Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Kultura ez da intereseko kontua

Kultura ez da intereseko kontua

Leire Narbaiza 2014/05/21 12:01

Pasa den ostiralean Jabier Muguruzak (Mikel Azpirozek lagunduta) Eibarko Koliseon kontzertua eman zuen. 20 pertsona ere ez ginen bertan izango.

Zein tristea den horrelako musikari onen kontzertuan hain jende gutxi izatea. Badakigu Muguruza hau ez dela masa-fenomenoa. Jakin ere badakigu ostiralean eguraldi paregabea egin zuela. Halere…

Sarrera ez zen garestia (8€), ordua ere egokia (beste ikuskizun batzuk ere ordu berean izaten dira), kalitatea bermatuta, ibilbide luzeko artista… Zer gertatzen zaigu?

Twitterren irakurri nuen Realaren ligako partidu batean 13.000 ikusle izan zirela, neguko astelehen gau euritsu eta hotz batean, sarrerak askoz garestiagoak. Nola liteke 13.000 lagun elkartzea baldintza horietan ezer jokatzen ez den partidan eta Koliseon 20 ere ez izatea? Ez zait buruan sartzen!

Ez da krisia, ez da eguraldia, ordutegia,… interes falta da, gogo gutxi, kulturak ez gaitu motibatzen, poteoa nahiago dugu… Dinamika mortala!

Baina beste kontu batzuetarako ziztu bizian jartzen gara ilaran, sarrerak lau hilabete lehenago lortu. Bestela nork ulertu Eibarko antzerki jardunaldien arrakasta? Beti beteta, baina urtean zehar, zer? Akto soziala, tout-Eibar bertan, eta Espainiako telebistan agertzen bada aktoreetako bat, akabo, zoramena!

Antzera gertatzen da Eibartik kanpo ere! Rockero zaharren bat etorriz gero, hara goaz estadioa edo antzokia betetzera, sarrera 60€ ordaindu behar badugu ere. Agian, ez dugu inoiz bere disko oso bat entzun ere, baina bagoaz espektakulu bila, ardi bihurtuta, guai edo cool izateko asmoz.

8 abizenek zine aretoak bete dituzte, sarrera barik laga leihatilak, nahiz eta sarri entzuten dugun ikusle horiek berorien ahotik aitzakia merkeak zinera ez joateko, sarrerak garestiegiak direla, alegia.

Ez gaituzte kulturzale izateko hezi, ala? Ez, beharbada. Egia da umeak antzerkirik antzerki darabiltzagula, pailazo ikuskizun guztietara daramatzagula, ipuin-kontalari saio guztiak lepo daudela (euria egiten badu, batez ere). Zergatik ote? Umeak kultur zaletu nahi ditugulako ala zaintzaileondako plana edota bakea dakarkigulako?

Haur horiei, nerabezarora heltzen direnean, amaitzen zaizkie espektakuluak, irakurketak, eta kirol ikuskariak baino ez zaizkie geratzen. Ez dugu jauzia ematen, eta kulturaz disfrutatzen zuenak ez du gero gozatzen, umeen kontua delako, edo aspergarria, rollo hutsa! Balio duena futbola da edo sasoian sasoiko Justin Bieber-a.

Ez dugu lortzen jendeak kulturarekin gozatzea. Ez dago modan, frikien kontua da, kultureta aspergarri astunen kontua, demodé dago (inoiz modan ego ote da, bada?).

Kultura eta ikasketa maila lotuta ei doaz. Baina zerbaitetan kale egiten dugu. PISA txostenean Euskal Herriak emaitza txukunak izango ditu (beti ere Espainiarekin alderatuta!), baina kultura kontuetan oraindik #marcaEspaña-tik gertuegi daude.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua