Iñuxente, potente...
"Iñuxente, potente, txakurran buztana tente!" hau esaten da (zan) Eibarren eta inguruetan baten bateri inozentadia egitten jakonian Iñuxente egunian. Eta inozentadia egittiari "iñuzente eragiñ" esaten jako, Goio Aranan erretratuan ikusten dan moduan.
Argazkiak.org | Inuzente eguna Leintz Gatzagan © cc-by-sa: goioarana
Arrasate aldian Ahotsak.com-en Modesta Gallastegiri jaso detsen moduan holaxe be esten ei da:"Iñuzente, babalora, txakurren buztana jira gora"
http://www.fotolog.com/ainhoiri/37393093
Iñuxente eguna politta izaten da, batez be komunikabidietan ze txantxa jartzen dittuen. Egixa esateko, ez dittut asko ikusi eta bi aittatuko dittut; bata asko gustau jatalako, eta bestia, zorionez, guzurra dalako.
Asko gustau jata Garak etara dabena: Hugo Chaves bixar egongo dala San Mamesen euskal selekziñuak Venezuelan kontar jokatuko daben partidua ikusten. Ikaragarri gustau jata, benetan. Atzo ohera juan aurretik irakorri neban eta barre mordo bat egin! Politta eta barregarrixa.
Gustau ez jatan ez dot entzun, baiña kontau egin deste. Radio Eibarren egin dabe. Esan ei dabe Eibarren estaziño barriko obrak dirala-ta AHT be geldittuko zala aurrerantzian! Zorionez, guzurra da, bestela zelako disgustua! Nahikua astokerixa egitten dihardue bariantian azken zatixa egitten, AHT egitteko moduan! Ai, ama! AHTri EZ!!! Ez Eibarren, ez iñun be!
Eta amaitzeko, Jozulin blogari lagun, Susatukide eta antxiñako lankidiak asmatu daben komunikabide barrixa: Papereko Sustatu! Zelako barriak egin dittudan! Tripak bota dittut!
Aurkibidea 1:
Aurkibidea 2:
Aurkibidea 3:
Ondo amaittu eguna, eta iñork ez deizuela iñozente eragin! Bestela, atzera be hauxe kantauko detsue: Iñuzente potente, txakurran buztana tente!!!!
Kapela buruan eta ibili munduan!
Gure aitita-amama denboretan kapela janzten zuena dotorea zen, ez zuelako baserritarren burukorik eroaten (zapi zein txapela). Beraz, kalekoa eta aberatsa izatea adierazten zuen. Honen adibide dugu “Baionako suprefeta” Pantxoa eta Peioren kanta ezaguna. Prestigio sozialaren ikurra zen; izan ere, denek burua estalita eramaten zuten, hori baitzen ohitura.

Denbora aurrera joan ahala, sonbreiruaren erabilera ia desagertu egin zen. Buruko guztiak joan ziren: zapiak, txapelak, kapelerak, pamelak,... Kaskoa estali barik izatea askatasun eta ohitura berri malguagoen erakusgarri bihurtu zen. Txanoak-eta hotz handietan edo hondartzan baino ez ziren ageri.
Pena handia eman dit moda horrek, ni ginbailen (zelako berba polita!) zale itzela naiz-eta. Hori dela eta, beti ahalegindu izan naiz bat edo beste janzten, lotsa handia ematen bazidan ere. Ez dakizue zelan begiratzen duen jendeak kapelu bat jarriz gero! Baita barre egin ere! Barre, alajaina!

Beraz, nire ametsa izan da beti ezkontza ingeles (Cuatro bodas y un funeral-en moduan) edo nobleziaren ezkontza batera joatea. Ascoteko zaldi-lasterketetan ere disfrutatuko nuke, horratik! Badakizue zelako kapela jantziko nukeen?...Itzela, ikusgarria, polita...Txanpinoi bat emango nuke, baina, zer demontre? Zelako gozatua!

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Zenera
Horregatik nabil oso pozik negu honetan. Erakusleiho guztiak ginbailez (zelan gustatu zaidan hitz hau!) beteta daude, moda-modan, horretara! Iaz hasi zen txapelen eta gorroen moda, eta hotz handiak egin zituenez, ikaragarri aprobetxatu nuen, baita pare bat erosi ere. Hori dela eta, aurten ondo hornituta nago; eta lastima da, kapela izugarri gustagarriak baitaude. Beharbada, merkealdian...

Hemengo argazkiak (bat izan ezik) neure kaleko denda batzuei ateratakoak dira. Ia guztiak errenkadan, eta parez pare. Erretratuak ez dira oso onak, baina arretaz begiratuz gero, oso buruko originalak eta ederrak ikusten dira.


Nik irakurle guztiak animatu nahiko nituzke txapela/kapela/txanoa/ginbaila janztera, modan ibiltzeaz gain, epel-epel izango dituztelako ideiak eta burua, eta datorkigun neguan biziki garrantzitsua izango delako: Kapela buruan, eta ibili munduan!
Baikortasuna eta ilusioa
Gari Araolazari facebook-etik hartu nion bideo hau. Zatika ikusi nuen, izan ere, oso luzea da, eta ordenagailuaren aurrean gaitz egiten zait luzaroan bideoak ikustea. Hala ere, hemen txertatzea erabaki nuen ia bigarren minututik!
Hasiera-hasieran nahiko astuna dela dirudien arren, gutxira barre pila bat egin nituen, egiak oso era errealista eta zuzenean dioelako, eta bera xelebrea delako, bere adierazteko modua, batez ere. Eibarko zaharrek esango luketen moduan: famosua, gizoná.
Bene-benetan merezi du. Dioena egia da, nire ustez. Ia guztia behintzat. Zuek esango duzue zer iruditu zaizuen, baina ezin didazue ukatu irribarrea, ilusioa eta baikortasuna ez direnik munduaren motorra!! Lastima, gaztelaniaz egotea....
Disfruta ezazue!!!
Emilio Duró - Optimismo e Ilusión from Ivan Torres Ramon on Vimeo.
Euskararen eguna?
Ikasleei beti esaten diet idazlanak tripekin ez idazteko. Nik, baina, aholku honi gaurkoan ez diot jaramonik egingo, ezin baitut. Barruak erretzen nau, egoneza daukat, eta bota behar dut!! Euskararen eguna omen da, erdaldunek uzten diguten espazio txiki hori euskaldunok geure gauzatxoak egiteko, zein toleranteak diren agertzeko.
Gaur goizean irratian entzun ditudanak sutu naute. Lehengoz ospatu da euskararen eguna instituzio guztiak elkarrekin, denok elkar hartuta, aho batez, ados. Hizkuntza politika berria kontsentsutik baitator! Jakina, hizkuntza politika hori loreontzi eta pose hutsa denean. Everybody elkarrekin, zein polita, zein zuria, zein faltsua.
Guk, baina, pobre mentalitatea daukagu eta, euren mahietako apurrak eta soberakinak eskatzen ditugu, dirua gurea ere ez balitz bezala. Beti eskean, beti txiro konplexuarekin, molestatzen dugulakoan. Tolerantzia darabilte ahoan, eta hori, dakigunez, boteredunen luxua: toleratzen zaitut, hogeita hamaika dauzkadalako eskutik, eta nahi dudalako, ni bainaiz hemen nagusi.
Pinpilinpauxa aldarrikatzeko behar dugu eguna, antza denez. Hori bai, beti eskaparatismoa egiten dutenen ondoan, irribarrez argazkian agertu, jatorrarena egin eta euskara mesprezatzen segitzeko gaurtik aurrera, atzo bezala. Eta guk sinistu, zirrikitu bat zabaldu digutelakoan!
Gainera erru sentimendua, gurea omen delako kulpa osoa, ez dugulako nahikoa egiten gure hizkuntzaren alde! Bai, zera! Zer gehiago egin nezake, bada! Medikuarenera joan erdaraz, funtzionarioak erdaraz, politikoak erdaraz, lehendakaria erdaraz, denda handietan erdaraz, postontzietako publizitatea erdaraz. Hizkuntza KOOFIZIALA da euskara, demontre, orain 30 urte!! Ez zarete enteratu, eta horrela jarraitu gura duzue. Zuen legeak ere ez dituzue betetzen, miserableok!
Ez da inposatu behar, baina, euskara. Konstituzio espainiarrak, halere, euskaradunoi erdara inposatzen digu, bada! Hori bai, gure onerako. Hizkuntza basati eta traketsa dugunez, (eta edukazio bakoak) salbatu behar gaituzte geure burutik, kulturizatu eta salbai izatetik, moderno, kosmopolita eta normal bihurtu arte!
Eta guk irentsi eta sinetsi! Nahikoa da, matxina gaitezen! Bada ordua gure bidea egiteko, eta higuingarrikeria hauek guztiak bazterrean lagatzeko, eta euskara kobazulotik harro ateratzeko!!
Emakume eta euskararen kontrako erasorik ez!
Gaur emakumeekiko tratu txarren eguna denez aprobetxatu nahi dut Emakundek azken bi kanpainetan euskarari eman dion tratu txarra. Euskara bigarren mailakotzat tratatu, emakumean mendeetan tratatuak izan diren bezala.
Lehenengo kanpainako goiburua: "Tratu txarretatik...irten daitekeelako EXIT" eta larrialdietako irteeraren ikurra. Argazkietan "menperatu OHIA", "Umiliatu OHIA", "Erasotu OHIA" agertzen da. Euskaraz ez dauka zentzu handirik negritak. Gaztelaniaz, ordea, bai: "EX humillada".... Atzera ere, kanpaina bat gaztelaniaz eta ingelesez funtzionatzen duena, baina euskaraz ez. Euskara beti EXIT gelditzen da halakoetan, OUT
|
|
Hau lehenengoan. Eta bigarrena egunotan agertu zaiguna: Adieraz zaitez beldur barik ¡éxpresate!

Adieraz zaitez???? Zer da hori???? Adieraz ezazu izango da, horratik! Milaka kartel udalek, Berdinsareak, Emakundek, Eudelek, Eusko Jaurlaritza.... NBEren logoa baino ez zaio falta, baina euskaraz oso txarto. Gainera erraz zeukaten, adierazi huts-hutsean nahikoa zen! Buelta barik.
Gaur arratsaldean euskara zokoratzen duen hirugarren bat aurkitu dut, behekoa. Argazki txarra da kristal bateko pegatina delako (eta trena etorri bitartean ateratakoa delako). Zer, oraingoan? Puntu morearen barruan goiburu biak euskaraz eta gaztelaniaz, baina gaztelaniazkoa zurian eta euskarazkoa lilan. Horretara, euskarazkoa oso gutxi ikusten da, badirudi ez dagoela, Euskotrenen gertatzen den moduan. Izan ere, tipografiak eta letra motak garrantzia handia daukate berdintasunaren kontzeptuan. Eta zelako kasualitatea, euskarazkoa da beti leunagoa, letra argiagoarekin edo beltzean ez dagoena...
Hau da nahi dugun berdintasuna, emakumeon alde, baina euskara zokoratuz? Nik ez. Emakumea eta euskaldun naiz era berean, eta bata zein bestea izanda, biak berdin eta batera defendatu behar ditut.
Kosmetikoen historia
Aurretik, botilaratutako uraren historiaz eta gauzen historiaz jardun du Annie Leonard kazetari estatubatuarrak. Oraingoan kosmetikoen toxikoaz arituko da. Interesgarria zenbat txerrikeria dauzkaten eguneroko produktu horiek, azalean igurzten ditugunak, etengabe.
Ez dudanez gaztelaniaz topatu bideoa, frantsesez jarri dut, ingelesa baino hobeto ulertzen dut-eta. Gainera gure hirugarren hizkuntza ez da, bada?
Bost urte blogeatzen!
2005eko azaroaren 21ian idatzi neban nere lehelengo posta. Asko kostau jatan erabagixa hartzia; izan be, lotsa haundixa emoten zestan hastiak; batez be, nere ingurueri zer begittanduko ete jakuen pentsauta: Leirek bere buruari zer erizten detsa, mundu zabalari bere paranoiak eta hasarriak zabalduta, kazetari edo idazle izan barik? Horrek asko kezkatzen ninduan, biharbada ez nebalako ondo aitzen blogak zer ziran: nahi genduana esateko espazio libriak, tutore barikuak. Esango neuke, gaur egun be, askok ez dabela ondiokan blogena entendidu!
Hasiera haretan zeiñek esango leuke bost urte emongo nittuanik, 300dik gora post idatzi, radixuan tertulietan jardun edo Sustatun kolaborauko nebanik? Iñork gitxik; nik neuk ez, behintzat. Erdi-analfabeta digital bat erdi-geek bihurtuko zanik ez genduan uste. Hala izan da, baiña.
Blogeko bihar onek gauza onak baiño ez destaz emon, zorionez. Blog apaltxua danez, euskeraz, eta oso ezaguna ez naizenez, ez daka beste munduko arrakastarik. Horrek lasai eta eroso ibiltzeko aukeria emoten desta, presiño barik. Eta bueltan etorri jatana beti izan da politta eta atsegiña, ez da gitxi!
Blogak gauza onak emotiaz aparte, bizitzako momentu txar eta onak eruaten lagundu destaz: pasau neban gaixotasun luze ha; aittan heriotza, bihar aldaketia, loibian jaixotzia... Hor izan dot kuaderno partikular hau barruak hustutzeko eta psikiatriangana ez juateko. Merke-merke, gaiñera!
Argi dakat bloga eibar.org-eri esker sortu nebala. Esan gura dot, eibartarren posta zerrendiari esker, bertakuak animau ninduelako sortzen, eta eurek izan diralako nere lehelengo jarraitzailliak. Badakitt, eurengaittik be lortu dodala lortu dodan hau, eurek emon dabelako blog honen barri bere blogetan eta abarretan. Baitta gauza teknikuetan be! Zuengaittik nago hamen, millioi bat esker, gauza guztiengaittik!!!!
Eskerrak be emon bihar bloga irakorri daben guztieri, baitta beste blogari batzueri be (Jozulin!). Danen aurrian, Patxi Trapero, bera izan zalako ezagutu ez, eta ondo etorrixa eta jarraipena egin zestan lehelenguetakua!
Beste alde batetik, esan gura dot Facebook, twitter eta holakuen sasoian, bloga dala ezinbesteko txoko eta babesa, guria (neri, kasu honetan) dana osorik eta bene-benetan. Bestiak ondo dagoz, baiña beste zeozer dira. Bloga ezin dabe ordezkatu. Gora blogak!
Eta amaitzeko esan gustora ibili naizela eta holan jarraitzeko asmua dakadala. Zuen laguntziakin! Milla esker, bihotzez! Laztan haundi-haundi bana, ederrok!!!
Gauzen historia
Annie Leonard-en beste bideo bat topatu dut sarean. Beste baten berri baneukan "Botilaratutako uraren historia", Sustaturen bitartez. Bertan botilako urak nondik, nora eta zelako bidaia egiten duen gure mahaira ailegatu arte.
Oraingo honetan, Annie Leonard-ek kontsumoaz dihardu, gauza batek, produktu batek zelako bidea eta bidaia egiten duen gure eskuetara heldu arte. Gainera, zergatik diren hain merkeak hainbat tramankuluk azaltzen digu.
Bideo interesgarria, luzetxoa bada ere. Ikusi ostean, buruan ideia asko eta hausnarketa sakonerako bidea eskaintzen du. Gure kontsumo ohiturak aldatzen lagunduko ahal digu!
Otegiren janzkera
Beti pentsatu izan dut gizonezkoen janzteko modua tristea eta gatzgabea zela, aspergarria. Beti berdina, kolore diskretuak; jertse eta alkandora lisoak, marrazkirik gabe, marrak, koadroak eta erronboak baino ezin estanpatu. Oihalak ere jakin batzuk baino ez. Aldatzen den bakarra jaken luzera eta alkandoraren idunaren tamaina. Kitto! Eta politikariak? Pufa! Horregatik estimatzen dut Arnaldo Otegiren janzkera. Zer esan politiko, bankari edo enpresarien janzkeraren gainean? Trajeak, uniforme bihurtuta, askoz ere aukera gutxiago lagatzen ditu: beltza, urdin ilun edo grisa; alkandora diskretuak eta gorbata izeneko munstroa zintzurretik zintzilik! Gauza itsusiagorik! Denak berdin, denak kloniko! Hainbat politikarik, gurean, trajearen ohiturari jarraitu ez badiote ere, lehen bezain gatzgabe eta triste janzten dira. Batzuk nahiko gazteak eta gure aiten moduan: alkandora zuria/marraduna/koadroduna; jertse lisoa idun biribilekoa, eta praka ilunak. Horregatik estimatzen dut Otegiren (8719600510) janzkera; nahiz eta oso alaia ez izan (gris/zuri/beltza dira bere koloreak), normalean dotore doalako trajea jantzi barik. Nire ustez, beti moderno, baina modernoegi izan gabe, ez desentonatzeko moduan. Ezagun du, darabilen arropa ez dela Elgoibarko Sigmako merkadilloan erositakoa (errespetu handiz, ni Eibarkoaren bezero fidela bainaiz); eta janzki gutxirekin -argazki asko ibili naiz errepasatzen- oinarrizko jantzi multzo (fondo de armario) ona lortu du, egokia edozein tokitarako gorbatarik janzteke. Hori bai, inoiz bere kamisetak laga barik, eta lehen aipatutako hiru koloreetan. Barruko elastiko normalak, baina idun findunak. Orain urte batzuk gizonezko guztiek erabiltzen zuten t-shirtaren edizio berri eta findua, itxura gazteagoa ematen diotenak, bestalde. Hau guztiau aurreko Zer erantziko postean Camachoren jertseaz jardun nuelako, eta erantzun batean elastikoena iradoki zidatelako; izan ere, pertsonaia publiko batek, askotan, ez du jakiten jendearen gogoan zer geldituko den, zein esaera, zein intonazio, zein irudi. Nire ustez, baina, elastikoak baino bere janzkera osoak post bat merezi zuen. Eta hona hemen, emaitza. Dena dela, kartzelan arropak ez dira izango hain zainduak; seguru aski, txandala nagusi! Nahiko nuke, baina, beste post bat idaztea janzkera aldatu duelako, adibidez; telebistan edota kalean libre ikusi dugulako. Horregatik, Arnaldo askatu!
Zu ez txinoa, zu beltza!
Kulturen arteko komunikazioak eta estereotipoak ditu hizpide film labur honek. Hori guztiori umore pixka batekin. Beltza txinatarrean lanean.
Disfruta ezazue, merezi du-eta!






