Josu Leokanne
euskara
Irainak euskaraz: metodo erraza
Hizkuntza bizi batek behar du balio izan lanerako, ikasteko, maitatzeko... eta baita hitzak erabiliz min egiteko. Nola lortu "tontolapiko" baino irain gogorragoak euskaraz? Metodoa erraza da.
Ni konbentzituta nago euskaraz iraintzeko tresnak hedatu beharraz. Joxerra Garziak beti aipatzen du Mitxelenak esaten zuena:
Hizkuntza aizkora da, eta aizkora ona da ebakitzen badu. Kirtena polita izatea ere komeni da, baina ez badu ebakitzen…
Joxerra Garziaren azalpen batzuekin ikasi nuen nola iraindu euskaraz. Taula bat egitea baino ez da, Kike Amonarrizek azaltzen duena, baina berak Antton Olariagari ikasitakoa dena:
Hiru zutabeen metodoa
Hiru zutabe osatu behar dira:
- Lehen zutabean, animalia desatsegien izenak.
- Bigarrenean, adjetibo iraingarriak.
- Hirugarrenean, indargarri bat.
:
Zerri gezurti halakoa Asto lapur madarikatua Zorri zikin alaena Zakur alfer ustela Putre zital nazkagarria
Gero, konbinazioak egitea da kontua: putre alfer ustela, asto zikin alaena, zakur zital halakoa...
- Jarioak eta edukiontziak erabiliz ere prestatu daiteke taula bat:
Lerde ontzi halakoa Muki kupel zornetsua Zorne poltsa zikina Zirin zaku ustela Kaka kontainer nazkagarria
Eta hemen ere konbinazio politak egin daitezke: lerde zaku nazkagarria, muki ontzi zikina, kaka kontainer ustela...
Taula hauek Kike Amonarrizenak dira, EHUren Campus aldizkarian argitaratutako artikulu batetik hartutakoak dira.
Artikulu hau Sustatun Maite Goñiri utzitako erantzun bat zen, hasiera batean, baina hona txorakeria handiagoak ekarri baditut, hau ere ekartzeko modukoa iruditu zait. Zutabe hauetaz baliatuz, tresna bat prestatu du Ander Goñik, irain bat aitaren batean automatikoki sortzeko. Berriro sartzen bazara, edo orria berritu/efrefrexkatzen baduzu (sakatu F5) irain berri bat ikusiko duzu, baina oraingoan honakoa egokitu zaizu:
Popatik gramatika
Bilbotarra da, hamasei urte ditu eta izen euskaduna du. Seguraski bere aitak ezin izango zuen izen hori izan, eta Joaquín izan zen. Semea, berriz, Jokin. Jokinek ez daki euskaraz.
Luze hitz egin dezakegu Jokini buruz. Aztertu dezakegu nola den posible 2008 honetan Bilbon jaio, hezi eta bizi den batek euskaraz tutik ere ez egitea. Kritikatu dezakegu bere interes falta, gurasoen erabakia, edo nahi beste, baina errealitate bat da, Jokin asko dago Euskal Herrian.
Jokin eskola minoritario horietako batean ibili da beti: A ereduan, guztiz espainola den eredu linguistikoan. Euskara, Jokinentzat, ez da hizkuntza bat. Beste barik irakasgai bat da, bere gurasoek latina ikasi behar izan zuten moduan. Jokini euskarak ezer gutxirako balio dio: txakurrari izena jartzeko, enpresa bat sortzen duenean rotulo elebiduna jartzeko, eta lagunak agurtzeko. Epa!
Egunero doa eskolara. Astero-astero hiru ordu pasatzen ditu eskolan euskara estudiatzen. Ikasi, baina, beste kontu bat da. Jokinek ez du orain arte euskararik ikasi, estudiatu baino ez du egin. Gramatika irakasten diote. Aditz taula batzuk buruz ikasiko ditu eta datorren asteko azterketan buruan gordetako taula guztiak irauli. Hor geratuko da dakien guztia, paperean. Burua hustuko du eta ez zaio euskararen arrastorik ere geratuko.
Euskara klaseak ez du Jokin euskarara hurbildu. Jokinek hesiak eraiki ditu bere inguruan: euskara zaila da eta ez dio ezertarako balio. Eta, egia da, orain arte ikasarazi diotenak ipurtzuloa garbitzeko ere ez dio balio Jokini. Horixe, ba: popatik gramatika.
Argitxo
Entzun eta deskargatu doinua
Argitxoren kanta
Neri deitzen didateArgitxo iratxoa
eskuan kriseilua,
buruan txanoa.
Txiki-txikia naiz ni,
mendiko magoa,
leizezuloa utzi
(e)ta hirira noa.
Harri murri zap(at)ero
bero, bero, bero
haurrak egin euskaraz
orain eta gero!
Ni ezkutatzen naiz
edozein txokotan:
motxilan, poltsikoan
edota karnetan.
Egunez ikastolan
nabil gehienetan
(e)ta gauetan sartzen naiz
haurren ametsetan.
Harri murri...
Ezin nauzu ikusi
ez eta ikutu
baina Argitxok beti
zu ikusten zaitu.
Eta ni nahi banauzu
gertutik sentitu
faborez eta masedez
euskaraz mintzatu.
Harri murri...
Gauza harrigarriak
egiten badakit
magia ikasi nuen
txiki-txikitatik
opari asko dauzkat
zuentzat gorderik,
jolasorduak ere
luza ditzaket nik.
Harri murri...
Googlen bilatu dut kanta, eta pdf batean baino ez zegoen. Beraz hemen sartzea erabaki dut. Doinua grabatu dut, baina ez dut lortzen Odeora igotzen...
Letra: Josean Ormazabal
Doinua: Jon Ander Larrañaga
Elebitasunari agur
Ba probatu dut: Ustekabetik prentsa oharra euskara hutsean. Eta notizia El Correo eta DVn (behintzat) agertu da. Enpresaren politikaren aurka ez doan bitartean, eta salbuespenak salbuespen, nire ardurapeko prentsa oharretan itzultze lanak aurreztuko ditugu hemendik aurrera.
Euskal pornoa
Aspaldi daukat industria pornografikoaren kontua galduta. Beti da gauza bera... baina pornoa telediarioa bezelakoa da: gidoia jakin arren, morboa ematen du. Eta ez naiz hori uste duen bakarra, antza: Euskaltelek duela urtebete t´erdi esan zuen urtean 200.000 pelikula porno saltzen dizkigula... euskaldunoi!!. Bai, txortan egiten ez den herri honetan, pelikula pornoak barra-barra. Eta galdera da... zergatik pelikula pornoak gazteleraz? Ez al da txarra euskararentzat sexua, plazerra, heldutasuna, askapena... gaztelerarekin lotzea? Ulermen aldetik, ze arazo izango luke castellanoparlante batek euskal pornoa ulertzeko?
[Gaztekitto, 2007-XI-9]
ETB eta euskara, itzulpen eta guzti!
Sinistu ezinik, benetan haserre nago. ETB1ean Eibar-Real partida osteko elkarrizketak ematean, lehenik eta behin Asier Riesgo, Errealeko atezaina, euskara hutsean. Ondo. Gero Jon Urzelai Eibarren jokalaria gazteleraz, inolako itzulpenik gabe. Hurrengoa Jaime Barriuso presidentea gazteleraz. Eibartarra eta eibarzalea izanez, ezin nion lotsari eutsi, eta lotsa haserre bihutzeko, Errealaren entrenatzailearen hitzak. "Itzulpen eta guzti, noski" esan eta hara non jarri duten tipoa berbetan eta gainetik beste ahots bat GAZTELERAZ! Baina zer demontre da hau?
Gazteleraz galdetzerik badago
Pena komunikabide guztiak erdaldunak izatea, baina gutxienez euskararen normalizaziorako bidean urratsa eman dugula sentitu dut. Kazetari izateko euskara ezagutu behar. Orain eman berri dute KTBn, Vocentoren Eibarko telebista erdaldunean, elkarte berriaren informazioa. Titularretan eta albistegian lehen albistea, eta nahiko luzea. Erreportaje osoa, goitik behera, euskara hutsean. Nolabaiteko irribarrearekin noa orain, berriro ere, Portaleara, irribarre horrekin ea zeozer estudiatzen dudan.
Ez da erabiltzen
Atzo Gorka eta biok erdarakada barregarri batekin egin genuen topo gure fakultatean. Argazki kamerarik ez geneukan inguruan, baina mugikorrarekin argazkia atera nuen eta gaur Zooomr-en eskegi dut. Hemen uzten dizuet argazkia. Noski, Mihiluzera bidali dut.Internet eta euskara
Euskarazko softwarea
Zuen ordenagailua euskaratu nahi baduzue, horretarako gune apropos batekin egin dut topo. Nire lehen mezuan Firefox euskaraz nola lortu azaldu banizuen, oraingoan sistema eragileak, Xuxen zuzentzaile ortografikoa, hiztegia ala bulegotikarako deskargak egiteko gunea dakarzuet. Eusko Jaurlaritzak eskeinita, hemendik guzti horiek jeisteko aukera duzue.
3arranok ere hainbat euskarazko gailuren informazioa eskeintzen digu hemen.euskaletxeak.org-i esker gureganatutako irudia.
Firefox euskaraz da probatu dudan bakarra. Besterik (hemen proposatutakoak edo beste batzuk) probatzen badituzue, eskergarria izango da iritzia konpartitzea ikaskideontzat erabilgarri izan dadin.
Noizbait komunikazio arloan euskaraz lan egin behar dugunok, errazago egingo dugu, posible den heinean, euskarazko softwarearea aukeran dugunean.
Mendicute eta Mendikute
Jatorri etimologikoaren inguruan
Betidanik C-rekin idatzi izan dot nere abizena, Mendicute. Horrela irakatsi zidaten ofizialki horrela dudalako. Eta horrela dut aitak horrela zuelako. Eta bere aitak. Eta aitonaren aitak. Horren aurrerakorik ez dut ezagutzen.
Agian aitonaren aitonak edo bere aurrekoek K-z idatziko zuten eta espainolismoak C letra ekarri zion nire birraitonaren abizenari. Ala agian Mendicute C-rekin zen eta euskalduntasun nahiak ekarri dio K azken mendean?
Neri goitik etorri zait Mendicute C letraz idatzita eta ez dakat aldatzeko intentziorik. Berdin zait zeren eragiñez dagon horrela. Frankismoaren inposizioaren emaitzetako bat baldin bada, gera dadila islapen historiko modura, gertatutakoak inoiz ez ahazteko. Memoria historiko gisa. Baina pasa dan astean nere abizenaren jatorria ezagutzen aritu nintzen eta ez zait iruditzen C hori frankismoaren eragiñez dakadanik.


Tolosa inguruan dagoen Mendikute mendiaren inguruan dago informazio gehiena interneten. Soraluzeko Mendikute Dorretxea ere agertzen da hor nonbat. Abizenaren armarria eta historia lortzeko izan nituen, baina ez zitzaidan erraza izan. Armarririk ez nuen lortu, baina nere zalantzak asetu zituen informazioa bai, eta hemen aurkezten dizuet.
Jatorriaren nondik norakoak Koldo Mitxelenaren teoriak argitu dizkit. Izena ikusi eta laster konturatzen gara "Mendicute= mendi+cute" dela, baina "cute" hori nondik datorren ez dugu hain argi ikusten Mendizabal, Mendiluze, Mendiarte edo Mendiguren bezalako abizenekin moduan. "Cute" zer ote den ez dugu jakiten.
Koldo Mitxelenaren esanetan, latinetik eratorria dugu abizenaren zati hori. Latinez "mons acutum"-ek "mendi zorrotza" esan nahi omen du.
Hortaz euskarazko abizena Mendizorrotza behar luke, eta gaztelerazkoak Monteagudo. Mendicute, berriz, euskarazko eta latinezko hitzak elkartuz lortutako abizena dugu. "Mendi" euskaraz eta "cute" latinez, alegia.
Beraz, Mendicute zuzena dela argi geratzen delakoan nago, eta Mendikute K-rekin, Mendicutetik datorrela ondorioztatzen dot. Badirudi lehenago izan zela C-rekin K-rekin baino, eta ez dela C gazteleraren influentzia, baizik eta K euskararena.
Askotan entzun behar izan dot Mendicute abizen euskalduna dela eta hortaz K-rekin idatzi behar dudala. Euskalduntasun itsu horren gainetik nere familiak utzi didana onartzea erabaki izan dot beti. Ez naiz euskaldunagoa sentitzen abizena K-z idaztearren, nere sentimentuak eta ideologiak ez daramatzat abizenean baizik eta buruan eta betez ere bihotzean.
Hala ere, Mendicute idazteagatik españolito deitu nautenak badirudi nere abizenaren lehen ikusira mugatu direla bere historia jakin barik.
Mendicute/Mendicute abizenari buruzko informazio osagarri, kontradiktorio edo dena delakorik baduzu, gustura eskertuko dizut.



