Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera Artxiboa 2007 Otsaila 23 Korrika
Dokumentu Akzioak

Kalamuatik Txargainera

Korrika

Korrika ate joka dator, laster da hemen 15.a. Karrantzan hasi eta Iruñean amaitu. Urtero norbait omentzen du; aurten norbaitzuk, euskal emakumeok omentzen gaitu

Behi baino gehiagotan entzun dut emakumeen errua zela euskara galtzea. Egia esateko, sasoi bateko andrazkoen artean euskara gutxi entzuten da, euskaraz berba egitea desprestigioa zelako euren gazte-denboran. Zorionez, bolada hori pasatu da, eta gure inguruan prestigio apurtxo bat (gutxi) irabazi du.

Esanak esan, hasiera-hasieratik, eskola-ikastola zein euskaltegietan irakasleen gehiengoa emakumeak izan da, da eta izango da. Euskaltegietako gelak ere andrazkoek betetzen dituzte (askotan talde batzuetan, gizonezkorik ere ez da egoten). Beraz, kezka eta gogoa hortxe dago.

Beste alde batetik, aspalditxo Bergaran egindako ikerketa baten konturatu ziren neskek euren adineko mutilek baino gehiago egiten zutela euskaraz. Hortaz, esan liteke hori dela etorkizuna.

Beherago itsatsi dizuet manifestua. Korrikako webgunean sartuta atxiki zintezkete. Gizonezko gutxik sinatu dute, ez dakit zergatik, baina zuek gizonok hori alda zenezakete, ala ez?

***********************************************************

Euskal Herriko hiritarrok, agur t'erdi:

Euskal Herriko mendebaldean, Karrantzako Pozalagua izeneko kobazuloan, ohiko estalaktita eta estalagmiten artean, estalaktita berezi-berezi batzuk ageri dira: estalaktita eszentrikoak. Egitura hauek, beste lekuetan ez bezala eta beste inon baino gehiago, goitik behera "erori" beharrean, ezker-eskuin zabaldu eta sare moduko egitura ikusgarrietan biltzen dira. Elkar jo gabe, nork bere nortasunari eutsiz, baina, sarea behar den moduan egituratzeko, ondokoaren laguntza eta itzalaren babesean. Estalaktita hauek bezala, ezker-eskuin zabaldu eta, euskaraz hitz eginez, herri bat osatu dugu euskaldunok: Euskal Herria, euskararen herria. Gure arbasoek ez zioten beren buruari euskaldun alferrik deitu, ezta beren herriari Euskal Herria ere. Mintzairak nortasunaren adierazgarri dira, eta guk, euskaldunok, euskaraz mintzatuz adierazten dugu geure euskaldun izaera, euskaraz hitz eginez egiten dugu Euskal Herria.

Eta lan horretan Euskal Emakumeak izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi ditu korrika 15ek. Korrika 15ekin bat eginez, behean sinatzen dugun emakume euskaldun zein euskaltzaleok, belaunaldi, adin, mota, esparru eta ideologia guztietakoak, ezagunak eta ezezagunak, urtetan eta urtetan euskal emakumeok izan dugun indarra, adorea eta balioa azpimarratu nahi ditugu.

Garai desberdinetan zehar, emakumeok izan gara, euskararen aurka izan diren legeei aurre eginez, gure hizkuntza etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi dugunak. Dela gerra garaian, dela baserrian, dela itsasaldeko herrietan gizonak kanpoan zeudela,... euskal emakumea izan da, belaunaldiz belaunaldi, gotorleku garrantzitsua. Berak bermatu du gaur arteko transmisioa, eta ezkutuko lan hori ere azalarazi eta aldarrikatu nahi dugu.

Denbora aurrera joan ahala, eta Francoren diktaduraren edota Frantziako estatu jakobinoaren lege itotzaileek agindutakoaren kontra, ikastola, gau-eskola edota euskara elkarteak sortu eta berauei eusteko prozesuan euskal emakumeak izan duen paperaren garrantzia inork ukatu ez arren, ezta ukatuko ere, paper horren garrantzia azpimarratu eta plazaratu nahi dugu geuk ere.

Gaurko Euskal Herrian euskal emakumeak euskarari eta euskal kulturari eusteko egiten duen ahalegina ere begi-bistakoa da: hasi herri txikieneko gau-eskola edota eskola/ikastoletan, segi edozein kultur esparrutatik (kantagintza, bertsogintza, literatura, antzerkia, artea, dantza,...), eta Euskaltzaindiraino. Lekukotasun eta parte-hartze zuzen horiek ere geure errekonozimendu osoa dute.

Baina ondo merezitako ezagutza eta onarpena adierazteaz gain, etorkizunean, euskarak aurrera egin dezan, emakumeok izango dugun lanaren garrantziaz konturatuta, ekimen horretara geure indarrak batzeko konpromisoa hartzen dugu agiri honen sinatzaileok. Oraindik asko daukagulako egiteko, eta gaur fruitu hori jaso dugunoi aurrekoen lana aintzat izan eta lekukoa hartzea dagokigulako.

Geure konpromisoa adieraztearekin batera, dei egiten diegu bereziki Euskal Herriko emakume guztiei, bakoitzak bere esparruan eta bere ahalmenaren arabera, ikasiz zein erabiliz, gurekin bat egin dezaten. Eta horrekin batera, mundu bidezkoago bat erdiesteko bidean, parekidetasunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzea ezinbestekoa zaigunez gero, Euskal Herri osoari egiten diogu dei. Euskararen eta euskal kulturaren iraupen, berreskurapen eta etorkizunean denok izan behar dugulako geure eginkizuna, izan gizon zein emakume.

Euskal Herrian, 2007ko otsail-martxoan.

Leire Narbaiza 2007/02/23

Re: Korrika

ibon — 2007/03/15 14:14

epa, ni mutila naz eta manifestuarekin guztiz ados nago, baina manifestuan "behean sinatzen dugun emakume euskaldun zein euskaltzaleok" jartzen du, eta zalantza sartu zait. Dena dela, euskararen alde emakumeek egin daben lana benetan eskertzekoa dela uste dut, eta Korrikak eta AEK egindako omenaldia benetan merezia izan da, duda barik.



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz

 

egunkaria banner
udalbiltza banner

Sustatuko Zer erantzi atala

Txargaingo tontorretik dakusat

Anti-gona

Azken erantzunak
Ze eskatzen du herriak? leire, 2011/12/05
Bizitza Jozulin, 2011/12/03
To be continued... Ander, 2011/12/02
bazkaltzera Markos Zapiain, 2011/11/12
Udalek jarri daixela. Trebi., 2011/10/29
Etiketa lainoa
Adibidez Amamakipuleta Badihardugu Begitu Berde Biharrekuak Deportibua Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Gugan bego Ipad-a Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txangainen Txargaindik Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropa arropak baserritar jantzia berde bideoak biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri gprri hezkuntza hizkuntza gutxituak inorenak irakurketa irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak janzkera jokoak jolasak kalamuatik kalmuatik kolaborazioa kultureta kutureta liburuak lotsagabeak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu nickdutnik oinetakoak osagarriak ostutakoak ostutakuak puntua-jarrita sustatukoa teknologia tortura trenean uda udaberria udazkena urriñetik zer erantzi zinema üskara