Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / "Norte y Sur"

"Norte y Sur"

Leire Narbaiza 2015/07/24 11:10
2015eko uztailaren 24an Gipuzkoako Hitza-n argitaratuta

Gure nerabezaroan Norte y Sur izeneko telesail bat ematen zuten Espainiako telebistan, ia bakar hartan. Jatorriko izena, baina, North and South zeukan, eta AEBetako Sezesio gerra zuen oinarri. Oso famatua izan zen, epokakoa izateaz gain, super-produkzio horietako bat zelako eta protagonista ederrez ere hornitua zegoelako. Agian belaunaldikideren batek horretaz jardungo nuela pentsatu du, baina nahita izenburu hori jarri badiot ere, ipar-hego fenomenoaz hitz egin nahi nuke.

Hegoalde-Iparralde jarri izan banio, batek baino gehiagok gure planetan dauden desorekez mintzatuko nintzela pentsatuko zukeen; nola Iparraldeko biztanleok hegoaldekoen lepotik bizi garen, edota desoreka ekonomiko eta sozialak nolakoak diren. Ez, horretaz ere ez dut hitz egingo.

Irakurle ia guztiok, ostera, Euskal Herriko Iparralde eta Hegoaldeaz nabilela pentsatuko duzue —bai, badakit ez direla termino zehatzak eta Euskal Herri kontinentala/Euskal Herri penintsularra erabili beharko genituzkeela. Hala da, baina hainbeste hedatu dira, non zaila den ohitura aldatzea—. Oraingo berbagaia ez da hori izango, norte eta sur berariaz baitaude jarrita gaztelaniaz.

Honezkero batzuek asmatuko zenuten. Bai, horixe da. Azkenaldian zineman eta telesailetan zabaltzen dabilen ipar eta hego kontzeptuak; Ocho apellidos vascos filmarekin hasi zen furiada eta Antena3en Allí abajo telesailarekin segitu duena, alegia. Iparraldea EAE (País Vasco, Euskadi, Baskongadak… nahi bezala deitu) eta Hegoaldea, Andaluzia. Moda-modako gaia.

Hain da modakoa, ezen ETB2n eta CanalSurren artean reality show bat prestatu duten: Tú al norte, yo al sur. Bertoko batzuk hara behera joango dira, eta andaluziar batzuk hona gora etorriko dira. Helburua da hango eta hemengo giza taldeetan ondo uztartzea. Beldurra eta dena ematen dit pentsatzeak zein irudi eskainiko diguten harrera egiten dieten taldeek! Zelako topikoak erabiliko dituzten herri bien arteko desberdintasunak nabarmentzeko! Hori bai, dena erdaraz izango da.

Ikaragarria deritzot ideiari. Alde batetik, horrela planteatuta planeta desberdinekoak garela dirudigulako, sekula ere elkar ikusi bakoak, elkarren ezaupiderik ez dutenak. Halakorik! Gure artean makinatxo bat andaluziar dago aspalditik, hemengoak (eta hangoak) direnak, euskaldunak edo euskaldunen guraso direnak, GU direnak. Zer pentsatuko ote dute gure andaluziarrok? Hain bitxia izan ote zen esperientzia? Exotikotasunetik gutxi izan zuela esango nuke.

Bestetik, eta larriena deritzodana, Espainiako batasunari egiten dion mesedea, errefortzua. Izan ere, Euskal Herrian Hego eta Ipar (kontinental eta penintsular) bizkarra emanda bizi gara, elkarri gutxi begiratuta. Horrelako saioek, ostera, estatuaren muga barruetan gaudenok elkarri erreparatzea dakar, topikoetan bada ere. Hortaz, Espainiari adi, Euskal Herri barrurantz so egin beharrean. Hegoaldekoak garenok iparraldeko bihurtuta, Espainia iparraldekoak, alegia. Gure Iparraldea ahaztuta. Gure herriaren kohesio ahula trinkotu beharrean, disolbatzen Espainiako topikoen eremuan, atzera ere euren naziogintza etengabean.

Eta hau guztia euskal telebista delakoan, euskal-etik gutxi duena. Eskuetan dugun tresna alferrik galduta, TV3 eredu izan beharrean, Tele5. Zein pena handia!

Joxe
Joxe dio:
2015/07/25 17:53
Lasai Leire, horrek funtzionatzen ez badu, funtzio sozialeko beste reality bat ere prest dauka gure telebista publikoak, are 'beherago' grabatutakoa: <a href="http://www.berria.eus/paper[…]ml"><i>Safari Wazungu</i></a>. Helburu nagusia, ohituta gauden moduan, Beste kultura batzuen aberastasuna eta ezberdinekiko errespetua sustatzea. Baietz ba. Ikusiko duzu!

¬.¬
Joxe
Joxe dio:
2015/07/25 17:55
Ah, barkatu, HTML etiketak sartu ditut, funtzionatuko zutela pentsatuta. Hona informazio gehiago zerbitzu publikoko programa horri buruz: http://www.berria.eus/paper[…]atzen_hasi_dira_afrikan.htm
leire
leire dio:
2015/07/26 21:07
Ikaragarriya! Uste nuen ez nindutela atzera ere harrituko. Baina etb-k segitzen badu horrela, laster Belen Esteban baskoa ere aterako digute. Dena etorriko da!
Ufa! Tele5 eredu honek ez dakarkigu onik!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua