Eibartik
ahotsak
"Amantalen ahotsa" ikuskizuna urriaren 7an Donostian
Gerraren 75. urteurrena dela eta, Amantala Kultur Elkarteak ikuskizuna prestatu du: "Amantalen Ahotsa". Gerra garaiko historia, emakumeen begietatik kontatua. Musika, bertsoak, dantza... eta baita Ahotsak.com proiekturako bildutako makina bat testigantza. Urriaren 7an Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Antolatzaileen artean, Ahotsak proiektuko zenbait lankide. Zorionak neskak!
Amantala Kultur Elkarteak 1936ko gerraren 75. urteurrena gogora ekartzeko garai horretako historia emakumeen begietatik kontatzeko ikuskizuna prestatu du: Amantalen Ahotsa. Urriaren 7an izango da, arratseko 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Sarrerak bihartik aurrera izango dira salgai, 12 euroan, Victoria Eugenia antzokian bertan eta Interneten.
Joan zen uztailean 75 bete ziren 1936ko gerra hasi zenetik. Urtemuga baliatuta, emakume talde batek ikuskizun ederra antolatu du azken hilabeteetan. 2010. urtean bururatu zitzaien urte haietako historia berreskuratzea, baina emakumeen begiradapetik egitea. Fronteak edo politikan ibili ziren gizonezkoen lekukotasuna askotan entzun izan dugu, baina oraingoan andrazkoen bizipenetatik abiatuta berreskuratu nahi izan dute gerran eta gerra ostean bizi izandakoa.
Emanaldiaren ardatza gerra garaia bizitako emakumeen testigantzak izango dira: "Ikuskizunaren bizkar-hezurra adineko emakumeen testigantzak izango dira, Ahotsak.com proiektuko bideo pasarteak", aipatu du gaur goizeko prentsaurrekoan Idoia Etxeberriak, Amantala Kultur Elkarteko ordezkariak. "Izan ere, gerra garaiko pasadizoak gizonezkoek kontatu dituzte orain arte, borrokan parte hartu zutenek. Emakumea familiaren euskarria izan zen; halere, haren minak eta ahaleginak ezkutuan geratu direlakoan gaude". Emakumeek etxean, lanean eta kalean bizi izan zutena jasoko dute: "Haien pozak, nekeak eta buruhausteak. Gerra garaian eta ondoren".
Gerrako kontuak ez ezik, gizarteko alor guztiak jorratuko dituzte: etxeko ohiturak, laneko gora beherak, kaleko giroa, erlijioaren indarra… Batzuetan gordin, beste batzuetan umoretsu. «Gipuzkoako eskualde guztietako emakumeen ahotsak hartuko ditugu aintzat; sukaldetik plazara aterako ditugu. Gure amonei eman nahi diegu hitza, eta soka horri helduta, zerbait berria eta modernoa sortu. Horretarako bildu ditugu ikuskizunean kultur arloko hainbat pertsona».
Proiektuaren prentsa-ohar txukun-txukuna hementxe PDFan.
Lekukotasunak ardatz hartuta, beste hainbat ikuskizun ere bilduko ditu jaialdiak: bertsoak, zuzeneko musika, kantuak, antzezkia eta dantza. Betiere emakumezkoak protagonista direlarik. Maialen Lujanbio bertsolaria; Oinkari dantza taldeko Laura Martin; Amaia Zubiria, Arianne Unamuno eta Zaloa Urain abeslariak; Ainere Tolosa, Sara Cozar, eta Naiara Arnedo aktoreak,... eta beste hainbat, denak ere Agurtzane Intxaurragak zuzenduta.
Seguru asko izen horiek jasoko dituzte aipamen gehien; eurak dira ezagunenak. Baina nik ondo dakit datorren astean aurkeztuko den ekitaldi honetan, benetako bihotza beste 5 "amantal" izan direla, Ahotsak proiektuan lankide izan ditudan Haizea Odria, Idoia Etxeberria, Miren Artetxe, Ainitze Oruesagasti eta Ainhoa Ansa. Ideia pentsatu, landu eta zoragarri bideratu dutenak. Zorionak neskak! Itzelak zarie!
Antxoa "gorritan"
Andoni Sagarnari irakurri diot gaur "gorria" ikusi duela. Itsasoan gorriune nabarmena, arrain-multzo handia, alegia. Eta zer da hori? Getariako arrantzaleek kontatuko digute.
Andoni Sagarnari irakurri diogu gaur gorri bat ikusi duela itsasoan, Donostia parean. Gaur egun inork gutxik jakingo du zer den "gorri" hori; Sagarnak ere halaxe dio. Galdutako hitz, adiera eta lanbideen zerrenda luzearen barne dago jada.
Ahotsak proiekturako Gipuzkoako kostaldean egindako grabazioetan, ordea, sarri aipatu digute arrantzale nagusienek lehen halaxe topatzen zituztela arrain-sardak, sonarrik eta antzekorik ez zenean, begi bistaz: txori ta izurdeei segika, antxoek sortutako gorriuneak eta ardorak bilatuta.
Hona hemen pare bat adibide, biak ere Getarian jasotakoak. Jaxinto Isastik azalduko digu zer den antxoa gorritan egotea. Eta Brigido Iribarrek kontatzen digu zeintzuk ziren antxoa harrapatzeko bide nagusiak: majua eta ardora.
"Antxoa gorritan" zeri deitzen zitzaion
Antxoaren arrantza: ardoran, majuan eta "estraperluan"
Elgetako Ahotsak aurkeztu dogu
Giro politta euki genduan barixakuan Elgetan. Elgetako Ahotsak proiektuan lehenengo emaitzak aurkeztu genduzen jende aurrian eta omenaldixa egin jakuen proiektuan parte hartu daben elgetar guztieri. Guztira 28 lagun elkarrizketatu doguz azken urtiotan Elgetan, gehixenak 80 urte ingurukuak.
Barixako arratsaldian Elgetako Espaloian egon giñan. Elgetako Ahotsak proiektuan aurkezpena egin genduan. Azkenengo 3-4 urtietan makiñatxo bat elgetarren ahotsa jaso dogu, bertako euskeria eta ahozko ondaria jasotzeko. Sasoi bateko bizimodua, ohitturak, siniskerak... Guztira 40 ordu inguru grabau doguz eta materixal mordua jaso. Oso hiztun onak topau doguz Elgetan, gaiñera. Hamentxe dagoz ixa danak:
Barixakuan aurkezpena egin genduan eta, gehixenbat, eskerrak emon nahi izan gentsezen proiektuan lagun izan doguzen elgetar guztieri. Ixa 30 elgetar elkarrizketatu doguz, auzo guztietakuak. Ahotsak-en zerrendia eta datu gehixago. Eta informaziño gehixago:
- Laburpen txiki bat Iban Arantzabalek bere blogian
- Goiena.net-en be aittatu dabe kontua
- Argazkixak Badiharduguk Flickr-en
Adibide moduan, hementxe dakazue Miren Arantzeta beran gaztetako ibilerak kontatzen:
Oso giro politta euki genduan Espaloian. Gustora guztiok: antolatzaile, hizlari, senide eta danok. Eskerrak emon nahiko netsekez udaletxeko ordezkarixeri, proiektuari babesa emotiarren eta ekitaldixa antolatziarren. Politto egon zan. Eta baitta proiektuan lagundu dabe guztieri, gehixenbat Itziar, Josu, Aintzane eta Aitziberri. Eskerrik asko.
Ahotsak.com proiekturako langile bila
Badihardugu euskera elkartian lanez gaiñezka gabiz eta langile bila gabiz. Gehixenbat Ahotsak.com proiekturako, baiña baitta elkartiak dakazen beste premiña batzuetarako be. Lan-poltsa bat osatu nahi dogu.
Hauxe da Badihardugu.com webgunian kaleratu daben iragarkixa:
Badihardugu Euskara Elkarteak hiru arlo desberdinetarako lan-poltsa osatu nahi du. Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidali beharko dute kurrikuluma uztailaren 15a baino lehen.
Badihardugu Euskera Elkarteak lan-poltsa osatu nahi du datozen urteotan izan ditzakeen beharrak betetzeko. Hiru arlo hauetarako osatu nahi da lan-poltsa:
- Elkartearen administrazioa (kontabilitatea, txostengintza...)
- Alderdi filologikoa (Ahotsak.com proiektuaren barruan transkribapenak edo kodifikazioak egin)
- Kazetari lanak (Ahotsak.com proiektuaren barruan, jende nagusiari elkarrizketak egin, bideo eta audio pasarteak editatu...).
Hiru arloetako lanek badute harremana eta, beraz, hiruretarako gaitasuna baloratuko da. Beharrezkoa izango da gidabaimena izatea, batez ere, azken punturako, Euskal Herriko edozein herritan egokitu daitezkeelako elkarrizketak. Beste bi puntuetan lan-lekua finkoa izango da (Eibarren). Honekin batera, honakoak baloratuko dira:
- Euskara maila ona.
- Euskalkiren baten ezagutza.
- Informatika kontuetan eta, batez ere, interneten jantzia izatea.
Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidal dezakete euren kurrikuluma. Kurrikulumak bidaltzeko epea 2008ko uztailaren 15ean itxiko da.
Euskal Herriko Ahotsak aurkeztu dugu
Atzo goizean Donostian izan ginen. Bertan aurkeztu genuen Ahotsak.com egitasmoa, hiriburuan. Azken aste eta egunotako lana zoratzekoa izan da guztiondako, baina merezi izan du. Orain arte loreak besterik ez ditugu jaso.
Donostiako Koldo Mitxelenan elkartu ginen atzo goizena eta bertan bildutako hedabideei azaldu genien zer den Ahotsak egitasmoa. Beste toki batzuetan aipatu da hori guztiori, besteak beste, Sustatu, edo Goiena webguneetan, eta Arantzabalen, Luistxoren eta Azpiren blogetan. Gutxi gehituko dugu horren inguruan. Egunkari batzuetara lotura, asko jota:
Proiektua hobeto ezagutu nahi duenak, Ahotsak.com webgunean dauka informazio guztia eta parte hartzeko aukera.
Aipatu nahiko nituzkeen lau gauza labur:
- Telebistaren eragina. EITBko albistegietan agertu ginen eta badirudi mundu guztiak ikusi gintuela. Izugarria.
- Jendearen harrera. Azken 24 orduetan dozenaka mezu jaso ditugu (telefonoz, e-mailez...) jendearen zorionak eta eskertza jasotzen, laguntza eskaintzen... Mila-mila esker guztiori.
- Eskerrik asko. Eskerrik beroena proiektu honetan lagundu duzuen eta laguntzen ari zareten guztioi. Udalak, elkarteak, laguntzaileak... eta Codesyntaxi, bereziki Nandori, Zaloari eta Josuri.
- Primerako taldekideak. Aintzane, Juan Martin, Serafin, Iban, Jaione, Leire, Egoitz... plazer bat da zuekin elkarlanean jardutea. Benetan.
Lanean jarraitzeko indarra ematen du horrek guztiorrek. Izan ere, lanean aspalditik dihardugun arren, hasi besterik ez gara egin. Zenbat dagoen egiteko! Ai ama!
Proiektu honen atzetik Badihardugu euskara elkartea dago, eta horrela sartu nintzen ni ere. Hainbat herritan ibili izan gara elkarrizketak egiten, materiala lantzen, eta abar. Baina proiektu honen ezaugarririk azpimarragarriena auzolana da, jendearen partaidetza. Proiektu irekia da, eta horretan datza bere aberastasuna eta berezitasuna. Irekia, gainera, bi zentzutan:
- Proiektu honetako informazioa guztion esku geratzen da, guztion ondare da-eta.
- Proiektu honetan edonork har dezake parte, materiala bidaltzen, elkarrizketak egiten, edonola laguntzen... Auzolanean egindako proiektua da, edo horrela izatea nahiko genuke.
ETBn kaleratutako bideoa
Zarautz Hizketan
Azken hiru urteotan Zarauzko euskara eta ahozko ondarea biltzen jardun dugu Zarautz Hizketan izeneko egitasmoan, eta atzo aurkezpena egitea egokitu zitzaigun Zarauzko Antoniano ikastetxeko areto nagusian (argazkiak flickerren).
Jende mordoxka bildu zen bertan: senideak, lagunak, euskaltzaleak... eta gehienbat proiektuan lagun izan ditugun lekukoak, zarauztar aitona-amonak. Euren ahotsa da proiektu honen muina; euren hitza izan da gure lanerako lehengaia.
Egileok ere bertan geunden, Miren Zabaleta, Aintzane Agirrebeña, Belen Maiz eta ni neu. Fernando falta zitzaigun. Proiektuaren lehenengo urratsetan gurekin ibili zen eta berak egin zituen proiektuko elkarrizketa asko eta asko, baina ezin izan du ikusi liburua kalean. Asko eskertu genuen alaba eta emaztea bertan izatea.
Aurkezpenean Imanol Lasa euskara zinegotzia ere egon zen. Berak egin zituen sarrerako hitzak. Ondoren, bideoa batean proiektuaren oinarriak azaldu genituen (bideo ederra Artemanek egin zuena).
Ondoren, egileok hartu genuen hitza; proiektuan egindakoa aipatu genuen, oso eskematiko:
- 55 lagun elkarrizketatu ditugu, bideoz. Emakume/gizonezko oreka gordetzen saiatu gara.
- herriko auzo guztietako lagunak elkarrizketatu ditugu: Urteta, Iñurritza, Santa Barbara, Abendaño... Eta inguruko herrietan ere 4-5 elkarrizketa egin ditugu (Aian, Aizarnazabalen, Getarian, Zestoan...).
- elkarrizketa guztiak minutuz minutu laburtu dira, eta ondoren pasarterik interesgarrienak transkribatu egin dira. Hortik ateratako ondorioekin osatu dugu "Zarautz Hizketan" liburua.
- 1987ko sariketa batean grabatutako beste 20 zinta zahar ere berreskuratu eta dijitalizatu ditugu. Horiek ere oso erabilgarri gertatu zaizkigu.
- informazio guztia datu-base batean txertatu da eta online jarri dugu.
- guztira: 79 hizlari, 82 zinta, 1750 pasarte katalogatuta, 250 bideo ikusteko aukera.
- alderdi linguistikotik bi ondorio nagusi: 1) Zarauzko euskara Urolako besteekin batera taldekatu daiteke, nahiz eta beterriko hizkerekin zubi-lana egiten duen; 2) Zarauzko kaleko hizkerak berezitasun batzuk ditu ingurukoekin alderatuta; Zarauzko baserritarren hizkera, ordea, inguruko auzoetako baserritarren berbera da (Urdaneta, Aizarna, Sarasola, Elkano, Meaga, Oikia, Askizu...).
Hiru urte pasa dira lehenengo prentsaurrekoa egin genuenetik. Harrezkero, lan asko egin behar izan dugu, baina asko gozatu dugu. Aberasgarria izan da, oso; udaletxetik jaso dugun laguntza eta babesa ere handia izan da (eskerrik asko, Alitxu eta Karmele!). Nire kasuan, alderdi pertsonaletik ere hunkigarria izan da. Eibartarra naiz jaiotzez, baina amona zarauztarra neukan; aita ere "elebiduna", eibarko euskeraz zein zarauzkoan moldatzen zen, tokian tokian. Zarautz eta Zarauzko euskara, hartara, etxekoak izan ditut txikitatik. Proiektu honi esker herriko hizkera eta bizimodua hurragotik ezagutzeko aukera izan dut, eta pozgarria gertatu zait.
Argitalpenak
Proiektu handia izan da eta jasotakoa 3 euskarritan kaleratu dugu:
- liburua: Zarauzko euskararen ezaugarri nagusiak, hiztegia, aditz-taulak... eta elkarrizketen pasarte batzuen transkripzioak.
- DVDa: egindako grabazio bakoitzetik 3-4 minutuko pasarte bat sartu da DVDan, jasotako guztiaren adibide modura.
- www.hizketan.org webgunea. Proiektuan jasotako gehien-gehiena bertan dago, eta hemendik aurrera ere webgunea betetzen eta osatzen jarraituko dugu.
Hirugarren horri garrantzi berezia ematen diot; egia esan, horixe izan da guretako helburu nagusia. Horrelako proiektuak gizarteratu nahi baditugu (gehienbat gazteen artean), liburuak ez dira nahikoa, beste baliabide batzuk ere landu beharra dago. Adibidez, komikiak, jolasak... eta Internet. Liburuan, gainera, jasotakoaren zati bat dago; Interneten gehiago sartu daiteke, ia dena.
Lotura batzuk
- Hizketan.org (proiektuaren webgunea)
- Zarautz Hizketan, aurkezpen-bideo (Proiektuaren azalpena ematen duen bideoa)
- Aurkezpen ekitaldiko argazkiak flickerren
- Bekaren aurkezpena (2004ko urrian)
- Herriko ahozko ondarea hainbat euskarritan (Urola Kostako Hitza)
- Zarauzko hizkera liburu batean (Diario Vasco)
- Zarautz hizketan liburuaren banaketa hunkigarria suertatu zen (Diario Vasco)
- Zarautz Hizketan liburua parte hartu duten aitona-amonen aurrean aurkeztu dute (Urola Kostako Hitza)


