Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera Artxiboa 2009 Uztaila 22 Bilbao-New York-Bilbao
Dokumentu Akzioak

Kalamuatik Txargainera

Bilbao-New York-Bilbao

Kirmen Uriberen azken liburuaren gaineko nire iritzia

CS tailer osteko afari mahaikideei, bihotzez (Jozulin, Elena, Asier, Maite, Iban) egin dot azkenian!

Polemikaz inguratuta hartu nuen liburua eskuetan. Jasotako kritika batzuk ez ziren oso onak izan, eta egur-banaketan ibili ziren batzuk. Beste alde batetik, inguru hurreko lagun batzuek irakurrita zeukaten eta eurei gustatu zitzaien. Batzuei gustatu huts-hutsean, beste batzuei asko gustatu. Aurrekari horiekin hasi nintzen irakurtzen. Esandako guztiagatik gustatuko zitzaidala pentsatu nuen. "Bitartean heldu eskutik" poema liburua asko gustatu zitzaidanez, "Zaharregia, txikiegia agian" ere bai, baita beraren hitzaldi bat ere. Ni irabazita ninduen lehenengo letratik.

Hasi nintzen, bai, baina ez nion gusturik hartzen, hainbeste jende orri bakoitzean, genealogiak Genesian bezala,....galduta ibili nintzen "nor da hau?" esanda behin baino gehiagotan. Eta gauza interesgarriagoak hartuta neukanez, geldialdi begetatiboan laga nuen.

Hala eman zuen denbora luzetxo baten, irakurtzeari ekin nion arte. Trenean, beti trenean. Ohean irakurtzeko....Orriak pasatu ahala, pertsonaiak agertu ahala esan nuen: Kirmen Uribek blog bat behar du!! Hau ez da nobela bat, blog bateko post-ak elkartu ditu eta liburua osotu. Eta Berrian argitaratu bezala "Blogak ez dira papererako". Jakin izan banu aldez aurretik, beste era batean irakurriko nukeen. Izan ere, nik blogen kontra ezertxo ere ez daukat, prefosta! Halakorik! Nobela bat nuen hartuta, eta ez zen nobela. Batzuek esango dute bide berritzailea dela, nik ez dut hala uste. Blogak berritzaileak izan litezke (edo ez); sekula ez, ordea, nobelaren ordezko. Gauza desberdinak dira. Seguru nago gauza bera blog formatuan irakurri izan banu, gustatuko zitzaidala. Lepoa egingo nuke!

Beste alde batetik, hizkuntzaz berba egin gura nuke. Ia pertsonaia guztiak ondarrutarrak dira, eta sarri askotan euren ahotan jartzen dituen hitzak ez dira batere sinisgarriak. Adibidez, aitaita-amamei aitona-amona deitzen die. Amona? Aitona? Bizkaieratik urrunegi, ezta? Ez dut esaten Ondarroan egiten den modu berean idatzi behar duenik (edo zergatik ez?), baina zer edo zer gertuagokoa erabil zezakeen hainbat pasartetan. Amaitu bezain batuera da-eta bukatu. Akats gramatikalen batek ere ihes egin dio, eta zein zatar geratzen den horrelako lan batean!! 

Era berean esan nahi nuke pasarte batzuetan auzo-lotsa puntu bat ere sentitu dudala. Beharbada horrela sentituko dira hainbat eta hainbat blogak irakurtzean. Hausnarketa hau egin nuen irakurri ahala, askotan blogariok "querido diario" bezalako gauzak egitea leporatzen digute. Nik beti purrustada makarra bat egin izan dut horren aurrean, pentsatu barik nik neuk horrelako zerbait botako nionik idazle bati. Inkongruentziaz beteta gaude, eta lehenbailehen onartzea izango da onena!

Amaitzeko, pare bat gauza esan behar dut. Batetik, ez zaidala liburu txarra iruditu, ona ere ez. Niri neuri ez zait gustatu. Beharbada ikusmin handia sortu zidalako, eta beste gauza bat espero nuelako. Kirmen Uribe trankil egon daiteke, Brad Pitt-ekin berdina gertatu zitzaidan: hain goapoa, hain goapoa, eta ez da hainbesterako!

Bestetik, eta amaitzeko, idazleari eta niri gauza bera gertatu zitzaigun aitaren heriotzarekin. Agurtu ezin eta biok amets batean aita ikusi eta agurtu genuen, biok kostako herri batean, eguzkipean. Horrekin inpaktatuta gelditu nintzen, hitzez hitz niri pasatutakoa liburuan kontatzen duelako.

Orain zuen txanda da. Irakurrita badaukazue, esan zuen iritzia. Eta irakurri ez baduzue, leitu eta komentatuko dugu.

Leire Narbaiza 2009/07/22

Gauza batean ados ez.

Elena — 2009/07/22 07:47
Eskerrik asko komentarioarengaitik, Leire!
Gauza batean ez nago ados: Brad Pitt gustatuko zaizu ala ez, liburua bezala, baina izan, oso goapoa da, gogoratu bestela Thelma eta Louisen egindako lehen agerraldia. Musu bat, guapa.

ados

Iban Zaldua — 2009/07/22 08:38
Nahiko ados zure ikuspuntuarekin, Leire. Oso iruzkin pertsonala eta, aldi berean, zorrotza. Gero eta gehiago gustatzen zaizkit liburuei buruz egiten dituzun komentarioak, nahiz eta batzuetan ados egon ez. Euskal blogosferan halako gehiago behar ditugula esango nuke.
Ondo bizi!

Pertsonala, erabat pertsonala!

leire — 2009/07/22 17:24
Eskerrik asko, Elena eta Iban.

Elena, Brad Pitt goapoa da, baina niri neuri gero eta gutxiago gustatzen zait. Esan hain-hain-hain goapoa zela, eta gero, bai goapoa, baina gatz gutxikoa. Laztan bat

Iban, mila esker. Pozten naiz gustatu izanaz. Asko gustatzen zait irakurtzea eta horregatik egiten ditut. Jakina oso pertsonalak dira komentarioak (Brad Pitt-en bezalakoa :-)) baina hori da nire helburua, deigarria iruditu zaidana esatea. Neuk ere gustura irakurriko nuke euskaraz liburuen komentarioak, eta eztabaidak, eta ....denetarik, baina!
Ondo ibili sargoripean!

Nahiko ados!

matx — 2009/07/22 21:31
Kaixo Leire
Pasatu da iada urte erdi liburua irakurri nabanetik. Neri ere ez zaitzaidan larregi gustatu. Ba hori, zuk esan bezela, egunerokoaren kutsua, testigantza bat uzteko gogoa sumatzen diot, baina nobelatik urruti.
Esan bihar dot, etiamek oparitu zidala, nere 30.urtebetetzean, Beñat bidian zetorrela eta gau hortan Ruper antzokixan ikusi gendula... Horregatik behintzat berezixa da neretzat. Bueno, eta hurrengo egunian JC perezekin Uberan haiziak botatako zuhaitz bat baztertu gendula...jaja
Eskerrik asko Leire gonbitagatik!

Uriberena, ederra

Gotzon Aranburu — 2009/11/02 16:57
Beno, nonbait ni oso pertsona arraroa naiz. Izan ere, gauza harrigarria gertatu zait: Kirmen Uriberen “Bilbo, New York, Bilbo” irakurri dut eta asko gustatu zait. Literatura kontuetan oso modernoa ez naiz, oso tradizionalista ere ez, dexente irakurtzen dut (lagun batek etengabe hornitzen nau liburuz)eta kazetaria naiz lanbidez. Alegia, euskal irakurle normal normala, ez kritiko literarioa eta ez ezjakin konpletoa. Dagoeneko urte batzuk baditudanez eta pixka bat espabilatzen hasita nagoenez, gazte garaiko akats batzuk gainditzen ari naiz: hemeretzi urterekin, hasitako liburua ez bukatzea pekatua iruditzen zitzaidan, baina aspaldi honetan lasai asko uzten ditut eta liburutegira itzuli, aspertzen banaute. Jakina, ez dut izenik esango, baina aurten bertan lau euskal nobela hasi ditut eta bakarra bukatu; Uriberena. Utzitako horiek hain pisuak gertatu zaizkit, hain fikzio-fikzio-fikzioak, hain urrutikoak nire eguneroko bizitzatik… Uriberena ez da nobela bat izango, beharbada, baina nire iritzi apalean gaur egun egin behar den literatura mota da, besteak gutxietsi gabe, jakina. Erreferentziak gertukoak, gozo idatzia, irakurterreza… ia periodistikoa, eta niri testu mota hori gustatzen zait. Autofikzioa edo autobiografia den ez dakit, inporta ere gutxi. Nire kasuan, kotoiaren froga gainditu du: liburua hasi eta bukatu. Beste kontu bat da Uriberen inguruan montatzen ari den kristoa, marketing-a dela, sariak direla, Patxi Lopezen gutun aluzinante hori dela, kritikoek ematen dioten egurra dela; hor bakoitzak izango du bere iritzia (neuk ere badaukat), baina kontu extraliterarioak dira horiek denak. “Erlea” erosi dut (ederra aldizkaria, bilduma egiteko modukoa) eta egurra Uriberi, atzoko Berrian egur gehiago… neu ote nago zeharo tontotuta? Leitu egin behar dira, gero, Iratxe Retolaza “literatur kritikoak” botatakoak; “familiaren instituzio tradizionalari oso lotua”, “onbera”, “euskal kulturaren eta jendartearen irudi heldugabea eta txikia”… Baina zer kristo egin behar zuen Uribek, familia tradizionala txikitu Iratxe gustura geratzeko eta bere bedeinkapena emateko? Iratxek esango ote du bakoitzak zer familia motari iritzi behar dioen egokien? Gurea jesukristoren kultura dela aldarrikatu behar al zuen Uribek, izugarria, AEBen parekoa gutxienez? Ba al daki Iratxek “Erlea”k 1.700 ale bota dituela eta oraindik salgai daudela liburudendetan? Hori da gure kulturaren benetako indarra, ez gaitezen behin eta berriro engainatu.
Bada hori, irakurri dudala “Bilbo, New York, Bilbo” eta hemendik zoriontzen dudala Uribe.

luzeegia

aaaaaaaaaaaaaaa — 2011/05/01 14:26
Iritzi hau luzeegia da kopitu ahal izateko. irkasleak irakurtzen duenean, internetetik atera dudala jakingo du.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara