Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne

Politiko blogariak eta bere manifestuak

Josu Mendicute 2008/09/24 13:07

Política 2.0 ebento horren harira. Ezin dut eutsi Patxi López kritikatu gabe. Neure onetik ateratzen nau gizon honek. Hara ze polita, idatzi zuena. Pozik esaten du nola sinatu duen dekalogoa, "manifiesto del político bloguero (poli-blogger)". Hara, bigarren eta hirugarren puntuak:

2.- Permite la conversación en los comentarios y conversa personalmente.
3.- Escucha y lee a otros mucho más de lo que escribas. (que tus orejas sean más grandes que tu boca: 2x1= 1 boca + 2 orejas)

Nik askotan egin ditut komentarioak López-en bloguean eta sekula ez nau erantzun. Post horretan ere, jarri nion:

"Pues Patxi, a ver si nos vamos aplicando lo que firmamos.

"2.- Permite la conversación en los comentarios y conversa personalmente."

Nunca me responde usted. Y ya le he comentado unas cuantas veces."


Nere uste apalean, blogariek ez dute zertan dekalogorik firmatu, norberak nahi duena eta nahi duenean esan dezala. Politikari blogariek berdin, nire ustez ez dute zertan dekalogorik sinatu behar. Baina inork zerbait sinatzen badu, bete dezala.

Blogetan norbera den bezalakoa islatzen da askotan. López espertoa da, ez interneten bakarrik, gauza bat esan eta bestea egiten. Manifestu hau sinatuz hori ederki demostratzen du.

Barkatu, arren, nire lagun sozialistok (asko zaudete-eta). Ezin nion purrustadari isilean eutsi.

Militarki

Josu Mendicute 2008/09/22 12:23
Jokabide inposatzaileei eta errepresioari STOP! Alde hemendik!

Militarren aurka ei daude, baina militarki erasotzen dituzte.

Euskal Herritik alde egitea nahi dute, baina Santoñan jartzen dute bonba-autoa.

Euskal Herria askatu nahi dute. Baina herritarrak lotuta nahi dituzte.

Nazioa eraiki nahi dute. Baina suntsitu egiten dute.

Independizatu nahi gaituzte. Baina independentismoaren zilegitasuna itotzen dute.

Euskal Herriak eta euskal herritarrok ez dugu terrorismoaren laguntzarik behar.

ETA KANPORA. ETA EZ.

Bigarren mailako herritarrak?

Josu Mendicute 2008/09/02 20:48
Udako parrandetan ezezagun askorekin hitz egiteko aukera izan dugu. Sanferminetan, koadrilako bat Asturiar bikote batekin berriketan hasi zen. Hurbildu nintzen eta politikaz ari ziren. Disgustu handia hartu nuen elkarrizketa hartan entzundakoaz.

Bikote hartatik, bata Espainiaren aurka -eta horren ondorioz Euskal Herriaren independentziaren alde-, besteari berdin zitzaion independentzia -beti ere, independiente izanez gero, "ura, energia eta abar gure kontura lortuko bagenitu"-. Bla, bla, bla, betiko kontuak.

 

Nire lagunak sartu zuen ba, mingaina eta horrekin batera hanka. Niri izugarrizko ostikada eman zidan, hasteko, bihotzean. Kanpotar asko dagoela hemen, eta bertako jatorria dutenek -lehen lau abizen euskaldunak izanez, tarteko- izan beharko luketela bozka-eskubidea.

 

Sutan jarri nintzen, diskurtso horiek abertzaletasunaren kalterako baino ez baitira. Aitona galiziarra nuen nik, amaren partetik. Sekula ez zuen euskararik ikasi. Baina haren alabak, nere amak, euskara ikasi eta euskaraz hezi gaitu bere semeak. Nere amak ez dauka eskubiderik hemen zer egin behar den erabakitzeko?

 

Aitaren aldetik,  Valladolid-etik etorritako birraitona. Valladolid-etik bidali zuten irakasle birraitonaren aita, Andrés del Barrio, gure herria linguistikoki espainolizatzeko estrategia baten barruan. Hona heldu eta hemengo egoera ezagutu zuenean, berak -nagusia zela argudiatuz- ez zuela ikasiko... baina bere ikasleei debekatu egin zien gure birraitonari gazteleraz egitea. Birraitona hori, Benito del Barrio, hemen integratu zen eta gazteleraz baino askoz ere finago aritzen zen euskaraz. Benito ALFA enpresaren sortzaileetakoa izan zen. Inork ba al zuen eskubiderik hemengo herritarra ez zela esateko?

 

Eibartar lagun batzuk Madrilen bizitzen daramatzate 15 urte. Ordutik, bertako hauteskundeetan dute boto-eskubidea. Erabakitzen dute zein hezkuntza jasoko duten euren seme-alabek, zein herrilan behar dituen bere kaleak, eta abar. Madrilgo biztanle baitira. Han inork ez du zalantzan jarri euren boto-eskubidea.

 

Hemen, kanpotik etorritakoei boto-eskubidea aspaldi aitortua daukagun honetan, orain hasi behar gara komeriatan? Ez EAJk, ezta ETAk ere, ez dute halakorik esaten. Eta Ibarretxek argi eta garbi esaten duen moduan: "orain hemen bizi eta lan egiten dugunok erabaki behar dugu Euskadiren etorkizuna". Hala bedi.

 

Tertuliano

Josu Mendicute 2008/07/06 06:30
Gaur Euskadi Irratian tertulia batean hartuko dut parte, Amarauna saioan.

Joxe Aranzabalen 8. probintziari agur esan genion pasa den astean. Uste dut 40 astez jarraian jarraitu dudan irratsaio bakarra izan dela nire bizitzan, eta irratitik behin bakarrik jarraitu dut. Beste guztiak, internetetik. Joxek libre utzi duen tarte hori betetzeko, glamour handiko hainbat blogari gonbidatu gaituzte. Euskaltegiko irakasle glamourosa Leire, berarekin batera euskal GPS ahotsa jarri duen Iturri, Patxitrapero xelebrea, Jozulin tokaioa eta bostok.

Et, et, et! Ez da nere lehen tertulia, gero! Eibarko Herri Irratian jaiak eta politika kulturala dela-eta parte hartu izan dut hainbat tertuliatan. Eta ez da Euskadi Irratian berba egiten dudan lehen aldia ere. Ze uste duzue ba? 4. DBHn elkarrizketatu ninduten lehen aldiz, irrati-gidoi lehiaketa bat irabazi nuenean. Eta azken aldiz 8. probintzian, hain zuzen.

Lehenago abisatzerik ere banuen, ezta? Ba bai. Baina ez dut idazteko gogorik izan, hori dauka blogak, obligaziorik ez duela, eta sudurpuntan jartzen zaidanean idazten dudala. Irratiak, baina, badauka egutegi eta ordutegia (piztu 10,30etan!), eta ezin hor sudurpunta erabili denbora-neurgailu moduan. Laster banoa Miramonera, beraz honarte kontakizun hau. Ea saioa hor zehar zintzilikatzerik dauakagun... eta gogoa ematen dizuen momentuan entzuteko aukera duzuen, horrela.

Hiri Modernua (I)

Josu Mendicute 2008/06/05 04:02
Eibarko trafiko arazuak justifikaziño ona izan zeben duela urtebete alkate-ohi jaunaren ahotik, KTB telebistan izandako hauteskunde-eztabaidan. Hiri moderno orok ei dittu trafiko arazuak.

Baiña gauzak zer diran: Bilbon, Donostian, Bitorixan... eta Madrillen!, ez dittudala ezagutu Eibarren egunero jasaten dittugun ataskuak. Ez gara ba gu eurentzat modernidade eredu izango, diñot neuk. Modernidadiaren izenian bere iragana ezabatuz "aurrera" doian herrixa da geuria. Agur esan gentsan Alfari, agur Merkatu Plaziari, agur... norbaittek erabagi eban hórretxek gure hirixan haundittasunaren lotsagarri zirala. Garapenaren izenian, agur.

Kontua da hiri modernuak ez detsala bere iraganari agur esaten. Guggenheim-ak kultur-aurrekontuetan izan zittuan eragiñak ezbaian jarri leikie haren zilegittasuna, baiña inguruari erreparatuz gero ikusiko dogu iragana duintziaren bittartez jarri dabela museuak Bilbo etorkizunera begira. Inguruko herri asko sukursal komertzial billakatu dira, nortasunik gabeko denda erraldoiak, nortasuna dakan hirixaren inguruan. Eibarren hirixaren nortasunaren ezeztatzetik modernizau nahi gaittue, beste edozeiñ herrittan aurkittu geinkian zentro komerzialen bittartez. Sekula ez detsegu etorkizuneko erronkeri aurria hartuko gure iragana duintzeko gai ez bagara.

Kontsultaren galderen bideoa (nola lapurtu bideo bat)

Josu Mendicute 2008/05/29 02:06
Ibarretxek iragarri dituen kontsultaden galderak Youtuben ez zeudenez, bideoa lortu eta igo egin dut. Nola egin dudan azaltzera noa.

Lehenengo Youtuben bilatu dut ea lehenagotik bazegoen galderen bideorik. Bat bai, baina soinua ez da oso ona. Diariovasco.com-etik hartu dut bideoa. Oso erreza da:

  • Bideoaren webgunean sartu.
  • Nabigatzailearen aukeretan "Ikusi" aukeratu, eta sakatu "orriaren iturburua". (MAC-en cmd edo sagarra + U sakatuta ere egin daiteke. Windows-en Cntrl+U, suposatzen dut).
  • Bideoaren URLa lokalizatu. Extensioari erreparatuta aurkitu ahal izango duzu (.flv erabiltzen dute DVn). Helbide hori nabigatzailearen helbide-kajetinean pegatu.
  • Automatikoki diskoan gordetzeko aukera eskeintzen digu nabigatzaileak.


Flv artxibo hori prest daukagu ordenagailuan Youtubera igotzeko. Hementxe lortutako bideoa:

 

CD bat grabatzera noa

Josu Mendicute 2008/04/30 19:01
Harro nago. Viniloa emango balidate eta grabatzeko kapaz izango banintz, seguru harro egongo nintzatekeela. Antzeko zeozer sentituko dut hemendik minutu gutxira, klaserako lan bat CDan grabatzea lortuko dudanean. Romanantiko jarriko naiz.

CDa hildako euskarritzat daukat aspalditik, ez du etorkizunik eta ez dut ulertzen CDaren defentsa sutsua egiten duenak zein argumentu klase daukan buruan. Modernoegia naizela esan izan didate. Susmoa dut horren atzetik frikia naizela ohartarazi nahi didatela. Baliteke, baina bestearen frikitasunean babestea baino ez da hori. Ez dut ikusten ia-ia argumenturik CDa erabiltzen jarraitzeko.

Duela zenbait hilabete Macbook Air ordenagailu eramangarri mehea aurkeztu zuten, eta entzun dudan kritika bakarra horixe izan da: ez duela CDrik. Applek, Macbook Air aurkeztu zuen azoka berean aurkeztu zuen estreinakoz 3 1/4 disketerik gabeko ordenagailua, eta batek baino gehiagok eskuak burura eraman zituen. Gaur egun disketeak, musika casseteak bezala, elementu artistiko-estetiko-retroak baino ez dira. Eta CDa ere antzeko zeozer izango da aurki: pub modernistetako paretak estaltzeko antikuaiak, edo posavasos moduan, auskalo.

Behar ditugun dokumentu guztiak ordenagailuan, kanpo-diska-gogor batean edo sarean pilatu ditzakegu. Sistema informatikoak ahalbidetzen digu karpetaz karpeta ibiltzea, bilaketak egitea... diskete eta CDtan, berriz, dokumentazio prozesua ez da digitalizatzen. Informazioa bai, digitalizatu egiten da, baina CD batean sartu eta CD hori liburu bat bailitzan katalogatu behar duzu. Erabilera domestikoan ez da gauza arrunta dokumentazio lan horiek hartzea, baina kontua zera da: CDa bilatu behar duzula bertan informazioa bilatzeko... eta diska gogorrean baduzu, berriz, zuzenean informazioa bilatzeari ekingo diozula.

Urtarrilean bideo bat entregatu behar nuen. Ikaskideek CDa egin zuten. Nik Youtube erabili nuen. Pasa den urtean powerpoint aurkezpen bat erabili behar nuen, ikaskide batzuek Pendrive-a eraman zuten eta arazoak izan zituzten irakaslearen ordenagailuan sartzerakoan. Beste batzuek ordenagailua eraman zuten, eta arazoak proiektorea konektatzerakoan. Nik Pendrivea eraman nuen, baina SlideSharen ere baneukan aurkezpena, hitzaldia emateko prest. Unibertsitate osoan daukagu interneterako konexioa, udalerrietan ere ari dira Wimax eta Wifiak jartzen, eta badago nonnahi konektatzeko aukera ere bai. Informazio kanal publiko zein pribatu eraginkorrena sarea da, eta gero eta gehiago izango da. Bitartean, pendrive-ak momentu onean ikusten ditut, baina CDaren balioa ez dut ikusten elementu dekoratibotik haratago. Bueno, bai, oraintxe grabatzera noan lana irakasleak nahi duen euskarrian entregatzeko. :)

PD: Artikulu hau autobusean idatzi dut, Leioan hasi eta Zornotzan bukatu. Seguru egon gero, etorkizun hurbilean bageunde, Durangora iritsi aurretik sarean ikusgarri legokeela.

Kurrikuluma

Josu Mendicute 2008/04/11 15:26
Mileurista terminoa interesgarria iruditu zitzaidan estreinakoz Xabier Aierdi soziologoari entzun nionean, baina dagoeneko termino aspergarria egin zait.

"Gogor estudiatu, curriculum ona izateko" abisatzen gaituzte eskola zein etxeetan. Ez naiz gero ni izango estudiatu beharra tutuluko estratara botako duena, baina ikasketa horiek curriculumaren aitzakiaz egin ezkero, mileurista perfektua izateko bidean egongo garelakoan nago. Hori nahi baldin badugu, aurrera.

Ikasketak, jatorriz, ez dira curriculum enmarkagarri bat lortzeko. Harrigarria bada ere, lanean trebatzeko asmatu ziren bere garaian ikasketak. Bai, XXI. mendeko deskubrimendua egin berri dut, ezta? Tontakeria dirudi, baina hori argi izanda, curriculumik gabe bere trebakuntza erakusteko gai denak, uste dut badaukala egungo lan-merkatuan arrakasta izateko aukerarik. Gari Araolaza blogariak Seth Godin aipatuz dion bezala, "lan eremu bakoitzean aukeratu beharko da zertan nahastu burua, baina ez utzi aukera pasatzen espediente akademiko zoragarri baten trukean". Alegia: estudiatu estudiatu beharrekoa eta saltseatu, saltseatu... hori izan daiteke-eta zure kurrikulum onena.

Isilik ETAren aurrean

Josu Mendicute 2008/03/16 15:41
ETAren aurrean irmo gero eta jende gehiago agertzen bagara ere, oraindik jende askok nahiago du isilean bizi. Komodoa da, mehatxatuta ez bazaude, politikaz paso egiten duzula esan eta horrela basatien aurrean isiltzea.

Baina ez da politika. Gizatasun minimoa da. Lagun gutxi batzuk saiatzen dira justifikatzen, eta pentsatzen dut ea hori esango al zien bion lagunei, ni zinegotzi izanda hilko banindute. Oso gogorra da, baina harreman horiek beldurra ematen didate. Zinegotzi ohiak, kazetariak, enpresariak... inguruan denok daukagu, jakin ala ez, mehatxatu bat edo beste. Baina gu, badaezpada, isilik.


Tuentin ebento bat ireki nuen Egunkariaren alde. Lagun guztiak gonbidatu (141) eta 46k babesa eman diote. ETAren aurkako ebento batera gonbidatu naute, eta nik berriro ere 141 lagun horiek gonbidatu. 3k bakarrik eman diote babesa.

Ez da politika. Beldurra ote da? Mehatxatuak izateko beldurra, edo biolentzia justifikatu nahi dutenekin harremanak gordintzeko beldurra, agian. Nirekin inor haserretzen baldin bada ETAri EZ esaten diodalako, haserretzea dauka, ez diot horri beldurrik. Gizatasuna baino ez zait iruditzen, eta ez dago politika soilak justifikatzen duen isiltasunik.

Tuenti eta Facebook-en, Egunkaria libre!

Josu Mendicute 2008/03/12 19:14
Tuenti eta Facebook sare sozialetan ekimena jarri dut abian "Egunkaria libre!" lelopean.

Facebook sare sozialean Causes aplikazioa dago. Bertan, atsegin dituzun kausak jar ditzakezu. Adibidez: kanzerraren aurka, marihuanaren legalizazioaren alde... edo Egunkaria libre kausaren alde. Horretarako, aurretik Facebook kontua izan behar duzu.

Tuenti ere sare sozial bat da. Askoz ere sinpleagoa eskaintzen dituen zerbitzuei dagokionez, baina erdal-munduko gazte askoz gehiago dabiltza hor Facebook-en baino. Bertan ez dago hainbeste aukera, baina kausa beharrean ebento birtual bat sortu dut. Data Egunkariaren itxieraren X. Urteurrenekoa jarri dut, horrela ez zaigu laster kadukatuko.

Atxikimenduaz gain gauza askorik ez dugu lortuko, agian. Akaso, nobedaderen bat dagoenean bertan jarri, edo ez dakit... ala ez. Euskal Herritik kanpo dauzkagun lagunak hurbil ditzakegu Egunkariaren aurkako auzi honetara. Gure ingurukoen bitartez indarra lortu dezakegu. Ez dut uste soberan egongo denik.

 

Eguneraketa 2008/03/16

Orain Facebookeko kausa MySpace-tik ere babesteko aukera

.

Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.