Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / "Single"

"Single"

Leire Narbaiza 2014/05/09 12:40
Berba batek hizkuntza bitan izan lezakeen haria.

Umetan single hitza –[singel] ahoskatuta– diskoekin lotzen genuen, disko txikiekin, LP-aren aurrerapen moduan ere hartzen zirenak, gure gaztaroan maketekin lotura zuzena dutenak.

Baina gaur egun single-i [singel], beste esanahi bat nagusitu zaio, ingelesarena, ezkongabea edo bikoterik ez duen pertsona, normalean bakarrik bizi dena. Bitxia zait adiera hau, izan ere, ingelesa ikasten ibili ginenean, ezkonbakoa bachelor zela erakutsi baitziguten (gaur jakin dut gizonezkoa baino ez dela bachelor).

Single-endako [singel-endako] eskaintzak nonahi ikusten ditugu: kruzeroak, afariak,… Kontsumorako beste produktu bat. Baina beti helburu bera dutenak: bikotea lortzea.

Baina "single" hitza nire hiztegi intimoan txikitatik du espazioa, euskaraz, [single] ahoskatuta. Sendotasun gutxikoa, hauskorra esan nahi du, Harluxeten definizioa hartuta. Gaur egun gutxi erabiltzen bada ere, oso berba arrunta izan zen.

Halere, [singel] single idazten zela jakin nuenetik, harritu izan nau berba bi horiek duten lotura, bakantasuna eta sendotasunik gabea testuinguru batzuetan lotuta joan litezkeelako.

Baina egia esatera, oraingo esanahi anglosaxoi horrekin gure gizartearen isla baino ez dut ikusten, bikoteka funtzionatzera garamatzana, bakarka, bakanak izanda, zerbait falta zaigula, hauskorrak garela sinistera, sendotasunik gabeak, beste baten beharra dugula aurrera egiteko, bikotekiderik barik single ez ezik singleak izango garela, makalegi eta erkinegi gizartean. Pertsonak beti bikote iraunkorra eta ofiziala behar duela, nor izan nahi badu.

Post scriptum: irakurleei jaramon eginez, hona hemen single berba erabiltzen duten kantu zoragarri bi:

Eskerrik asko Joxe, Ana eta Iñigo!

etiketak: Txargainen, Berbak, Kalamuan
Joxe
Joxe dio:
2014/05/09 12:53
Leire! Baina abesti bakarreko diskoei 'single' deitzeko hitza ere bestea bezain anglosaxoia da e? :-) Izan ere ingelesez 'bakar' esan nahi du eta hortik ere ezkongabeei deitzeko modua.

Esango nuke hala ere aldea dagoela lagun bat ezkongabea ala (ingelesezko) 'singlea' izan. Nik ulertzen dudanez behintzat, 'singletasun' hori aukeratutakoa da nolabait, eta ezkongabetasuna berriz, aukeratutakoa ala ez...

Eta gauzatxo bat... euskarazkoa ere 'sinGEL' ahoskatzen duzue? Hala idatzi duzu behintzat...

Muxuu!
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2014/05/09 14:50
Joxe, eskerrik asko iruzkina lagatzeagatik, hanka-sartzeaz ohartzeagatik eta kanta itzel hori gogorarazteagatik!

Badakit "single" berba diskoei dagokienean ingelesetik datorrena, baina umetan ez nekien halakorik. Hala izan nuen haren berri.

Ez dizut ukatuko "singletasunaz" diozuna, baina aukeratutakoa bada, zergatik hainbeste kopla "singleek" bikotekidea aurkitzeko? Ez dakit, baina atentzioa ematekoa da!

Ezkongabetasuna egoera zibila da, bai, horretan arrazoia!

Mila esker! Zuretako ere laztan bat!
Ana Morales
Ana Morales dio:
2014/05/09 15:09
Ni bat nator Joxerekin oraingo "single" horren konnotazioarekin. "Bachelor" mutilzaharra litzateke, baina "single" gaur egun askatasuna izatearekin lotzen da, bikote finkorik ez izatearekin (eta, esango nuke, independentzia ekonomikoa izatearekin),eta, beraz, ligatzeko aukeraz beteta egotearekin. Horregatik antolatzen zaizkie ligoteo jaiak eta itsas bidaiak: ligatzeko produktuen bezero potentzial egokienak direlako.
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2014/05/09 15:19
OK! Baina askotan esango nuke ligoteo hutsa baino bikotea aurkitzeko jaiak direla. Ez dakit, ez zaizkit interesatzen, baina usai hori hartu diet!
Edu
Edu dio:
2014/05/09 17:36
Horregatik ezkongabeek ligatzeko antolaturiko itsas bidaiari "singladura" esaten diote.
Iñaki
Iñaki dio:
2014/05/09 21:46
Txikikeria bat, Leire. Bikotea duen pertsonak hirukotea osatzen du! Alegia, gaztelaniazkoa "pareja" ez dela beti "bikote", kasu batzuetan "bikotekide" jarri beharko litzateke, zure testuan, adibidez.
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2014/05/11 16:47
Aupa, Iñaki!

Eskerrik asko erantzuna lagatzeagatik. Badakit desberdintasuna, eta ondo irakurtzen baduzu, bikotekide ere erabili dut. Agian bikotea izatea jarri behar duela? Ba, agian ba: "bikotea lortzea" ez dihardut pertsona bati erreferentzia egiten, biren aliantza horri baizik. Kendu "bikote" hitza eta jarri "kuadrilla". Egin duzu? Bada, hori, funtzionatzen du, ezta? "Bikote" Harluxeten arabera "Bi lagunez osatutako taldea; kide diren bi izakik osatutako taldea". Argi laga dut, ezta?
Iñaki
Iñaki dio:
2014/05/11 17:14
Zure testuan horrelaxe dio, Leire: "ezkongabea edo bikoterik ez duen pertsona". Beraz, norbaitek "bikotea badu" niretzat 1+2=3. Goiko esaldi horretan "bikotekiderik ez duen pertsona" erabili beharko litzatekeela uste dut.
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2014/05/11 23:05
Ulertzen dut zer esaten duzun. Baina esaldi horretan bikote erabili dudanean ez nuen pertsona esan nahi, baizik eta biko harreman orekatua, talde hori. Ez nobio/maitale/emaztegai/kide, bikote talde-harreman zentzuan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua