Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera Artxiboa 2006 Iraila

Artxiboa Iraila 2006

Cibeles eta Corporación dermoestética

Egunotan hainbat komunikabidek darabilte “Pasarela Cibelesen” gertatu dena. Modelo emakumeak neurtu, pisatu; eta eragiketa matematiko baten bitartez, gorputz-masa zehaztu diete. Minimo batzuetara iristen ez zena kanpoan laga, eta ez diote lanerako aukerarik eman.

Hau guztiau anorexia eta bulimiaren kontrako neurrietan sartu dute. Eta egia da, desfilatzen ikusten ditugun emakumeak hezur eta azal baino ez dira. Altuak, meheegiak eta glamur-dunak. Hauek, seguru, eragina daukate neskengan; baina, eragiten duten bakarrak ote?

Zein da ematen den emakume irudia? Jakiteko, nahikoa dugu telebistan iragarki tarte bat ikustea: Kremak, 30 urtetik aurrera zimurren kontra; jogurtak andreen “linea” zaintzeko; azukre bako gozokiak emakumeendako, zerealak nesken hesteak kontrolatzeko;….

Eta Corporación dermoestéticaren gainean zer esan? Iragarki guzti-guztiak emakumeontzat dira, nahiz eta barizeak eta hortzen gainean jardun. Gizonezkoek ez omen daukate barizerik edo hortzik! Nik, behintzat, behar izanez gero, ez nuke joko bertara, itzelezko amorrua ematen didate eta. Hainbat iragarki iraingarriak ere begitantzen zaizkit. Gure duintasunaren kontra doazelako.

Altuak, ederrak, argalak, politak,ondo jantziak …perfektuak gura gaituzte. Langile eta sakrifikatuak izan behar dugu. Baina ez gara horrelakoak: kartutxerak dauzkagu, edo txikiak gara, edo ipurtandiak, edo zatarrak, edo ez-estandarrak. Eta zer?

Baliteke hori izatea publizistek bilatzen dutena: gure autoestimu falta. Horrela, hain inperfektuak izanda oso kontsumitzaile onak gara. Dena erosiko dugu: kremak, jogurtak, gozokiak, zerealak…

Perfekziorik ez dago, nik ez dut perfektua izan nahi. Ezta nahi ere perfekturik nire ondoan.Ez dut esango mutil guapo eta ederrak gustatzen ez zaizkidala, ez dut gezurrik esango. Baina edertasun biribila baino, gehiago gustatzen zaizkit tipo interesanteak. Beti gustatu izan zaizkit. Gainera, gero eta gehiago gustatzen zaizkit ile gutxiko mutilak, eta tripatxoa daukatenek ere badaukate morboa. Baina morboa ez diete ematen tripak edo alopeziak, morboa bada estiloan eta airean daukaten zerbait. Nahiago dut gizon interesante bat beste ezer baino. Eta emakumeekin ere berdin. Jende atsegina, dibertigarria eta elkarrizketa ona daukana. Hori dut gogoko.

Esan beharko genieke jostun, publizista eta Corporación dermoéstetica-koei burmuina ezin dela operatu! Lastima, negozioa pikutara!

Leire Narbaiza 2006/09/21

Eustakion alabia

Eibarren jende nagusixak “zein zara, ba?” galdetzen destanian, nik“Eustakion alabia” erantzutzen dot, eta beti nahikua izaten da jakitzeko zein naizen. Amak esaten dau arratoiak be ezagutzen dabela, zebela.

Izakeraz oso desbardiñak gara. Baiña berak laga dau nigan bere ikutua. Behin Serafin Basaurik (aittan laguna eta eibartarrak zerrendakidia) esan zestan: “hamen gure saltseria”, edo holako zeozer. Nere erantzuna izan zan:“Nolako zura, halako ezpala”. Serafiñek barre egiñ, eta errezoia emon zestan.

Munduarekiko kuriosidadia transmitidu zestan. Eremu guztiak dirala interesantiak. Baitta inplikaziñua eta konpromisua inportantzixia be. Horretan izan geinke antzekuak.

Gauza asko maittatzen erakutsi zestan: Gure ipoin tradizionalak, Eibar, mendixa, naturia,...eta euskeria. Euskera guztiak, baiña batez be Eibarko euskeria, nahi ta bera Durangokua izan….

Bere ipoiñ eta istorixak grabatzeko asmua nekan, banekixalako ez zetsela grabaziñorik egingo “Eibartarren ahotan” proiektorako, esan doten moduan Durango jaixo zalako...(ez dakixe ez daguala eibartarragorik eibartarra izatia erabagitzen dabena baiño!)

Baiña juan zan, espero baiño lehenago, abixau barik, dieciochodejulio baten...Ironiaz beteta dago Bizitzia eta Heriotzi...bera biktimia bi bidar izanda…

Izan leike blog honetan sekziño barrixa zabaltzia: “Eustakion ipoiñak”. Lantzian lantzian, berak guri kontautako anekdota, ipoin, kontakizun, leienda urbanuak...hamen lagatzeko, eta neri emon zestazen moduan, zeueri emoteko

Loibarik ez zeban ezagutu. Horrek pena ikaragarrixa emoten desta, holan bere ahotik entzungo zeben ume hórrek aittittak kontautakua. Baiña, ezin danez, zuek eta zuen umiak jaso ahal izango dittue blog honen bittartez.

Ez ahaztu! Leire naiz, Eustakion alabia

Leire Narbaiza 2006/09/11

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz
 


Txargaingo tontorretik dakusat

Zer erantzi (Sustatu)

Anti-gona

 

Azken erantzunak
Litxarreria larroxak Jone Arroitajauregi, 2010/03/18
nire iritzia leire, 2010/03/17
zein da arazua? asier, 2010/03/16
Girls juan, 2010/03/15
Soldadu baten adierazpena Aitziber Iriarte Garin, 2010/02/26
Etiketa lainoa
Amamakipuleta Berde Biharrekuak Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropak baserritar jantzia berde biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri hizkuntza gutxituak irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak kalamuatik kalmuatik kultureta kutureta liburuak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu oinetakoak ostutakoak puntua-jarrita sustatukoa trenean uda udaberria udazkena urriñetik üskara