Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera Amamakipuleta

Kalamuatik Txargainera

Amamakipuleta

Mikel Laboa eta ni

Gaur hil jaku Mikel Laboa, horregaittik post hau.

Emon playri!   

Ikasle batek izenburu hau jarri izan balesta idazlan baten, zuzendu eta "Mikel Laboa eta biok" jarriko netsake. Ni, baiña, ez naiz atrebidu "eta bixok" jartzera, Laboak nerekin hartu-emonik ez zekalako. Halan da be, umetatik izan dau protagonismua nere bizitzan, ez bakarrik momentu askotan soiñu bandia izan dodalako, anekdotan bat be badakadalako berakin.

Sasoi baten 6 diskua buleta-bueltaka euki neban, zinttia gastau arte. Urten barri zeguan, eta guretako magikua zan. Orduan sasoian, oin hogei bat urte-edo, Ermuan jotekua zan, bertako gazte asanbladiak -edo ekarritta. Baiña arazon bat egon zan, eta udalak baimenik ez zeban emon. Ez dakitt ondo zelan izan zan, gauzia da kontratauta bazegaula, baiña ez zekan nun jo. Hori dala eta, unibersidadian jo zeban eta aretua gaiñezka zeguan: jentia pasilluetan jarritta, zutiñik, kantuan....itzela. Gaiñera, ixa danak gaztiak eta itxuria nahiko punki-makarrosua.....Edarra izan zan!!

Nere nekdota personala, baiña, lehenagokua da. Lau urte nittuanian anaia jaixo jatan. Horrekin batera eskolan hasi nintzan. Oso gaizki jaten neban, mizkiñ hutsa nintzan. Gaiñera, nere ikaskide guztiak letrak ikasten zebizen bittartian nik o baiño ez neban ikasi, a-ri buztana behian, goixan,...jartzen netsan, baiña ez eskuman beheko aldian. Ikaragarri kostau jatan. Hori ikusitta, nere irakasliak (???), monjia bera, gurasueri esan zetsen ez nintzala normala, ez nintzala osua. Imajinau zaittie! Gure aitxak lagun bat pedriatia eukan Donostian. Hareri deittu eta Mikel Laboanian eskatu zeban txandia (ume psikiatra zan). Bittartian, lagun horrek ikusi ninduan eta normala nintzala konfirmau zetsen gurasueri, zeluak baiño ez nittuala, itzelak, baiña zeluak besterik ez. Jakiña, ordura arte etxeko printzesia nintzan! Hori dala ta, Mikel Laboakin euki neban zita galdu hori beti izan izan da etxian adarra joteko aukeria.

Gure aitxak, medikuak eta kuadrilla batek urtian behin bazkarixak egitten zittuen Donostian. Iñoiz Laboa juanda zeguan kafietara, eta holakuetan aitxarik nere preguntia egitten ei zetsan. Ei. Aitxan ipoin bat izan zeikian, baiña beti kontatzen zestan. Pentsau, nik lotsia eta poztasuna neurri berian sentitzen neban.

Deportibuak 75 urte bete zittuanian Euskal jaira ekarri genduan. Orduan ezaguitzeko aukeria zian neban. Gizon jatorra, traturako gozua, irribarretsu denpora guztian. Pote batzuk hartzen be ibili giñan, eta anekdota barregarri bat kontau zeskun. Gertukua eta apala izan zan gurekin. Lora sorta bat emon gentsan, eta ez zeban hartu nahi izan, berari koruak egitten zittuan neskiari emoteko esan zeskun, erdi-lotsatuta.

Hauskor itxuria zekan, biharbada abotsak be laguntzen zeban horretan. Bere abots hain partikularra...Gero kantu tradizonalak, poeta haundixak eta musiko itzelak batu dittu bere lanetan. Artista ikaragarri baten biharra. Haundixa bezin apala, beti urdiñ illunez jantzitta (behin plaian Getarixan ikusi neban, eta baiñuko jantzixa be urdiñ illuna eukan!), azken urtiotan aitxitxa irudixa be hartuta netsan bere txapel berezi harekin.

Gu umezurtz geratu gara, gure kulturako haundixenatako batek laga gaittulako. Askotan esaten diran berbak dirala badakitt, baiña zer gehixago esan pozik, triste, negarrez, alai gegauzenian musikia jarri zeskunari? zenbatetan kantau dittugu bere kantuak, trankil-trankil geguazenian, afari ostetan, gaupasetan erdi lafiauta, udalekuetan, dutxan? Holan jarraittuko dogu, baiña oinguan jakinda ez dogula barriro be bere kontzierturik entzun, bera ez daguala hamen. 

Guk, baiña, bere musikaz zuzenian gozatzeko aukeria izan dogu, eta hori zoragarrixa izan da. Milla esker, Mikel!!

Literatura eta frustrazioa

Irakurtzea nire zaletasunik handiena da, jakina denez.

Lehengo batean ezagun bati entzun nion bera “irakurle handia” zela; “un gran lector”, alegia; gaztelaniaz esan zuelako. Neure buruaz ez nuke sekula horrelakorik esango, nahiz eta asko, sarri eta ia denetarik irakurtzen dudan. Baina krisian nago.

Krisia, modan dagoen berba. Baina ez dut krisi ekonomikoaz jardungo, krisi literario pertsonalaren gainean arituko naiz. Dena aurreko post-eko erantzun bat jaso nuelako pribatuan, liburu batzuk gomendatuz. Bidaltzailea liburuez asko dakien lagun bat da, bera izan da nire inspirazioa, liburu bi baino gomendatu ez didan arren. Inspirazioaren bideak bihurriak dira, ezta?

Mezu horrek pentsarazi dit. Fase arin baten nago, nobelatxoak irakurtzen. Hala ere, ez dut lehen aurkitzen nuena topatzen. Uste dut, aspaldi batean deskubritu nuen mundua, dagoeneko agortu zaidala; hau da, ez daukadala esploratzeko ezer berririk. Ez nau ezerk harritzen, eta hori triste samarra da.

Orain hogei bat urte literaturaren mundua deskubritu nuen. Beti izan naiz oso irakurtzalea, umetatik. Gogoan daukat, libre neuzkan arratsaldetan (beti izan ditut eskolaz kanpoko asko), askaltzen nuen bitartean, irakurri egiten nuen. Ia liburu guztiak laranja edo mandarina zipriztinez beteta neuzkan! Orduan sasoian Enid Blyton-en liburuak irakurtzen nituen/genituen.—Oraintxe bertan wikipedian begiratu dut eta oso gaizki jartzen dute: “la pobreza de su estilo y de su léxico, que no favorece el desarrollo de la afición por la Literatura. Se trata, a grandes rasgos, de un tipo de literatura que "no alimenta y engorda"”. Nire ustez, asko horrela zaletu ginen, hala ere!—. Niri, gehien “La traviesa Elizabeth”-en trilogia gustatu zitzaidan. “Los cinco” baino gehiago.

Liburu hauek adin batera arte irakurtzen ziren. Behin 13-14 urteak betez gero, gure sasoiko neskak “Nacida inocente” serieko liburuak irakurtzen genituen: erreformatorioak, bortxaketak, alkohola,….Estatu Batuetako neskei gertatzen zitzaien gauza izugarriak. Benetan gogorrak, bortitzak latzak. Buf. Eskerrak Agatha Christie-ri! Berak salbatu ninduen gogorkeria hartatik!

Zazpigarren mailan literaturako gure irakasleak bakoitzari eskolara liburu bina eramatea agindu zigun. Gustatu zitzaizkigun liburu bi, klasean elkartrukatzeko. Horrela, “Iglús en la noche” irakurri nuen. Antropologikoagoa, gustukoagoa. Kurtso horretan bertan koaderno bat geneukan gure pentsamenduak, poemak eta gauzak idazteko. Eta irakasleak, astean behin irakurri egiten zuen altuan, denon aurrean. Guk bertan anonimoki edo sinatuta idatz genezakeen. Oso ideia ona, gaur egun blog bat izango litzateke.

Hamabost urterekin, eta “El conde Lucanor” derrigor irakurri ostean, nire mahaikideak, lotsatuta, umeendako liburu bat laga zidan “La historia interminable”. Eta hor deskubritu nuen magia, imajinazioa, nahiz eta jendeak barre egin didan inoiz hau kontatzean. Beste mundu bat erakutsi zidan, eta liburuek gorde litzaketen fantasia, bertsatilitatea, zenbat gauza egin litezkeen literaturan, ordura arte dena errealista baitzen.

Batxilergoan, gainera, gurasoen etxean zeuden liburuak irentsi nituen. Garcia Lorcaren ia lan guztiak, Stendahl, Oscar Wilde, Dickens, “Guerra y paz”, “Miguel Strogoff”….

Horrela Irakasle Eskolara iritsi nintzen. Lehenengo mailan Euskal Literaturako hainbat liburu irakurri nituen, nire klasekide ikastoleroek BBBn irakurrita zituztenak (eta ia denek gorrotatzen zituztenak, esan beharra dago. Honek post oso bat merezi du): “Ehun metro”, “Zergatik, panpox”, “Egunero hasten delako”, “Hamaseigarrenean, aidanez”…Gainera, klasean “Bi anai” , “Emea”, “Babilonia”….ere irakurri genituen. Mundu berria, interesgarria, freskoa…eta euskaraz!

Uda horretan Joan Mari Irigoienen “Poliedroaren hostoak” irakurtzen ari nintzela Deban, uretara jausi zitzaidan. Zeharo kateatua ninduen, eta sikatu arte, irakurri ezinda egon nintzen, gogo handiz, mimoz zaintzen liburua leitzen segitu ahal izateko. Harrezkero, titulu horri kariño berezia diot.

2. mailan Munduko Literaturako azterketara aurkeztu ahal izateko 17 liburu irakurri behar izan genituen. Aurreko urtean “Cien años de soledad” irakurrita neukan, eta hortik aurrera irakurri beharrekoak eta beste asko: “La conjura de los necios”, “La insoportable levedad del ser”, “Trópico de cancer”, “El proceso”, “La mujer rota”, “Gran Sol”, “Primavera con una esquina rota”,….Eta nahikoa lan izan arren, eskuetara eroritako edozer ere leitzen genuen. Euskal literaturan kurtso osoan Lizardi, Lauaxeta eta Miranderen poesia eta lanak aztertzen eman genuen….Paradisua!

Hiru urte horietan ikaragarri disfrutatu nuen. Alde batetik euskal literatura kontenporaneoa deskubritu nuelako: Sarrionandia, Atxaga, Izagirre, Irigoien, Lertxundi,….Eta bestetik, munduan zeuden estilo eta modu literario asko ezagutu nituelako.

Jakina, horren ostean, bideari jarraitu nion, eta ezagututakoetan sakondu. Baina harrezkero autore gutxik harritu naute, idazki gutxik markatu. Baliteke, adinak eta ezjakintasunak deskubrimenduetan  eta harritzeko gaitasunean laguntzea, zeren momentu honetan inpass batean nagoela iruditzen baitzait. Irakurtzen disfrutatu arren, ez da lehengoa, ez dago freskotasunik ematen didan libururik. Ezerk ez nau txundituta uzten. Gustura leitzen dut, ondo pasatzen dut, baina ez da lehengoa.

Aitatutakoez gain, faktore asko egon litezke; baliteke irakurle guztiei gertatzea; litekeena da liburu larregi irakurtzea, eta asko (gehiegi) erdipurdikoak izatea; egoera pertsonalak ere eragingo du, agian. Dena dela, sarritan, liburu bat amaitzean frustrazio moduko bat sentitzen dut; ez amaitu dudalako, ez. “Honek ere ez nau bete”. Mikrosegundu baten hustasuna sentitu, eta irakurtzearen absurdoan pentsatzen dut. Mingotsa, benetan.

Normala da gertatzen zaidana, doktore jaun-andreok?

Leire Narbaiza 2008/11/03

Bost urte eta gero hau!

Orain bost urte Estatu Batuek inbaditu zuten Irak, Erresuma Batua eta Espainiaren bedeinkapenarekin, besteak beste.

Gezurrak erabili zituzten inbasio hura justifikatzeko. Arma bakteriologikoak omen zituen Saddam Husseinek. Omen, baina. Inbaditu, gerra piztu, lapurreta masiboak eragin, herrialdea hustu, Saddam harrapatu et urkatu, negozioak egin eta aberastu, suntsipena eta etsipenak nagusi. Baina Irak duela bost urte baino hobeto omen dago. Omen. Boto eskubidea daukate; hortaz, demokrazia! Berba bedeinkatua, bere izenean negozio egiten dute.

2003a oso urte berezia izan zen; batez ere, otsail amaiera martxo hasiera. Gogoan dut kalean geundela takian potian: Egunkaria itxi zigutelako, Irak inbaditu zutelako. Hilabete mobilizaziorik mobilizazio. Egun baten  ordu beteko geldialdia, hurrengoan Donostian makro manifestazioa, hurrengo,  kontzentrazioa kandelekin; bestean, mega manifestazioan Bilbon.....pegatina, kartel eta pinez beteta guztia.

Orduan hartu nion gustua interneti. Igarri nuen zein interesgarria zen, eta zenbat balio zezakeen. Komunikazio bizkorra eta ona, ia edozeinen eskura. Hori ere oso ondo gogoratzen dut.

Ez dut uste ezertarako balio izan zuenik, baina ez geneukan beste biderik, egin genezakeen gauza bakarra zen. Era  askotako jendea elkarrekin zer edo zeren alde, edo kontra. Gogorra, baina ederra. Emozionantea. Malkoak behin baino gehiago begietan. Amorrua tripetan.

Oso jendetsuak izan ziren elkarretaratzeak. Eibarren ordu beteko geldialdiak lagun asko batu zituzten. Aspaldian inoiz baino pertsona gehiago zerbait aldarrikatzen. Donostiakoa itzela izan zen, ez zen inor gehiago kabitzen. Bilbokoa, gerraren kontrakoa, bertan egon den manifestaziorik handienetakoa izan zen. zirraragarria egin zitzaigun manifarantz gindoazela, Parisen izan zenak zenbat jende zeraman. Munduarekin geunden.

Egunkariak itxita jarraitzen du, eta hainbat pertsona inputatu eta epaiketaren zain. Irak desastre bat eginda. Egunero hildakoak, biztanleak erbesterantz; demokrazia izan arren, goseak akabatzen umeak. Hau guztiau ikusita neure buruari galdetzen diot ea egin genuenak ezertarako balio izan zuen. Ezetz erantzuten diot, baina egin genezakeen bakarra zen, eta egin genuen.

 

Plastikozko poltsak

Edozein egun haizetsutan gure paisaietako irudirik arruntena izaten da plastikozko poltsa bat (edo batzuk) hegan, Normalean, supermerkatu kate ezagun batekoak. Edozein paraje ezkututara joanda ere, han aurkituko dugu zorioneko plastikozko poltsa, botata. Uholdea izan denean ere, erreka ondoko arboletan milaka poltsa gelditzen dira kateatuta. Eta gure etxeak? Plastikozko poltsaz josita daude merkatuko kolore, forma, kalitate eta tamaina guztiekin.

Gordon Bronwek, Erresuma Batuko lehenengo ministroak eskatu die supermerkatuei poltsak doan ez ematea, horrela gutxituko direlakoan. Frantzian, esate baterako, 2010erako desagertu egingo ei dira dendetatik. Hemen ezinezkoa litzateke horrelakorik, denda txikietan nahiz hipermerkatu handietan nahi baino gehiago ematen baitizkigute, mesede egiten digutelakoan, eskuzabaltasuna erakutsiz. Horregatik, milioika poltsa dauzkagu etxean, produktuko bana, petrolioa kiloka gure erosketetan eta bizitzetan.
Askotan, dendako zoroa sentitzen naiz, azalpena eman beharrean, poltsa etxetik eramaten dudalako, ahal dudanean. Supermerkatuko kobratzaileak automatikoki egiten du edozein gauzatxo poltsan sartu, nahiz eta etxetik ekarritako poltsa erakutsi. Gertatu izan zait esatea “ez dut poltsarik nahi” eta dendaria tematzea, mesede egiten didalakoan: “mujer, ya la usar·s, para echar la basura o algo” nik ezetz, eta berak atzera ere ekin!.
Honekin lotuta, enbalajeak. Badakit aparteko post bat merezi dutela, baina ezin diot tentazioari eutsi. Batez ere harategi/urdaitegi produktuak aipatu behar ditut. Hor poliespan, plastiko, paper eta abarren orgiak ez du akaburik! 100 gramo saltxitxoi eskatu, eta paper-plastiko baten jartzen dute, ondo. Gero film garden batekin batu, eta ostean, toki batzuetan, plastikozko poltsa arruntean sartu. Zer da hori? Eta gazta fresko edo foie-gras zati bat eskatuz gero? Lehengo zatitu, gero bandejatxo zuri nazkagarri horietako batean jarri, ondoren plastikozko film garden horrekin batu, eta beroaren! bidez, itxi. Ostean, jakina, derrigorrezko poltsan sartu. Puaj!!! Jakingo bazenute poliespanezko bandeja zuri hiltzaile horiek ematen didaten higuina! Gainera horrelako produktuentzat eta beroa aplikatuz! Noski, horrelakorik ez jartzeko esaten diedanean martiztar bati bezala, bezero berezitxoa, arraroa. Beti horrelako irribarre bat jartzen didate, esaten moduan: “ondo, ondo. Horrela nahi baduzu, zuk ikusiko duzu zelan alferrik galtzen zaizun Burgosko gazta”. Beti nabarmen gelditu beharra ere, marka da gero!
Lehen esan dudanari jarraituz, Britainia Handiko lehen ministroak eskatutakoari dagoeneko erantzun dio supermerkatu kate erraldoi batek: ez dute jaramonik egingo, baina birziklatzeko guneak eta birziklatzea sustatuko dute. Zoritxarrez, birziklatzea ez da soluzioa, irtenbiderik merkeena eta egokiena poltsa gutxiago erabiltzea da, eta horretarako kobratu behar badira, ondo ikusten dut
Umea nintzenean poltsak kobratu egiten ziren, eta oso ondo zaintzen genituen. Askoz gutxiago zeuden, jakina, eta gure ama eta amamak erosketetarako poltsa edo karrotxoa erabiltzen zituzten. Gogoratzen dut, plastikozko poltsa hori —bost pezeta balio zuena!— ona eta egokia bazen, tolestu eta gorde egiten zela. Zikintzen bazen, urtean pasa eta berrerabili.
Amama Kipuletak egin du berba, baina gauza horietan antzinako kontuak erakutsi behar digute gaur egun nola jokatu, eta ikasi beste era batera ere ibil gintezkeela.

Leire Narbaiza 2008/02/29

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz
 


Txargaingo tontorretik dakusat

Zer erantzi (Sustatu)

Anti-gona

 

Azken erantzunak
Litxarreria larroxak Jone Arroitajauregi, 2010/03/18
nire iritzia leire, 2010/03/17
zein da arazua? asier, 2010/03/16
Girls juan, 2010/03/15
Soldadu baten adierazpena Aitziber Iriarte Garin, 2010/02/26
Etiketa lainoa
Amamakipuleta Berde Biharrekuak Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropak baserritar jantzia berde biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri hizkuntza gutxituak irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak kalamuatik kalmuatik kultureta kutureta liburuak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu oinetakoak ostutakoak puntua-jarrita sustatukoa trenean uda udaberria udazkena urriñetik üskara