Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Ahozko azterketak egiteko aholkuak

Ahozko azterketak egiteko aholkuak

Leire Narbaiza 2015/06/12 11:55
Euskadi irratiko Faktoria saioan 2015eko ekainaren 12an egindako kolaborazioa

Azterketa sasoi bete-betean gaude. Ikasle guztiak aztoratuta dabiltza etorkizuna baldintzatuko dieten probengatik. Etsamina guztiak dira latzak, baina esango nuke latzenetan latzena ahozko proba izaten dela, hizkuntza bat ikasten ari direnentzat, behintzat. Izan ere, ahozkoan astirik ere ez dago pentsatzeko eta urduritasunak eta esanezinak sarri askotan gure ahoaren jabe egiten dira eta ez digute lagatzen dakiguna behar bezala adierazten. Horregatik aholku batzuk eman nahi diet trantze horretan daudenei.


Aurreko egunetan ahalik eta jende gehienarekin hizkuntza ikasi berri horretan egiteko esango nieke. Euskararen kasuan errazagoa da baina atzerriko hizkuntza denean, ahalik eta gehien entzun eta irakurtzeko gomendatzen dut. Lehenagotik egin beharreko kontua beharko luke, baina azken txanpa honetan murgiltzea osoa izan behar da.


Artegatasuna, urduritasuna arintzeko egun batzuk lehenago belar bedeinkatua (Valeriana officinalis) hartzea komeni da. Batzuek piluletara, kimikara jotzen dute, baina ez dut gomendatzen, inoiz ez delako jakiten egun horretan nola erantzungo duen gure gorputzak. Ez da komeni erlaxatuegi egotea, gainera. Belar bedeinkatuak, agian, ez dizue ezer egingo, baina kalterik ere ez.

Bezperan, apunterik-eta ez begiratzea gomendatzen dut. Norbaitek zerbait “egin” nahi badu, lehentxeago esan dudan moduan, irratia entzun, telebista edo film bat ikus ditzala; baina aditzak birpasatu, deklinabidea begiratu edo hitzen zerrenda buruz ikasteak ez du ezertarako balio. Bestalde, ondo lo egitea eta deskantsatuta joatea komeni da. Beraz, bezperan ez egin parrandarik, eta formal eta lasai ibili.


Azterketa egunean, aurretik, zeuen buruarekin ere berba egin hizkuntza horretan. Burmuinak isiotu behar du hizkuntza horren espazioa, aktibatuta eraman. Ondo gosaldu edo bazkaldu. Ez larregi, baina ez gutxiegi. Tripa-zorriek azterketa sasoian ez dute laguntzen.


Janzteko orduan guapo jantzi. Ez ezkontza baterako legez, baina zeuen buruarekin ondo sentitzeko moduan. Konfiantza eta indarra ematen du ispiluan begiratu eta ondo ikusteak. Era berean, arropa  erosoa izan behar da: laga alde batera estutzen duten janzkiak, zapata deserosoak, edo ez-seguru sentiarazten zaituztenak (zabaltzen diren botoiak, jausten diren bularretakoaren tiranteak, estutzen duten lepoaldeak,...). Azkenean arropa horren deserosotasunak ez zaituzte bakean lagako eta ezin kontzentratuta ibiliko zarete. Halakorik ez zaigu komeni!


Era berean, ez eraman traste askorik. Utzi iduneko handiak etxean, eskuturreko zaratatsuak, karpetak, erosketak eta abarrak. Eramatea beste aukerarik ez baduzue, utzi itzazue lurrean. Altzoan jarriz gero, jausi eta labainduko zaizkizue eta lotsa besterik ez duzue sentituko.

 

Beste alde batetik, gogoratu aztertzaileak irakasleak direla eta ziurrenera ikasleak izango dituztela zuek pasatzen ari zareten trantze berean. Normalean, azterketan gure ikasleen azalean jarri eta haiek tratatuko genituzkeen moduan tratatuko zaituztegu. Etsaiak baino, lagunak dira.


Zuen kidea ere laguna da (orain binaka egiten dira ia ahozko guztiak). Ez da lehiaketa. Biok gainditu zein suspenditu dezakezue. Elkarlanak puntuatu egiten du, gainera. Sartu baino lehenago egin bion arten berba, izan konplize. Baliatu horretaz.


Eraman ura. Urduritasunak ahoa lehortzen du eta mihia ahosabaian itsasten da. Horrek urduritasuna areagotu besterik ez du egiten. Urak lagunduko dizue. Telebistan ere “ur pixka bat” eskatzen dute une larri bat eteteko. Lasaigarria da.


Galdetu, esan, izan naturala. Zerbait korapilatzen bazaizue, errepikatu ganoraz. Ez da ezer gertatzen. Izan adeitsu. Agurtu barrukoak, egin irribarre, aurpegi serioak baino puntu gehiago lortzen dituzte sinpatia erakusten dutenek!


Animo!!!! Eta bego zuekin indarra!

Mikel
Mikel dio:
2015/06/12 23:04
Eskerrik asko aholkuengatik. Saiatuko naiz ahal den gehiena hizkuntza horretan irakurtzen eta entzuten (ia ez dut tutik ulertzen baina parabolikoan kanal bi ditut).

Baina hiztegiarena... hori zailago ikusten dut. Alemanieraz dakien bat beharko dut ondoan ;)
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2015/06/15 13:02
Aupa, Mikel!

Ea zorterik daukazun, eta urduritasuna menderatzen duzun! Gero kontatu!
Daniel
Daniel dio:
2016/07/11 14:14
Ba hori guztia egin eta penko galanta jaso nuen, aurreko egunetan irakasleek ondo nebilela esan arren. Urduritasunak menderatu nau honako honetan. Triste samar nago, eta konfiantza galdu dut. Dena den, hurrengoan saiatuko naiz berriro. Lortu arte.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua