Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Prostituzioa

Prostituzioa

Leire Narbaiza 2012/08/19 11:28
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/19

Irakurri berri dut Bartzelonan prostitutei eta euren bezeroei isunak jarriko dizkietela tratua kalean eta agerian egiten badute. Baxuena 100 eurokoa izango da, eta altuena, 3.000koa. Zigor handiagoa jarriko zaio bezeroari prostitutari baino.

Zelako gai konplikatu den hau! Duela urte batzuk galdetu balidate, abolizioaren alde egingo nuen, duintasunaren izenean. Baina orain ez. Iritzia aldarazi didate irakurritako hainbat idatzik. Lehen, abolizioaren alde nengoenean, sexu-askatasunak desagertuko zuela uste nuen; hau da, sexu aske eta arduratsua izanda, ez litzateke prostituziorik beharko, denok liberatuta geundekeelako eta alferrikakoa bihurtuko lukeelako. Pentsamendu naif samarra dela badakit —izan, sinple samarra bainaiz kontu batzuetan—, baina aitortu behar da sexualitate libreagoa bageneuka kontu hauek guztiak bestelakoak liratekeela. Desagertuko ez dela argi dago, momentuz behintzat.

Nahiago nuke beste edozein behar egin hori baino. Ez dut ez ausardiarik eta ezagutzarik ganoraz jarduteko prostituta. Ezin izango nuke. Dena den, nor naiz ni beste bati esateko zein gorputz atalekin irabazi behar duen ogia? Zein nagusitasun moral dut zein lan den duina erabakitzeko?

Jakina, prostituzio arautuaren alde nago, beti boluntarioa, inoiz ez behartua eta kontzientea, proxeneta bakoa, fakturekin eta gardena. Estatuak, zergak jaso ez ezik, babesa emango lieke langile hauei gaixotasun kasuetan, langabezian, erretiroan. Guztiendako mesedegarria.

Baina, lehen esan dudanez, oso korapilatsua da gaia, gaur egun gauzak dauden moduan egonda. Jakin badakigu prostituzio-auzoak marjinalak izaten direla eta inori ez zaiola gustatzen bere auzoa bazter-auzo bihurtzea. Gainera, gaur egun (behin eta berriro diot: gaur egun) prostituzioa askotan lotuta dago alkoholarekin, drogekin, zikinkeriarekin eta iskanbilarekin; betiere bazterreko kontua eta ezkutua izan delako, isilpekoa eta lotsagarria.

Hala ere, inoiz ez dut ulertu prostitutenganako mespretxua; sarri askotan beraien bezero direnen ahotik datorrena. Bezeroen kasuan, badago hipokrisi ikaragarria, aurrez aurre jartzen dituena kontzientzia txarra eta eskatutako zerbitzua. Nola konpondu? Zerbitzu horretarako kontratatutakoa laidotuz eta erdeinatuz. Horrela ebazten dute dilema morala, mespretxuaz. Horregatik, existitzen den irainik gogorrenetakoa putakumea da. Eta ia beti, edozerengatik, emakumeok jasotzen dugun iraina puta izaten da. Zer dela-eta puta deitu murrizketak iragartzen dituenari, adibidez, edo zergatik zitalkeriari esaten diogu putada?

Lan gogor hori normaldu nahi izatera, ofentsa horiek ere ahotik kendu beharko genituzke. Nork iraintzen du «igeltsero halakoa» edo «mediku hori» esanda?

Hemen Berrian

Luistxo
Luistxo
2012/08/19 17:01
Oro har, ados. Ezagutza falta handia neuk ere, zeuk bezala. Baina, ezagutza falta horretatik, nola orokortu bezeroen gainean ere, denak hipokritak eta mespretxugileak balira bezala?
leire
leire
2012/08/19 17:23
Ados, Luistxo. Bezero batzuk esan behar nuen. Esan gura nuen gizarteak, baita euren bezeroek ere, kritikatzen dituela, eta bezeroek mespretxatu.
Oraindik "ofizioa" falta zait ;-)
Mila esker erantzunagatik!
Luistxo
Luistxo
2012/08/19 19:36
Ok. Nik ere uste dut prostituzioari aurrez aurre begiratzeko arazoa gizarteko estereotipoena dela, sexismoaren eta sexufobiaren arazoak.

Prostituten bezeroen inguruko bi film on gomendatuko dizkizut. Shame http://wilderrekegingolukee[…]1-adikzioaren-infernua.html Esteka horretan nik diodana irakurtzeko IKUSI ondoren klikatu, espoilerrak baitaude.

Bestea, Client 9 http://en.wikipedia.org/[…]/Client_9:_The_Rise_and_Fall_of_Eliot_Spitzer oso dokumental ona. Bide batez, ez bakarrik prostituzioaz Wall Street-eko 2008ko krak ezagunaz, krisira ekarri gaituenaz, asko du esateko.
Amatiño
Amatiño
2012/08/19 19:45
Agure zaharrari ipurdia garbitu eta pardela jartzea hamar euro inguru da. Frantsez bat egitea ehun edo. Nik, honezkero, ez diot inori pardela jarri beharrik izango, ezta frantsesa egin beharrik ere. Baina, segurutik, agure zaharra izatera iritsiko naiz, eta, aukeran... Edo moralak kontrakorik agintzen al du?
leire
leire
2012/08/19 21:38
Apuntatuta, Luistxo!
Hainbeste dago esateko gai honen gainean! Behartu dituzte hainbeste pertsona prostituitzera, non zaila den kontu desatsegin horiek kentzea, eta muina aztertzea.
Amatiño, eskerrik asko erantzutearren. Baina ez dut ondo ulertu lagatako erantzuna. Baina dena duin eta ondo ordaindua izan beharko litzateke!
A, eta espero dut agure oso-oso zaharra izatera iristea!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira lau gehi lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Sustatuko Zer erantzi atala

Azken erantzunak
Lagun batek e-mail bat bidali dit postari ... Leire Narbaiza, 2013/05/23 00:34
Gero eta gehiago gogoratu ta abestu beharko ... mohandas, 2013/05/03 17:51
Duela 35 urte kantatzen genduan beste bertsio bat ... Serafin, 2013/05/02 11:50
Ederto kontatu dozu Elgetakoa, kronika aparta... ... Ima, 2013/03/20 13:43
Aitziber, gipuzkeraz edo nafarreraz hitz egiten ... zentrifugo, 2013/03/19 12:12
Egia da badagoela jendea gipuzkoa aldean, ... Aitziber Iriarte, 2013/03/18 19:12
Garbiñe Larrea: falta zena, hori ere donostiarron ... izozkitasu, 2013/03/18 11:00
AMEN, LEIRE! Nuria Fdz. de Arroiabe, 2013/03/18 09:55
Potxola! Ea Ruperren bideoa Vimeora igo eta ... Josune, 2013/03/17 00:07
Leire, Duela bizpahiru egun zeurea irakurri-eta ... Eustakio eta Serafinen lagun zahar bat, 2013/03/16 20:22
Kontagailua