Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera Artxiboa 2009 Otsaila 25 Kafesnea=café con leche!
Dokumentu Akzioak

Kalamuatik Txargainera

Kafesnea=café con leche!

Ez da hain zaila, demontre!!!

Aurreko asteburuan kafetera hondatu zitzaidan, goma alferrik galdu eta ez zuen kaferik egiten. Hori dela eta, etxe inguruko tabernetan gosaldu nuen hiru egunetan. Eibarren. Taberna bat Ibarkurutze kalean, beste bat Errebalen eta bestea Bidebarrietan. Datu hauek garrantzitsuak dira, ez zait Sanlucar de Barramedan gertatu-eta.

Lehenengo egunean Kili-kilira joan nintzen. Atenditu ninduen kamarerak atzerritar itxura zeukan, hegoamerikarra, hain zuzen ere. Nire artean duda egin nuen zelan eskatu, gaztelaniaz ala euskaraz, eta kafesne bat eskatu behar nionez, euskaraz eskatzea erabaki nuen...... Ez dakizue zelako keinua egin zidan!!! eskuak zabal-zabalik, bakarrik falta zitzaion hatz erakuslea lokira eroan eta zoroei egiten zaion planta egin! Bene-benetan diot, ez zaio beroarena kendu behar! ¡¡¡¡QUÉ!!!! ere esan zidan, eta gero "¿un cortado?". Nik ezetz, gaztelaniaz, "con leche", badaezpada ere.

Zerbitu zidan, eta amorruaren amorruz zerbait esatea pentsatu nuen. Ordaintzerakoan, dena "en perfecto castellano", esan nion: "Mira, kafesne es café con leche: kafe esne, café leche. Para la próxima vez". "Si, si, si" egin zidan, eroei moduan, eta joan egin nintzen, ernegatuta. Nora? euskara irakastera? Zein polita!!!

Hurrengo egunean, Trinketera joatea pentsatu nuen. Atzera ere kamarero hegoamerikarra, "buenosdias-ka". Berriro ere, kafesnea eskatu nuen, euskaraz. Bera, edukatuago, "¿Cómo? ¿un cortado?". Nik, "no, con leche". Honi ez nion ezer esan. Negar egiteko gogoa baino ez neukan. Kafesnea hartzen nenbilen bitartean burutik pasatu zitzaidan inortxok ere ez ziela inoiz ezer euskaraz eskatu, euren itxurarengatik, ziur. Baina ez dut sinesten zonalde horretan bezero euskaldunik ez daukatenik. Gero, Atoan interesgarria irakurtzen ari nintzela kanpainia honen berri izan nuen:

 

 Jakina, Katalunian da kanpainia hau!

Baina, harira itzuliz, kafesneen esperientzia ez zen Trinketen amaitu, ez horraittiok! Hurrengo egunean, kafeteraren goma eskuan erosi berri nuela, azken  inkurtsioa egin nuen Ibaiondo tabernan. Kamareroa ez zen hegoamerikarra, gizon arrunta baizik, ez oso gaztea. Uf! esan nuen, honekin ez dut arazorik izango! Ja! Nik kafesnea eskatu, eta ez zidan, bada, esan "¿un café cómo?". Negarrez hasteko nengoen! Fernando Muniozguren zenak beti esaten zuen Eibarren dendetan-eta, euskaraz ez jakin arren, edozeinek ulertzen zuela eskatutakoa. Nik ados egoten nintzen, baina badirudi atzera egin dugula.

Frustrantea izan zen, ezin nuen sinistu ni nintzela euskaraz kafesnea eskatzen lehena. Gainera, ez nuen "kafitesnia" eskatu, Eibarren esaten den moduan. Era errazena eta argiena, beharbada: kafesne bat!

Lehenengo bien kasua gure utzikeriari egotzi nion, "konfliktoa" (atzerritar baten aurrean) saihestea, errazkeria. Baina hirugarrenaren kasuan ez nuen ezer ulertzen. Gizon hura ez dakit nongoa zen, eibartarra, seguru aski, ofizioan luzaroan ibilitakoa. Eibarren. Behin eta berriro aipatzen dut datua gure herrian ezagutza %50etik gorakoa denean.

Hau guztiau gertatu ondoren Mertxe Mujikari Argian egindako elkarrizketa irakurri nuen eta hauxe zioen Sustrai Kolinaren galderaren aurrean:

Argia-Etorkinek euskarara hurbildu behar dutela esaten dugu.

M M-Bistan da euskara integraziorako bide bat dela. Asko esaten da etorkinak euskaldundu behar direla, baina hemen jaio diren Mujika abizeneko erdaldunak zer? Horiek ez badira euskarara hurbildu zergatik hurbildu behar dira etorkinak?

 

Eta arrazoia duela pentsatzen dut. Ez badugu lortu Ibaiondokoak kafesne hitza aditzea, zer dela eta etorkin berriengan ardura hori jarri, Burgosko etorkinei, edo bertako zortziabizeneuskaldundun-Oerreatxenegatiboei presiorik egin ez diegunean?

Dena den, uste dut ez dela beranduegi aspaldiko kanpaina horri ekiteko, eta Katalunian atzera ere martxan jarri dutena guk ere kopiatzeko: Lehenengo hitza euskaraz!

Leire Narbaiza 2009/02/25

kataluniatik

matx — 2009/02/25 18:08
Kasualitatez kanpainiaren musikia ezagun batek eiñdakua da. Urte mordo bat emon daroiazen brasildarra... Bere diskoa erdi katalanez erdi brasileiroz dao.
Eibarren hau eitxen dotenian batzuek aurpegi arraurakin beiratzen doste, baina ez barraren beste aldekoak eh?
Eutsi horri... Horixe da modu bakarra eta. Sustatuk eiñ dezala kanpainia!

Algortan

Mike — 2009/02/27 14:10
Sorpresa pozgarriak ere gertatzen zaizkigu batzutan. Kasualitatez Algortako metro geltokiaren alboko kafetegi dotore baten sartu eta kamarero hegoamerikar gazteari "kafesne bat mesedez" badaezpada bota eta gero ("TELPizatuko naiz eta botako diot" esan eta gero) "epela ala beroa?" erantzun zidan...

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara