Josu Leokanne
errepublika
Krisiaren aurkako plana %78 handitzeko formula
Su Majestad El Rey D. Juan Carlos de Borbón y Borbón errege españolaren soldata krisiaren aurkako planaren %78 hainakoa da. Formula sinplea da proposatzen dudana: Errepublika.
Numero batzuk gainetik begiratuta, ikusi dut nola igo daitekeen %78 krisiaren aurkako Zapateroren plana. Hau da, ia-ia bikoizteko haina.
- 2008ko Espainiako aurrekontuetan 8.663,02 euro, oh, x1.000 noski, 8.663.020 euro alegia, gorde ziren "Jefatura del Estado"rako.
- 2009ko Espainiako aurrekontuetan 8.896,92 euro, oh, x1.000 noski, 8.896.920 euro alegia, gorde ziren "Jefatura del Estado"rako.
- 2010ko Espainiako aurrekontuetan 8.896,92 euro, oh, x1.000 noski, 8.896.920 euro alegia, gorde dira "Jefatura del Estado"rako.
Ze politak diren aurrekontu hauek!!! Begira zer dioten:
"A familias e instituciones sin fines de lucro"
"A S.M. el Rey. Para el sostenimiento de su Familia y Casa (Art. 65 de la Constitución) 8.663,02"
Norbaitek zalantzarik bazeukan, argituko dut:
- Borbon familiak ez dauka dirua irabazteko asmorik, ke ba! Eguneroko ogia izateko kobratzen dute hori, ez alteratu.
- Hori ordainduko ez bagenu, familia hau en riesgo de derrumbe egongo litzateke, sostenimiento barik.
S.M. el Rey, Don Juan Carlos, Juankar, El Monarca, el Simpático Holgazán, Su Majestad, deitu nahi duzuen moduan, baina gizon hau oso kanpetxanoa da. Hainbeste, aurten bere soldata konjelatu dutela eta ez dutela KPI (IPC) aplikatu bere "soldatan". Kakotxa artean, ze soldata lan egitearen truke ematen duten ordaina da, eta nik dakidala gizon honek ez du lanik egiten, edo lana baldin bada, jakin nahi dut ciudadano español naizen heinean, eta español guztiok ditugunez eskubide eta betebehar berak, zer demontre ikasi behar dudan Errege izateko, ze nik ere nahi dut horrelako lan bat, zeinetan nire obligazioak honakoak izango diren:
- Euskal dantza protokolarioak ikusi
- Akuariumak bisitatu
- Bazkari eta afari sukulentoak egunero
- Mundu osoan zehar bidaiatu
- Español guztiek txalo egiteko txistetxoak kontatu
- Gabonetan agur-mezua bidali Españako katetik, eta Españakoak beharko ez luketen kate españolizatuetatik (hala nola, ETB)
Juankarlos kanpetxanoaren soldata KPIren arabera aldatuko bada, nik eskatzen dut aldaketa hori aplikatzea baita ere KPI negatiboa denean.
Kontua da Juankarlos kanpetxano eta langilearen soldata Zapateroren krisiaren aurkako planak beste kostatzen zaigula españoloi, ia-ia. Eta hau irakurtzen duzuen gehienak -Iparraldekoak, diasporakoak edo atzerriko euskaldunberriak ez bazarete- edo guztiak zarete españolak, hala sentitu edo sentitu ez arren, aurrekontu horiek elikatzeko zuon soldatatik eta erosketetatik zatitxo txiki bat (txiki-txikia, lasai) ematen duzuelako, nahi ta nahi ez. Zorionak!
Nola igo krisiaren aurkako plana %78
- Juankarlos kanpetxanoaren eskupekoa 8,6 milioi euro dira
- ZPren krisiaren aurkako plan fabulosoa, 11 milioi euro
Formula: kendu monarkia eta bideratu diru hori Krisiaren aurkako planera. 8,6/11*100= %78 igoko da plana.
Bestalde, krisi kontestu hau aprobetxatzen ari direnez zenbait enpresario eskatzeko lan-merkatua "malgutzea", nik eskatzen dut Estatuak ere "garai berrietara moldatzeko" flexibilitate apur bat izan dezala, eta Juankarlos kanpetxano eta langilea bota (kaleratu, lanetik despeditu) dezala. Ez dut esaten merezi duenik, goian aipatu dudan moduan, konpromiso sozial askodun lana dauka berak... baina krisia dela-eta, ez dugu beste erremediorik, eta ezin diogu bere lanpostuari eutsi.
Konklusioa: bota dezagun pikutara monarkia!, ¡dugun errepika, biba errepublika!
OH: ze listoa den gure Patxi! ikusi nola egin duen bere Plan Anticrisisa
Hau da hau... aguantatu behar duguna zergaitik gara Espainakoak. Gora bihotzak!
Askatasuna: indibiduala ala kolektiboa?
[Tierra y Libertad pelikula ikusi ondoren egindako gogoeta.
Irakurtzeko, gomendagarria lehenengo pelikula ikustea.]
Tierra y Libertad:
Askatasun indibiduala vs. Askatasun kolektiboa
Denoi gustatzen zaigu ahoa askatasun bezalako hitzez betetzea, askatasuna zein parametrotan bete behar dugun esaten ez dugun bitartean, eta are lehenago, askatasuna zer den definitu behar ez dugun bitartean. Zailtasunak handitzen doaz askatasuna hitz desiotsua errealitatean islatu nahi dugunean. Hitz abstraktua da, ez filologikoki bakarrik, baizik eta zentzu zabalenean. Bere inguruan abstrakzio maila handia dago eta denok ez dugu askatasun indibiduala eta kolektiboaren arteko mugak toki berean ezartzen. Tartean, ideiez gain, gure behar eta interesak jokoan sartzen dira, edo akaso, gure behar eta interes horiek oharkabean baldintzatzen dituzte gure ideia hauek. Baldintzapenak baldintzapen, kontua da askatasun indibidual eta kolektiboaren defentsa sutsu eta argi bateraturik ez dagoela, eta ausartuko nintzateke esatera ez dela egon pentsamendu politikoaren historian. Klase-kontzientzia hedatzen hastearekin batera langilegoak, eta oro har pribilegiatuak ez zirenak mugitzen hasi ziren eskubide eske, baina historia garaikidean mugimendu ezkertiarra sekula ez da eskumakoa bezain bateratua izan, eta gaur egungo mapa politikoari begiratuz gero, hori gertatzen da. Euskal Autonomi Erkidegoko alderdi esanguratsuen artean, bi baino ez dira eskumakoak, eta bere burua ezkerrekotzat definitzen dutenak, berriz, bost dira. Esan genezake euskal politikagintzak baduela nolabaiteko berezitasuna, baina Espainian ere ikus dezakegu eskuma PPn bateratuta eta ezkerra PSOE eta IUn banatuta -nahiz eta PSOEk bipartidismoaren defentsa sutsua egiten diharduen, Javier Ortiz kazetariak TVEren programa bat kritikatuz salatu duenez-. Gerra zibilean ere faxismoa baturik joan zen, eta errepublikaren aldekoak, berriz, bakoitza bere aldetik eta euren arteko liskarretan, pelikulan argi ikus daitekeenez.
Hala ere, Gerra Zibilean errepublikaren aldekoek izan zituzten barne-arazoetan askatasun indibidual eta kolektiboaren arteko dilema ere bazegoen, pelikulan argi islatzen den bezala. Askok ez zuten talde disziplinatua nahi, askatasun indibidualean oinarritutako miliziak baino. Faxisten taldean, berriz, ez zegoen halako liskarrik: obedientzia osoa zegoen eta kitto. Batxilergoan, Gizarte Zientzietako irakasleak esan zidan idealek ez dutela gerra irabazten, antolamendua eta disziplinaren ildoetatik ez bazihoazten, eta Errepublikari hori gertatu zitzaiola: kohesio eta disziplinarik gabe ezin izan ziola irabazi bere ahuleziak ez zituen taldeari.
Badaude, pelikulan, hainbat pasarte zeintzuetan milizian ere askatasun indibiduala estaltzeko saiakera egiten den. Adibidez milizianoren batek taldea uztea erabakitzen duenean, erantzuten zaio ezin duela hori egin, konpromezu bat duela. Bakoitza libre da milizian parte hartzeko, baina behin izena emanda, libre al da etxera itzultzeko? Talde batek, bere funtzionamendurako, bere kideen aldetik konpromezua eskatzen du. Konpromezu horren mugak noraino heldu behar diren erantzutea oso zaila da ikuspegi moral batetik, kideek izan ditzaketen ikuspegi anitzak kontuan hartuta. Horregatik, taldea osatzen denean zehaztea komeni izaten da. Hau muturreraino eraman izan da kasu askotan eta horren ondorioz gaur egun legeak jarraituz gidatzen ditugu gure harreman guztiak. Hortaz, askatasun indibiduala zein kolektiboa guztiz legeztaturik geratu da. Sentimentu eta pentsamenduak gehiengoz adostu eta paperean idatzirik behar ditugu, gaur egun, baliagarriak izateko.
Askatasun kolektiboa askatasun indibidualen eskaera bateratu moduan jaio zela esango nuke, eta hortaz, oinarrian norbanakoaren askatasuna errespetatu beharra dago kolektiboki ere hala izan dadin, arazoa da askatasun horien kontrako mehatxuei nola erantzun behar zaien.
Film honek erakusten digu nola batzuek uste zuten kolektiboarentzako askatasuna lortutakoan ezarri behar zela norbanakoaren askatasuna, eta beste batzuek alderantzizko bidea egin nahi izan zuten. Ez ziren konturatzen helburu bereko bi bideen arteko lehian, bi askatasunak galtzen zihardutela askatasunaren etsaiek bide bakarra zutelako.
