Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Haurtzaro lapurrak

Haurtzaro lapurrak

Leire Narbaiza 2014/12/05 11:27
2014ko abenduaren 5ean Gipuzkoako Hitza-n argitaratua

Lehengo baten, goizean lanerako bidean nindoala, lagun batekin eta alabatxoarekin elkartu nintzen. Alaba triste zihoan ikastolara. Zazpi urteko neskatilak itsasoari buruzko ipuin bat eraman behar zuelako klasera eta berak Pirritx, Porrotx eta Marimototxen bat aukeratu zuelako, eta bazekielako gelako mutilek barre egingo ziotela.

Bai, hala daude kontuak: umeendako pailazoak gustuko izateagatik barre. Antza, nagusiegiak dira horretarako. Badirudi mutiko horiei futbola gustatzen zaiela eta neskatoei Violetta, lehen Hannah Montana izango zen, baina modak aldatu egien dira, futbol jokalariak zahartu ahala.

Ama eta biok animatzen ibili ginen umea, pailazoak gustatzea ondo zegoela eta berari gustatuz gero, hor konpon beste guztiak, ez ziela jaramonik egin behar esaten jardun genuen; eta barre egiten bazioten “eta zer!” ozen bat jaurti behar ziela. Baina uste dut gure diskurtsoak ez zuela gehiegi konbentzitu.

Agurtu nituen eta gaiari bueltaka ibili nintzen luzaroan, nahiko hunkituta laga ninduelako neskatoaren tristurak. Oso gogorra iruditu zitzaidan zazpi urteko haurrendako pailazoak txikien kontua izatea, eurak nerabeak balira bezala. Eta orduan Jose Ignazio “Piter” Ansorenari, Mirriri, egindako elkarrizketa batean irakurri niona gogoratu nuen. Berak zioen Txirri, Mirri eta Txiribitonen aurreko urteetan ikuskizunetara hamar-hamaika urteko umeak joaten zirela, eta denbora joan ahala haurren adina gero eta baxuagoa zela. Bere esanetan, haurtzaroa murriztu egin diegu umeei, aurre-nerabezaroan jartzen ditugu goizegi. Esango nuke, ikusitakoa ikusita, Ansorenaren esperientzia hori beste pailazoei ere gertatzen zaiela, eta kontu orokortua dela.

Zein tristea den, baina! Umeak desumetu egiten ditugu, gaztetxo bihurtu, behar baino lasterrago, honek dakarren guztiarekin. Nerabezaro amaiezina jasaten dute/dugu horrela. Txarrena da pubertaroan sartzen direla, pubertaroaren aldaketa fisiologiko eta mentalik gabe, eta ematen dizkiegun ereduak guztiz sexualizatuta eta genero estereotipoak zeharo markatuta daudela: neskak emakume pinpirin, makillatu eta tuntun; eta mutilak gizontxo patetikoak indarra eta oilarkeria demostratu nahian dabiltzanak.

Hala kontatu dit lagun batek, behintzat, 11 urteko iloba neska duena: makillaje, itxura eta abarrak baino ez omen dituzte berak eta bere lagunek buruan, Disney channel-i esker, itxura denez. Izan ere, telebista kate horretan “site-comedy” direlakoak eredu horiek zabaltzen dituzte, zeharo estatubatuarrak oso sexualizatu, banandu eta estereotipatuak. Galdetu beharko genuke zein den helburua, zergatik ostu nahi diguten bizitzako sasoirik ederrenetakoa, zergatik kendu nahi diguten inozentzia, zergatik niniak heldu bihurtu nahi txepel hori. Zer interes ekonomiko, sozial eta politiko ote dagoen horren atzean.

Ikaragarria begitantzen zait hau guztiau. Ume denbora luzean izan beharko luke, kantu, jolas eta barre artean bizitzekoa, itxura eta modari erreparatu barik, helduon eguneroko “arazo” txotxoloetatik kanpo, inork barre egiten badie “…eta zer?” ozen baten planto egin eta jarki daitezen, dibertitzen ibili, barrezka, arboletara igota, eta txiribueltaka lurrean, zoro, alai…

Oier
Oier dio:
2014/12/07 08:54
Halaxe da Leire, ederki esplikatu duzu gertatzen ari dena. Guraso bezala gauza bakarra gehitu dezaket: inpotentzia, ezintasuna. Gure begi aurrean gertatzen ari da, eta horri aurre egin eta gure seme-alabei beren adinerako egokiak eta sanoak diren estimuloaetara bideratzeko ezintasuna.
Uxune
Uxune dio:
2014/12/07 11:36
Bat nator zurekin Leire eta baita ere Oierrek aipatzen duen ezintasunarekin. Baina bide horretan, eta guraso bezala nire esperientzia kontuan hartuz, neure buruari ere galdetzen diot ea ondo jokatu izan dudan. Eta ez dakit ba.

Gure sasoian, gurasoak ez zuten denbora tarte handirik guri eskaintzeko eta guk geuk kalean ematen genuen denbora asko jolasten eta gureak egiten. Baina, etxean behintzat, gurasoak eta aittitte eta amamarekin kartetan jolasten ikasi genuen, ipuinak kontatzen zizkiguten, amak hainbat abesti erakutsi zizkigun, aitak konpasarekin eta erregelekin irudiak egiten irakatsi zigun. Guztia, batez ere, otorduen osteko tartetxoetan.

Egun, gurasoen antzera, denboraz estu ibiltzen gara baina umeok telebista aurrean uzten ditugu sarritan, telebistako mandua alboan dutela, telebistak irakasten dizkie jolasak, abestiak eta rolak.
Egia da, ez ditugula kalean uzten, gu genbiltzan bezala aske eta gauzak aldatu egin direla ordutik hona. Baina nik behintzat, ama bezala, sentitzen dut agian, haurtzaro lapurrak ekiditeko zerbait gehiago egin ahal nuela.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua