Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Aurreiritziak

Aurreiritziak

Leire Narbaiza 2012/09/05 01:20
Ezjakintasunak sortzen dituenak

Munduan ia 800 milioi pertsona dira analfabetoak, gehiengoa emakumeak eta afrikarrak. Ez dute eskolara joateko aukerarik izan, eta horrekin bizitza hobea izateko aukerak ere murriztu egin zaizkie. Gurean, zorionez, holakorik ez dago; nahiz eta analfabeto funtzionalak badauden, irakurtzen eta idazten jakin bai, baina gai ez direnak zer irakurri duten ulertzeko, alegia.

 

Analfabetismo funtzionalak arazo handiak sortzen ditu, pertsona horiek zailtasunak dituztelako ikasketetan, eta eskola-porrotera kondenatuta daude.

Hemen denok gara eskolatua, hizkuntza baten behintzat, bai. Horregatik, ondo edo txarto, gai gara idatziz komunikatzeko; nahiz eta batzuek bere ama hizkuntza (euskaran) alfabetatu barik egon, kontu latza! Era berean, horietako batzuk oso harro sentitzen dira benetako euskaldunak direlako, eta euskaldun berriak kritikatzen dituzte, ondo egiten ez dutelakoan. Ai, jainkoaren graziaz euskaldun diren horiek zer egin dute, bada, euren maila hobetzeko, euskaran sakontzeko. Batere ez, baina hiztun jator ustezkoak eta harroak izaten dira asko.

 

Euskaldunok, gure hizkuntzan alfabetatuak izan ala ez, erdaldun elebakarrek edo euskaldun hartzaileek (euskara nahiko ez dakitenek) askotan jo izan digute adarra erdaraz dugun ahoskerarengatik: erreak larregi ahoskatu, eseak txistuka egiten ditugula, azentu euskaldunegia dugula,… azken baten boronoak (artaburuak) garela esango digute. Ezjakintasuna ausarta da, gero!

 

Inor konturatu ote da euskaldun alfabetatua hizkuntza bitan dela alfabetatua; ele bitan kultua. Izan ere, ez dago euskaldun alfabetaturik, gutxienez, elebiduna ez denik!

Kultura maila altuagoa dutela ere estera ausartuko nintzateke, eta ez da boutade bat, esperientziak esan dit bietan alfabetatuak kultuagoak direla, agian, askok alfabetatzeko ardura hartu dutelako, interesa izan dutelako, bai alfabetatzeko, bai euskara ikasteko. Irakurzaleak eta jakin-nahia dutela ere esango nuke. Nire lagun kulturetenak halaxe dira, behintzat.

 

Hori zioen lehengo egunean lagun batek, adarra jo ziotela gaztelaniaz berba egiteko moduagatik, boronoa zela. Eta beste euskal herritar batzuek, gainera! Gu gara caseroak baina hain dira ezjakinak, ezen ez baitakite ebakera kontua baino ez dela arraroa egiten zaiena. Ahoskeragatik etiketatu egiten gaituztela. Uste dute eurek ez dutela azenturik gaztelaniaz! Ez gutxi! Nahiko nituzke kanpoan ikusi ea zer esaten dieten!

Hortik datoz Kalakan talderen gainean telebista lokal batean botatakoak. Nola liteke euskaldun basa horiek Pop-aren Erreginarekin jotzea? Euskarazko kantu bat! Euskarak behiekin berba egiteko baino ez du balio-eta! Txalaparta? Tresna primitiboagorik ba ote dago?!

 

Euren buru txiki horietan besterik ez dute ikusten, perspektiba hertsia eta murritza dutelako, mundua euren betaurrekoekin baino ezin delako ikusi eta eurena baino ez delako comme il faut, behar den modukoa, moderno, aktual eta cool-ak! Grrr, Zelako higuina ematen didaten, aurreiritziz betetako ustezko intelektual horiek!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira lau gehi lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Sustatuko Zer erantzi atala

Azken sarrerak
Artxiboa
Kontagailua