Kalamuatik Txargainera
Fito Rodriguez eta blogak
Fito Rodriguezek Nabarra aldizkariko iazko uztaileko alean esandakoaz aspaldi neukan idazteko gogoa. Hona hemen elkarrizketa luze horretan egindako galdera eta Rodriguezen erantzuna:
Zakarrontzi handiagoak behar ditugula adierazi duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Bai, eta zakarrontziak erabiltzeko, lehenago, paperak zikindu behar dira. Pantailan berdin. Pentsatzen zenaren aurka, gero eta gehiago idazten da. Korreo elektronikoa dela, internet dela, gero eta gehiago idazten da eta estiloak gero eta gehiago aldatzen dira. Ni ez naiz oso blog-zalea. Ez dut uste horrek ekarpen handiegirik egin dezakeenik, arrazoi batengatik: blogek zakarrontzien falta erakusten dute idazten den guztia bistan jartzen dutelako. Konpromisoak, aipatu dudan hizkuntzarekiko konpromisoak, idatzitakoa irakurtzea eta berrirakurtzea eskatzen du. Lan hori inoiz ez dago guztiz bukatuta, amaiera irekiak izaten ez direlako, lana antzua ez bada. Blogek dena bistan uzten dute. Izan daiteke nudismo moduko bat, biluztea. Badira, hala ere, gorputza tratatzeko beste era batzuk. Nire ustez hori dute eskas blogek, hizkuntzarekiko konpromisoa lantzeko nahikoa baliabiderik ez dutela
Nik Fitori esango nioke ezer ez dakiela blogen gainean, ezta bogariez ere. Hasieratik mespretxua baino ez du adierazten, blogak oso gustukoak ez dauzkala, eta zakarrontzi falta dutela esatean. Hainbatetan horrela izango da; beste askotan, ordea, ez. Ni oso inpultsiboa izan arren, gutxitan ateratzen dut post bat lehenengo idazketan. Zakarrontzia badugu, eta batez ere, hozkailua. Seguru nago Fitok ez duela blog asko irakurri, eta ez dakiela zer den bloga.
Niri min eman zidan irakurri nuenean blogek hizkuntzarekiko konpromisoa lantzeko nahikoa baliabiderik ez dutela. Hori gezurra da. Batetik blog bat sortzean lehengo hautua beti izaten da hizkuntzarena. Euskara aukeratu dugunok, hizkuntzarekiko konpromisoa hartu dugu. Hori horrela da. Gero, beharbada, txarto idatziko dugu, edo ez.
Baliabideena ez dut ulertzen. Blogariok, zutabegileek, poetek, nobelistek, idazleek denok daukagu erreminta bakarra: hizkuntza. Hobeto edo txartoago erabiliko dugu, narras edo polito. Baina esango nuke, ardura digula, buelta asko ematen diogula, esaldi biribilak, berba egokiak topatzen. Beti dago fintzea eta konpontzea. Baina behar horrek ez dauka akaburik. Giza lan guztietan gertatzen da hori. Perfektutasunik ez da existitzen.
Agian, idazle batzuek eta Fitoren kasua izan liteke pentsatuko dute blogariok intrusismoa praktikatzen dugula, inongo editore edo argitaletxeren eskuetatik pasatu gabe kaleratu egiten dugula. Gurea ez dela ganorazko idazketa. Inor ausartuko litzateke esaten egunerokoek (diarioek) ez diotela hizkuntzari ezer ematen? Ez. Askotan ariketa literarioa izan litezke, eta idazle on eta ezagun askoren egunerokoak argitaratu dira, bere horretan. Beraz, zergatik mespretxu hori?
Hizkuntza idatzia ez da beti literatura. Idatziz egon arren, idazki guztiek ez daukate balore literariorik. Blogari asko eta askoren asmoa ez da literatura egitea, eta gure idatziak, sarritan kaskarrak dira, eta horretaz kontziente gara. Kaskarrak hainbat liburu diren moduan, eta idazleak literato jarrerarekin dabiltzan arren! Gure helburua ez da literatura egitea, beste xede bat daukagu. Askotan jakin ere ez dakigu zein den!
Hori bai, blogari batzuen post-ak badira literatura. Eta ona gainera. Beraz Fito Rodriguezi euskal blogosferatik paseotxo bat egitera gonbidatzen dut, gaur Atxagaren bloga aurkeztu den egunean. Beharbada, Fito bera ere animatuko zaigu bloga idazten. Batek daki.



Re: Fito Rodriguez eta blogak
Nik hozkailua oso gutxi erabiltzen det, eta egia esan, batzuetan ondo damutu izan naiz. Bagera bi inpultsibo.
Batzuetan gertatu zait hala ere, zerbait hozkailuan sartu, aldatzen hasi, aldatzen segi... Eta hasierako "arima" galtzea, zuzentzearen zuzentzeaz.
Hasierako idatzia txarra zan. Baina behintzat frexkoa zan. Eta askotan ideia bat adierazteko ez da jantzi dotorerik behar, ezta ondo neurtutako trajerik ere.
Literatura edonon aurki daiteke, baita komunetako ate atzeetan ere. Nola ez ba blogetan?
___
Re: Fito Rodriguez eta blogak
Ezin borobilago Leire. Primeran!
Serafin
Re: Fito Rodriguez eta blogak
Nik ulertzen ez dudana da halako fijazioa, blogen gainean ezbaitiote galdetu. Agian Freudek zerbait esango zukeen zerbait honetaz. Eta -egia izanik ere- benetan uste badu lan bat ez dagoela inoiz amaituta, ez dezala libururik atera, ez dezala idatzi, ez dezala hitz egin...
Kanpaina bat hasi nahi nuke: Freeblogariak!!, utz gaitzatela bakean. Jesus! zelako gerra ematen duten!
Re: Fito Rodriguez eta blogak
Erabat ados Leire. Hala ere, kontua intrusismoaren aldetik doalakoan nago...
Herri honetan, elitismoa plaga bat da.
Re: Fito Rodriguez eta blogak
Oso ondo, Leire. Aldizkari hau etxean izango dut, harpideduna bainaiz, baina ez nuen irakurri Fitoren elkarrizketa.
Sintzeridadea txalotu behar zaio Fitori, baina kontutan hartzekoa da bera ez dela idazle soila, Idazle Elkarteko presidentea dugu gizona.
Noizbait entzun izan dut txantxetan, baina, zer gertatuko litzateke blogariren batek Idazle Elkartean sartzea eskatuko balu?
Re: Fito Rodriguez eta blogak
Aupa Leire!
Mezu honen harira aipatu zaitut. Espero dut ez axolatzea.