Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Irakurtzearen plazera

Irakurtzearen plazera

Leire Narbaiza 2015/05/05 20:30
2015eko maiatzaren 1ean Gipuzkoako Hitzan argitaratuta
Badakit apirilaren 23a pasatu dela. Ez naiz dataz nahastu eta artikulua beranduegi bidali. Bai, badirudi efemeridearen bezperan edo egunean tokatzen bazaigu zerbait idaztea horretaz jardun behar dugula gure espazio hauetan. Hara, gaur Maiatzaren Lehena da, eta ez dut langileriaz ezta lan eskubiderik ezaz ere idatziko; ez motibatzen ez nauelako, ez zer esanik ez dagoelako. Agian zeresan larregi dugulako eta izugarri haserrearazten gaituelako gaur egungo egoerak. Ikasleei esaten diedan bezala, ez da tripekin idatzi behar! Beraz, atera gaitezen kalera; aldarrika dezagun justizia soziala, lan duina, lanpostua denondako... eta deskantsa ezazue, gozatu egunaz, gozatzeko eguna ere baita! Gora Maiatzaren Lehena!
Tira, itzul nadin neuk aukeratutako gaira. Esandako moduan, pasatu zen liburu eguna, eta egia esatera, nazioarteko egun bat gehiago baino ez da izan, azkenean. Batzuen bizitzan zerbait estraordinarioa izango zen, liburuak eta irakurtzea ez dagoelako uste dugun bezain hedatua. Antza denez, Euskal Autonomia Erkidegoan maila altuenean dago estatuan, irakurritako liburu kopuruari dagokionez, baina hemengo datuak Europakoekin konparatuta eskasak dira, betiko moduan.
Irakurtzeaz dihardut, baina esango nuke liburuen irakurketa jaitsi egin dela eta gero eta era laburragoan irakurtzen dela. Nire sentsazioa da. Hala balitz, esaten digute ez genukeela kezkatu behar, garrantzitsuena irakurtzea delako, berdin dela zer.

 

Egia esatera, ni ez nago hain ados horrekin. Liburua goretsia egon da, hori hala da, eta agian ez da hainbesterako. Era berean, orain gero eta sarriagotan entzuten da irakurtzea ere ez dela hain garrantzitsua. Ufa! Asko esatea da hori. Ez dakit ez ote den emakume-irakurleen gorakadagatik; izan ere, zerbait konkistatzen dugunean segituan galtzen du balioa! Irakasle batzuei ere entzun diet mutikoak esaten hasi direla irakurtzea nesken kontua dela. Dei iezadazue zoroa, baina halako kutsua aurkitzen diot nik...

Kontua da irakurtzea plazera dela (zaleondako, jakina), beste mundu batzuk ezagutzeko aukera ematen digulako, beste jende bat, beste pentsamendu batzuk. Geure burua aurkitzeko eta testuetan ispilatzeko egokiera ere izaten dugu. Errealitatetik ihes egin, fantasian babestu, lasaitu eta deskonektatzeko parada ere izan liteke. Ikasteko gunea (edozein liburu txatxutik atera genezake ikasketa), hiztegia aberasteko, burua argitzeko abagunea ere bada. Konpainia ona izateko etengabean, hizketagai adiskideekin, lagun berriak egiteko okasio. Era berean, gure barruan kukutzeko zein harremanetarako eta zabaltzeko aitzakia. Kontzentrazioa lantzen ere laguntzen du, testuan murgiltzeko eta sartzeko asi egotea ezinbestekoa baita. Beraz, trepetxu perfektua da liburua.

Ez dakit zein garrantzi izango duen horrek guztiorrek gure burmuinean, baina esan nezake irakurtzen ez duenari igarri egiten zaiola, sarritan ez duelako munduarekiko ikus-min hori edo jakin-nahi berezirik. Horrekin ez dut esan nahi irakurtzen dugunok hobeak garenik edo jenialtasuna dugunik, soilik irakurtzeke zailagoa dela erne egotea. Hori baino ez, baina ez da gutxi, gero!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua