Eslovenia, mon amour
Izango dira lau bat urte Eslovenian izan nintzela oporretan. Zelako herrialde ederra! Euskal Herriaren tamainakoa, bi milioi pertsona inguru bizi dira. Kostaldea (gutxi), Mediterraneoa. Mendia (asko) Alpeak. Lakuak, kobazuloak, errekak (eslovenieraz, erreka reka esaten da), eliza margotuak ..oso polita
Jendea ere lasaia, abegitsua, laguntzeko prest. Gidatzen oso pazifikoak, denak zebra-bideetan gelditzen ziren, jendeak izozkia jaten eta begiratu gabe pasatzen zituen. Errepideetan ez bozinarik ez makarradarik, dena trankil. Guk haluzinatu egin genuen!
Eta komun publikoak? Horrelakorik ez dut sekula ikusi! Garbiak, beti paperarekin, eskupainuekin, xaboiarekin Gu ez gaude ohituta.
Oso esanguratsuak begitandu zitzaizkigun xehetasun horiek, detaileetan baitago izaeraren isla. Pentsatu genuen horiek guztiak edukazio onaren seinalea zirela, eta bertan heziketa primatzen zela.
Ez omen genbiltzan txarto. Durangoko azokara idazle esloveniar bi ekarri dituzte. Berrian irakurri dut euren literaturaren berri eta orduan bai haluzinatu dudala! Hainbeste liburu argitaratu, hainbeste idazle eta hainbeste mailegu! Zoratzekoa da!Zibilizazioa horixe da. Hau guztiau heziketa bitartez baino ez da lortzen, eskolan familian, lagun artean. Zelan egin? Inoiz helduko ote gara euren mailaren erdira?
Horrela balitz, izan liteke hobeto gidatzea eta komun garbiagoak izatera?
Ekin Ukan, ekin
Badakit hainbat blogarik dagoeneko egin dutela berba Ukanen gainean. Seguru ez dudala ezer berririk esango, baina ezin isilik gelditu!
Hasieran birusa gora brusa behera ibili ziren esan barik zer zen. Gero kanpaina aurkeztu zuten. Niri ez zitzaidan argi geratu zein zen euren asmoa. Eta aste batzuk pasatu diren arren, oraindik ere ez zait garbi gelditu zer gura diguten transmititu.
Eslogana entzun nuenean, iruditu zitzaidan Euskaltelen eslogan birziklatua. Ez dago alde handirik eki, poliki-tik ekin ukan, ekin-era. Lehengoak oso txarto irten zien. Publizitate enpresa bera den ez dakit. Hala bada, aldatu gauzatxo batzuk, eta listo! Horrela ez bada, kopia hutsa. Eta kopina, zer begitantzen zaizue kopina? Enfin!
Nori dago zuzenduta kanpaina? Zein da helburua? Zein da mezua? Elkarbizitza? Elebidun izatea guai dago?
Euskarak behar ditu publizitate kanpainak, dirua, kontzientziazioa, borondatea, maitasuna, militantzia, irudi ona, milaka gauza. Baina ondo pentsatuta. Lotsagarria ikusten dut hainbeste diru gastatzea ezer ez transmititzeko. Bihar euskararen eguna delako? Lartxo, ezta?
Askotan galdetzen diot neure buruari euskara ez ote den gure agintariendako apaingarri hutsa, oso ondo geratzen dena, bitxia, tolerantzia eta zabaltasuna adierazten duena; hau da, hizkuntza-flororeroa. Denok entzun dugu emakume-flororero-ena eta ondotxo dakigu zer den. Bada, orain hizkuntza-flororeroa ere badaukagu. Bestela egin errepaso bat: euskal hiriburuetako alkateak: 0 euskaldun. Europako parlamentuan parlamentari euskaldunak: 1 (Iturgaiz). Eusko Jaurlaritzako sailburuak: emakumeak uste dut denak direla euskaldunak (uste dut), gizonezkoak hezkuntzakoa baino ez. Ibarretxek bai, ikasi du, eta berea onartu behar zaio. Baina Zenarruzabeitiak? Tira, euskalduna da, bai, euskaldun zaharra, baina aurrekontuez hitz egiten duenean, badirudi amarekin ari dela eguraldiari buruz berbetan; ez du hobetu ezer.
Eskaparatismoa egiten dihardute; hau da, kanpotik polito apaindu baina barruti hutsik dago. Opari merkeekin bezala: erregalu kutrea baina paper eta lazo zoragarriak.
Ez dago benetako borondaterik. Konbentzituta nago. Xamarrek euskara salbatuta dagoela dioen arren, ni ez nago batere konbentzituta. Ez da aintzat hartzen, eta beti hamargarren mailako gaia da.
Komunitate autonomoan, gainera, susmo bat hartzen ari naiz, ez ote garen Euskaldunon Egunkaria sortu zeneko sasoira itzultzen. Habe egin zuteneko denboretara. Patxi Baztarrikan azken adierazpenek eta Elebide egiteak, susmo hori dakarkidate. Ez dakit orain zertara datorren Kontseilua kolokan jartzea. Amen-amen egiten ez dietelako ote?
Kokoteraino nago florero izatearekin. Hobe genuke euskarak gutxiago dekoratu eta gehiago erabiliko balute euren eguneroko bizitzan
San Andres eguna
Atzo San Andres eguna izan zan, Eibarko patroia. Baziran urte batzuk egun hau disfrutatzen ez nebala, ixa beti Eibartik kanpora bihar egiñ izan dot-eta. Gaiñera, askotan bizperia eta egunan artian erabagi bihar izan dodanez eta beti gabak irabazi dabenez gitxittan ibili naiz egun honetan.
Hau da atzo arrapataka idatzittako kronikatxua, asko pentsau barik.
Egualdixa, primerakua; hotz baiña eguzkixa. Basarrittar jantzitta juan naiz lagunan etxera, hantxe lau mosketeruok (Beñat, Larraitz, Eli eta laurok) atondu dittuguz gure erropok. Hango paiñelua, pololua, gerrikua! Luzaruan ibili gara, gantxuak, katekorratzak eta orratzak ipiñi eta kendu atzera be jartzeko.
Askondako mozorrua izan leike, koko janzteko erropia; baiña mokor, ipurdi eta girgil guztiak agerixago lagatzen badittu be, mesa kamilla baten moduan, ni ikaragarri gustora ibiltzen naiz holan. Buruko paiñeluak be ez detsa estanpiari laguntzen, talo arpegixa geratzen jaku-eta. Halan da be, ni pozik.
Halako baten, urten dogu guapo-guapo. Tira, Larraitzek zuzendu destanez guapos y guapas.
Untzagara jeitsi eta talua txorixuaki. Makaleko illaria zeguan aek-ko talo-postuan! Bertan geguazela, hasi da Dantzara Plazara ekitaldixa. Momentuan desagertu jakuz talua eta txorixua. Gure txikixak jan deskuez, oso-osorik, guk haginkada bakarra emon ostian.
Dantza eta dantza. Zenbat disfrutau. Sarrixago egin biharko geunke holako zeozer. Gustora benetan. Lagunekin berba egin, dantzan ibili, zoragarri. Hori bai, ixa danak neskak giñan. Gutxi batzuk mutillak. Ume guztiak, neskak. Amak kejau egin dira, euren mutikuak ez dabelako dantzarik egitten, baiña eredu maskulinorik ez badake, zelan animauko dira, ba? Mutillak jakingo balebe ze erakargarrixak diran dantzan dabizenian ni iñoiz enamorau izan naiz, benetan, dantzarin batekin plazan ikusi ostian Hori jakin ezkero, dantza-taldiak mutillez beteko litzakez!
Hori bai, eguerdikuakin dana amaittu da. Arratsaldian, ezer be ez. Ez dau deretxorik! Jaixa egun guztirako izan biharko litzake. Udalak ez dau ezer egitten hori suspertzeko. Jaixa amatatzen doia, eta holan jarraittu ezkero, jai popularrak juango jakuz.
Baiña arratsaldian lanera. Kostau jata, baiña hain ondo ibili naizenez, eguna doblia pentsau jata. Danak holakuak balitzaz!
Urte bete blogeatzen
Zorionak blogari, zorionak blogari, zorionak Gaur urte bete idatzi neban lelehengo post-a blog honetan. Guzurra dirudi!
Munduko zalantza guztiekin hasi nintzan bertan idazten. Erdi ezkutuan, esateko. Poliki-poliki, hasi naiz konfiantzia hartzen, eta gero eta gitxiago ardura desta jentiak jakitzia blog bat dakadala. Beti dago puñeteroren bat arpegi arraruak jarri, friki deittu eta adarra jotzen ahalegintzen dana. Ez jata gustatzen, baiña umetatik esan deste raria naizela; hortaz, ohittuta nago.
Pretensiño barik hasi neban bloga. Idaztia beti gustau izan jata, baitta nere eritxixa emotia be. Oiñ, orri honeri esker, nahi dodana, gura dodan moduan esateko aukeria dakat; gaiñera, edozeiñek erantzutzeko aukeria eukitta, askoz aberasgarrixagua da.
Ez naiz idazlia, ez naiz kazetarixa. Hori argi dakat. Ez zan nere helburua bestion gaiñian jartzia pontifikatzen. Hau nere txokua baiño ez da. Neria eta hurreratzen dan edozeiñena.
Blog hau eukitziak ideak ordenatzen lagundu desta. Pasau dodan annus horribilis honetan rebulsibo bat izan da, barruan nekazen hainbat ardura eta kezka kanporatzeko baliagarrixa.
Nere lagunak ez detse larregi erreparau, baten batek esan desta zeozer baiña ezer gutxi ardura detse. Famelixakuok iñoiz ez dira sartu, ezta kotilletzera be. Hori bai, ez dabe nahi euren gauzarik aittatzerik! Egixa esan, nere ego-an horrek izan dau eragiña: ez detse ardura egitten dodana. Baiña eurak galtzen dabe; Berriako blogtekak eta ikasbil-ek be artikulo bana etara deste. Uno kon otro
Iban Arantzabalek hitzaldi baten esan ei zeban euskerazko blog asko txarrak dirala. Gure Ibanek, seguru nago,"Txargaindik Kalamuara" txarra dala pentsauko dabela. Egixa esan, on batek urtetzeko txar asko egon bihar dira, ezta? Nik nere esparrua betetzen dot, eta modan daguan Long tail edo buztan luzia euskeraz (Ze txarto emoten daben!) hamen nik botatakuak badaka nork jaso. Bloglinessen 17 harpidedu dittut, Iturrin sailkapenian sartzeko moduan nago!
Beste batzuek, Diego Martiartuk Berrian esan zeban moduan, querido diario, nobixuak abandonau nau estiloko blogak ei dira, eta blogarixok gure problemak kontatzen dittugu adoleszentiak izango bagiña moduan. Nik ez dakitt ze espero zeben, goi politika, goi maillako kritika literarixua, pensamiento filosofikua Raria izan arren, normalegixa naiz. Blogari izatiak ez desta dohain berezirik emoten. Tira, Diegori edozer parkatuko neuskixo, magisterion berakin oso ondo pasau gendualako. Ez dau txispia galdu!
Blogak ez desta buruko miñik emon. Pozak baiño ez destazela ekarri esango neuke. Jozulinek blogerako idearik ez eukitziak ekartzen zetsan kezkia aittatu eban lehengo egunian. Neri gitxittan pasau jata hori. Ixa beti zeozer dakat erdi landuta publikatzeko. Badakadaz pare bat gogorregixak, eta seguru nago iñoiz ez dittudala publikauko. Baiña idazte-ariketak dira, ez gehixago.
Hau da urte honek emon destana. Espero dot, hamendik aurrera dana hobetzen juatia: idatzixak, bloga, nere egoeria, eta erantzun kopurua :-).
Hortaz, eskerrik asko irakorri eta idatzi dozuen guztiori, blog hau neria da, baiña neurri haundi baten zeuena be bai Besarkada bat eta laztan asko
Minduta sentitzen naiz
Minduta sentitzen naiz. Danok eskubide berak dittugula diñue, baiña guzurra da. Ni emakumia naiz eta ez dakaraz anaiak dittuan eskubide berak.
Gure aitxak soziedadia zekan, Jaiki soziedadia; soziedade talibana, benetan. Haundixa, toki onian daguana, hainbat edadetako gizonak dakana. Ez zeban kuadrilla betek sortu. Hori argi dago. Hasieratik.
Oin aitxa falta dogula, andrazkuok ez dakagu eskubiderik. Lehengo, gure ama ez da ezer eurendako: ez daka eskubiderik, eta kitto! Alargunduta, paria bihurtuta. Bigarrenik, anaiak badaka eskubidia: ondo, primeran ikusten dot. Eta hirugarrenez; ahiztiak eta bixok ez dakagu iñungo eskubiderik: oso-oso txarto, andrazkuak izatiagaittik. Baiña txarrena da, gehixen sututzen nabena, gure senarrak badakela eskubidia. Hau da, ezkonduta-edo egon ezkero, kanpoko batzuek badakela eskubidia. Umillauta sentitzen naiz, bigarren edo hirugarren maillakua; ez naiz persona zakillik ez dakatelako. Nire inteligentziak ezin dau ulertu.
Aitxari sarrittan esan netsan, esan gentsan ze bidegabia zan. Pakian lagatzeko esaten zeskun, gauzak holakuak zirala. Baiña, orduan be Eustakiok harrittu ginduan, atzera be.
Ikasle bat soziedadeko bazkidia zan, eta hurrengo egunian ez zala etorriko esan zestan urteko batzar hórretako bat zekelako. Hurrengo astian galdetu netsan ia ze moduz juan zan, eta formal ibili ziran. Berak baietz eta ia gure aitxanari zer eristen netsan. Jakiña, nik ez nekixan ezer. Gure aitxak ez zeban bere gauzarik kontatzen. Orduan jakin neban aitxak ruegos y preguntas aillegau zanian andrazkuen eskubidien gaiñian galdetu zebala. Hiruk edo (tartian nere ikaslia) alde urten zeben, baiña sekulako iskanbilla sortu ei zan.
Gurasuen etxera jaun nintzanian eskerrak emon netsan. Berak garrantzixa kendu zetsan aprobau ez zalako, eta ia hortik aurrera ixiltzen nintzan esanez. Benetan emozionau ninduan.
Holan ezagutu neban Eustakion beste alderdi bat, entzun eta konprenditzen dabena. Aitxa konturatu zan esaten genduana arrazoizkua zala, eta gu defenditzen ahalegindu zan. Bere apaltasuna be agerixan laga zeskun.
Gure aitxa ez zan oso modernua eta soziedade horretako zaharrenetakua zan. Zegaittik ez dakagu eskubiderik? Euren igualak ikusten ez gaittuelako, gizarte parekidia benetan nahi ez dabelako. Nora goiaz holan? Iñora be ez
Plazer txikiak (I)
Behin, lagun batzuekin plazer txikien garrantziaz jardun genuen. Bagenekien plazerak ezinbestekoak zirela gure bizitzan, baina askotan plazer handi eta supremoen gainean egiten dugu berba, eta ahaztu egiten ditugu plazer txikiak egunerokotasunean zer garrantzia duten. Zoriontasunerako zubiak dira, bizitza gozoago eta ederrago bihurtzen dute. Eskerrak eurei!
Lagunon artean zerrenda bat egin genuen eta nik orain nire plazer txikiak zerrendatuko ditut. Plazer txikia da kaltzetinak kendu eta hazka egitea; gaupasa egin ostean, armozatzera joatea; barixakuetako lehenengo garagardoa; hondartzan bainatu eta sikatu barik, etzan eta eguzkitan lehortzea; liburu-dendetan liburu berriak ukitzea eta usaintzea; liburu bat liburutegian aukeratzea; libururen bat irakurtzen hastea; gustuko liburuaz lagunekin hitz egitea; udako ekaitzetan lur busti usaina; udazkenean mendian paseatzea; udazkeneko hego haizea (baina aspirina hartuta); ostoak gorritzen-horitzen-marroitzen ikustea; gaztaina erreen usaina kalean; neguko eguzkitan jesartzea;lehelengo sanjose loreak ikustea; anbulatorioko parkeko arbolak loretan; lehenengo gereziak jatea; mimosen eta ezkien loreen usaina; Patxi Traperoren bloga irakurtzea; eibartarren zerrendan eztabaida biziren bat izatea; aspaldiko lagun baten e-maila jasotzea; erantzun berria zure blogean mezua hartzea; nire ikasleen irribarrea; Matrallakoko batzar-osteak; eguenetan Amaia eta Elirekin bazkaltzea; zapatuetan mundua konpontzen ematen dugun debora; etorriko zara gure etxera afaltzera? Beñatek pena aurpegiz galdetzea; Larraitzek Leire, Leire, ikusi nire ikastolako fitxak! esatea; Klub Deportibokoekin eta Klub Deportiboan egindako ia edozein gauza; izara jarri berrietan oheratzea; domeketan berandura arte lo egitea; aje egunetan, manta gainean dudala, film erromantikoa ikustea; Ruperren edozein kantu entzutea; leienda urbano bat aditzea; neba-arrebekin etxean arratsaldea eman, eta ume sasoira itzultzea; Goñiko lagunen berri izatea; ume txiki bat besoetan hartzea; lagun astopotroen besarkadak; Anboto eta inguruko mendiak ikustea; goizeko zukua (sagarra, azenorioa eta laranja); kafe egin berriaren usaina; gidatzean leihatila zabaldu eta haizeak ematea; sandalietan ibiltzea .
Hauek , eta ahaztuta utzi ditudan beste askok laguntzen didate zoriontsuago izaten. Plazer handiak bezain inportanteak direla esango nuke, erraz aurki ditzaket eta. Horiei esker egiten dugu aurrera. Niretako ezinbestekoak dira!
Euskeriak lotsia emoten desku
Ez naiz Donostiako Zinemaldian egon, baiña telebisiñotik jarraittu dot. Galetan ez da euskeria existitzen. Gabon, eskerrik asko. Kitto! Amaittu da. Hori da Zinemaldixan bihar dan euskeria.
Beti aurkezle bi egoten dira: Edurne Ormazabal eta aktore espaiñiar bat. Edurne Ormazabalek esaten dittu hórrek berba horrek eta beste guztia gaztelaniaz, edo inglesez. Aktore espaiñiarrak, jakiña, gaztelaniaz baiño ez dau egittten.
Aurten inaguraziñuan Marisa Paredes egon da. Bai, Auria enea aurrian egon zan berbera, Manos limpiasekuekin, Ibarretxen dimisiñua eskatzen. Aktore ona izango da, baiña aurkezle kazkarra betetan. Behin baiño gehixagotan sartu zeban hankia. Horregaittik ez dot aitzen zelan hartu zeben. Ez dot konprenditzen.
Ez dogu iñoiz ikusiko aktore euskaldunik aurkezten, ezta baskorik be. Nahikua kategorixa ez dake. Badirudi pleitesia zor detsala Zinemaldixak espaiñiako aktorieri. Festibala Salamancan bardin-bardin. Zelako tritistia.
Euskeriak ez daka glamurrik, euskaldunok ez dakagu glamurrik. Jakiñekua da basokuak garana, takarrak, ikasi eta hezi bakuak, eta gaiñera zatarrak. Zelan jantziko gara, ba, soiñeko luzez eta trajez? Ez, ezkutau egin bihar gaittue irudixa zikindu ez deigun. Horreri soziolinguistikan autogorrotua deitzen jako.
Legia hausten dabiz. Euskeria ofiziala da. Baitta Donostian be. Itxieran eskerrak emon zetsen. Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru aldundiari, Kutxari eta Eusko Jaurlaritzari. Geure diruakin dago antolatuta. Ez dau legia betetzen. Eta dirulaguntzak jasotzen jarraitzen dau. Lotsagarrixa.
Euskeriak prestigiua emoten detsen ekitaldixak bihar dittu. Ezinbestian. Eredu billa gabiz. Gure gaztiak hizkuntziakin atxikitzeko. Baiña betiko moduan, aukerak alperrik galtzen gabiz. Eta galdera bat, Zinemaldixa Bartzelonan balitza, hizkuntza tratamientua bardiña izango litzake?
Bideak
Barikuan Elgetako Espaloia kafe antzokian izan nintzen Aukeran dantza konpainiak eskainitako Bideak ikuskizunean. Lana garaikidea da, baina euskal dantzetako urratsak ditu oinarri. Nire asmoa ez da kritika egitea, egia esan gustatu ez zaidan zer edo zeri ez nioke publikoki egurrik emango, ni ez bainago kualifikatuta horrelakorik egiteko. Beraz, trankil ibili. Hori bai, koipea ematea ere ez zait gustatzen.
Hainbat pausu erabili dute koreografia muntatzeko, eta batzuk konstanteak dira Aurreskukoak kasu. Nik gustuko ditut gure urrats tradizionalak erabiltzea dantza garaikidea egiteko, eta orokorrean gustatu zitzaidala esan behar dut.
Momentu batzuetan Lord of the dance, Mayumaná, Le cirque du soleil eta Ballet de Biarritzen eragina topatu nion. Horrek dakarren gauza on eta txar guztiekin. Gutxien gustatu zitzaizkidanak zati bi izan ziren: arropa beltz-zuriekin agertu ziren koadroa, eta azken zatia. Arropa beltz-zuria erabili zutenean hainbat ekilibrio eta akrobazia egin zituzten, baina ez nuen ikusten zelan akoplatzen ziren koreografian, fortzatuak iruditu zitzaizkidan. Azken zatiaren ideia ederra eta estetikoa begitandu zitzaidan lokarri zuriekin, Aurreskuaren estatikotasuna apurtzeko erabili zituzten mugimenduak ., baina uste dut mugimendu horiek gehiago sakondu behar dituztela.
Asko disfrutatu nuen dantza soltea oinarritzat hartuta egin zituzten lotura batekin eta beste koadro batekin. Loturak Derbitxeen mugimendua gogorarazi zidan, eta koadroak umetan egiten genuen esku-joko bat: sehaskarena (hari bat hartu eta biren artean mugimendu batzuen bitartez eta haria elkarri pasatuz, sehaska bat egin). Horrela dantza soltea zinta-dantza bihurtu zuten. Hori bai, dena lotu ostean ez zuten askatu, eta ondotxo dakigu hori izaten dela gaitzena
Koadroen artean eta lotura egiteko neska bat irteten zen panderoa jotzen eta kantuan. Perkusioa zen oinarria eta sarritan erritmoa baino ez zen markatzen dantza egiteko, musika barik. Nire iritziz, horrek indar handia ematen dio ikuskizunari. Pena da kantuaren letra ez zela apenas ulertzen.
Arropari ere tarte bat gorde behar diot. Ez nuen pentsatzen mutilak hain guapo egongo zirenik gonekin. Egia esan, gonaren bueloa beti oso estetikoa izaten da.Lehenengo gona ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta, gainera, batzuetan deseroso gertatu zitzaielakoan nago, batzuek salto egitean zapaldu egin zuten-eta, luzeegiak zirelako.
Eta dantzarien gainean zer esan! Zelako gorputzak, fondoa, erresistentzia. Pare bat dantzari ia ikuskizun osoan egin zuten dantzan. Itzela! Ea nork agoantatzen duen intentsitate horrekin espektakulu osoa.
Azkena Elgetako Espaloi kafe antzokiaz. Bere txikitasunean proiektu sendoa eta ederra egin dute, Eibarrek, adibidez ez daukana. Zorionak baino ezin dizkiet eman. Hurrengoan kontsumituko dugu, garagardo bat-edo! (Ez haiz kejauko, ez dok Iban?)
Cibeles eta Corporación dermoestética
Egunotan hainbat komunikabidek darabilte Pasarela Cibelesen gertatu dena. Modelo emakumeak neurtu, pisatu; eta eragiketa matematiko baten bitartez, gorputz-masa zehaztu diete. Minimo batzuetara iristen ez zena kanpoan laga, eta ez diote lanerako aukerarik eman.
Hau guztiau anorexia eta bulimiaren kontrako neurrietan sartu dute. Eta egia da, desfilatzen ikusten ditugun emakumeak hezur eta azal baino ez dira. Altuak, meheegiak eta glamur-dunak. Hauek, seguru, eragina daukate neskengan; baina, eragiten duten bakarrak ote?
Zein da ematen den emakume irudia? Jakiteko, nahikoa dugu telebistan iragarki tarte bat ikustea: Kremak, 30 urtetik aurrera zimurren kontra; jogurtak andreen linea zaintzeko; azukre bako gozokiak emakumeendako, zerealak nesken hesteak kontrolatzeko; .
Eta Corporación dermoestéticaren gainean zer esan? Iragarki guzti-guztiak emakumeontzat dira, nahiz eta barizeak eta hortzen gainean jardun. Gizonezkoek ez omen daukate barizerik edo hortzik! Nik, behintzat, behar izanez gero, ez nuke joko bertara, itzelezko amorrua ematen didate eta. Hainbat iragarki iraingarriak ere begitantzen zaizkit. Gure duintasunaren kontra doazelako.
Altuak, ederrak, argalak, politak,ondo jantziak perfektuak gura gaituzte. Langile eta sakrifikatuak izan behar dugu. Baina ez gara horrelakoak: kartutxerak dauzkagu, edo txikiak gara, edo ipurtandiak, edo zatarrak, edo ez-estandarrak. Eta zer?
Baliteke hori izatea publizistek bilatzen dutena: gure autoestimu falta. Horrela, hain inperfektuak izanda oso kontsumitzaile onak gara. Dena erosiko dugu: kremak, jogurtak, gozokiak, zerealak
Perfekziorik ez dago, nik ez dut perfektua izan nahi. Ezta nahi ere perfekturik nire ondoan.Ez dut esango mutil guapo eta ederrak gustatzen ez zaizkidala, ez dut gezurrik esango. Baina edertasun biribila baino, gehiago gustatzen zaizkit tipo interesanteak. Beti gustatu izan zaizkit. Gainera, gero eta gehiago gustatzen zaizkit ile gutxiko mutilak, eta tripatxoa daukatenek ere badaukate morboa. Baina morboa ez diete ematen tripak edo alopeziak, morboa bada estiloan eta airean daukaten zerbait. Nahiago dut gizon interesante bat beste ezer baino. Eta emakumeekin ere berdin. Jende atsegina, dibertigarria eta elkarrizketa ona daukana. Hori dut gogoko.
Esan beharko genieke jostun, publizista eta Corporación dermoéstetica-koei burmuina ezin dela operatu! Lastima, negozioa pikutara!
Eustakion alabia
Eibarren jende nagusixak zein zara, ba? galdetzen destanian, nikEustakion alabia erantzutzen dot, eta beti nahikua izaten da jakitzeko zein naizen. Amak esaten dau arratoiak be ezagutzen dabela, zebela.
Izakeraz oso desbardiñak gara. Baiña berak laga dau nigan bere ikutua. Behin Serafin Basaurik (aittan laguna eta eibartarrak zerrendakidia) esan zestan: hamen gure saltseria, edo holako zeozer. Nere erantzuna izan zan:Nolako zura, halako ezpala. Serafiñek barre egiñ, eta errezoia emon zestan.
Munduarekiko kuriosidadia transmitidu zestan. Eremu guztiak dirala interesantiak. Baitta inplikaziñua eta konpromisua inportantzixia be. Horretan izan geinke antzekuak.
Gauza asko maittatzen erakutsi zestan: Gure ipoin tradizionalak, Eibar, mendixa, naturia,...eta euskeria. Euskera guztiak, baiña batez be Eibarko euskeria, nahi ta bera Durangokua izan .
Bere ipoiñ eta istorixak grabatzeko asmua nekan, banekixalako ez zetsela grabaziñorik egingo Eibartarren ahotan proiektorako, esan doten moduan Durango jaixo zalako...(ez dakixe ez daguala eibartarragorik eibartarra izatia erabagitzen dabena baiño!)
Baiña juan zan, espero baiño lehenago, abixau barik, dieciochodejulio baten...Ironiaz beteta dago Bizitzia eta Heriotzi...bera biktimia bi bidar izanda
Izan leike blog honetan sekziño barrixa zabaltzia: Eustakion ipoiñak. Lantzian lantzian, berak guri kontautako anekdota, ipoin, kontakizun, leienda urbanuak...hamen lagatzeko, eta neri emon zestazen moduan, zeueri emoteko
Loibarik ez zeban ezagutu. Horrek pena ikaragarrixa emoten desta, holan bere ahotik entzungo zeben ume hórrek aittittak kontautakua. Baiña, ezin danez, zuek eta zuen umiak jaso ahal izango dittue blog honen bittartez.
Ez ahaztu! Leire naiz, Eustakion alabia

