidez. Azken hitz hauek normal-normalak dira edozein testuingurutan. Beste hiztegi batzuetan agertu egiten dira, baina HBn, ez. Horrek zer esan nahi du, berbok ez direla euskara? euskaldunok ez ditugula barruko arropa horiek erabiltzen? Nik ez dakit zergatik ez diren agertzen. Gainera, kontuan izanda tanga hitza jaso dutela…Zein mezu subliminal eman nahi digu Euskaltzaindiak? Sexitasuna sustatu nahi du? Euskaldunon fama sexual negargarriarekin amaitu gura ote du? Modernoak garela munduari jakinarazi? Resurrección Maríak zer esango luke burua altxatuko balu? Ein?
Neu ere talibanen multzo horretan nengoela uste nuen. Ez zait gustatzen taliban eleak dauzkan konnotazio batzuk, horregatik neure buruari Rotenmeier andereño deitzen diot. Baina ez nuen uste taliban hain erradikalik zegoenik. Ez nekien beste erlijio berri bat sortuta zegoenik. Erdi Aroan “Liburudunak” edo “Liburuarenak” (ez dakit zein aukeratu) esaten zitzaien hiru erlijio monoteista handiei: judaismoari, kristautasunari eta islamismoari. Orain laugarrena gehitu behar dugu. Ez dakit monoteista den, baina bai liburuduna/liburuarena: Hiztegibatuismoa. Eta jarraitzaileak fanatiko hutsa dira. Ez ahal dute erlijio gerra bat sortuko! Bestela, herejeok sutan amaitzeko arriskua dugu! Ai, ama!
Podcast ikastaroa
Lanerako Podcast ikastaro bat on-line egiten nabil. Bertan eskatu digute geure buruaren aurkezpena egiteko eta gero gure blogean igotzeko.
Nik ez daukat hau beste blogik, beraz hemen eskegitzea pentsatu dut. ez naiz jarduera huts baterako blog berria sortzen ibiliko, ezta? Hori, ba. Bertan nire ahots melodiosoa entzuteko aukera izango duzue.
Oraingoan ez zait "pija" ahotsa irten, zorionez. Batzuetetan irratian-eta, neure buruari entzun eta "zelako pijia naizen!" pentsau izan dut. Tira, grabazio honek ez dauka beste munduko ezer, kaskarra da, eta gainera ez nion ez musikarik, ez soinu berezirik jarri. Nahikoa izan nuen ez trabatzen, eta ganorazko zer edo zer esaten.
Horra, bada, marabila teknbologiko hau, ahots paregabe honekin, museoan gordetzeko modukoa!
Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak
Badaramat bolada luzetxo bat gure lanaz eta gure miseriez hausnartzen, eta uste dut badela sasoia ordenatu eta plazaratzeko. Beharbada, hainbat sektoreri ez zaizkio gustatuko. Benetan, ez zait larregi inporta, egia normalean deserosoa baita. Nire ikuspuntua da, ia hamazortzi urte lan honetan eta udal euskaltegi askotan dabilen eta diharduen baten ikuspuntua.
Gure lanak ez dauka prestigiorik. Gure lana zerbait probisionala da. Gure funtzioa adabaki bat baino ez da jaurlaritzarendako. Ez daukagu formazio espezifikorik. Askotan gure lantokiak desegokiak eta deserosoak dira. Gure baliabideak urriak eta zaharrak. Sarritan gure zentroetan egiten diren inbertsioak ez dira existitzen. Gure ordutegiak zoratzeko modukoak izaten dira. Duela hogeita bost urteko planteamenduekin ari gara lanean.
Aurreko paragrafoak beldurra ematen du, ezta? Bai, nik berdina sentitzen dut buruari bueltak ematen dizkiodanean. Ondoren, banan banan urkulduko ditut:
Prestigioa: gai honen gainean asko hitz egin dut lankideokin Karrajua-n ere agertu da honen inguruko artikuluren bat Vaya semanita-n ere txisterik egin dute. Baina guk hori igarri, kalean igartzen dugu ezagunek askotan galdetzen digutenean: Oraindik zabiltza euskaltegian? Gure lana gaztaroan egiten den lanbidea balitz bezala, astialdiko begiraleak bagina moduan. Ia berrogei urte eta euskaltegian lanean? Arraroa. Askotan, ikasleek eurek ere ez dute aintzakotzat hartzen gure profesionaltasuna, batez ere izena ematera-eta datozenean, emandako aholkuei ere ez diete jaramonik egiten, euren iritziaren kontra baldin bagoaz, behintzat. Etorri zaizkigu pertsonak EGA nahi dutenak. Guk sarrera proba egin eta beherago jarri. Konforme egon ez eta askotan edo istilua sortu, edo matrikulatu ez. Beste ikasle batzuei esan komeni zaiela kurtso hori errepikatzea eta ezetza ematen dute. Oker gaude, guk baino gehiago dakite, antza.
Askotan uste dut gure gremioak ere bultzatu egin duela iritzi hori. Aspaldi batean gau eskoletako sasoian-eta, esaten zen euskaldun guztiok irakats genezakeela, ekintza herrikoia zela. Esperientziak diost gezurra dela. Gehiago esango nuke, formazio espezifikoa beharko genukeela, eskatzen zaigun titulazioa irakasle ikasketak (magisterio) edo lizentziatura da. Edozein lizentziatura, euskal filologia zein kimika. Formazio espezifikorik ez daukagunez, esperientziak erakusten dugu, askotan itsu-itsuan jokatuz, intuitiboki. Egiten ditugu ikastaroak baina gustura hartuko nuke formazio unibertsitario espezifikoa, benetan.
Beste arazoetako bat da, sortzezko bekatua esango nuke eusko jaurlaritza hasi zenean, euskalduntzea eskolaren eskuetan laga zuela. Baina errealitateak diosku ez dela egia, batez ere momentu honetan. Helduen euskalduntzea laugarren mailakotzat izan dute beti gobernu autonomoan. Hori dela eta, euskaltegiak behin-behineko txaplatak izan ziren gobernuarendako. Horixe da Haberen akatsetako bat. Askotan gure azpiegitura probisionalak, egonkor bihurtu dira. Ikustekoak dira hainbat euskaltegi! Lantokiak, sarritan, desegokiak eta deserosoak dira. Behin-behinekotasun horregatik. Zelan inbertituko da lokal baten urte gutxi batzuetarako baino ez bada? Eta euskaltegi publikoez ari naiz Pobrezia eta inbertsio falta ikaragarria da, leku askotan. Sarritan gure zentroetan egiten diren inbertsioak ez dira existitzen, edo hutsaren hurrengoak dira. Karga bat gara beti, guk gastatzen duguna beti da larregi.
Horren harira, logikoa denez, gure baliabideak urriak eta zaharrak dira askotan. Material espezifikoa irakasle bakoitzak sortzen du, edo zentroak. Argitaletxeek ez gaituzte kontua hartzen. Eurendako gu farmazeutikendako gaixotasun arraroak dauzkatenak bezalakoak gara: gutxi eta etekin ekonomikoa, berez, hutsaren hurrengoa.
Beste alde batetik, gure ordutegiak zoratzeko modukoak izaten dira. Ikastaro bateko irakasleak esan zigun moduan kabaretera ordutegia. Niri denetarik eskaini didate. Talde bat goizeko bederatzietan, beste bat arratsaldeko zortzietatik hamarrak arte, Muskizen adibidez. Herritik kanpora. Goizean goiz eta iluntzean berandu.
Aurretik esan dudanaz gain, esan nezake orain hogeita bost urteko planteamenduekin ari garela lanean, ez guk hala nahi dugulako, baizik eta Habetik diru-laguntzak jasotzeko oso modulazio zurruna eskatzen zaigulako; ikasleek beste ordutegi batzuk eskatzen dizkiguten arren. Jende asko galtzen dugu egunero-egunero ordu bi delako modulu arruntena. Ezagutzen ditut euskaltegiak beste ikastaro batzuk hasi direnak eskaintzen, baina orduak betetzeko egun osoan egon behar dute euskaltegian talde pila batekin eta oso maila desberdinekin. Horrek guztiorrek lan gehiago eta handiagoa dakarkigu, eta gure lan-baldintzak gaiztotu. Hobera joan beharrean, okerrera goaz.
Ikastaldeak sortzeko orduan ere, Habetik euskaltegi guztioi jartzen zaizkigu kopuruak eta ratioak oso zurrunak dira. Euskaltegi batzuek arazoak izan dituzte talde gehiegi zeuzkatelako, eurei talde gutxiago tokatzen zitzaielako mapan. Zer esanik ez ikasleei kobratzen zaien prezioez, horrek ere beste post bat beharko luke oso-osorik berarendako.
Hizkuntza eskolarekin parekatuz gero, aldea ikaragarria da: funtzionamenduan, ordutegiak, prezioak, Euskara ikastea garestia da. Gaztelania ikastea Eibarren, adibidez, doan da. Irakasleen lan baldintzak ere, askoz hobeak dira. Hezkuntzako langileak dira hizkuntza eskolakoak; gu, berriz, kulturakoak gara. Oraintxe bertan marko europarra dela eta asko eta asko liberatuta dagoz. Guk ikastaro horiek denbora libreetan edota ordutegi ez lektiboan egiten ditugu. Nire kontratuan irakasle dio, baita erdi mailako teknikaria baina nire soldata ez da teknikariarena, eta delegazioko zerrendetan gure esperientziak ez dauka punturik, euren aurrean gu ez gara eta irakasleak. Nire ia hamazortzi urteek 0 (zero) puntu daukate. Eta ez naiz sartuko behargin ebentualon ordezkapen zerrenda eta abarrekin, beste post oso bat beharko nuke azaltzeko-eta! Gauza bakar bat: euskaltegiz euskaltegi baldintzak eta egoera aldatu egiten da, bakoitzak zerrenda propioa daukalako (daukanean) eta berezitasunak tokian tokikoak dira. Zoramena, hartaz.
Soldatarekin jarraituta, ez naiz kexatuko; jakinda Aek-ko lankideak gure erdia inguru kobratzen dutela lan gehiago eginda. Horrek ere Udal Euskaltegietako irakasleok isildu gaitu askotan, eurekin inork ez zezan agrabio konparatiborik egin. Baina aipatu dudan moduan, ez bagara irakasle hezkuntza sailaren aurrean, zer edo zer izan beharko gara. Gure maila tekniko erdiarena bada, soldata hori tokatu biharko litzaiguke, ezta? Bada, ez. Lan linbo baten gaude: ez gara irakasle, baina bagara; ez gara teknikari, baina izen hori daukagu.
Beste alde batetik, jendeari esan behar zaio ez dagoela autonomia erkidegoko hiriburuetan euskaltegi publikorik (ez naiz sartuko Aek-k daukan bokazio publikoarekin, ez, publiko diodanean eskola publikoarekin edo ospitale publikoekin parekatzen ari naiz) Homologatuak azpikontrata bihurtu dira. Lehen hain txarto egonda, orain akordioarekin . Baina jarraitzen dute txosnak jartzen, pegatinak saltzen eta dirua biltzen. Bestela ailegatu ezin. Imajinatzen du inork Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskola publiko guztiak ixtea, eta eskola homologatuekin umeak heztea? Ez, ezta? Bada, hori gertatu zen duela hamabost bat urte. Inor ez zen enteratu, ordea; eta ez zen ezer gertatu. Horregatik diot. Jaurlaritza eta udalendako zama baino ez gara, polito geratzen dena euskarari buruz hitz egiten denean, baina azken finean, inori ardura ez diona.
Pena hauek guztiauek bota arren, nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan. Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken baten, floreroa baino ez da. Polit egiten du programa eta paperean. Baina eguneroko jardunean, enbarazuan dago. Hori, kontatu dudan honetan garbi asko ikusten da. Guk egunero ikusten dugu
Amaitzeko, zorionak bukaerara iritsi bazara, ausarta izateaz gain, miopiari ez diozu beldurrik! Beste alde batetik, gremioko lankide guzti-guztiei animoa eman, eta ea gure artean elkartasun puntu bat lortzen dugun, behar dugu-eta. Besarkada bana, eta musu bina.
Afiziñua, ofiziorako on
Zenbatetan kritikau nabe, zenbatetan egin deste barre entzutzen dodan musikiagaittik! Maria Dolores Praderan mezuan esaten neban moduan nire gusto musikalak jende askori aspergarrixak begittantzen jakoz. Neretako, baiña, ez da holan. Esan biharra dago sarrittan be barre egin destela nere kantu zaletasaunagaittik: kantu guztiak dakidazela, bertso guztiak ez dirala kantau bihar Arraro begiratu deste urte birik behin-edo Zuberoako maskaradia edo pastorala ikustia gustatzen jatalako. Askok uste dabe super-euskaltasuna erakusteko baiño ez dala...
Ze oker dabizen, ze gitxi ezagutzen naben. Ni benetan dibertitzen naiz holako gauzekin! Disfrutau egitten dot, siñesteziña dirudixan arren! Etxian Bulgariako abotsen koruak entzutzen badittut, zelan ez jataz, ba, gustauko xiberutarrak kantuan?
Jende gitxik daki, halan da be, zenbat ikasi dodan holakuak entzutzen eta kantatzen: sinonimuak, egiturak bitxixak, aditz erregimen berezixak, esamolde ulergaitzak nere biharrerako primeran!
Uda honetan baiña, iñoiz baiño gehixago eskertu dut zaletasun hori. Hamaikatxo bidar akordau naiz adarjotzailliekin! Barre asko egin dittue nere kontura, bai. Jarraittu daixiela barrezka, neuk be barre egin dot-eta. Trankil, gaiñera. Aurten EGAn ikasle zuberotar bat izan dot. Afiziño arrarueri esker, lasai zuzendu dittut idazlanak eta sinonimuak. Berak jarrittako estuasun guztietatik ondo eta airosa urten dot. Dana egitten jatan ezagun eta itzultzeko modokua. Gora Atharratzeko gaztelua eta Altzürükuko elizia!. Biba kantagintza!
Hizkuntza irakasleon lanak
Forges maisuak ederto azaldu du txiste batean hizkuntza irakasleon hamaikatxo lanak. "Español" jartzen duen tokian "euskara" jarrita nire/gure erretratua irudikatuko duzue. Geniala!







